Hiri hondakinen kudeaketa

Zaborrak: informazio gutxi eta tokian tokiko berariazko kudeaketa

Udal batzuek birziklatzen duten hondakinen proportzioa ez dakite (agian nahiago dute ez jakinaraztea), beste batzuek ez dute zerbitzua kobratzen; ekipamenduak biziki aldatzen dira, batetik bestera
1 azaroa de 2005
Img temap 243

Zaborrak: informazio gutxi eta tokian tokiko berariazko kudeaketa

/imgs/20051101/contenedores.jpg
Etxeko zaborren -teknikoki, hiri-hondakin solidoen (HHS)- bilketa eta ondorengo tratamendua tokiko agintarien eta hiritar gehienen kezka da. Udalek kudeatzen dituzten bost eurotik bat zerbitzu horretara bideratzen omen da baina, halaz ere, bertan egin beharreko inbertsioak goraka doaz etengabe: 1995 urtean espainiar bakoitzak, batez beste, urtean 378 kilo hondakin egin zituen (egunean kilo pasatxoa) eta 2003an zifra hori 502 kilotara igo zen 1,4 kilo hondakin, egun eta laguneko), hau da, %33 hazi zen. Beraz, Europako mailetara gerturatzen ari gara (1,5 kilo egun eta biztanleko).

Egoerari irtenbidea bilatzeko xedez lege-bilbe zorrotza sortu da eta, hainbat administraziok (Europakoa, estatukoa, erkidegokoa eta tokikoa) hondakin kontuetan eginiko arau-zerrendak ugariak diren arren, Espainian azpimarratzekoak dira Ontzien eta Ontzi-hondakinen 11/97 Legea, Hondakinen 10/98 Legea eta Hiri Hondakinen plan Nazionala, 2000 eta 2006 urteen artean aplikatzekoa. Plan horren helburuetako bi dira, 2006 urtearen amaierarako, materia organikoaren erdia konpostatzea (hondakin organikoen deskonposatze biokimikoa, berotan) eta paper, kartoi eta beiraren %75 birziklatzea.

Hiri-hondakinen bilketa eta sailkatze sistemak Espainiako 17 hiritan aztertu du CONSUMER EROSKI-k: Alacant, A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Kordoba, Granada, Logroño, Madril, Málaga, Oviedo, Iruñea, Donostia, Sevilla, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza. Zerrendan Murtzia ere sartzekoa zen arren, zerbitzuaren kontzesioa daukan enpresaren eta Udalaren jarrerak (eskaturiko datuak emateari uko egin zioten) galarazi zuten hiru hori azterketan agertzea.

Hiri-Hondakinen Plan Nazionalaren aplikazioa amaitzeko urtebete geratzen den honetan egoera ez da bikaina, inondik ere. Geroz eta hondakin gehiago sortzen ditugu: 17 hirietako batez bestekoa ia 1,3 kilo zabor da, eguneko eta biztanleko; dena den, Bartzelonan 1,52 kiloraino ekoizten dute eta Valladoliden 1,03 kilo baizik ez. Hondakinen biltze selektiboa egiteko azpiegituretan ere hautematen dira aldeak: Iruñea eta Kordobako edukiontzien ugaria nabarmentzekoak da (Plan Nazionalak 2006 urtearen hondarrerako agintzen dituen gutxienekoetatik urrun) baina Bartzelona, Zaragoza eta Madril ekipamendu kaskarrenekoak direnez, badute zertan hobetua franko.

Deigarria da, era berean, hamabost hirietatik seitako udalek birziklatzen dituzten hondakinei buruzko nahi adina daturik ez daukatela entzutea; beraz, hiritar xeheak hainbat motatako zaramak sailkatzen egiten dituen ahaleginak egitea merezi ote duen galde diezaioke bere buruari.
Aldeak hautematen dira bilketa-sistema batetik bestera: hiri gehien-gehienetan edukiontziak baliatzen diren arren, beste baliabide osagarri bat dago eskura maiz: bilketa pneumatikoa, atez ate egiten dena.

Zabor kontzeptuagatik hiritarrak ordaindu behar izaten duen tasa kobratzeko modua ere, leku batetik bestera biziki aldatzen denez, prezioak konparatzea harik eta zailago bihurtzen da horrela: hiri gehienetan urtean behin kobratzen da (Sevilla eta Granadan izan ezik, horietan hilean kobratzen baitute), hiri batzuetan kopurua aldatu egiten da eta beste batzuetan finkoa da. Kobratzeko unean aplikatzen diren irizpideak (kalearen kategoria fiskala, ur-kontsumoa, etxebizitzaren tamaina, etc.) ere arras desberdinak dira, kontsumitzaileak jasotzen duen faktura bezala: Sevillan hilean gutxienez 1,79 euro kobratzen da (hots, urtean 21 euro baino zerbait gehixeago) eta, beste muturrean, Bilboko gehienekoa 148 euro da.

