Merkeenetako bat, denetan hoberena
Oraingoan 1.800 watt eta 2.000 watt arteko potentziako zortzi ile lehorgailu ioniko aztertu dira: horien prezioak 24 eurotik (Polti) 40 euroraino doazela (Solac), kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena bigarren lagin merkeenak ematen du (Taurus, 30 euro), bera baita erabiltzaileek hobekien baloratu dutena eta, gainera, osoko kalitate onekoa da.
Zertan ote da teknologia ionikoa? Ilea eskuilatzeak, toallarekin lehortzeak eta kutsadurak, besteak beste, ilea elektrizitate estatikoz kargatzen dute: horrek ile-ezkatak zabaltzen dituenez, azkenean itxura kizkurtsua hartzen du eta orrazten zailago bihurtzen da. Fenomeno hori arindu edo orekatzeko, aire beroarekin batera, ioi negatiboak igortzen dituzte ile lehorgailu ionikoek. Fabrikatzaileen esanetan, elektrizitate estatikoa neutralizatu eta ilea leuntzen dutenez, orrazte errazagokoa eta distiratsuagoa izango da. Honelako lehorgailuek, gainera, ur molekulak txikitu egiten dituzte, ilearen kanpo-geruza zeharkatu eta kutikula hidratatzeko gauza diren mikropartikula bihurtu arte. Lehortze lanetan ere ekipo konbentzionalak baino arinagoak ere omen dira ioniko hauek.
Laginen tamainan ez da alde nabarmenik hauteman, den-denak txiki eta erraz maneiatzeko modukoak baitira: denetan handiena (Taurus) txikiena (Ufesa: 20,3 X 23 X 8,4 cm) baino %20 handiagoa baizik ez da. Pisuan, berriz, alde nabariak agertu dira: sei lagin kilo erdiaren bueltan dabiltzalarik, BJM eta Taurus-ek bi halako pisua dute, kasik.
Iragarritako potentzia baino txikiagoa
Bateriarik ez daukatenez, zortzi laginek sarean konektatu behar dira funtzionatzeko eta, iragartzen dutenez, 2.000 watteko potentzia dute, BJM eta Polti laginek izan ezik (hauek 1.800 watt baizik ez dute adierazten). Proba egitean, ordea, potentzia hori, kasu batzuetan, dezente txikiagoa dela frogatu du elektrizitate kontsumoak: Fagor laginak iragarritakoa baino 140 watt gutxiago ematen du (alde txikiena izaki) eta BJM laginak, aldiz, 320 watt gutxiago. Hori, alderdi batetik, mesedegarria da, elektrizitate kontsumo txikiagoa eragiten baitu; bestetik, ordea, ekipo horrek eskaini baino potentzia txikiagoa ematen duela esan nahi du. Lagin guztiak, nolanahi ere, araua betetzen dute, adierazitako potentzia baino txikiagoa ematen duten ekipoez deus ez baitu xedatua Legeak.
Haria zenbat eta luzeagoa izan, orduan eta eroso eta maneiatzen soilago izango da lehorgailua, erabiltzaileak askatasun handiagoaz jardungo baitu. Hari luzeena Taurusek ematen du (305 zentimetro), ondotik Solac (295 cm) eta BJM (288 cm) datozkiola; gainerakoen harien luzera berdintsua da: 180 cm ingurukoa.
Zortzi lehorgailuek sarexka desmuntagarria daukate atzealdean, aparatuaren garbiketa errazteko, helduleku bat hormatik eskegitzeko, tenperatura erregulatzeko hiru maila (lau, kizkurra finkatzeko erabilgarria den maila hotza ere kontuan izanik) eta bi aire-emari. Fagor laginak bigarren posizio hotza ere ezarri du; Polti markakoak aire hotza hautatzeko posizio finkorik ez daukanez, erabiltzaileak botoia etengabe sakatua izan behar du, funtzio horretan jardutea nahi duenean. Polti, BJM eta Ufesa laginek daukaten “turbo” posizioak potentzia indartzen du segundo batzuetan. Plastikozkoa ez den lagin bakarra BJM da, denetan astunena eta kobrean bukaturiko metalez egina. Solac eta Ufesa laginen kirtenak, gainerakoak ez bezala, labaingarriak dira; Ufesa laginekoak, berriz, 90º biratzen du, erosotasunaren mesedetan.
Teknologia ionikoari dagokiola (ilea leuntzen, hidratatzen du, kizkurtzea galarazita) Philips, Fagor, BJM eta Solac laginetan pizkailua sakatuz aktibatzen denez, aparatu horiek aire bero ez-ionizatua igor dezakete, gainerako laurek ez bezala (ioi negatiboen igorpena jarraitua baino ez dute hauek). Aire ionizatua igortzen ari dela ohartarazteko adierazlea ez daukaten bakarrak Polti eta Ufesa dira.
