Sutegietan ere, hasiera ona ematea
Otordurik antolatzeaz, erosketak egiteaz edota janariak prestatzeaz era erregular batean behin ere kezkatu ez denarentzat sukaldaritza munduan murgiltzea apustu latza izan daiteke. Espagetiek, saltxitxek, aurrez prestaturiko jakiek eta noiznahi eskuragarri gerta daitezken arrautza eta patata frijituek azkenean aspertu egiten gaituzte eta, gainera, horrelakoak maizegi hartzea ez omen da dieta osasuntsu eta orekatuaren paradigmak agindutakoa betetzea. Ondo elikatu eta gustura jateko baldintzak, sakonean, hiru dira: lehena, nutrizioaz gutxieneko nozioak ezagutu eta errezetaren bat (soil-soilak badira ere) prestatzen jakitea; bigarrena, erosketak gure ahalmen eta premien arabera antolatzea; hirugarrena, jakitegia, hozkailua eta izozkailua ondo antolatzea, sukaldean aritzeko gogorik gabe edo berandu etxeratzen garenean jaki izoztu edo aurretiaz prestaturiko industrialak beti-beti hartu behar ez izateko.
Elikagaien kontsumo egokia
Esnekiak, olioa, barazkiak, frutak, ogia eta bestelako laboreak, patatak eta ura.
Arraina (3-4 anoa asteko), gantz urriko haragia (3-4 anoa asteko), arrautzak (3-4 anoa asteko), lekaleak (2-4 anoa asteko), arroza, orea eta gainerako laboreak (2-4 anoa asteko) eta fruitu lehorrak (3-7 anoa asteko).
Gantzak (oliba, soja, ekilore eta gainerako hazi olioak izan ezik), gozokiak, opilak, pastelak, freskagarriak, izozkiak… Haragi gantzatsu eta hestekiak.
Egokitzat hartzen den laguneko kontsumo-kopurua da anoa baina kontzeptu hori aldatu egiten da pertsonaren adin, sexu eta gastu fisikoaren arabera. Eserita eta indar fisikorik egin gabe lanean diharduen pertsona baten premiak eta etxegintzan, arrantzan edo energi gastu handia ondorioztatzen duten jardueretako batean dabilen beste batenak desberdinak dira. Pertsona sedentarioak gantz eta azukre gutxiko elikagaiak hartu beharko lituzke (esneki gaingabetuak, haragi gihartsuak, etc.), olio eta karbohidrato ugariko elikagaien (laboreak, patatak, lekaleak) kontsumoa neurtuz. Pertsonak energi gastu handia eragiten dion lanean badihardu, karbohidrato ugariko elikagaien kontsumoa areagotzea komeni zaio: lekaleak (arroza, artoa…) eta konposatuak (ogia, orea, gailetak, etc.), patatak, lekaleak, olioa, etab. Plus hori bide osasuntsutik irabaz daiteke pertsona sedentarioak egin behar duen gosari edo merienda (infusioa eta fruta, edo esneki bat) baino tarteko otordu sendoagoak eginez (ogitartekoa eta fruta edo esnekia).
Elikagaiak etxean kontserbatzea
- Egun batez: arrain freskoa eta haragi xehatua.
- 2-3 egunetan: haragi gordin edo egosia eta arrain egosia.
- 3-4 egunetan: irekitako ontziko esnea, barazki egosiak eta etxeko postreak.
- 4-5 egunetan: barazki gordinak eta irekitako ontziko kontserbak.
- 5 egun arte: prestaturiko jakiak (erregosiak, eltzekariak, etc)
- 2-3 astetan: arrautzak.
Izozturiko elikagaiak kontserbatzeko tenperatura egokia: -18ºC, gutxienez.
- Haragi eta hegaztiak: izoztu aurretik elikagaia bere ontzitik ateratzea, ageriko gantzaren parte bat eta hezurrak erauztea komeni da.
- Arraina: arrandegian, izozteko presta diezaguten eska dezakegu, nahi izanez gero. Etxean prestatzen badugu, ezkatak, erraiak eta burua kendu ondoren, ikuzi eta lehortu arraina, izoztu aurretik.
- Barazkiak: aurretiaz kuzinatzea edo, gutxienez, ur irakinetan pare bat minutuz murgilduta, galdarraztatzea komeni izaten da. Ondoren eta ontziratu aurretik, xukatu eta hozten utzi behar dira, kontserbazioa hobetzeko.
- Arrautzak: irabiatuta bakarrik jela daitezke. Irabiatu nahi ez baditugu, bereizi gorringo eta zuringoak eta gorde kristalezko flaskoetan.
- Kuzinaturiko jakiak: era guztietakoek balio dute izozteko. Egokiena, mikrouhin labean sartzeko moduko ontzian gordetzea da, gerora jakia ontzi horretan bertan desizoztu eta berotu ahal izan dezagun.
- Orea eta patatak: izozteko modukoak badira ere, ez da komeni horrelakoak jelatzea, patatak gogortu eta oreak bigundu egiten direlako.
Jelatutakoan, elikagaiak ahalik eta lasterren kuzinatu eta kontsumitu behar dira. Desizozte prozesu hori hozkailuaren behealdean utzita edo mikrouhin labean (pieza handiekin baino hobe, txikiekin aritzea) sartuta egin daiteke baina inola ere ez giroko tenperaturan, toxikazio arriskua baitago horrela jardunez gero. Barazkiak ez dira zertan desizoztu: izozkailutik atera eta zuzenean kuzina daitezke; horrela egiten zaio saihets kalitatearen eta nutrienteen galerari.
Erosketa antolatua
Erosketa eguneroko kontua izan zen aspaldi, antzina. Egun, astean, hamabost egunean edo hilean behin azalera handirako bisita antolatzeak denbora puska bat kenduko digu baina merezi du.
– Ogia; baina iraupen luzeko moldekora edo biskoteetara ere jo dezakegu. Izoztu ere egin dezakegunez, gauean izozkailutik atera eta hozkailuan utzita, biharamunean ederki kontsumitu ahal izango dugu.
– Orea, arroza, lekaleak, patata eta kuzinatzeko tipulak, baratxuriak, olioa, irina, azukrea, kutxako esnea, kontserbak, elikagai izoztuak (haragia, arraina, barazkiak etc.). Gehien-gehienak kopuru-mugarik gabe erosi eta etxean meta daitezke, iraupen luzekoak baitira.