Aipaturiko 17 hiri horietako biztanleek, batez beste, 1,3 kilo hondakin sortarazten dituzte egun eta biztanleko. Bartzelona, Bilbo, Granada, Alacant eta Kordoban biztanle bakoitzak urtean 500 kilotik gora egiten du; Gasteiz eta Valladoliden, berriz, 400 kilo baino gutxiago.

Azpiegiturak

Hamazazpi hirietan, batez beste, 500 biztanleko beira-ontzi bat badago ere (horixe da 2006 urte amaierarako Arautegiak agintzen duen gutxienekoa), Iruñean ia bi dituzte (1,93) baina Bartzelona (0,73), Madril (0,77) eta Zaragozan (0,85) biziki urruti dabiltza arauak betearazten duen gutxienekotik. Desberdintasun hori paper-kartoiei dagokienez ere agertzen da berriro: azterlan honetako batez bestekoa 1,5 edukiontzi da bostehun biztanleko, baina Iruñean hiru baino gehiago dira; Bartzelonan (0,72), Zaragozan (0,79) eta Madrilen (0,80) ez dira inondik ere gutxieneko kopurura iristen. Eta horrelako zerbait gertatzen da ontziak jasotzeko edukiontzien kasuan ere: 500 bizilaguneko batez beste ia edukiontzi bat dagoelarik, A Coruñan 9 dauzkate (hondakin inorganikoak biltzen dituzten edukiontziak dira; bertan ontziak ere sartzen dira baina geroago bereizi egingo dira, birziklatzera eramateko), eta Bartzelona, Alacant, Valentzia, Gasteiz eta Málagan, 500 biztanleko beti ere, bat baino gutxiago daukate.

Garbigune edo eko-parkeei (hondakin mota zehatz batzuk botatzera izen horretako bilketa selektiboko instalazioetara joan daiteke hiritarra, berariazko udal-edukiontzia ez dagoenean) dagokiela, Valentzian ez dago bakar bat ere baina Bartzelonan 16 finko eta 4 mugikor daude: horrek azalduko luke hiriko kaleetan zergatik dauden edukiontzi gutxiago.

Nolanahi ere, hirietan biltzen den zaborretik zein proportzio birziklatzen da? Deigarrien gertatzen dena udalek datu hori ez edukitzea edo, bederen, jakinarazi nahi ez izatea da. Esate baterako, Alacant, Bartzelona, Kordoba, Granada, Logroño, Madril, Málaga, Sevilla eta Valladolideko udalek CONSUMER EROSKI-ri jakinarazi diotenez, guztira birziklatzen dituzten hondakinei buruzko daturik bat ere ez daukate. Azpimarratzekoa, era berean, hiriek birziklatzen omen dituzten beira, paper eta kartoi, ontzi eta pilen kopuruetan, toki batetik bestera hautematen den alde nabarmen-nabarmena. Donostian bildutako beiraren %58 birziklatzen da eta Valentzian %33 baizik ez. Antzeko aldeak gertatzen dira paper eta kartoiei (Iruñean, jasotakoaren %48 birziklatzen da eta Valentzian %20 bakarrik) eta ontziei dagokienez (bildutakoaren %38 Iruñean eta %10 Valentzian). Bestetik, birziklatzera eramaten diren baturiko pila kopuru zehatza Bilbok eta Iruñeak soilik dakite: %12 Bilbon eta %79 Iruñean. Gainerako hiriek ez dute datu hori ezagutzen edo ez dute ematen./imgs/20051101/basura.jpg

Tarifak

Aipatu bezala, bai tarifak kalkulatzeko irizpideetan, baita kontsumitzaileari kobratzen zaizkion diru-kopuruetan ere, alde handiak agertzen dira. Udalerri gehienetan tarifa urtean behin kobratzen da eta kopurua, oro har, aldatu egiten da (Donostia eta Oviedon izan ezik: hor 57 eta 60 euro kostatzen da zerbitzua beti). Gainerakoetan aldeak dezentekoak dira: Logroñon 17 eta 109 euro artean kostatzen da, Bilbon 36 eta 148 euro artean, Kordoban 36 eta 126 euro artean, A Coruña 52 eta 59 euro artean eta Alacanten 19 eta 47 euro artean. Salbuespenak Granada eta Sevilla dira: hilean kobratzen dute. Sevillan 1,79 eta 21,73 euro artean eta Granadan kopuru finko bat (6,1 eta 9,2 euro atean) gehi kopuru aldakorra (ur kontsumoaren araberakoa, bi hirietan ere).