Orrazteko osagarriak
Ilea lehortu eta, hori esker, katarroen prebentzioa egiteaz gainera, ile lehorgailua era askotako orrazkerak moldatzeko lanabes baliagarria denez, horrelako lanetan laginak dakartzaten osagarriak ezinbesteko gertatzen dira: zortzi laginek daukate aire-biltzailea (aire emaria bildu nahi dugun aldera zuzentzen duen pita antzekoa), eskuarki ilea lisatzeko erabiltzen dena. BJM da aire-zabalgailurik ez daukan lagin bakarra; osagarri honen eginkizuna aurrekoarenaren kontrakoa da, hots, airea buru osoan barreiatzen du eta ile-bolumen handiagoa erdiestea bideratzen du. Vidal Sassoon lagineko zabalgailuak nodo atzeragarriak dauzka eta Ufesa laginak bi zabalgailu ematen ditu: bata, konbentzionala; bestea, “ultra look” izenekoa, hainbat posiziotan egoki daitezken irteera ugariz hornitutakoa. Atal honetan ekiporik osatuena Taurus da: aire biltzaile eta zabaltzaileez gainera, eskuila biribila, eskuila erdi-zirkularra, orrazia, bi pintza eta nezeser bat dauzka.
Erabilera proba
Honelako aparatua eskuarki darabilten eta adats ertain edo luzea daukaten sei erabiltzailek lehorgailuak probatu eta horien hainbat alderdi puntuatu zituzten, batetik hamarrera arte. Beste aldetik, hiru lehorgailu konbentzional (ez-ionikoak, alegia) ere probatu zituzten, teknologia berri hori fabrikatzailek iragarri bezain mesedegarria den balioztatzeko.
Lehorgailu guztiei kalifikazio onak eman zitzaizkien, orokorki. Fagor, Taurus, Vidal Sassoon eta Solac laginek zazpi puntu ere erdietsi zituzten hainbat “alderdi funtzionaletan” (parametro nagusiak barne: lehortzearen eraginkortasun eta lastertasuna, hotsa, ilea lisatzeko eraginkortasuna, etc.). Taurus laginak eraman zituen kalifikazio garaienak eraginkortasunean (8 puntu) eta lastertasunean (8,2 puntu), ilearen gaineko emaitzan (7,5 puntu), erabiltzeko erraztasun eta erosotasunean (7,8 puntu), pieza osagarrien erabilgarritasunean (8,2 puntu) eta aire-biltzailearen eraginkortasunean (7,7 puntu). Lehorgailuak, oro har, zaratatsuak diren arren, Vidal Sassoon eta BJM gainerakoak baino are burrunbatsuagoak dira. Gordetzeko eta garraiatzeko erraztasun atala ez zuen gainditu Ufesa laginak.
Argibide-liburu ulergarrien eta osatuenak Philips eta Solac laginei dagozkienak dira. Solac laginak, bestetik, botoi baliagarrien eta erabiltzeko errazenak ditu. “Erabilera orokorreko” atal denetan emaniko kalifikazio apalenak BJM laginarentzat izan ziren eta, gehiegizko karga zela medio, suspenditu egin zuen. Vidal Sassoon da, erabiltzaileen iritziz, tamaina egokienekoa. Hitz batez, balorazio ona jaso dute denek, aldeak alde. Hoberenak Taurus (7,6 puntu) eta Solac (7,4 puntu) dira. Puntuazio apalena BJM (6,2 puntu) laginak eraman du, ondotik Polti (6,7 puntu) eta Ufesa (6,6 puntu) zetozkiola. Gainerakoak 7 puntuez gainetik ibili dira.
Ionikoak baliagarri?
Ile lehorgailu ioinikoak elkarren artean konparatzea bezain garrantzizkoa da ez-ionikoekin alderatzea, teknologia horretaz baliatzearren zerbait gehiago ordaintzea merezi duen ikusteko. Erabiltzaileen erdiak soilik hauteman zuen lehorgailu ionikoen emaitza hoberik; bestetik, karga estatikoaren arintzea gehien nabaritu zutenak ile mehe eta lisoen zeukatenak izan ziren. Publizitatean agertzen diren gainerako onurei (hidratazioa, distira, leuntasuna) emaitzak are eta eskasagoak dira: erabiltzaileen herenak bakarrik hauteman zuen ilearen hidratazioa eta distira.
