Nola onik atera larrialdi egoeretatik
Auto gidari oro, eskarmentu handikoa izanik ere, larrialdi edo arrisku egoeran aurkitu daiteke edozein unetan autoan doala. Lehenengo segundoak erabakigarriak izan ohi dira, normalean larrialdi egoeretan zer edo zer azkar egin behar da eta. Kontuan izanda errepidean animalia bat gurutzatzen zaigulako, autoko aurreko kristala apurtzen zaigulako edo balaztak gaizki dabiltzalako istripu larriren bat izan dezakegula, garrantzitsua da gogoratzea kasu bakoitzean zer egin behar den eta zein unetan.
Errepideko oztopoak
- Balazta ondo zapaldu, ahal bada gurpilak blokeatu gabe. Autoak ABS sistema badu, orduan balazta barruraino zapaldu. ABSrik ez badauka, berriz, oztopoa gertu daukazunean oina balaztatik pixka bat altxa eta maniobratu oztopoa saihesteko. Gorputzaren pisua oinen gainera eraman eta bolantea alde batera jiratu, gehienez buelta erdia. Maniobra egiten ari zaren denbora guztian, oztopoari begiratu beharrean pentsatu zein norabide hartuko duzun. Behin oztopoa saihestuta, bolantea hasierako posiziora eraman mugimendu labur eta azkar batez, autoaren egonkortasuna berreskuratzeko.
- Errepidean topatzen duzun oztopoa animalia bat bada, klaxona jo eta aldi berean abiadura moteldu.
- Gaua bada, argi luzeak kendu eta motzak jarri, argi luzeekin animalia itsutu egiten delako eta mugitu ezinik gelditzen delako.
- Animalia txikia bada eta abiadura handiarekin bazoaz, animalia ez harrapatzeko bat-batean frenatu beharko duzu edo norabide aldaketa arriskutsuak egin; beraz, bolanteri gogor heldu eta zuzen jarraitu.
- Animalia handia bada -basurde bat edo behi bat-, saiatu zaitez animalia saihesten edo, gutxienez, aurretik ez kolpatzen, aurreko kristaletik sar ez dadin. Errepidearen eskuinetik baino ezin baduzu animalia saihestu, eta errepide horretan posible bada, frenoa gutxiago zapaldu.
Norabidea apurtuta
- Normalean gertatzen ez bada ere, autoaren norabidea apurtzen bazaizu eta autoak bere bidean jarraitzen badu, frenoa poliki zapaldu eta abiadura moteltzen joan astiro-astiro. Gauza bera egin autoa bere bidetik ateratzen bada eta errepide bazterrerantz badoa.
- Autoa beste aldeko bidera joaten bada eta ezin baduzu gelditu, enbragea zapaldu eta eskuko frenotik indarraz tiratu. Bien bitartean, gorputza kulunkatu autoa gehien komeni zaion aldera joan dadin, eta daroan ibilbidetik ateratzeko. Laguntzeko, azeleratu martxa motz bat erabilita.
Balaztek ez dute funtzionatzen
- Frenoaren pedala aldizka zapaldu. Azkar eta askotan zapaldu.
- Eskuko frenoa erabiltzen baduzu, azkar tiratu frenotik baina poliki-poliki, ez zakar.
- Abiadura moteldu, martxa motzago bat sartuta, eta horrela motorraren frenoa erabili ahal izango duzu.
- Beste aukerarik ez baduzu, autoa errepidetik atera eta eraman beste toki egokiago batera. Hobe da autoa puskatzea, frenorik gabe ibiltzea baino, istripu larria izan dezakezu eta.
Kristalak apurtuta
- Kristalak apurtzen badira, batez ere aurrekoak, lasai egon eta bilatu leku bat kristalean ikusteko ondo dagoena. Autoa leku seguru batera eraman eta hantxe gelditu.
- Ezin bada kristaletik ezer ikusi, kristala indarraz kolpatu eta zulo bat egin bertan.
