Barrea

Zientziak bermatua: irri egiteak osasuna hobetzen du

Barre-algarek emaitza fisiko eta psikologiko mesedegarriak eragiten dituztenez, egunero praktikan jartzeko moduko aztura da irriz aritzea
1 azaroa de 2005
Img interiormente listado 203

Zientziak bermatua: irri egiteak osasuna hobetzen du

/imgs/20051101/risa.jpg
Goi Erdi Aroko monasterio bateko lau horma mardulen artean polizi nobela oso bat taxutu zuen Umberto Ecok, barearen ahalmenak agerian uzteko helburuz. “Arrosaren izena” istorioan, barre-algaren onuraz Aristotelesek egin omen zuen filosofi lana herriari ezkutatzeko xedez, asasinatuak ere gertatzen dira eleberrian. Fikzio hutsa da hori, jakina, baina ez dabil errealitatetik urrun, hainbat toki eta garaitan -gaur egun ere, esaterako- zuhurtziazko jokabidea serio, goibel, are zakar eta gozakaitz agertzea izan baita, barre egin eta umore onez agertzea azalkeria eta heldutasun faltarekin lotu izan den bitartean. Ikerlanek -autore eta semiologo italiarrak asmatu zuenak, adibidez-, zorionez, herri jakituriak intuitzen zuena eta egun zientziak berresten duena frogatu egin dute: irri egitea osasungarria da.

Irria garuneko kortexaren aurrealdean aurkitzen da, garuneko atalik eboluzionatuenean, hain zuzen. Alderdi horretan, adituen aburuz, sormena, etorkizunarekin hausnartzeko gaitasuna eta morala daude. Nolanahi ere, urteak bete ahala, jakintsuago omen garen heinean, irri egiteko, barrez lehertzeko edo egoerari alderdi barregarria bilatzeko naturaltasun hori galduz goaz. Horregatik, zenbaitetan irri egiten ez ezik, barre nola egiten genuen gogoratzen ere ikasi beharra dago.

Irria, terapia

Barre-algarei organismoa energia kaltegarritik askatzeko ahalmena aitortu zien Sigmund Freudek. Eta ahalmen hori zientifikoki frogatu zen, irri egiten hasi eta hortik segundo batera garuneko kortexa bulkada elektriko negatiboak askatzen dituela egiaztatu zutenean. Ebidentzia horri jarraiki, aspaldi honetan barrea terapia gisa finkatu egin da hainbat alorretan.

Barre egiten dugunean, endorfina jakin batzuen (“entzefalinen”) segregazioa eragiteko beharrezkoa den informazioa igortzen du garunak. Substantzia horrek morfinaren antzeko propietateak ditu: mina arintzea eta areago, garunetik linfozito eta beste hainbat zelula motataraino, birusei eta bakterioei aurre egiteko mezuak bidaltzea, alegia. Endorfinen eginkizun nagusia, dena den bizi-tonuaren eta depresioaren arteko oreka bilatzea denez, substantzia horrek determinatuko du gure aldartea. Bestela esateko, horren arabera, ondo edo gaizki egongo gara. Ikusten dugunez, irri egiten ikastea ikusi batera dirudien baino dezente garrantzitsuagoa da.

Psikoterapia zentro batzuetan jorratzen den lan-ildoa irri-terapia da, taldekako ariketa eta jolasen bitartez, gorputzak sortzen dituen hainbat hormonaren produkzioa bizkortzea helburu duena, sistema immunitarioa orokorki indartuz eta hainbat blokeo gainditzen lagunduz. Horretarako, gorputzeko tentsioak askatzen laguntzen duten teknika zenbait -gorputz adierazpena, jolasa, dantza, arnaste-ariketak, masajea, etab.- baliatzen dira barre-algarara iritsi ahal izateko. Kontua da sano eta naturaltasun osoz irri egitea, irri-karkarak barru-barrutik jalgi daitezen, umeetan bezala. Jardunaldi horietan, funtsean, egoeren pertzepzioa bestela orientatzen ikasten du jendeak: horrelako trantzeetan amilduta, geure burua eta besteena ikusteak barre eragiten baitigu denoi.