Ezarri zitzaizkien segurtasun proba gogor guztiak gainditu zituzten zortzi ekipoek. BJM laginak ez du araua betetzen, elkargarritasun elektromagnetikoko testa gainditu ez duen ile lehorgailu bakarra baita: izan ere, sare berean konektaturiko beste etxetresna elektrikoetan (irratian, adibidez) interferentziak eragin ditzake lagin horrek. Ekipoei erantsitako dokumentazioa eta berme-agiriak zuzen daude; areago, lagin batek (Taurus) betebeharreko bi urteko garantia ez ezik, hirugarren urtekoa ere eskaintzen du marka horrek, materialei bakarrik dagokien arren.
Behar bezainbesteko erresistentzia agertzen al dute aparatuok? Hori kalkulatzeko xedez bi proba prestatu ziren. Batetik, lehorgailuei 15 minutuko funtzionamendu eta 30 minutuko geldialdiko zikloak betearazi zitzaizkien, tenperatura eta aire-lastertasun handienean. Horrelako ekipoak astean hiru bat aldiz baliatzen direla kontuan izaki, aparatuak simulaziozko zikloan bost urte eta erdi irauten bazuen, testari amaiera ematen zitzaion une horretan. Horrelako baldintzetan bi urte eta erdi funtzionatzen jardun ondoren, BJM laginak aire beroa emateari utzi zion; gainerako laginak amaierara iritsi ziren egokiro funtzionatuz. Beraz, printzipioz, BJM laginak izan ezik, beste guztiek iraun beharko lukete bost urte eta erdi.
Beste aldetik, lurrera ustekabez jausiz gero, horrelako ekipo batek funtzionatzen segitu behar du, ezinbestez. Arauak xedatua duenez, egur kontratxapatuzko azalera batera 90 zentimetroko altueratik hirutan eroriz gero ere aparatuek martxan segitu behar dute. Laginetakoren batek kalterik agertu zuen arren (atzeko sarexka galtzea, adibidez) zortziek segitu zuten jardueran, erori ondoren.
Laburbilduz eta konparaketako taula
Laburbilduz
- 1.800 watt eta 2.000 watt arteko potentziako zortzi ile lehorgailu ioniko aztertu dira: horien prezioak 24 eurotik (Polti) 39,93 euroraino doaz (Solac).
- Lehorgailu ionikoek ioi negatiboak igortzen dituzte; horiei esker ilea azkarrago lehortzen da, ez omen da kizkurtzen, hidratatuago eta distiratsuago agertzen omen da. Dena dela, ile liso eta meheen daukaten erabiltzailek (3 erabiltzaile, 6ren aurka) bakarrik hauteman dute hobekuntzarik lehorgailu konbentzionalen aldean.
- Ekipo guztiak dira seguruak, denek dituzte bermeak zuzen eta denek dauzkate argibide baliagarri eta ongi osatuak. Sare elektriko berean konektaturiko ekipoetan interferentziak sortaraz ditzake BJM laginak.
- Vidal Sassoon eta BJM dira berariaz zaratatsuenak. Denek agertzen dute erorikoen kontrako erresistentziarik eta bost urte eta erdi baino bizitza baliagarri luzeagoa dute; BJM lagina bi urteren buruan hondatzen da.
- BJM eta Taurus laginek gainerakoen kargaren halako bi dute. Philips, Fagor, BJM eta Solac funtzionamendu konbentzionalean edo ioi negatiboekin jardun dezakete, gainerakoek ez bezala (bigarren posizio hauxe baizik ez dute). Ekipo guztietan potentzia adierazitakoa baino txikiagoa da, BJM laginean bereziki.
- Erabilera proban kalifikazioak 6,2 puntuetatik (BJM) 7,6 puntuetaraino zabaldu dira (Taurus).
- Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Taurus Fashion Professional 2100 Ionic laginak eman du: bigarren merkeena izaki, erabilera proban hoberena izan da.
