Irisgarritasuna hiriz hiri: hiriguneak, udaletxeak, anbulatorioak, hiri-busak eta euro taxiak aztertu dira Espainiako 18 hiritan

Hiriak, gurpildun aulkian doazenak baino gehiago, pertsona itsuak eta gorrak baztertzen ditu

A Coruñak bakarrik gainditu du "onartzeko moduko" hutsa irisgarritasunari dagokion osoko kalifikazioan. Hutsune eta gabeziarik larrienak, itsu eta gorrentzako egokipen-neurrietan atzeman dira. Gurpildun aulkian dabilenaren egoera hein txiki batean hobetu da
1 abendua de 2007
Img tema portada listado

Hiriak, gurpildun aulkian doazenak baino gehiago, pertsona itsuak eta gorrak baztertzen ditu

Hiria hiritarrarentzat omen, baina ez maila berean mota denetako hiritarrentzat. Nolabaiteko ezgaitasunik nozitzen duenak (Espainian, 3,5 milioi pertsona, hau da, biztanleriaren %9) bazterturik segitzen du, taxia hartu, udaletxean gestio bat egin, edo osasun artapen primarioko kontu bat gestionatu edo antzeko zereginak (ohikoak) egitean, gainerako biztanleek aurkitzen ez dituzten oztopo eta galarazpenak topatzen dituelako, CONSUMER EROSKI-k egiaztatu duen bezala. Aldizkariak Espainia osoko 18 hiriburutan, gurpildun aulkian doazen edo ikusmen zein entzumen alorreko arazoak nozitzen dituzten pertsonek hirian duten irisgarritasunaz ikerlana egin du. Hiri batetik besterako aldeak nabarmenak diren arren, egoeraren osoko balorazioak errealitatea islatu du: hiriek ez dute proba gainditu: Areago, A Coruñak bakarrik gainditu du (irisgarritasun azterketan”ongi” baizik ez du erdietsi, halaz ere). Zortzi hiriren kalifikazioa”onartzeko moduko” apalegia izan da eta bederatzi hirik ez dute proba gainditu: atera duten”erdipurdi” horrek ez die gainditzeko balio izan.

Gurpildun aulkian dabiltzan pertsonen premietara egokitzean eginiko aurrerapausoak larriki zamatzen dute ikusmen edota entzumen ezgaitasunik nozitzen duten hiritarrek dauzkaten zailtasunen kargak.

Aldizkari honetako teknikariek, gurpildun aulkian doan pertsona batek, itsu batek eta gor batek lagundurik, ezgaitasunik duten erabiltzaileen elkarte askoren (ikerlan honetan lagundu duten elkarteen zerrenda eta ikerlanaren metodologiari buruzko zehaztasun gehiago, in www.consumer.es) laguntza baliotsua bitarteko, hiruna bisita egin zituzten Espainiako hiri hauetan: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozan. Teknikariek irisgarritasuna aztertu zuten hirigunean, udaletxean edo udal bulegoren batean, osasun zentroan, hiri-busean eta euro taxi zerbitzuan.

Ikerlanean atera den ondorio nabarmenena argi dago: egokipen obra-lanak egitean: gurpildun aulkian doazen pertsonen (18 hiriek ateratako batez besteko kalifikazioa:”ongi”) erabiltzaile itsu (batez bestekoa:”erdipurdi”) eta, bereziki, gorrena (batez bestekoa:”gaizki”) baino ahalegin handiagoa egin dute aspaldi honetan irisgarritasuna denen eskura jartzeko

Gurpildun aulkian doazen pertsonei dagokien proba gainditu gabe utzi dute Alacant, Kordoba, Sevilla eta Valladolidek; beste muturrean,”oso ongi” kalifikazioa lortu dute Granada, Malaga, Iruñea eta Valentziak. Azterlaneko atalei goazkiela, gurpildun aulkiko ezgaituenentzako emaitza hoberenak (batez bestekoa,”ongi”) udaletxerako bisitan, autobus ibilbidean eta artapen primarioko osasun-instalazioetan erdietsi dira. Hirigunearen egokipena, tamalez,”onartzeko modukoa” baino ez da, zoladura egonkorrik ez dagoelako, espaloiak eta ertzak gaizki egokiturik daudelako eta altzariak (lorontziak, farolak, seinaleak) txarto kokatuak daudelako.

