Telebistako programak grabatzeko teknologia berriak

VHS-ri erretiroa emateko unea

Telebista-grabagailuen iraultza digitala ez da etxeko salara iritsi oraino, VHS-k baino abantaila gehiago eskaintzen dituen arren
1 azaroa de 2005
Img internet

VHS-ri erretiroa emateko unea

Eguneroko aisialdian DVD errealitate bilakatu da. Etxebizitza askotan dago horrelako aparatu bat eta erosi zein alokaturiko filmak, dokumentalak eta serieak ikusteko pizten da maiz. Programatutako saioak grabatzeko unean formatu hori darabiltenak, aldiz, ez dira horrenbeste. Ohiko kontua da telebista aparatuari DVD erreproduzitzailea eta VHS zinta-grabagailua konektaturik egotea. Egoerak xelebre xamarra dirudi, merkatuan telesaioak grabatzeko aparatu digital ugari daudela kontuan izaki: horietako gehientsuenek bideo-zintaren garaietan imajina ezin zitezkeen abantailak ekarri dituzte eta, gainera, VHS-ren kalitatea dezente hobetu dute. Aparatu berriok -bai DVD formatuan, bai HDD deritzon memoria handiko disko gogorrean ere grabatzeko aukera ematen dutenak- DVD diskoak irakurtzeko ere balio dute.

Erraldoien urratsa

Irudi-soinuak geroz eta hobeak izateaz gainera, grabagailu berrien maneiatze eta programatzea erosoagoak ditugu gaur: horien teknologiari esker grabazioan lastertasun osoz egin dezakegu aurrera eta atzera, VHS zintaren ekartze zaratatsu haiek pairatu gabe. Bestetik, ez da zertan itxaron saioa amaitu arte, grabatua duguna ikusteko. Hainbat programa, kanal eta hizkuntza bat baino gehiagotan grabatu ondoren, zuk nahien duzuna aukeratzeko egokituak daude grabagailu berriak. Areago, grabaturiko saioak iragarki higuingarriak ezabatuta editatuko ditu erabiltzaileak, nahi izanez gero. Horri erantsi behar zaio liburutegian bideo kasete zaharra baino oraingo CD diskoa gordetzea askozaz ere errazagoa dela, HDD batek bere disko gogorrean grabazioak metatzeko ahalmen itzela (ale batzuetan, 700 bideo-orduraino) daukalarik.

/imgs/20051101/internet.jpg

HDD grabagailuek DVD-ek baino abantaila handiagoak dituzte: esate baterako, grabazioa amaitutakoan, DVD diskoan grabatu den hori maneia ezin daitekeelarik, HDD diskoak nahi ditugun saioak editatzeko aukera ematen digu, “soberakinak” ezabatuta. Programazioa Interneten bidez eguneratu egin dezakegun arren, modu digitalean emititzen duten kateak (hari zein satelite bidez diharduten enpresa batzuek edo lurreko telebista digital hasberriak, adibidez) ekipo horien transmisioa errazteko parrilla eta guzti datoz.

HDD horiek badute, baina, beste bereizgarri polit bat: Interneten kateek eskaintzen duten informazio digitalari esker, nahi dugun saioaren grabazioa zehaztu egin dezakegu, emisio-orduan gerta litezken aldaketetara egokitzeko. Areago, gustukoen dugun telesaio edo serie horren kapitulua astero-astero graba dezaten programa dezakegu aparatua.

Modu onean erostekoak

Dena den, DVD eta HDD grabagailuak ezin har ditzakegu masa-kontsumoko objektutzat; horren errudunak bilatzeko unean, prezioa begira diezaiokegu baina, egiari zor, teknologia hauek azken bi urteotan dezente merkatu dira: egun, baditugu merkatuan salako DVD grabagailuak (ez nahasi hauek eta ordenagailu barruan instalatutakoak) 200 eurotik behera ere. HDD grabagailuen prezioak, berriz, 300 eta 500 euro artean dabiltza. Nolanahi ere, ordenagailu gehienek baino memoria handiagoa daukaten aparatu jakin batzuk 700 euroraino kostatzen dira.

Horrenbestez, kontsumitzaileak erosi aurretik bi erabaki hartu behar ditu: nolako teknologia aukeratu eta zenbat ordainduko duen, gehienez. Printzipioz, bidezkoa dirudi HDD grabagailua DVD baizik grabatzen ez duen aparatua baino gutiziatsuagotzat jotzeak baina bataren eta bestearen prezioen arteko aldea ere nabarmena da. Ez ahaztu, ordea, HDD grabagailu gehienek DVD diskoak irakurri eta grabatzeko aukera ere ematen dutela.

Kalitatea eta espazioa ez datoz beti bat

DVD disko batean “sartzen” den ordu-kopurua aldatu egiten da, erdietsi nahi dugun irudi-kalitatearen arabera: zenbat eta ordu gehiago grabatu, orduan eta kalitate kaskarragoa. Ordubeteko telebista-saioa grabatzeko programatuta dagoen DVD batek kalitate bikaina agertuko du; areago, denbora bikoiztuta ere, irudi eta soinuen kalitatea garaia da oraino. Baina disko horretan lau ordu edo gehiago metatzen badira, oso litekeena da grabatutakoaren kalitatea VHS sistemakoa baino eskasagoa izatea ere.

DVD grabagailu “hutsa” erostea erabakiz gero, kalitate oneko grabazioez osaturiko iraupen laburreko disko-bilduma osatu edo, bestela, grabazioak iraupen luzeago baina audio- eta bideo-maila apalagoko disko gutxi batzuetan bildu beharko da. Gogoan izan DVD disko bat 50 zentimo eta 7 euro artean kostatzen dela eta sinesgarritasuna prezioaren arabera doala, eskuarki. Oraindik orain agertu dira merkatuan geruza bikoitzeko DVD grabagailuak: kalitateari eutsita, grabatzeko denbora bikoiztu egin du teknologia horrek. Baina eragozpen latza du, eskuarki HDD-rekin konbinaturik doanez, aparatuen prezioa 500 eta 900 euro bitartean ohi dabil.

Nola aukeratu grabagailua
  • Erosi aurretik, aparatuaren ezaugarriez informazio zehatza eskuratzeak garrantzi handia du, era guztietako modelo eta preziokoak baitaude salgai. Konparazioak egiteko eremu egokia Internet izan daiteke.
  • Time-shifting funtzioa garrantzitsua da, grabazioak programatzeko eta (emisioan etenaldiak eginez) programazioan aldaketak aurreikusteko aukera ematen digulako. Aparatu batzuek ez dute funtzio hori.
  • Segurta ezazu grabagailuak MP3 eta bestelako audio formatuak (Ogg, WMA, etc.) onartzen dituela: era horretan audio erreproduzitzaile baten funtzionaltasuna ere izango du. Formatu hori aparatu gehienek irakurtzen dute.
  • Bideo edo argazki kamara digitala baldin badaukazu, Fire Wire konexioa daukan aparatua aukeratzea komeni zaizu: horri esker, filmak eta argazkiak bertara pasatu ahal izango dituzu, editatzeko.
  • Grabagailu batzuek bideo-zinten irakurgailua (VCR) daukate integratua: oso baliagarri eta erosoak gerta dakizkizuke bideoteka arazorik gabe berritzeko asmotan bazabiltza.
  • Interneten bidez bideoak bidali edo jaitsi nahi izanez gero, segurta ezazu HD grabagailuak onartzen dituela VidX eta XviD formatuak, bi horiexek baitira baliabide honetan erabilienak.