Klase partikularrak: denbora jakin baterako laguntza baino ez
Matematika, fisika, kimika eta hizkuntzak, horiek dira irakasgairik gogorrenak gure ikasleentzat, eta horiek ere dira, beraz, eskolan nota onak edo gutxienez nahiko bat ateratzeko seme-alabak klase partikularretara bidaltzen dituzten milaka familiek gehien eskatzen dituztenak. INCE Kalitatearen eta Ebaluaketaren Institutu Nazionalak argitaratu zuen “Ikasleen eskolaz kanpoko ekintzak” izeneko txostenaren arabera, DBHko ikasleen %12ak eskolaz kanpo irakasle partikular baten laguntza izaten dute, eta %20ak akademietara doa eskolan ikasitakoa sendotzeko. Izan ere, Espainian irakaskuntza partikularraren sektoreak 300 milioi euro fakturatzen ditu urtean.
Derrigorrezko etapetan ari diren hamar ikasletik hiruk guraso, anai-arreba edo akademia baten laguntza izaten dute eskolan bidalitako lanak egiteko. Estatistikek erakusten dutenez, lehen hezkuntzan akademietara doazenen artean, heziketa pribatukoak publikokoak baino gehiago dira, baina bigarren hezkuntzan, berriz, proportzioa alderantzizkoa da. Educa-System enpresak egindako beste azterlan batek dioenez, eskolatik kanpo laguntza jasotzen duten ia bi milioi ikasletik bakarrik 130.000 doaz horretan bereziki prestatuta dauden irakasleengana, eta gainontzeko 1,78 milioi ikaslek, ordea, irakasle ez profesionalen laguntza jasotzen dute.
- Lehenengo eta behin, profesional batek argitu beharko dizkio haurrari irakasgai bakoitzean dituen zalantzak; berak erakutsi beharko dio nola ikasi, nola antolatu bere lana, eta nola izan arduratsu eta saiatua lanean.
- Erreferentziak eskatu irakasleari. Galdetu ea prestatuta dagoen eskatu zaizkion irakasgaiak emateko.
- Konprobatu irakaslea pertsona arduratsua dela, lana ganoraz egiten duela eta klaseetara puntual heltzen dela.
- Akademia batera joatea erabakitzen baduzu, galdetu bertan irakasteko zein metodo erabiltzen duten, emaitza onen portzentajea, ikasleak gustura egoten diren, zenbat ikasle dagoen klase bakoitzean, etab., besteak beste.
- Haurrak 12 urte baino gutxiago badauzka, hobe da irakasle partikularra maisua izatea eta ez karreraren bat ikasten ari den bat. Maisuak eman ahal izango dion laguntza (lana nola antolatu, ikasteko teknikak, motibazioa) hobea izango da beti, horretarako duen prestakuntza hobea delako.
- Arlo jakin batean arazoak dituzten 12 urte baino gehiagoko ikasleentzat, berriz, laguntza emango dieten irakasleek arlo horretan bereziki prestatuta egon beharko dute. Hori dela eta, gaia kontrolatzen duen bat aurkitu beharko da, eta ez hori bakarrik, gaia ondo azaltzen dakiena ere bai.
Nor da nor klase partikularren munduan
Irakasle partikularrak karrera amaitzeko gutxi falta zaien unibertsitateko ikasleak edo karrera bukatu berri duten lizentziadunak izan ohi dira, edota bestela Batxilergoko ikasleak, denak horrekin diru pixka bat irabazteko asmotan dabiltzala. Oro har, ikaslearen etxera joan ohi dira klaseak ematera; beraz, klase indibidualak ematen dituzte. Kontuan izanda irakasle horiek ez daudela irakasle moduan prestatuta, Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako ikasleei (10-16 urte) ematen dizkiete klaseak.