Gurpildun aulkian dabilenak baino panorama okerragoa du itsuak, bere herrian erabiltzaile gisa ibili eta jarduteko unean eragozpen larriagoak dituelako. Hiria itsuentzat egokitzeaz, Espainiako 18 hiriburuetako osoko kalifikazioa”erdipurdi” denez, atal honetan hiriek ez dute proba gainditu; gainditu duen atal bakarra hirigunea da (“onartzeko modukoa” baino ez, dena dela) itsuari orientatzen lagundu beharko liokeen ukipen eta soinu bidezko zoladurarik edo seinale akustikoa duen semafororik ez izatearren. Udaletxeak eta osasun zentroak ere ez dute proba gainditu: agiriak betetzeko eta tramiteak egiteko beharrezko informazioa ez da ematen braille alfabetoan eta ordezko sistemetan. Hiri busean egoera ez da hobea (honek ere ez du proba gainditu): ez markesina eta posteetan, ez autobus barnean ere, ez du soinu-dispositiborik, ezta braille alfabetoz informazioa emateko sistemarik.

Zazpi hirik soilik gainditu dute proba (dena den, A Coruñak bakarrik gainditu du erraz samar). Itsuen premiak gaizkien betetzen dituztenen artean Kordoba, Donostia eta Gasteiz gailendu dira. Azken bi hauek, Bilbo, Cadiz, Sevilla eta Valladolid dira, era berean, gorren berariazko premietara gaizkien egokitu direnak; azterketa hau “eta larri-larri” Bartzelona, Madril, Malaga eta Oviedo bakarrik gainditu dute. Areago, A Coruña, ikerlanean osoko nota hoberena lortu duen hiria, ez da gauza izan berariazko proba honetan”erdipurdi” baino zerbait hobea ateratzeko. Alacant, Kordoba, Granada eta Murtzian ezinezkoa izan zen pertsona gorrentzako irisgarritasun-proba hau gainerako hirietan bezalako baldintzetan egitea. Hiri-busak kalifikazio polita lortu du (“ongi”) entzumen alorrean ezgaituak dauden erabiltzaileen egokipenean baina, hiriguneaz ari garela, nota”onartzeko moduko” tristea baizik ez da. Nolanahi ere, herritar gorren premien araberako egokipenean gabezia larrienak udaletxe eta osasun zentroetan hauteman dira: ez batzuek, ez besteek, ez dute proba gainditu (“gaizki”, arintzailerik gabe) zeinu mintzairako interprete profesionalik eta ikusteko moduko informazio-sistemarik ez dutelako.

Hiriguneko proba

Azterketan parte hartu duten pertsonetatik, mugimendu-ezgaitasunik nozitzen duten pertsonek gurpildun aulkia dute ezinbestekoa. Hamazortzi hirietatik zortzitan bakarrik zegoen hiriguneko zoladura egonkor. Hamaika hiritan (Alacant, Bartzelona, Cadiz, Kordoba, Murtzia, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Gasteiz eta Zaragoza) espaloi-ertz batzuen altuera 14 zentimetro baino handiagoa da. Zehazkiago, Alacant, Cadiz eta Sevillan zeharkatu ziren oinezkoen pasabideetako bakar batean ere ertza ez zegoen eraitsia; Kordoba, Madril, Murtzia eta Zaragozako bakarren batean, bazegoen horrelakorik. Areago, Sevilla eta Valladoliden aldizkariko teknikariak laguntzaile zeraman pertsona ezgaitua lagundu behar izan zuen espaloira igotzeko eta jaisteko. Azterturiko hirien %40tan, gurpildun aulkien pasabidea eragozten dute farolek eta seinaleek; proportzio berean daude izkina edo ertz bizidun duten hiriko altzariak.

Ukimen-zoladura (itsuen urratsen norabidea orientatzen laguntzen duena) hamar hiritik zazpitan baizik ez zen (salbuespenak: Cadiz, Murtzia, Iruñea, Sevilla eta Zaragoza). Askozaz ere bakanagoak dira zoru soinudunak, makila darabilten pertsonentzat biziki baliagarriak (A Coruña, Granada, Donostia eta Valladoliden bakarrik ziren horrelakoak).

Bestetik, bestelako kolore bateko lauzak hirien ia erdietan dautza; horrelakoei esker, ikusteko zailtasunak dituzten pertsonek espazioak bereiz ditzakete: zebra-pasabide baterako norabidea, adibidez. Ukimen zoladura hori Valladolideko hainbat kaletan (Gamazo, Muro, General Ruiz eta 2 de Mayo) gaizki kokatua zegoenez, itsuak trafiko-gune erdira zeramatzan. Deigarria bada ere, hiru hiritik bakar batek (Bartzelona, Bilbo, Granada, Malaga, Murtzia eta Donostia) baizik ez zeuzkan semaforoak teknikariak eta berarekin zihoan pertsona ezgaituak aurkitu zituzten gurutze guztietan.

