Gantzik txarrena bihotzarentzat
Aspaldi honetan azterketa askotan agertu da trans gantzen eragin kaltegarrien berri. Partzialki hidrogenatutako olio horiek, izan ere, elikadura industrialean baliatzen dira kontsumo handiko elikagaiak egonkorrago eta iraunkorragoak izan daitezen. Elikagai batzuek -txahalkiak, ardikiak, esneak-, berez, trans gantzik daukaten arren, horrelakoak kontsumitzea ez da jo aresti arte osasun publikoko arazotzat. Koipe edo gantz horien arriskuez jabetzen lagundu dutenak bi fenomeno hauek dira: batetik, geroz eta produktu gehiagotako osagai izatea; bestetik, gantz horiek sistema kardiobaskularrean alterazio larriak eragiteko gauza direla egiaztatzea.
Trans gantzak, definizioz, batez ere landare-jatorridun olio insaturatuak diren arren partzialki hidrogenatu dira, egoera erdi-solidoan iraun dezaten. Prozedura horri esker, kontsumo handiko hamaika produktu egonkortu eta gogortzeko balioko du. Prozesu hori nozitu dute, esate baterako, hainbat margarina, galleta eta opil industrialek, mikrouhinetan puztu beharreko krispetek, pastel industrialek, karamelu eta gozoki askok, snack gazi eta gozoek, izozkiek, aurre-kuzinatuek, saltsek eta fast-food elikagaien familiako produktu ugarik.
The New England Journal of Medicine aldizkarian aresti plazaratutako azterketa sakon eta zabal batean agertu denez, trans gantzak era jarraituan kontsumitzeak kolesterol “gaiztoa” (LDL) altxatu eta “mesedegarria” (HDL) jaitsi egiten du. Gantz horien eraginak dietako kolesterolarenak edo gantz insaturatuarenak baino okerragoak dira. Trans gantz asko kontsumitzeak aterosklerosia (odola eragozten duen zainen estutzea) ondoriozta dezakeenez, bihotz eta arterien osasunarentzat kaltegarria da.
Energia eta bihotza
Dietaren bitartez organismoan gantzak sartzea ezinbestekoa da energi baliabideez hornituko bagara baina gantz eta koipe guztiak ez dira osasuntsu gradu berean eta denek ez dute energi kopuru bera eragiten. Izan ere, gantzen bidez jasotzen ditugun kaloria guztien %35tatik trans izenekoek %2 – %4z hornitzen gaituzte; sistema kardiobaskularrari inongo mesederik egiten ez dioten gantz saturatuek, aldiz, %12z zuzkitzen gaituzte.
Estatu Batuetan egundo argitaratu den analisi epidemiologiko handienak (Nurses Health Study) azaldu duenez, gantz-azido saturatuetatik hartzen dugun energiaren %5 gantz-azido saturatuetatik ekarriko bagenu, arrisku koronarioaren %5ez arinduko genuke. Trans gantz-azidoez ari garela, berriz, horietatik ekartzen dugun energiaren %2 bakarrik gantz insaturatuetatik ekarriko bagenu, arriskuaren erdia (%53) saihestuko genuke.
Horrenbestez, egungo eta etorkizuneko ikerkuntzen helburua trans gantzen kontsumo-muga zehaztea da, dieta egokia izan dadin, ikuspegi tradizionaletik. Mundu osoko elkarte mediko handiena den Amerikako Bihotzaren Elkarteak (AHA, ingelesezko sigletan) dagoeneko erakutsia du bere jarrera: eguneko trans gantzen kontsumoa kaloria guztien %1 baino gehiagorik izan ez dadin aholkatzen du 2006 urteaz geroztik; bestela esateko, 2.000 – 2.500 kaloriako batez besteko dietan, egunean 2 – 2,5 gramo trans gantz hartzea da gehien onartzen dena.
Kolesterola eta etiketak
Espainiako 35 eta 64 urte bitarteko populazioaren erdia baino gehiagoren (%58) kolesterolemiaren (odoleko kolesterol-kontzentrazioa) indizea 200 mg/dl-tik gertu dabil: horixe da osasuntsutzat jotzen denaren muga, hain zuzen; 100 biztanletik 16k indize hori dezente handiagoa duenez (250 mg/dl-tik gora), gaixotasun kardiobaskularra nozitzeko arrisku-faktore behinenetako bat den hiperkolesterolemia ezaguna nozitzen dute. Inguruko herrialdeetako zifrak ere hortxe dabiltza.
Trans gantzak hiperkolesterolemiaren pareko jotzearen eta honakoa, berriz, gaixotasun kardiobaskularren adierazletzat hartzearen ondorioz, osasun alorreko agintariak gisa horretako gantz gutxiago har daitezen aholkatzen hasi dira, berariazko arautegiek eguneko gehieneko kontsumoa noiz determinatuko zain, elikadura industriak informazio hori ere etiketan adieraz dezan. Oraingoz, behintzat, estatu batzuetan informazio-kanpainak egiten ari dira, honelako gantzak zer diren eta osasunean nolako eragina duten jendeak hobeto jakin dezan.
