ROTABIRUSA / Seme-alabak gehiegi babesteak / Bularreko minbizia / Elkarrizketa: Álex Iranzo, loaren trastornoetako espezialista. Bartzelonako Hospital Clínic

1 abendua de 2007
Img salud 3 listado

ROTABIRUSA / Seme-alabak gehiegi babesteak / Bularreko minbizia / Elkarrizketa: Álex Iranzo, loaren trastornoetako espezialista. Bartzelonako Hospital Clínic

Hitz bitan


ROTABIRUSA:

birus honek eragiten duen infekzio gastrointestinalaren sintomak beherakoa, goragalea eta sukarra dira; kausarik ohikoena, berriz, gastroenteritis akutua bularreko haur eta ume txikien artean. Biziki kutsagarria da: haur gehienak bi urte bete aurretik kutsatu egin dira, azarotik apirilera bitartean, batez ere. Infektaturik dagoen pertsona baten gorozkiekin kutsaturiko zerbait umeak ukitu eta hatzak ahoratzean ekartzen da gaitza. Antibiotikoak ez dira eraginkorrak rotabirusengatiko infekzioen aurka. Garrantzizkoena, horrelakoetan, deshidratazioa galaraztea denez, hobe haur txikiak ospitalera eramatea.

Gaztigatzean kalterik ez…

Seme-alabak gehiegi babesteak haien garapenean eragina izan dezake

Seme-alabak gehiegi babesten dituzten gurasoak, garapen emozionalean txikiak lagundu ordez, aurkako efektua lor dezakete, egoera latzak gainditzen ikasteko aukerarik ematen ez zaielako. Horrelaxe ondorioztatzen da lau eta bost urteko umeekin Illinois-ko Unibertsitateak egin eta Child Development aldizkarian plazaratutako azterlan batetik. Seme-alaben emozio negatiboen aurrean arazoaren araberako babes-maila eskainiz erreakzionatzen zuten gurasoen umeek heldutasun emozional handiagoa zuten, arazoak hobeki gestionatzen zituzten eta lagunak egiteko erraztasun handiagoa zuten aita-amengandik babespen handiegia jasotzen zutenek baino. Seme-alaben emozio negatiboen aurreko gurasoen erreakzioak funtsezkoak dira umeen hazkunde sozial eta emozionalean; gehiegizko babesak, berriz, umeak bere kabuz arazoak konpontzeko duen gaitasuna urritu egiten du.

Albisteak

Bularreko minbizia gainditzen duten emakumeek bihotza zaindu behar dute

Bularreko minbizia gainditzen duten emakumeek bihotz osasuna zaindu behar dute, terapia onkologikoak bihotzean izan baitezake eraginik, Journal of the American College of Cardiology argitara emaniko txosten baten arabera. Egungo terapiak hilkortasun tasa murriztu duten arren, oso litekeena da kimioterapiak bihotza lesionatzea “odola punpatzeko ahalmena urritu egiten diolako” eta bihotz gutxiegitasuna nozitzeko arriskua areagotzea, epe luzera. Erradioterapiak biriketako ehunean eta bihotzean orbainak egin ditzake. Tratamenduan zehar emakume askok ariketa fisikoa moteldu egiten dutenez, pisua hartzen dute: horrek arazo kardiobaskularrak agertzea ahalbidetzen du; beraz, egoera horretan dauden emakumeek arreta eman behar diote bai bularreko minbizia jasateko berehalako arriskuari, baita osasun kardiobaskularraz arduratzeari, epe luzera.

Elkarrizketa: Álex Iranzo, loaren trastornoetako espezialista. Bartzelonako Hospital Clínic.

“Hanka urdurien sindromea da insomnioaren motibo behinenetako bat”

Hanka urdurien sindromeak (HUS) nolako lotura du loarekin?

HUS omen da gure gizarteko insomnioaren motibo nagusietako bat. Populazio osoaren %10engan du eragina eta lau pazientetik batek sendagilearengana jotzen du, lo egitea ezinezkoa zaiolako.

Gainerako hirurak lo egin gabe bizi daitezke?

Horiek ez dakite zer gertatzen ari zaien: baliteke urduritasunari egoztea. Izan ere, HUS dugu sindromerik ohikoenetan ezezagunena. Paziente askok bost urte ere eman dituzte sendagile batetik bestera, bueltaka, diagnostiko zuzena aurkitu gabe.

Zergatik sindrome hori?

Karl Ekbom suediarrak sindromea identifikatu zuenean, orain berrehun urte, gaitzak anemia ferropenikoak jotako pazienteetan eragina zuela ikusi zuen. Burdina funtsezko minerala da dopaminaren sintesian eta, beharrezko dopaminarik ezean, garunak hankak mugitu nahi izate hori agerrarazten du; sindromea, jakina, erlaxatuen omen gauden egoeretan azaleratzen da, hala nola lotara goazenean.

Ba al da alderik sexuen artetik edo adin batetik bestera?

Emakumeetan ohikoagoa da. Emakume askok diotenez, haurdunaldiaren amaieran nozitu dute behin-behingoz sindromea. Bestetik, pertsona zaharren %25ek haurretan hori nozitu zutela adierazten du. Egiari zor, trastorno hori arreta-gabezia eta gehiegizko aktibitatearekin lotu izan da.

Ba al du tratamendurik?

Balizko anemia hori sendatzeko, burdin gehigarriak hartzeaz gainera, pazienteek ederki erreakzionatzen dute eragile dopaminergikoak hartzean, Parkinson gaixotasunean baliatzen direnak, adibidez. Argi dago, nolanahi ere, HUSek ez duela zerikusirik Parkinsonekin, ezta gaitz hori etorkizunean agertzearekin ere.