Eginiko ibilbideen %40tan gurpildun aulkian doan pertsonak ez du oinentzakoen pasabidea zeharkatzeko adina denbora (proportzio bertsuan dabil, itsu eta gorrei dagokiela): A Coruña, Alacant, Bilbo, Cadiz, Iruñea, Valladolid eta Gasteizen arin-arin ibili behar izan zuten.

Komeni da semaforoak dispositiboren batez hornitua egotea, gorri jarriko dela ohartarazteko: ohikoena, argi berdea jarraitua izatetik intermitente bihurtzea da. Hiri gehienetan topatu dugun sistema hori biziki baliagarria da gorrentzat; askoz ere bakanagoa da pantaila baten bitartez, argia gorri jartzeko zenbat segundo falta den adieraztea; Granadako semaforoek daukate dispositibo hori. Gorren komunitatearen eskakizunetako bat, arrisku-egoeraren aurrean (anbulantzia edo suhiltzaileen pasatu behar dutenean, adibidez), semaforoen argia kolorez aldatzea da.

Itsuentzat egokiena semaforoek seinale akustikoa emititzea da. Zaragozan azterturiko denetatik bakar batek ez zuen horrelakorik eta, areago, lau hiritik batean gaizki funtzionatzen zuten. A Coruña eta Valladoliden ordutegi mugatua du funtzionamendu horrek.

Bereziki azpimarratzekoak dira eguraste-sarexkak, kainu-zuloak eta estoldak: behar bezala berdinduak ez badaude edo zoru ez-labaingarria ez badute arriskutsuak dira gurpildun aulkian doazen edota ongi ikusten ez duten pertsonentzat. Hiru hiritik bitan hutsuneak hauteman ziren, atal honetan.

Cadiz, Granada, Valentzia, Zaragoza eta Valladoliden, seinale, bandera, toldo eta bestelako elementu batzuk hormatik 2,20 metro baino beheragotik irteten zirenez, ikusmen arazorik nozitzen dutenen oztopo izan daitezke. Zaragozako Pilar plazako iturri erraldoiaren alderdi bat espaloiaren maila ber-berean dagoenez eta hori adierazten duen seinalerik ez dagoenez, itsuak edo ongi ikusten ez dutenak bertan sar daitezke, konturatzeke.

Gurpildun aulkian doazen pertsonentzat eskailera da oztopo behinenetako bat; halaz ere, hirien erdietako ibilbideetan eskailerak daude. Horrelako oztopoak gainditzeko neurrietako bat arrapalak ezartzea da baina Kordoba, Valladolid eta Zaragozan ez zegoen horrelakorik eskaileradun toki askotxotan. Bestetik, hamar kasutik hirutan aldapa malkartsuegia zen (okerrenak, Granada, Sevilla eta Valentzian) eta eskaileren %40k z zuten esku-barandarik.

Udaletxea: denon etxea ote?

Udaletxea hiritar askoren ohiko lekua da: tramiteak egitera, informazio jasotzera, ezkontza egitera, lanera, dokumentuak kontsultatzera, aholku bila… bertara jo ohi dugunez, udaletxeko instalazioetara erraz asko iritsi beharko luke pertsona orok. Errealitatea oso bestelakoa da, ordea.

Udaletxerako sarrerak ez du oztoporik izan behar baina ez da horrelakorik gertatzen Bilbo, Oviedo, Sevilla eta Valladolidekoetan: eskailerek, arrapala malkartsu eta arriskutsuek, egokitu gabeko ateek eta antzekoek eragozten dute bertara sartzea edo, bestela, gurpildun aulkian doan pertsonari laguntza beste norbaiti eskarazten diote. Bilbokoan ate nagusitik ezin da sartu, alboko batetatik pasatu behar da. Valladolidekoan, eraikin osoari buelta emandakoan, atzeko atetik sartu ahal izan zen.

Itsuen egoerari dagokionez, udaletxeetako sarreretan hamarretik zortzik ez dute esku-barandarik. A Coruña, Granada, Malaga eta Valentziako metal-detektagailuetan, proban laguntzaile modura zihoan pertsona itsuari bastoia utz zezan ere eskatu zioten.

Kordoba, Murtzia, Donostia, Valladolid eta Gasteizen azterturiko udal bulegoetan hartutako tratamendu pertsonala ez zen ona izan. Pertsona itsuarekin zuzen mintzatu ordez, laguntzaileari hitz egiten zioten, informazioa keinuz adierazten zuten edo “hortik”,”harantz” eta horrelako hitzak zerabiltzaten itsuekin, alfer-alferrik, noski.

Instalazioen barruan beharrezkoa da gurpildun aulkian ibiltzea baina Bilbo, Oviedo eta Donostiako udaletxeetan eraikinaren izariek mugikortasuna mugatzen dute. Horrez gainera, hamar udal bulegotako lurzoruak labainak dira.