Zabor-txartela kobratzeko maiz baliatzen den irizpidea kalearen kategoria fiskala den arren (horrelaxe egiten da A Coruña, Bilbo, Kordoba, Logroño eta Zaragozan) beste hainbat hiritan irizpide bat baino gehiago konbinatzen dira. Alacanten etxebizitzaren tamaina hartzen da aintzat; Granadan, kalearen kategoria fiskalaz gainera, ur kontsumoa ere kontuan hartzen dute. Harrigarria bada ere, Madril eta Málagan ez dago kontzeptu horretarako tasa finkorik, Sevillan kontsumituriko ur kopuruaren arabera bakarrik aldatzen da eta Bartzelonan, berriz, etxebizitza bakoitzean dauden ur-puntuen kopuruaren arabera. Valentzia eta Valladoliden IBI-n sartzen da eta Iruñean etxebizitzaren balio katastralaren arabera aldatzen da (hiri horretako batez bestekoa 56 euro da, urtean).

Nola osatzen da zabor poltsa?

/imgs/20051101/gente.jpg Osagai nagusia materia organikoa da (edukiaren %40 edo %50 janari hondakinak eta lorategietako zaramak dira), hurrena paper eta kartoia dator (%20 – % 25), ontziak ondoren (%15 – %20 metal zein plastikozko ontziak, tetra-brick, eta antzekoak dira) eta beira, atzenean (hondakinen %10 inguru). Datu hauek sektoreko adituak eman dituzte. Udalek emanikoetatik ezer argirik ezin ondoriozta daiteke: Valladolid, A Coruña, Sevilla, Valentzia, Kordoba eta Iruñeak bakarrik dauzkate udalerri horretan biltzen den materia organikoaz datu zehatzak (horixe izanik zabor poltsako osagai nagusia, kopuruz) eta gainerako udalek “gainerakoak” izeneko atalean sartzen dituztenez, ez dago materia organikoaren berariazko bilketarik edo, bestela, udalek ez dakite kontzeptu horretan zenbat batzen duten. Dena den, aipaturiko sei hiri horietan ere errealitateak ez dira berdinak: Valladoliden materia organikoa guztira batutakoaren %12ra iristen ez delarik, A Coruñako proportzioa %18 da eta Sevillan, Valentzian, Kordoban eta Iruñean %35etik gora doa.

Azterturiko 17 hirietan paper eta kartoizko hondakinak, batez beste, zarama poltsaren %10,5 badira ere, aldeak daude leku batetik bestera: Oviedo, Valentzia, Iruñea eta Sevillan kopuru hori %20 inguru dabil eta Alacant, Madril, Valladolid, Zaragoza, Kordoba, Málaga eta A Coruñan ez da %5,5era heltzen.

Beira eta ontziak guztirako hondakinen %4ra ez dira iristen; atal hauetan aurrekoetan baino txikiagoak dira hirien arteko desberdintasun eta aldeak. Beira gehien batzen dutenak Iruñea eta Valentzia dira (%8 inguru) baina Málagan ez da %1era heltzen. Ontziei eta ontzi-hondakinei dagokienez, Oviedo eta Valentzian bildurako hondakinen %12 dira; Alacant eta Málagan, %1etik behera dabiltza. Alde horiek guztiak, dena den, nekez uler daitezke.

Bilketa sistema: edukiontziak, batik bat

Etxez etxeko zabor bilketa-ereduak antzekoak dira hiri denetan. Zarama biltzea dela eta, ia toki denetan baliatzen dira kaleetan dautzan edukiontziak, bi salbuespenez: Oviedon (etxebizitzetako ezkaratzetan biltze selektiboa egiteko berariazko sistema ezarrita dago) eta Gasteizen. Dena den, edukiontzi klasikoez gainera, hiri-hondakinak biltzeko bestelako metodoak ere baliatzen dira hiri askotan. Bartzelona, Bilbo, Gasteiz eta Sevillako kale batzuetan bilketa pneumatikoa erabiltzen da (hiritarrak zarama berariazko edukiontzietan uzten ditu eta horiek, lurpeko mekanismo batek xurgatu eta bilketa-gune batera eraman ondoren, kamioiak jasoko ditu). Gasteiz, Donostia, Granada, Málaga eta Madrilen, kalean berariaz seinaleztaturiko guneetan biltzen dira zaborrak.

/imgs/20051101/contenedores2.jpg Zarama edukiontzietan uzteko ordutegiak finkoak dira: arratsaldeko zortzi edo bederatzietatik gaueko hamar edo hamabiak arte, gehientsuenak. Bilbo eta Gasteizen ordutegiak aldatu egiten dira urte sasoi batetik bestera: uda partean beranduago hasi eta amaitzen da bilketa zerbitzua.

