Paisaiak ere, bere legea

Paisaiaren Europako Hitzarmenaren jomuga, kontinenteko paisaiak zaindu eta berreskuratzea, natur guneetatik hasi eta hiritarraren ingurune ohikoenetaraino
1 abendua de 2007
Img medioambiente listado 511

Paisaiak ere, bere legea

Dena da paisaia

Paisaiatzat hartutako lurraldeak gizartea bizi den ingurunea osatzen duten guztiak dira: lehorreko tokiak, laku, erreka eta ibaiak, itsasoak, lurralde babestuak, ohikoenak eta endekatu direnak. Giza egintza nozitu edo nozitzen duten espazio horiexek dira, hain zuzen, denetan behinenak.

Babeste eginkizuna bakar-bakarrik sarituko balitz, ingurune arras pribilegiatuak -parkeak, natur erreserbak, etab.- bakarrik babestuko lirateke eta hondatutako guztia ez litzateke berreskuratuko, ezta zainduko ere. Horregatik, elementu naturalek ez ezik, kulturalek ere -eraikuntzak, monumentuak, laborantzak- osatzen dutela ulertzeak garrantzi handia du.

Hitzarmen horren aplikazioak inplikatzen du, landa guneen eta eraikuntza tradizionalen kontserbazioaz -ibar eta erreken saneamendu eta garbiketa, besteak beste- gainera, hiriguneen ingurune alorreko zaintza eta ingurune historiko eta naturalarekiko harmoniazko eraikuntza ere. Interes handi-handiko beste kontu bat ingurugiroaren kudeaketa da, kutsadura garbitzea edo biodibertsitatearen kontserbazioa aintzat hartu gabe paisaia zaintzea ezinezkoa baita.

Arriskuan dauden paisaiak

Uneotan Espainiako paisaiak arrisku gorrian daude, elkarteko hainbat herrialdetako paisaia-politikak azaltzen dituen Europar Batasunaren dokumentuan integratzeko Sevillako Unibertsitateak eginiko txostenaren arabera. Kausa behinenetako bat aspaldi honetan Espainiako ekonomiak izaniko hazkuntza lasterra da, natur baliabideen eta lurraren kontsumoa azkartu egin baitu. Horri beste hainbat faktore ere erantsi behar zaizkio, hala nola Europako turismoaren hartzaile nagusietako bat izatea eta herrialde mediterraneo bati dagokion klimaren eraginak, ekosistema eta paisaia herbal-herbalak sustatzen dituelako.

Espainiako kostaldean etxeak eraikitzea baino areago, aspaldi honetan eragin izan den kalterik larrienetako bat higiezinen eztandaren ondorioz gertaturiko urbanismoaren hazkuntza kaotikoa izan da. Prozesu horrek urbanizazioen ugalpen eta barreiatzea azkartu egin du; urbanizazio horiek lurralde asko “ebasteaz” gainera, natur baliabideetako gastua gehitzen dute eta kutsadura handitzen dute, bertaraino iristeko automobila hartu behar baita, hiriguneetatik eta bertako zerbitzuetatik kilometro batzuetara daudelako gertuenekoak.

Ingurunea babesteko lege-tresnarik ez izateaz gainera, urbanismo gaietan aritzean Espainiako udal gehienek erakutsitako independentziak ere ez dio mesede handirik egin paisaiaren ongizateari. Oraintsu hasi dira garatzen erakunde-organismo desberdinen baterako estreinako saiakerak, egundaino ez bezala: aresti arte udalak erabaki izan du, zorionez edo tamalez, industrialdeen, urbanizazioen eta abarren eraikuntzari dagokion guztia. Beste aldetik, azken hilabeteotan ingurugiro balio handi-handiko urbanizazioen kasu larriak hauteman dira, hala nola Navas del Marqués-en (Avila) edota Sorian planifikatutakoak .

Europako Hitzarmenaren helburuetako bat, paisaiaren kudeaketa esku bakar batean ez egotea denez, jomuga horrekin jendearen, hainbat administrazioren eta eragile sozialen partaidetza gorpuz dadin prozedurak ezartzea aurreikusia du. Paisaiaren kudeaketa lurraldearen antolamendu eta urbanismoaren politiketan ez ezik, kultura, ingurugiro eta eragina izan lezaketen gainerakoetan ere integra dadin agintzen du, gainera.

Aurretiazko eskarmentua

Hainbat estatuk -Suitzak, Alemaniak, Frantziak- dagoeneko badute beren paisaiaren legea. Alemaniari dagokiola, arau federal batek paisaiaren kudeaketa eta naturaren kontserbazioa lotzen ditu. Paisaiari berariaz eskainitako legea du Frantziak 1993 urteaz geroztik; bertan paisaia ondare historiko eta naturalari buruzko arautegi denetan integraturik agertzen da. Frantziako legeak hiritarrak ohikoak dituen paisaiak babesten ditu, natur inguruneen kontserbaziotik hasita, hiriguneen estetikaraino; sarrera-irteerak kudeatuz, nonahi edo nolanahi eraikinik altxatzea debekatuz edo, esate baterako, baserriak -inguruetan urbanizazioa hedatzearen ondorioz- desagertzea galaraziz.

Espainian hainbat erkidegok, hala nola Kataluniak edo Valentziak badituzte paisaiaren gaineko berariazko legeak. Katalunian orain paisaiaren katalogo izenekoak egiten ari dira, Europako Hitzarmenak adierazitako obligazioetako bat betetzeko.

Kontua da herrian herriko eta eskualdean eskualdeko paisaia identifikatu, aztertu eta karakterizatzea. Espainiako Ingurune Ministerioak, bere aldetik, bertako Paisaien Atlasa diseinatu du, lurralde eta herri mailako paisaiaren azterketen marko edo eredu izan dadin.

Hiritarraren eginkizuna

“Paisaiaren zaintzaren konponbidera iritsiko gara gizarteak urbanismo planetan ingurunearekiko sentikortasuna indar dadin eskatzen badie udalei” adierazi du Observatori del Paisatge erakundeak (paisaiaren legea plazaratzean sortu den kontsortzio publiko katalana). Hiritarrak ere esku har dezake ekimen lokalagoak sustatuz, hala nola elkarteek sor ditzaketen paisaia-kartak. Izen horrekin praktika onen adierazpen bat identifikatzen da: horren bitartez, lurralde jakin bateko paisaia hobetzeko, hitzarmena sinatzen dute bertako eragileek.

Hiritarraren kontzientzia etengabe areagotuz doa, paisaiaren gaineko berariazko kode bat sortu eta antzeko jarduerak gorpuzteari esker. Abiagune egokia da hori, izan ere, Paisaiaren Europako Hitzarmenak bera sinatu duten herrialdeei gizarteak eta gizakiek oro har denon ondasun horren kudeaketan parte har dezaten eskatzen baitie.

Paisaia-eragina

Paisaiaren Europako Hitzarmenak aztertuko duen funtsezko alderdietako bat parke eolikoen instalazioa da. Horra hor energia garbi horren paradoxa: ez du kutsatzen baina ingurunea arras eraldatzen du. Ekologista talde zenbaitek Espainiako Gobernuari, parke eolikoak ipintzeko baimen emateak gerora daitezen eskatu diote, harik eta aire-sorgailuekin bateraezinak diren paisaia eta ingurugiro alorretako zona interesgarrien zerrenda zehaztu arte.

Ekologista horiek ez daude energia garbi horren garapenaren aurka baina ezarpena kontrolatua izan dadila -paisaia honda ez dadin- eta, horrekin batera, energia aurrezteko estrategiak praktikan jar daitezen eskatzen dute.