Informazioa jaso edo txanda hartzeko makinak altuegi, zoruetan alfonbrak, gurpildun aulkian doazen pertsonak hurreratzea galarazten duten jendea artatzeko mahaiak (hiru bulegotik batean) eta mostradore altuegiak dira aldizkari honetako teknikariek eta proban esku hartu zuten laguntzaileek aurkitu dituzten oztopo eta eragozpen ugarietako batzuk.

Pertsona itsuen artapenean, udal bulego bakar batean informazioa ez zen braillez eman; Bartzelona eta Murtzian bakarrik eskaini zuten agiriak euskailu digitalean betetzeko aukera. Sevillakoan baizik ez dute etxez etxeko gestio-zerbitzua (honakoa telefonoz eskatuta, Udaleko langile bat eskatzailearen helbidera doa; bertan inprimakia betetzen lagundu eta, ondoren, papera udal bulegoetara eramango du). Udaletxe gehienetan bertako pertsonalak ez zuen inolako eragozpenik jarri itsuari inprimakia betetzen laguntzeko orduan. Jarrera hori eskertzekoa bada ere, ez da aski. Bilbo, Granada, Oviedo, Gasteiz eta Zaragozako udal bulegoetan erabiltzaile itsuari ez diote inolako ordezko aukerarik eskaini.

Pertsona gorrek antzeko (edo okerrago) eragozpenak izan zituzten. Cadizko udal dependentzietan soilik zegoen zeinu mintzairako interprete profesionala. Zerbitzu hori ez daukaten hamabi udaletatik, gainera, Bartzelona, Malaga eta Oviedon bakarrik eskaini zuten mintzaira horretan hitz egiteko gauza den profesionalarekin aritzeko aukera, zerbitzu hori bi egun lehenagotik eskatu behar bazen ere (Oviedon badute 24 orduko zerbitzua, larrialdietarako).

Panorama horretan, entzumen alorreko arazoak dituzten pertsonek idatziz, keinuz edo, areago, udal administrazioko langilearen ezpainak irakurriz komunikatzea izan zuten aukera bakarra. Gorrekin ardura gutxien dituzten udalak A Coruña, Bilbo, Iruñea eta Donostiakoak dira; ondotik Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragozakoak datozkie.

Gabezia deigarrienetako bat, larrialdietan ikus daitekeen alerta edo ohartarazpen-sistemarik ez izatea da. A Coruñako udaletxetik kanpo, horrelako dispositiborik ez dago: ebakuazioa adierazteko mekanismoa daukaten eraikinetan, gehien-gehienetan, soinu bidezko hutsa da.

Bisitatu diren udal dependentzietako igogailuak irisgarri edo eskuragarri direla egiaztatu da, Bartzelona, Madril, Oviedo eta Sevillako udaletxeetan izan ezik: hauetan, eraikina solairu bakarrekoa izatearren edo inolako igogailurik ez egotearren. Cadiz eta Donostiako udaletxeetako igogailu barruan gurpildun aulkiko pertsona eta laguntzailea batera sartzen ez zirelako. Bestetik, udaletxeetako hamar igogailutik lautan soilik zegoen esku-baranda.

Beste alderditik, ordea, igogailuko botoiak altuera egokian zeuden, Cadiz eta Gasteizko udaletxeetakoetan izan ezik. Hamar kasutik zazpitan igogailuaren kabinak bazeuzkan braillezko botoiak baina Alacant eta Kordoban bakarrik dauzkate dispositibo akustikoak.

Komuna ezinbesteko espazioa du zeinahi eraikinek eta, halakotzat, zeinahi hiritar bertan sartu ahal izan dadin ahalbidetu behar du. Cadiz, Kordoba, Murtzia, Oviedo, Sevilla eta Gasteizko udal bulegoetan ez da atzeman egokitutako komunik. Iruñeko Udaletxean bisitatu den komuna txiki-txikia da, gurpildun aulkia ia ezin sar daiteke.

Gidaridun ateak, zoladura ez-labaingarriak, altuera egokigarrian jar daitezkeen lababoak, komuneko konketaren ondoan heltzeko barra eraisgarriak eta antzekoak ez ezik, emakume eta gizonezkoentzako komunak itsuei bereizteko aukera eman diezaieketen braillezko letreroak eta komuna libre edo okupatua dagoen pertsona gorrei adieraz diezaiokeen ikusteko moduko sistemak ere falta direla hauteman da.

