Grafologia

Gure idazkerak agerrarazten duena

Zientzia ote den auzitan dagoen arren, nortasunaren ezaugarriak aztertzeko baliagarritzat onartua dago
1 azaroa de 2005
Img miscelanea

Gure idazkerak agerrarazten duena

Idazkeraren azterketaz baliatuz, gizaki jakin baten nortasuna ezagutzeko bidea ematen du grafologiak. Korronte batzuek zientzia-izaera aitortzen dioten arren, beste zenbaitek aitortza hori arras baliogabetzen dute. Polemikan sartzeke, adieraz dezagun jende asko bat datorrela puntu batean, hots, grafologiaren arau batzuei esker espezialistek jokamoldearen hainbat alderdi eta izaeraren hainbat ezaugarri defini ditzaketela. Teknika horren aplikazioak psikologiarekin lotura estua badu ere, grafologiaz baliatzen dira enpresetako giza baliabideen departamentuak (langile edo langile-gaien idazkera eta sinadura aztertzen dituzte pertsona horien profilak datuez osatzeko), neurologoak (pazientearen eskuizkribuen azterketak zenbait patologia atzemateko) eta, esan gabe doa, auzitegietako sendagileak (kliniko zein polizialak): letra, hatz-aztarna bezala, bakarra eta imitaezina baita.

Lanabes laguntzailea

Letraren egilea benetan ezagutzeko lagungarri izatean eta maizegi lotu izan den etorkizuna igartze horretatik bereiztean datza azterketa grafologikoaren sinesgarritasuna, hein handi batean. Lana nekeza da, langaia -idazkera- biziki gutiziatsua baita hitzontzi eta gainerako iruzurgileentzat. Grafologia aztergai duen zeinahi eskuliburuk esango dizu idazkera biribila pertsona lasai eta pasiboen adierazle dela edo sinadura irakurgarria subjektu arduradun baina harroaren aztarna dela. Ezaugarri horiek, Platonen garaietatik, gizakia aztertzen duten filosofo eta gainerako ikerlariek nortasunak sailkatzeko erabili dituzten arketipoei eta Hipokratesek definitutako aldarte-ereduei dagozkie baina, egiari zor, aztertu beharreko seinaleak ere gehiago dira, grafologia egoki eta baliagarri adela ondorioztatuko badugu.

/imgs/20051101/miscelanea.jpg
Ondore grafologikoek, izan ere, letra-moldeen aldaeren berri eman ez ezik, azterketa euskarritzat hartzen dute izaerak zehazteko eta pertsonak deskribatu ahal izateko tenorean. Horregatik, alor honetako aditu serioak, alor zientifikoan oin hartutako neurologo, psikologo, filosofo edo psikiatrak dira eskuarki eta grafologia pazienteaz arduratzeko lanabes laguntzailea dute. Legezkotasunari eusteko xedez, nazioarteko zein estatuko grafoanalisten elkarteek kode deontologikoa sortu behar izan dute, besteak beste, hurrengo euskarria eta antzekoak finkatzeko: “Igarpen-praktiken irakaskuntzan ez aritzea, zientifikoa dena eta iritzi alorrekoa dena lotu izanak sortarazi duen nahasmenari eta ondoriozko ospe galtzeari eta seriotasun gabeziari saihets egiteko, grafologo lanbideari eta grafologia zientziari horrek guztiak kalte eta galera baizik ekarri ez dielako”.

Zertan oinarritzen da bere egokitasun eta baliagarritasuna?

Grafologiak eskuzko idazkera du aztergai. Letrek idaztetik bolaluma edo luma bidez jalgi behar dute (arkatzarekin, aldiz, ez da komeni, honek eskuaren mugimendua eragotzi egiten duenez, letrak eraldatu egiten dituelako). Marrazkiak ere, ikur gisa, azter ditzake grafologiak, Koch neurologoak joan den mendeko hirugarren hamarkadan garatu zuen “arbolaren test” ezagunak frogatu duenez; egun, izan ere, psikopedagogiak ohiko lanabesa du, haur eskoletan batik bat.