Irriaren eragin fisikoak

  • Ariketa: barre-algara bakoitzean laurehun bat muskulu hasten dira martxan; horietako batzuk, urdaileko zenbait adibidez, irriak bakarrik abiaraz ditzake.
  • Garbiketa: begiak malkoekin igurtzi eta garbitzen dira. Algarak burua bibrarazteaz gainera, sudurra eta belarriak zabaltzen ditu; toxinak suntsitzen ditu, mugimendu horri esker diafragmak digestioa errazten eta gantz-azido eta substantzia toxikoak suntsitzen laguntzen duen barne-masajea eragiten baitu.
  • Oxigenazioa: biriketan aire gehiago (bi halako) sartzen da eta horrela larruazala hobeki oxigenatzen da.
  • Analgesikoa: irri egiten dugunean morfinaren antzeko diren endorfinak (garuneko lasaigarri naturalak) liberatzen direnez, bospasei minutu barre egitea analgesiko gisakoa da. Horregatik erabiltzen da barrea sistema immunologikoa azkar mugitzea agintzen duten eriondoko terapietan.
  • Gaztegarria: aurpegiko muskuluak tenkatu eta bizkortzen ditu. Horrez gainera, bizkorgarria eta zimur aurkakoa da.
  • Infartua prebenitzen du: diafragmaren espasmoek eragiten duten barne-masajea bihotz eta biriketaraino ere iristen denez, organo horiek indartu egiten ditu irriak.
  • Lo egiten laguntzen du: irri-karkarek sortarazten duten neke osasuntsuak insomnioa uxatzen du.

/imgs/20051101/risa2.jpg

Irriaren eragin psikologikoak

  • Estresa suntsitzen du: bizi-tonua suspertzen duten eta esnaago sentiarazten gaituzten hormona jakin batzuk (endorfinak eta adrenalina) ekoizten dira.
  • Depresioa arintzen du: harberago agertarazten gaitu, gauzen alderdi mesedegarria ikus dezagun.
  • Atzeratze-prozesua: funtzionamendu mental edo emozionalean aurreagoko maila batera ekar gaitzake, eskuarki mingarri edo kaltegarritzat hautematen dugun errealitate jakin bat arintzeko mekanismo gisa.
  • Kanporatzea: irriaren bitartez, pertsonak emozioak eta sentimenduak kanporarazten ditu. Barre egitea behar dugun arren, egoera sozialak galarazten digunean batez ere, lehenbailehen liberatu behar den energia gisa hautematen dugu.

Barrearen faktore sozialak ere nabarmendu behar ditugu, hala nola bere izaera kutsakorra, sozialki deserosoak diren egoerak salbatzeko mekanismoa izatea, umorearen komunikazio-ahalmena, etc. Alor sozialeko disfuntzioetan alderdi horiek berebiziko garrantzi terapeutikoa izaten dute.

Irri egin ahal izateko jarraibideak

Inoiz eta salbuespen gisa, irri edo barrea eta umore ona baliabide terapeutikotzat aplikatzen duten zentroetara joan beharko genukeen arren, ohiko kontua irria auto-administratzea izango dugu, horretarako aukerak bilatuta.

  • Lehen-lehenik, bizitzaren aurreko jarrera landu beharra dago: irribarrez.
  • Beti-beti “botila erdi bete” ikusten ahalegintzea, ez “erdi huts”.
  • Behin eta birritan aukera berriak bilatzen saiatzea, arazoekin bizitza ez samintzea.
  • “Konponbide bakoitzari dagokion arazoa” bilatze horri saihets egitea.
  • Umore liburuak irakurtzea.
  • Film eta antzerki komikoetara joatea.
  • Norbera bakarrik dagoenean, bere buruari barre egiten saiatzea. Lagunartean edo jendartean maila garaiagokoek egin dezakete.
  • Irria sustatzen duten telebista saioak ikustea, inoren bizkarretik egiten ez den umorea nagusi denean, batik bat: umore onak ez du zertan izan kaustiko edo suntsitzailea, gutizi asko bezala, min-puntu bat izan dezakeen arren.

Ongizate fisiko eta mentalari eusteko beharrezkoa da irri egitea. Funtzio biologiko hau geure burua lasaitzeko, sentitzeko eta maitatzeko gure ahalmena zabaltzeko bide hobezina da.