- Kristal zatiak gelditzen badira, abiadura moteldu, haizearen presioarekin kristal zatiak askatu daitezke eta zu zauritu.
Sutea
- Erre usaina hartzen baduzu, edo kea edo sugarrak ateratzen direla ikusten baduzu, autoa gelditu, auto barruan daudenei jaisteko esan, motorra deskonektatu eta kapotaren atea desblokeatu.
- Sua piztu bada eta sua gasolina depositutik gertu badago, autotik aldendu azkar-azkar.
- Sua piztu berria bada eta txikia bada, su itzalgailua erabili. Su itzalgailua astindu, prezintua kendu eta zurrusta autoaren “mutur” azpirantz zuzendu, motorraren alderantz. Ondoren, kapota ireki zentimetro batzuk (ez zabaldu osorik sua bizitu daiteke eta) eta zurrusta kapotaren barrurantz zuzendu.
- Su itzalgailurik ez baduzu eta sua oso bizia bada lurra edo mantak erabili.
- Autoa sutan badago eta auto barruan jendea badago, objektu gogor bat hartu eta leihatiletako kristalak apurtu (aurreko eta atzeko kristalak gogorragoak dira).
Oinezkoa auto azpian
- Bat-batean norbait harrapatuz gero, frenoa ahalik eta gehien zapaldu.
- Ezin izan bada autoa denboraz gelditu, oina frenotik altxa oinezkoa gurpil azpian dagoenean.
Autoa trenbide-pasagunean gelditu zaigu
- Trenbide-pasaguneko hesiak altxatuta badaude, bigarren martxa jarri, enbragea askatu eta abiatze-motorrari jarraian eragin. Autoa mugitu ezin baduzu, laguntza eskatu autoa bultzatzeko eta trenbidetik ateratzeko.
- Hesiak jaitsita badaude, ez eduki inolako dudarik, irten azkar autotik eta leku seguru batera joan.
Autoa uretara erortzen da
- Flotatzen duen bitartean, gerrikoa askatu eta saiatu ate edo leiho batetik irteten.
- Ezin baduzu autotik irten eta autoa urperatzen bada, auto barruan goiko partean gelditzen den airea arnastu auto osoa uraz bete arte, orduan auto barruko eta kanpoko presioak berdindu eta atea zabaldu ahal izango da, eta zeu ur gainera irten ahal izango zara.
Euria
- Abiadura moteldu eta bolantea eta frenoa kontuz erabili.
- Autoa labaindu egiten bada, oina azeleragailutik pixka bat altxa eta bolanteari gogor heldu.
- Segurtasun tartea handitu.
- Frenoa poliki zapaldu, gogor zapalduz gero gurpilak blokeatuko lirateke eta.
- Frenoari kolpe txikiak eman oinarekin, eta jarraian, pastilletako hezetasuna kentzeko.
- Ez ukitu frenoaren pedala, eta ez altxatu oina azeleragailutik.
- Bolantea mugitu, autoa labaintzen denean atzeko gurpilek egiten duten aldera.
- Autoa zuzen jartzen hasten denean, bolantea mugitu beste aldera, alde horretara ez labaintzeko. Azeleragailua poliki-poliki askatu, baina ez kendu oina bat-batean.
Izotz plakak
- Martxa luzea erabili, minutuko 1.500 eta 2.500 erreboluziotan joatea ahalbidetuko duen bat, mugimenduak ahalik eta polikien transmititzeko.
- Frenatu baino ezin baduzu egin, kontu handiz zapaldu frenoaren pedala.
- Autoaren atzeko aldeak aurrekoaren aurretik jartzeko moduan egingo balu, bolantea kontrako aldera mugitu. Bihurgune batean, eskuinera bada, normalena da atzeko parteak bihurgunearen kanpoaldera egitea; beraz, hori gertatuko balitzaizu, bolantea ezkerrerantz jiratu autoa behar bezala jarri arte. Autoak bere ibilbidera bueltatzen denean, bolantea zuzendu eta azeleratu pixka bat kontrola berreskuratzeko.