Biltze-egunetan berdintasun gutxi topatu dugu: A Coruña, Bartzelona, Logroño, Málaga, Oviedo, Sevilla eta Valentzian zaborra egunero-egunero batzen da; Gasteiz eta Bilbon ez da larunbat gauean jasotzen; Granadan ez dago zerbitzurik igandean; Gasteiz eta Valladoliden jai bezperan ez da zarama biltzen. Horiez gainera, Alacant, Bilbo, Kordoba, Granada, Madril, Iruñea, Donostia, Valladolid eta Zaragozan Eguberri eta Urteberri egunetan ez dago zerbitzurik.

Bilketa selektiboa hirietan

Hiri-hondakinen bilketa selektiboa errazteko xedez, hiri gehienek berariazko edukiontziak ezarri badituzte ere, horietako batzuetan ez da iritsi oraino Plan Nazionalak 2006 urte amaierarako xedaturiko mailara. Jakina denez, Plan horrek hondakin mota bakoitza (paper-kartoiak, beira eta ontziak) biltzeko berariazko edukiontzi bana ipintzea agintzen du.

Iruñerrian, Donostian, Kordoban eta Sevillan bakarrik daukate horretarako zuzkidura egokia. Gainerako udalerriek zuzkidura ugaldu egin beharko dute, indarreko arautegiak agintzen duena 2006 urte bukaeran beteko bada. Ekipamendu egokiena, beste hirietatik urrun, Iruñerri mankomunitatekoa da: bertan, 500 biztanleko, beirarako ia bi edukiontzi dituzte, paper-kartoietarako hiru eta ontzietarako bost.

Edukiontzi motez ari garela, ekipamendu handiena ontzien bilketa selektibokoek osatzen dute (azterketan kalkulatutako babez bestekoa, ontzi bat 367 biztanleko da); paper-kartoi eta beira biltzekoen kopurua askoz ere txikiagoa da (bostehun laguneko edukiontzi bat: hortxe dabiltza, hots, Planak agintzen duenetik gertu-gertu).

Etxe-hondakin arriskutsu (pintura-produktuak, aerosolak, automobileko produktuak, etc.) eta tamaina handikoak (etxetresna elektrikoak, altzariak, etab.) garbigunera eraman behar dira. Harrigarria bada ere, Valentzia hiriak (Espainiako hirugarren handiena) ez dauka etxe-hondakin arriskutsu, berezi edo handiak biltzeko inolako instalazio finko zein mugikorrik. Bartzelonak, berriz, 20 instalazio ditu (horietatik, 16 finko eta 4 mugikor), Madrilek 18 (13 finko eta 5 mugikor) eta Bilbok 10 (4 finko eta 6 mugikor). Alacant, Iruñea, Donostia eta Gasteizek ere ekipamendu egokia daukate, hiri horietan garbigune finko eta mugikorrak baitautza.

Nola lagundu zabor biltze eta birziklatzean

  • Erabili konpartimentu ugariko zakarrontziak eta utzi horietako bakoitzean dagokion hondakin-mota.
  • Lagundu ezazu zure hiri edo herriko zabor-biltze selektiboan.
  • Ontzi batzuk arras bil daitezke: zapaldu tetra-brickak, estutu plastikozko botilak eta aluminiozko latak, horrela espazio gutxiago beteko dute eta.
  • Gorde paper-kartoi eta beira hondakinak bereiz, bakoitza bete lekuan.
  • Gorde zarama ondo itxitako poltsetan, hondakinak ez zabaltzeko eta likidorik ez isurtzeko.
  • Edukiontzian sartu aurretik, hautsi eta zapaldu tamaina handiko kutxa eta gainerakoak, espazio gutxiago bete dezaten. Zarama edukiontzian sartutakoan, itxi estalkia, kiratsak heda ez daitezen.
  • Ez utzi edukiontzietan gai berorik edo, are gutxiago, sutan dagoenik: horrek edukiontzia ez ezik, bertan dauden gauzak sukartu egin daitezke, gas toxikoak igorriz.
  • Zure herri edo auzoan tamaina handiko hondakinen bilketarik ez baldin badago, galde ezazu zein egunetan egiten duten bilketa edo, bestela, dei ezazu udal garbiketa-zerbitzura, hondakinek kalean denbora asko eman ez dezaten.
  • Antzeko produktuetan aukera egitean, hauta ezazu ontzi eta bilgarri gutxien daukana. Edari eta likidoetan, aukera ezazu tamaina handikoa eta, ahal denean, beirazkoa; itzultzekoa baldin bada, hainbat eta hobe. Gogoan izan paper-kartoizko eta beirazko ontziak direla, orokorki, ingurugiroan kalte gutxien eragiten dutenak.
  • Erosketak egiteko, erabili sarea edo lonazko poltsa. Aukera izanez gero, erabili behin baino gehiagotan dendan ematen dituzten poltsak.