Osasun zentroak

Bisitatu diren osasun zentroetatik hiruk (Alacant, Kordoba eta Gasteizkoek) ez dute iristeko moduko sarrerarik. Horietako batzuetan, gainera, arrapalen aldapa malkarregia da; horietako bakar batean ez da ikusi eraikina identifikatzeko informazioa braillez ematen duen plaka edo letrerorik; horietako bostek bakarrik daukate ate automatikoa eta hamarretik bost baino gehiagotan ez zegoen esku-barandarik. Bestetik, bisitatu diren anbulatorioen erdian publikoa artatzeko mahaiek gurpildun aulkian doazen erabiltzaileei gerturatzea galarazten diete. Itsuek daukaten oztopo behinenetako bat inprimakinak betetzeko ordezko aukerarik (braillezko agiriak, euskailu digitalak, etab.) ez izatea da. Daukaten aukera bakarra, lekuan lekuko pertsonalak betetzen laguntzea da baina horrek erabiltzailearen intimitatea (baita, akaso, auto-estima) urra dezake.

Hamazortzi hirietan bisitatu diren osasun zentroetatik bakar batek ez du keinu mintzairako interprete profesionalik eta, gainera, Bartzelona eta Oviedon bakarrik eska daiteke zerbitzu hori (bi eta hiru egun lehenagotik jakinaraziz gero). Komunetarako irisgarritasunaren ebaluazioan, udaletxeetakoetan baino hobeak izan dira emaitzak. Kordoba eta Valladoliden bisitatu direnek izan ezik, denek daukate komun egokitua.

Hiri garraioa: busa eta eurotaxia

Hiri-bus zerbitzuaren irisgarritasuna ibilgailu horien geltokietan hasi behar bada ere, bisitatu direnen %28tan ez zegoen lekurik gurpildun aulkia sartzeko eta hirutik batean oztopoak aurkitu ziren (arazo latza pertsona itsuentzat orobat); hauentzat, gainera, geltoki bakar batek ez zeukan soinudun dispositiborik autobusa badatorrela iragartzeko eta, bestetik, geltokiko informazio edo panelik ez zegoen braillez idatzia. Lau geltokitik batean informazioak ez daude eskura gurpildun aulkian doanarentzat.

Azterturiko hirietatik bostetan (Cadiz, Kordoba, Malaga, Valladolid eta Gasteizen) gidariek ez zuten itxoin zailtasunak zeuzkan pertsonak bere tokian egokiro kokatu arte; hori baino lehenago martxan jarri zuten busa. A Coruña, Alacant, Murtzia eta Oviedoko autobusetan, aldiz, gidariek gurpildun aulkian zihoazen erabiltzaileei lagundu egin zieten, bai autobusean igotzean, bai bertan kokatzean, baita bertatik jaistean ere. Hiri bus denetan bazegoen mugimendu alorreko ezgaitasunik nozitzen duten pertsonentzat gune egokitua, gehienetan segurtasun-uhala eta geldialdia eskatzeko botoia daukate, baina aulkia heltzeko sistema hirutik batek baizik ez zuen. Hona beste hutsune latz bat: geldialdiak jakinarazteko sistema akustikoa (bisitatu diren lau autobusetatik bakar batean zegoena) Oviedon eta Valentzian bakarrik aditzen zen ongi eta bisitatu diren ibilgailu guztietatik bakar batek ere ez zuen braillezko informaziorik.

Zenbaitetan, ezgaituek taxia hartzen dute; hortaz, ibilgailu egokitua (“eurotaxi” izenekoa) behar dute. Bisitatu diren hiri denetan zegoen zerbitzu hau baina ezin izan zen horrelakorik erabili Kordoban (bi ordu itxaron beharko zelako) eta Malagan (une hartan zerbitzua ez baitzegoen baliagarri). Gainerako hirietan balizko erabiltzaileek, batenaz beste, hamabi minutu itxoin behar izan zuten. Kasu den-denetan taxilariak laguntza eskaini zien mugikortasun alorreko arazorik zutenei. Kritikatzen dena, batik bat, egokituriko taxi kopurua da: horregatik, behar denean, maiz, ez dago horrelako taxirik baliagarri. Kontuan har dezagun, era berean, horrelakoen tarifak arruntenak baino garestiagoak direla.

Hoberena eta txarrena, hiriz hiri

Alacant

  • Hoberena: eurotaxi zerbitzua eta ukimenezko zoladura oinezkoen pasabide gehienetan.
  • Txarrena: hirigunea oztopo urbanistikoez josia dago: arrapalarik gabeko espaloiak, oinezkoen pasabide labaingarriak, gaizki diseinaturiko arrapalak eta hiri altzari gehiegi, pasabidea eragotziz. Semaforoek, oharpen akustikoa egiten badute ere, ez da ongi aditzen, gehiegizko trafikoagatik. Udaletxean, beste aldetik, ezin sar daiteke.