Bi alorretan gertatzen da batez ere baliagarri grafologia: adituen azterlan edo txostenetan eta psikoanalisian. Magistratu, banku eta poliziek ederki asko dakite idazkera bakoitza besteak ez bezalakoa dela eta horretaz baliatzen dira beren eginkizunetan. Horrela bada, sinadura baten egileaz segurtasunik edo eskuizkribuen aztarnak bilatu nahi dutenean dokumentuen azterketa grafikora eta adituek eginiko sinadura-konparaketetara jotzen dute, froga horiek balio handia izaten dutelako. Hori bezain objektiboa ez bada ere, balio handiko teknika da grafia aztertzea, pertsonaren psikea definitzen laguntzeko unean (dela patologiak atzemateko, dela jokamolde jakinen kausak ikertzeko..).

Nola irakurri letretan?

/imgs/20051101/misce2.jpg Filosofo alemaniarrak eta sendagile frantziarrak izan dira, batik bat, grafologiaren ikerkuntzaz gehien arduratu direnak, teoriak sortu eta hipotesiak frogatu dituztenak, uste subjektiboak gainditurik lege objektiboak emanaz. Horrela bada, norbaiten ezaugarriak idazkeraren bitartez definitu ahal izateko, azterketa grafologikoak pertsona horrek nori eta zein aldartetan idazten dion ere aintzat jo beharra dagoela ondorioztatu dute.

Pertsona bakoitzari dagokio bere izaera, bere aiurria, bere geneak dauzka, bere nerbio-sistema, bere sexua eta bere adina eta elementu horiek guztiek izateko era determinatzen diote.

Pertsona segun-eta zein egoeratan idazten ari den, nolako faktoreak (ingurune alorrekoak, sozialak, kulturalak, familia edo eskolakoak) “bizi” dituen, nolako aldartea igarotzen ari den… idazkeraren emaitza horiek guztiek determinatuko dute.

Gizaki baten estruktura mentala ezagutu ahal izateko, testua sakon aztertzean, hainbat alderdi hartzen dira aintzat: idazketaren ordena, lerroen arteko distantzia, ertzetarainoko gertutasuna, letraren tamaina (horrek auto-estimazio mailarekin eta pertsona horren hedapen-graduarekin lotura hertsia baitu), letren inklinazioa (pertsona hori gainerakoekin zein neurritan erlazionatzen den adierazten baitu), letren norabidea (honek egonkortasun emozionalaren berri emango baitigu), idaztean zenbaterainoko presioa egiten den (gizakiaren energi maila balioztatzeko), idazkeraren lastertasuna (etortzen zaizkion egoeren aurrean gizaki horrek izan ohi dituen erreakzioak jakinarazten dizkigu), jarraikortasuna, hots, letra eta hitzen arteko elkartasun edo bereizte gradua (pertsonak bere jardueran, bizitza afektiboan eta pentsaeran nolako erregulartasunean aritzen den adierazten du faktore honek) eta, azkenik, idazkeraren itxura edo egitura orokorra (honek gizakiaren jokabide kultural, etiko eta morala gaztigatuko digu-eta).

Sinadurak zer adierazten du?

Idazkera aztertzea zenbaitetan jolas gisa hartzen da; sinadurak, berriz, burutazioak, espekulazioak eta funtsik gabeko azterketa pseudopsikologikoak egiteko aukera handiagoa ematen du. Sinaduraren azterketa serioak, gehienetan, kreditu-txartelen gainean adituen txostenak egiteko edo legezko dokumentuak egiaztatzeko baliatzen dira, izenpetze horren legezko autoretza egiaztatzeko bakar-bakarrik. Arrasto horretatik psike baten erabateko datuak ondorioztatzea azalkeriazko jarduna da baina, halaz ere, grafo-azterketa serioa egitean, kontuan hartu beharreko beste faktore bat da.