Akademietan, oro har, irakasleei irakasteko gai diren ala ez jakiteko proba batzuk egiten dizkiete. Horretaz aparte, aldian-aldian birziklapen ikastaroak egiten dituzte behar bezala prestatuta egon daitezen. Batxilergoko eta unibertsitateko ikasleak izaten dituzte beren klaseetan, eta klase bakoitzean bi ikasle edo gehiago hartzen dituzte.
Klase partikularrak ematen dituzten enpresak ikasle edo gurasoen eta irakasleen arteko bitartekari lanak egiteko sortzen dira. Enpresa hauek klase partikularrak eskaintzen dituzte hezkuntzako maila guztietako ikasleentzat, hau da, Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako (DBH) ikasleentzat, Lanbide Heziketakoentzat, Batxilergokoentzat eta Unibertsitatekoentzat, eta klaseak etxez etxe ematen dituzte. Zerbitzu horiek jasotzeko ordaindu behar duten matrikulan – klase orduak aparte ordaintzen dira- ikasleei, gurasoei eta irakasleei zuzendutako laguntza eta orientazio pedagogikoa sartuta dago, ikaslearen jarraipenaz gain.
- Irakasle partikular batengana jotzea erabakitzen bada, ez da izango semeak edo alabak atera dituen notek eragindako haserrealdi batengatik izango.
- Aztertu patxadaz ea semeari edo alabari irakasle partikularra komeni zaion ala ez:
- Irakasgairen batean nabarmenki atzeratuta dabilen.
- Irakurtzen eta idazten ikasteko eta irakurmena eta idazmena hobetzeko zailtasun berezirik daukan, esaterako dislexia moduko arazoren bat.
- Ikasteko jarrera negatiboak dituen, esaterako apatia, disziplina falta, lan egiteko inolako ordenarik ez, etab.
- Lan egiteko ohiturarik ez daukan edo ikasteko metodologian akats garrantzitsuak dituen.
- Ea arazo hauek direla eta, etxekoak haserretu eta etxekoen arteko harremanak gero eta txarragoak diren, etxeko giro baketsua desagerraraziaz.
- Haurrak jakin behar du laguntza hau ez dela betiko izango, arazo jakin bategatik dela. Haurrak ezin du pentsa eskolan ezer egin gabe egon daitekeela gero etxean eskolan emandakoa ikasiko duelakoan.
- Emaitzak geuk nahi ditugunak izan daitezen, funtsezkoa da haurra motibatuta egotea eta klaseetan gustura egotea.
- Irakaslearekin hitz egin sarritan, zure seme-alabaren lorpenak kontrolatzeko.
- Lortu nahi genuen helburua lortu ahala, klase batetik besterako denbora tartea handituz joan dugu, azkenean klaseak guztiz kendu arte.
Semea edo alaba ikasketetan lagundu nahi baduzu...
- Ikastetxearekin zerikusia duen guztia ezagutu beharko duzu, ez bakarrik zure semeak edo alabak atera dituen notak. Ikaskideekin edo irakasleekin ondo moldatzen den ala ez jakitea ere komeni zaizu. Haurrak ikusi behar du bere ikasketak interesatzen zaizkizula.
- Erakutsi haurrari berari laguntzeko prest zaudela eta erantzun etxean egiten dizkizun galderei. Lana, berriz, berak egin beharko du.
- Ez konparatu inoiz bere anai-arrebekin edo lagunekin; izan ere, horrekin ezertarako balio ez duela pentsa dezake edo errudun sentitu.
- Ez du merezi haurrari mehatxuka eta agiraka ibiltzea, ez eta zigorrak jartzea ere. Hobe da haurra estimulatzea eta konbentzitzea, eta ondo ateratzen zaiona, gutxi bada ere, berarekin ospatzea.
- Ahal bada ez erabili mezu negatiborik berarekin; “ikasle txarra zara” moduko esaldiak ebitatu, hori hala dela sinetsi dezake eta aurrera egiteko arazoak eduki.