A Coruña:

  • Hoberena: Udaletxeko komun egokitua.
  • Txarrena: hiriguneko semaforo guztiek ez dute oharpen akustikoa egiten; horrela dabiltzanek funtzionatzeko ordutegi mugatua dute. Itsuek darabilten bastoia estolda eta kainu-zulo batzuetan trabaturik geratzen da. Udaletxeak ez du zeinu mintzairako interprete zerbitzurik, mostradoreak altuegiak daude eta korridoreetan ia ez dago tokirik apenas gurpildun aulkian eroso ibiltzeko.

Bartzelona

  • Hoberena: ikusmen alorreko arazoak dituztenek semaforoen dispositibo akustikoa teleaginte baten bidez aktiba dezakete.
  • Txarrena: hiriguneko kale batzuetako zoladura egoera txarrean dago, labaingarria da, zuloak dauzka eta lauza batzuk aske daude. Udal dependentzietan zeinu mintzairako interprete bat eskatzeko aukera dago baina pare bat egun gerora daiteke zerbitzu horren praktika; jendea artatzeko mostradoreak altuegiak daude.

Bilbo

  • Etapa de lezama a bilbao

    Hoberena: eurotaxia, nahiz eta, eskatutakoan, dezente geroago iristen da.

  • Txarrena: erdiguneko kale batzuetako zoladura labaingarria da, estoldak arriskutsuak dira eta espaloi batzuk, altuegiak. Udaletxea gaizki egokitua dago, ate nagusitik sartzea ezinezkoa delako, eraikinaren dimentsioek ez dute eroso mugitzeko aukerarik ematen eta komunetarako irispideak egoera txarrean daudelako. Ez dago braillezko informaziorik. Udaletxeak ez du zeinu mintzairako interprete zerbitzurik.

Cadiz

  • Hoberena: udal bulegoetan zeinu mintzairako interprete profesionalen zerbitzua eskaintzen dute.
  • Txarrena: hiriguneko kaleetan lauzak aske daude, espaloi batzuk estuak dira eta oinezkoen pasabide egokituak urriak dira. Semaforo batzuek ez dute oharpen akustikorik eta hondatzen direnak ez dira konpontzen. Errolda Bulegorako arrapala malkartsuegia da; dependentzietan ez dago komunik ezta igogailu egokiturik. Erabili zen eurotaxia ez zegoen ongi egokiturik (autoa aspaldikoa zen, egoera txarrean zegoen eta, gainera, gurpildun aulkia altxatzeko plataforman lan-tresnak zeuden).

Kordoba

  • Hoberena: hiri altzariak ongi banatuak daude eta hiri kaleak espazio irisgarriago bihurtuko dituzten obra-lanak egiten ari dira.
  • Txarrena: Udaletxean ez dago braillezko informaziorik, ezta komun egokiturik ere. Hiriguneko kale gehienetan lauzak aske daudenez, zoladura ez da egonkorra. Oinezkoen pasabideetan ukimen-zoladura falta dela hautematen da. Kale batzuetan espaloiak hondatuak daudenek ezin ibil daiteke gurpildun aulkian. Arbola batzuek sarexkarik ez izatearren aulkietako gurpilak bertan trabaturik geratzen dira.

Granada

  • Hoberena: oinezkoentzako kaleak, Udaletxerako sarrera irisgarria eta bulego guztiak solairu berean egotea.
  • Txarrena: sarexka eta estolda batzuk ez daude espaloiaren maila berean eta hirigunean kale batzuetako zoruak labaingarriak dira. Oinezkoen pasabideak adieraziko dituen ukimen-zoladura botoidunik ez dagoela hautematen da. Paperontzi eta aulkiak arriskutsuak dira itsuentzat. Udaletxeko sarreraren inguruetan oztopoak daude (aulkiak, farolak, arbolak…). Ez dago zeinu mintzairako interprete zerbitzurik, ezta seinale akustikorik ere.

Madril

  • Hoberena: Moncloako udal bulegoetako eraikina ondo egokiturik dago eta komun egokitua dauka.
  • Txarrena: zoladura ez-egonkor eta labaingarriak, ukimen-zoladurarik ez oinezkoen pasabideetan. Kale askotan hiri altzariak oztopatu egiten dute itsuen zein gurpildun aulkian doazen pertsonen ibilbidea. Bide publikoak obra-lanak daudela iragarri beharko luketen kartelak urriegiak dira.

Malaga

  • Hoberena: ukimen-zoladura botoiduna hiriguneko oinezkoen pasabide eta oinezkoentzako kale gehienetan.
  • Txarrena: kale batzuetako zoladura labaingarria da eta semaforo batzuek ez dute oharpen akustikoa egiten. Udaletxean areen berri eta gainerako informazioa braillez ez egotea hauteman zen. Ez da zeinu mintzairako interprete zerbitzurik ematen berehala, baina pare bat egun lehenago eskatu egin daiteke.