Estatu Batuetan 2006 urteaz geroztik, elikagaien etiketa nutrizionalean derrigorrez adierazi behar da produktuak, anoako, dituen trans gantzen proportzioa, ontziak guztira 0,5 gramo baino gehiago baldin badu. Informazio baliotsu hori gehituko zaio guztirako gantz, gatz saturatu eta kolesterolaren gainean (1990z geroztik) derrigorrez eman beharreko informazioari. Kanadan, berriz, zeinahi produkturen etiketan trans gantzen berri zehatza agertu beharra dago. Europan, Danimarkak bakarrik dauka 2993ko ekainetik etiketa zehaztea derrigortzen duen arautegia. Bertako Administrazioak, trans gantzez ari garela, fabrikatzaile zein inportatzaileei beren produktuen edukiaren %2 bakarrik onartzen die. Europa osoan horrelako gantzen edukia bularra hartzen duten haurrentzako elikagaietan bakarrik dago arautua (%4, gehienez ere).
Espainian berariazko arautegirik ez dagoen arren, Osasun eta Kontsumo Ministerioak NAOS (nutrizioa, ariketa fisikoa eta obesitatea prebenitzea) Estrategia indarrean sartu zuenetik, elikagaien industriari eta ostalaritza enpresei dei egiten zaie beren produktuetan trans gantz-azidoen kopurua pixkanaka jaits dezaten. Enpresa zenbait, beren aldetik, beren etiketa nutrizionaletan trans gantzen edukia borondatez hasi dira ezartzen eta beste batzuek, berriz, beren produktuetatik partzialki hidrogenatutako olioak kentzea aurreikusia dute.
Kontsumitzailearen zalantzak
Aholkuak aholku, trans gantz horien inguruan zalantza asko ditu herritarrak, Elikaduraren gaineko Informazioaren Nazioarteko Kontseiluaren Fundazioak (EGINKF) adierazi duenez. Olio hidrogenatuak dauzkaten produktuez kontsumitzaileak duen ikuspuntu negatiboa berretsi egin dute emaitzek, kontsumitzaileak berariaz partzialki hidrogenaturiko olioa eta trans gantza nahitaez identifikatzen ez dituen arren. Ondorio gisa, kontsumitzaileak trans gantza zehazki zer den, zein elikagaik daukaten eta, are gutxiago, zenbat daukaten ez dakiela adierazten du txostenak.
- Zer diren Hidrogenazio izeneko prozesu fisiko-kimikoaren bidez, landarezko (soja, ekilore) olioen gantz-azido insaturatuei hidrogenoa eranstearen ondorioz osatzen dira trans gantzak. Gantz erdi-solido egonkorragoa moldatzen da horrela, honek gantz-azido saturatu gehiago dauzkalako (sendotasuna ematen diotenak, alegia).
- Zergatik erabiltzen diren
Hidrogenazioari esker zapore, testura eta egonkortasun alorretan propietate hobeak dituzten, oxidazioaren eta zaharmintzearen aurrean erresistentzia handiagoa duten eta beste olio asko baino merkeagoak diren gantzak osatzen dira. Honelako gantzak dauzkaten elikagaiek luzaroago irauten dute eta, oraingoz behintzat, bestela ezin lor daitekeen testura eta - Zergatik sortu ziren
Elikadura-industriak bertako produktuak egiteko aspaldi baliatzen zuen animali gantza (gurina, zio edo bilgorra). Zientzialariek, gantz saturatu eta kolesterol gehiegi zeukatenez, gantz hauek kolesterol gaiztoa” (LDL) gehitzen zutela adierazi zutenean bestelako formula osasuntsuagoen bila hasi ziren enpresak eta, gantz saturatu gutxiago zeukatelako, partzialki hidrogenatutako olioak (trans gantzak) baliatu zituzten hasieran. Artean, ordea, horrelako gantzen kontsumoak ondorioztatzen dituen eragin kaltegarriak ez ziren ezagunak. - Zein alde dago hidrogenatutako olio edo gantzaren eta partzialki hidrogenatutakoaren artean?
Partzialki hidrogenatutako olioak trans gantzak dauzka. Erabat hidrogenaturiko olioak, aldiz, batez ere gantz saturatuak dauzka baina ez trans motakorik, erabateko hidrogenazioak gantz insaturatuak saturatu bihurtzen dituelako. - Partzialki hidrogenaturiko olioa daukan produktu batek zenbat trans gantz daukan kalkula ahal daiteke?
Produktu baten trans gantzen kopurua hidrogenazio-graduaren arabera aldatzen da, baina datu hori fabrikatzaileak bakarrik daki. Espainian, etiketa nutrizionalean datu hori agertzea derrigortuko duen arautegia indarrean sartu arte itxaron beharko da (dena den, enpresa batzuek datu hori dagoeneko agertzen dute). - Zenbat trans gantz kontsumitzen dugu egunean?
Ezin jakin daiteke doi-doi zifra hori, elikagaiek zenbat trans gantz daukaten ez dakigulako. Consumer EROSKI-k eginiko konparaketa-analisien arabera, “sobao” izeneko opil-lagin batzuek edukiaren %1,42raino daukate, croissantek %1,58raino, snack-ek %0,2 eta %0,5 artean, magdalenek %0,05 eta %0,2 artean eta margarina asko ez dira iristen %0,5eraino (gogoan izan, orain dela urte batzuk kopuru horiek %17 inguruan zebiltzala). Oraingoz, behintzat, trans gantzen kontsumoa murrizteko, bertako osagaien artean “partzialki hidrogenatua” zehaztapena agertzen ez duten produktuak aukeratzea beste biderik ez dugu.