Haur-ergonomia

Haurrak ere, bizkarreko minez

Hamar haurretik lauk eta nerabeen erdiek nozitzen dute sorbaldako gaitz hori, beren eguneroko jardueraren eta bizi kalitatearen kaltetan
1 azaroa de 2005
Img consejo listado 115

Haurrak ere, bizkarreko minez

/imgs/20051101/consejos01.jpg
Hasia da ikasturtea eta hasia da, berarekin bat, ikasle jendearen artean bizkarreko gaitzak nozitzeko arriskua. Min horien zergatiak zorro eta motxilen gehiegizko karga, ordu gehiegi okerreko posturetan edota eserita ematea da. Sorbaldako mina, egun, 11 urtetik beherako haurren %42k pairatzen du baina kopuru hori, 13 eta 15 urte artekoak aztertzean, %51raino doa mutikoetan eta %69raino neskatoetan. Bizkar-zorro arinagoak, kirola, bizkarraldeko muskuluak indartzeko ariketak eta, esertzean, postura egokian egotea dira hartu beharreko neurrietako batzuk, gaztetxoen bizkarrek osasuntsu iraungo badute.

Bizkar zorroen erabilera

  • Motxila edo bizkar zorroaren kargak eskola umeetan arrisku fisikoa areagotzen duten faktoreetako bat, pisu hori gainean luzaro ematea da: zenbat eta denbora gehiago, orduan eta min handiagoak. /imgs/20051101/mochila.jpg
  • Eskola materiala eramateko ontzi egokiena, heldu-tokia erregulagarria daukan zorro gurpilduna da; bestela, karga soinetik gertu eta bi sorbaldetan egokiro banatua eramango duen motxila erosoa, bizkar-uhal barrubigun zabalez hornitua.
  • Zorro gurpilduna ekartzea deliberatu baduzu, aukera ezazu zure seme-alabaren altueraren arabera egokituko den modeloa, gaztetxoak eroso eta ergonomikoki eroan dezan.
  • Heldu-tokiz hornituriko zorroak, berriz, ez du izan behar umearen bularraldea baino handiagorik; sabel edo gerri parean uhal barrubiguna edukitzea komeni da, karga muskulu-multzo gehiagoren artean bana dadin; zorroak, azkenik, hamaika poltsiko badauzka, hainbat eta hobeto, gauzen karga egokiago banatuko baita horrela.
  • Saia zaitez umeak zorroa gorputzari itsatsita eta behe samarrean eramatea (giltzurrun aldean edo mokorren artean, ipurmasailen gain-gainetik).
  • Erakutsi teknika egokiaz baliatzen, karga egokiro altxa dezaten: pisua jasotzean, belaunak tolestu eta zangoekin egin behar du esfortzua.
  • Antola iezaiozu zorroa, gauzarik astunenak bizkarretik gertuen ipiniz; mantenaraz iezaiozu zorroa beti-beti ongi antolatua, gauza bakoitza bere tokian.
  • Saia zaitez umeak ahalik eta karga gutxien eraman dezan.

Okerreko azturei saihets

  • Motxila ez da zorro arrunta bezala erabili behar: heldu-toki bakarra baliatzen bada, kargak asimetrikoki eragiten du eta bizkarrezurra albo baterantz birarazten eta okertzen da.
  • Uhalak, estuak izatearren, sorbaldetan sartzen badira, baliteke odol-zirkulazioan eta nerbio-sisteman eragozpenak sortzea.
  • Ez utz bere buruaren pisuaren %10etik gorako karga eramaterik. Karga eta guzti, tente eta zut ibili behar du, inon sostengatu gabe, balantza egin gabe.
  • Zorroa astun-astuna bada, bizkarrezurra aurrerantz okertuko du edo, bestela, karga orekatzeko, burua eta enborra aurrerantz luzatuko du.
  • Egin ahaleginak egun bakarrean eraman ez dezan aste osoko karga: liburuak, koadernoak, kirol arropa…

Egokiro esertzea

  • Eskolan edo etxean, ikasten ari dela, aulkian ahalik eta atzeen eseri behar du. Postura zuzena da baldin eta, oinak lurrean dituela, belaunak aldaken maila berean edo gainetik jartzen baditu. /imgs/20051101/sentada.jpg
  • Bizkarra zuzen eta besoak edo ukalondoak sostengaturik jardun behar du.
  • Posturaz maiz aldatu behar du; 45 – 60 minutuan behin, aulkitik jaiki eta oinez urrats batzuk egin behar ditu.
  • Bira partzialik, ahal dela, ez da egin behar; hobe da gorputz osoa itzuli edo bihurtzea.
  • Azal iezaiozu: eskolako altzariek zuzen esertzea galarazten badio, horren berri eman diezaion irakasleari lehenbailehen.

Sorbalda osasuntsua

  • Haurtxoek muskuluak indartsu ez edukitzearren, lehenago nekatzen dira eta, hortaz, mina ere azkarrago iritsi ohi zaie.
  • Ahalegin zaitez ariketa fisikoak egin ditzaten, bizkarraldeko muskulatura indartzeko. Horrek, hainbat ikerlanek frogatua dutenez, nekea arindu eta erresistentzia luzatu egiten diete eta, horri esker, karga handia errazkiago eraman ahal izango dute.
  • Gehiegi gabe ere, baina anima ezazu soinketa eta ariketa atletikoetan parte har dezan.
  • Seme-alaba bizkarreko minez baldin badago, galde egiozu sendagileari. Neurriak zenbat eta lehenago hartu, hainbat eta hobe denentzat.
Ordenagailu aurrean
  • /imgs/20051101/ordenador.jpgPantaila aurpegitik 45 zentimetrora kokatu behar da, begien mailan edo beheraxeago.
  • Teklatuak behean egon behar du, besaburuak ez altxatzeko eta, era berean, besaurreak mahaian sostengatu ahal izateko.
  • Teklatuak mahaian ez du 25º baino garaiera altuagorik izan behar.
  • Eskuturrek eta besaurreek zuzen, teklatuarekin lerrokaturik, egon behar dute, ukalondoak 90º tolestatuta.
  • Sagua luzaro erabiltzen bada, tarteka esku batetik bestera aldatu beharra dago.
  • Argitasunak, ahal dela, naturala behar du izan; nolanahi ere, pantailan ez da islarik agertu behar.