Murtzia

  • Hoberena: ia hiri osoko espaloi guztiak galtzadaren maila berean daude.
  • Txarrena: hiriguneko arrapala batzuk malkartsuegi dira eta ez daukate pausalekurik; itsuei orientatzea nekeza gertatzen zaie, ukimen-zoladurarik ez izatearren. Udal bulegoetan ez dago komun egokiturik ezgaituentzat; ateak astunegi dira eta eskuz itxi-ireki behar dira Halaz ere, udal inprimakiak etxetik bete daitezke, ordenagailu bitartez. Bai udaletxean, bai hirigunean ere, elementu batzuk ibilbidea oztopatu egiten dute.

Oviedo

  • Catedral de san salvador de oviedo

    Hoberena: hirigunea ongi seinaleztatua dago eta mugikortasun eskaseko pertsonentzat ere irisgarria da. Oinezkoen pasabideak ukimen-zoladura bidez seinaleztatuak daude eta soinuzko seinalea emititzen dute semaforo batzuek.

  • Txarrena: atalik eskasenetako bat Udaletxeari dagokiona da; oraino egokitu gabe dagoen aspaldiko eraikin horretan gurpildun aulkian doazen pertsonak ezin dira eroso mugitu, ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik (beharrezkoa izanez gero, bi egun lehenago eskatu behar da zerbitzua), eta braillezko informaziorik ez du ematen. Eurotaxiak gutxi dira eta garestiak.

Iruñea

  • Etapa de olague a pamplona

    Hoberena: hirigunea oinezkoentzat bihurtu izana.

  • Txarrena: bai Udaletxean, baita hirigunean ere, bidea oztopatzen duten elementu batzuk daude. Oinezkoentzako pasabide gehientsuenak ez daude ukimen-zoladura bidez seinaleztatuak eta Udaletxean ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik, ezta seinaleztapenik mostradoreetan. Sarrera nagusitik ezin sar daitezke mugikortasun murriztua duten pertsonek; alboko batetik sartu behar dute.

Donostia

  • Hoberena: hiriguneko kaleak behar bezain zabalak dira eta ukimen-zoladura bidez daude seinaleztatuak.
  • Txarrena: estolda eta kainu-zuloak estaltzen dituen materiala labaingarria da eta seinaleak urriegiak dira. Bai Udaletxean, bai hirigunean ere, oztopoak aurkitu dira: erakuts astoak, paperontziak, etab. Udaletxeak ez du lurzoru ez-labaingarria eta bertan ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik. Sarrera nagusitik ezin sar daitezke mugikortasun murriztua duten pertsonek; berariazko batetik sartu behar dute.

Sevilla

  • Albergue de sevilla

    Hoberena: etxez etxeko udal gestio zerbitzua dauka.

  • Txarrena: kale batzuek galtzada-harria dute, espaloi ertz batzuk altuegi daude, hiriguneko seinaleak urriegiak dira, oinezkoentzako pasabideetan ez dago ukimen-zoladurarik. Udaletxeko atetik ezin daiteke sartu, arrapalarik ez baitauka; ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik. Ez dago komun egokiturik eta arreta-mostradorea eta txanda hartzeko makina altuegi daude.

Valentzia

  • Hoberena: hiriguneko semaforo batzuek irrati-frekuentziaz funtzionatzen dute. Udal gestio batzuk Internet edo 101 telefono bidez egin daitezke.
  • Txarrena: hiriguneko espaloiak estuak dira, seinaleak urriegiak dira, kale batzuetako zoladura labaingarria da eta oinezkoentzako ibi batzuk lerraturik ez daudenez pertsona itsuak ezin orienta daitezke egokiro, kalea zeharkatzeko. Udaletxean ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik, ezta fax aparaturik ere. Manpara batek ez dauka artatzen duen pertsonaren eta erabiltzailearen arteko soinua anplifikatzeko sistemarik ez dauka. Eurotaxiak gutxi dira, eta garestiak.

Valladolid

  • Hoberena: Udaletxean bada, txanda iragartzeko, pantaila orokor bat eta mostradoreetan beste bana, txikiagoak.
  • Txarrena: seinale gutxi daude; elementu batzuek (zakarrontziak, su-itzalgailuak, etab) gaizki kokatuak daudenez bidea oztopatzen dute. Oharpen akustikoz hornituriko semaforoek ordutegi murriztua dute eta kale batzuetako ukimen-zoladuraren okerreko kokapenak pertsona ibilgailuen trafikorantz zuzentzen du. Udaletxean ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik eta mugikortasun urriko pertsonak ezin sar daitezke ate nagusitik, atzeko atetik baizik.