- Saiatu zaitez kultura eta edozein gauza ezagutzeko gogoa izan dezala; izan ere, ikasteko gogoa beharrezko da, bestela ikastea obligazio bihurtuko da berarentzat, besteek ezarritako lana.
- Ikasten ikasteko, lanak antolatzen jakin behar da. Semearen edo alabaren ikasteko ordutegia diseinatu berarekin batera, gero ordutegi hori orri batean idatzi modu garbian, eta ondoren orria ondo ikusten den leku batean jarri.
- Ikasteko leku aproposa aukeratu. Beti leku bera erabiliko du ikasteko, horrela leku hori ikasteko prestatu dezake gusturago egon dadin. Egunero lekuz aldatzen bada, kontzentratzea kostatuko zaio eta zailago izango du leku hori ikastearekin lotzea.
- Ikasketetan kontzentratzeko, eroso egon beharko du: arropa nasaia, lasai, argitasun egokia, nahiko espazioa, zaratarik gabe…
- Egunean ez du denbora asko emango ikasgai batekin; denbora hori ikaslearen adinaren araberakoa izango da (10 minutu gutxienez eta 30 minutu gehienez).
- Ordutegia betetzen ez badu, ez gehiegi arduratu, garrantzitsuena ordutegia erabiltzea da, ordutegia pixkanaka errespetatzen joatea eta ikasteko ohitura hartzea.
- Oso garrantzitsua da semea edo alaba konturatzea ikastea ez dela umekeria bat, horretarako kontzentrazioa, ahaleginak eta etengabe lan egitea behar direla.
- Ahal bada, irakasgairik zailenarekin hastea komeni da, ikasten hasten denean lasaiago dagoelako eta oraindik ez dagoelako oso nekatuta.
- Ikasteko teknika egokia behar da. Ideiak azpimarratu, eskemak, laburpenak eta taula sinoptikoak egin, oharrak hartu, ikasitakoa errepasatzeko antolatu, eta azterketak prestatzen ikasi.
- Gauza ez da lekzioak memorizatzea eta loro batek bezala errepikatzea. Ikasleak ikasitakoa ulertu behar du, ikasitakoaren gainean gogoeta egin eta ideiak memorizatu beharko ditu, gero liburuan agertzen direnez beste hitz batzuekin azaltzeko.
- Irakurtzen dena ulertzeko, hiztegia erabiltzea komeni da, oso ona baita horretarako, bertan aurkitu ahal izango dugulako ulertzen ez ditugun hitzen benetako esanahia.
Moderazioa eta estimulua eta konparaketako taula
Gehienetan, klase partikularrek espero zen eragina izaten dute eta arazoak konpontzeko balio dute. Gehienetan, klase horietara doazenen helburua ez da irakasgai baten gainean gehiago jakitea, irakasgaia gainditzea baizik; hori dela eta, askotan, irakasleek gaiak azaldu baino ez dute egiten, eta ez diete ikasleei laguntzen zailtasunak gainditzen. Hori horrela, klase partikularrak ematen dituzten irakasleek instruktoreak baino ez dira izaten gehienetan, eta ez dute ikasleen lan pertsonalerako ohiturak bultzatzen, eta horrek, aldi berean, ikasleek jarrera pasiboak eta menpekotasunezkoak izatea dakar.
Inplikatu guztiek -guraso, seme-alaba eta irakasleak-, denek ulertu behar dute ikasketetan laguntzeko diren klase hauek ezin direla luzarorako izan, eta amaitu egin beharko direla laguntza gehiagorik behar ez denean. Dena dela, beti daude errefortzua etengabe behar duten ikasleak, baina, jakina, kasu horietan ez da komeni ikasleak irakasle partikularraren menpe gehiegi egotea. Hitz batean, irakasleak nola ikasi, lana nola antolatu, eta arduratsu eta saiatua izaten erakutsiko dio ikasleari, eta ikasleak jakin behar du bera arduratu behar dela irakasgaia gainditzen edo ikasketetan emaitza hobeak lortzen.