Gasteiz

  • Hoberena: hirigunea gehientsua laua da eta oinezkoentzakoa; laukidun zona denez, orientatzea ez da zaila.
  • Txarrena: zoladuraren egonkortasuna galarazten duten obra-lan ugari daude hirigunean; seinaleak urriegiak dira eta Udaletxerako irisgarritasuna eskasa da: aspaldi-aspaldiko eraikin horretako sarrera ez da baliagarria eta ez dauka komun egokiturik. Ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik.

Zaragoza

  • Hoberena: hiriguneko eta udal bulegoetako seinaleztapena ona da; Udaletxean badaude hainbat zerbitzuren berri emateko ordenagailuak eta eraikineko alderdi zaharberrituak irisgarriak dira.
  • Txarrena: harritzekoa da zoladura alderdi batzuetan egonkor ez izatea eta labaingarri gertatzea; hiri altzari batzuk gaizki ezarriak daudenez, bidea oztopatu egiten dute. Bestetik, bisitan zehar, espaloietan motorrak eta autoak aparkaturik ikusi zituzten teknikariek. Udaletxean ez dago zeinu mintzairako interprete profesionalik eta irisgarritasun alorreko gabeziak daude, eraikina zaharra delako.

Nola egin zen eta konparaketako taula

Mugimendu, entzumen eta ikusmen alorretako ezgaitasunik nozitzen duten pertsonek Espainiako hamazortzi hiritan (A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Cadiz, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) nolako irisgarritasuna izan dezaketen ezagutzeko hiri bakoitzeko erdigunera, udaletxe edo udal bulegoetara eta osasun zentroren batera egin da bisita bana. Era berean, horietako bakoitzean hiri-bus bat eta eurotaxi zerbitzua aztertu dira.

Azterlan hau egin ahal izateko harremanetan sartu ginen Predif-ekin (Plataforma Representativa Estatal de Discapacitados Físicos); plataforma horrek Espainia osorako laguntza eman zigun; eta hurrengo elkarteekin kontaktuan jarri ginen: ASPAYM (Asociación de Parapléjicos eta Grandes Minusválidos), A Coruña, Bartzelona, Granada, Oviedo, Sevilla, Valentzia eta Valladoliden; COCEMFE (Federación de Asociaciones de Discapacitados Físicos), Alacanten, FEKOOR (Federación Coordinadora de Personas con Discapacidad Física de Bizkaia), Bilbon; FEGADI (Federación Gaditana de Personas con Discapacidad Física), en Cadiz; FEPAMIC (Federación Provincial de Asociaciones de Minusválidos Físicos de Córdoba), Kordoban; FAMMA (Federación de Asociaciones de Personas con Discapacidad Física eta Orgánica de la Comunidad de Madrid), Madrilen; FAMF-COCEMFE, Malagan, Frater (Fraternidad Cristiana de Enfermos eta Minusválidos), Murtzian; ACODIFNA (Asociación Coordinadora de Disminuidos Físicos de Navarra), Iruñean; Elkartu (Federación Coordinadora de Personas con Discapacidad de Guipúzcoa), Donostian; Eginaren Eginez (Asociación de Personas con Discapacidad Física de Álava), Gasteizen eta Asociación de Disminuidos Físicos de Aragón, Zaragozan.

Pertsona itsu eta gorrentzako irisgarritasunari buruzko atalei dagokionez, ONCE (Organización Nacional de Ciegos de España) eta CNSE (Confederación Nacional de Sordos de España) erakundeen laguntza eskatu genuen.

Bisita horiek egiteko laguntza eman zuten, gainera, hurrengo elkarte eta erakundeek: Federación de Asociaciones de Sordos, A Coruñan, FESOCA (Federació de Persones Sordes de Catalunya) Bartzelonan, BIZKAIKO GORRAK (Asociación de Personas Sordas de Bilbao y Bizkaia) Bilbon, ASORCA (Asociación de Sordos de Cádiz) Cadizen, FESORCAM (Federación de Personas Sordas de la Comunidad de Madrid) Madrilen, Sociedad Federada de Personas Sordas de Málaga, Malagan, FESOPRAS (Federación de Personas Sordas del Principado de Asturias) Oviedon, ASORNA (Asociación de Sordos de Navarra) Iruñean, ASG (Asociación de Personas Sordas de Gipuzkoa) Donostian, Federación Andaluza de Asociaciones de Padres de Niños Sordos Sevillan, FESORD (Federación de Sordos de la Comunidad Valenciana) Valentzian, FAPSCL (Federación de Asociaciones de Personas Sordas de Castilla y León) Valladoliden, ARABAKO GORRAK (Asociación de Personas Sordas de Álava) Gasteizen eta Agrupación de Sordos de Zaragoza, Zaragozan.