Marka Modeloa |
TAURUS 2100 Ionic | POLTI Profe- sional Iono 3000 | PHILIPS “HP 4883 JetSet Control Ion” | VIDAL SASSOON Attitude | FAGOR SP-2004 Ion Techno- logy | SOLAC Ionic Silent 2000 | UFESA Futura SC8370 Ion-Pro | BJM Windy Ionic System Prof |
---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Prezioa (eurotan) | 30,31 | 24 | 32,29 | 35 | 36,95 | 39,93 | 38,22 | 35 |
Informazioa eta kontsumi- tzailearen babesa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Segurtasun elektrikoa | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Elkarga- rritasun elektromag- netikoa |
Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Ez da Zuzen |
Ezaugarri teknikoak | ||||||||
Neurriak L x A x H (cm) | 24,5 x 21,5 x9 |
21 x 22,5 x9,1 |
22,5 x 23 x8,3 |
21×23 x8,8 |
23×22,5 x8,3 |
22,5 x 21,5 x9 |
20,3×23 x8,4 |
21,5×23 x8,2 |
Pisua (g) | 810 | 575 | 580 | 565 | 525 | 645 | 565 | 950 |
Adierazitako potentzia (W) | 2000 | 1800 | 2000 | 2000 | 2000 | 2000 | 2000 | 1800 |
Neurturiko potentzia (W) | 1760 | 1600 | 1750 | 1720 | 1860 | 1760 | 1710 | 1480 |
Hariaren luzera (cm) | 305 | 174 | 188 | 184/TD> | 181 | 295 | 182 | 288 |
Aire-fluxu estra | Ez | Bai | Ez | Ez | Ez | Ez | Bai | Bai |
Aire ioniza- tzailearen pizkailua | Ez | Ez | Bai | Ez | Bai | Bai | Ez | Bai |
Aire ioniza- tzailearen adierazlea | Bai | Ez | Bai | Bai | Bai | Bai | Ez | Bai |
Kirten ez-labain- garria | Bai | Bai | Bai | Bai | Bai | Ez | Ez | Bai |
Erresistentzia | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen | Zuzen |
Bizitza baliagarria | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Egokia | Apala |
Erabilera proba (1 – 10) | 7,6 | 6,7 | 7,2 | 7,1 | 7 | 7,4 | 6,6 | 6,2 |
Osoko kalitatea | Ona | Ona | Ona | Ona | Ona | Ona | Ona | Eskasa |
Banan banan
Zortzi ile lehorgailu ionikoak, banan-banan
Taurus "Fashion professional 2100 Ionic"
Osoko kalitatea: ona
Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Aire ionizatua bakarrik igortzen du. Denetan handiena (txikiena baino %21 handiagoa baizik ez den arren) eta bigarren astunena (810 g). Hari luzeenekoa (305 cm). Pieza osagarri gehien daukana, askoz ere.
Erabilera proba: 7,6 puntu, denetan hoberena. Ile lehortze arinen eta eraginkorrena; kalifikazio hoberenak ilearen gaineko emaitzetan, erabiltzeko erraztasunean eta pieza osagarrien baliagarritasunean.
Polti "Profesional Iono 3000"
Osoko kalitatea: ona
Aire ionizatua bakarrik igortzen du. Haririk laburrenekoa (174 cm).
Erabilera proba: 6,7 puntu. Eraginkortasunean eta lehortze arintasunean, apalena.
Philips "HP 4883 JetSet Control Ion"
Osoko kalitatea: ona
Airea era konbentzionalean eta ionizatuan igor dezake.
Erabilera proba: 7,2 puntu. Argibide-liburuaren ulergarritasun eta baliagarritasuna nabarmenak izaki, diseinuan puntuazio gorena eman zaio.
Vidal Sassoon "Attitude"
Osoko kalitatea: ona
Aire ionizatua bakarrik igortzen du. Benetan zaratatsua.
Erabilera proba: 7,1 puntu. Diseinua, neurriak eta erraz gordetzeko modukoa izatea ditu aldekoak.
FAGOR "SP-2004 Ion Technology"
Osoko kalitatea: ona
Airea era konbentzionalean eta ionizatuan igor dezake. Denetan arinena (525 g).
Erabilera proba: 7 puntu. Erraz gordetzeko modukoa bada ere, puntuazio apalena eman zaio ilea lisatzeko aire-biltzailearen eraginkortasunean.
SOLAC "Ionic Silent 2000"
Osoko kalitatea: ona
Airea era konbentzionalean eta ionizatuan igor dezake.
Ez dauka kirten ez-labaingarria.
Erabilera proba: 7,4 punturekin, bigarren hoberena da. Argibide-liburuaren ulergarritasun eta aginteen baliagarritasun hoberenekoa.
UFESA "Futura SC8370 Ion-Pro"
Osoko kalitatea: ona
Aire ionizatua bakarrik igortzen du. Lagin denetan txikiena (20,3 X 23 X 8,4 cm). Ez dauka kirten ez-labaingarria.
Erabilera proba: 6,6 puntu. Gordetzeko erraztasun proba gainditzeke utzi du eta puntuazio apalena eman zaio lehortze lastertasunean.
BJM "Windy Ionic System Prof"
Osoko kalitatea: eskas
Airea era konbentzionalean eta ionizatuan igor dezake.
Denetan astunena (950 g). Sare elektriko berean konektaturiko ekipoetan interferentziak eragin ditzake (Araua urratzen du, alegia). Benetan zaratatsua. Bi urte eta erdiko bizitza simulatuan aire beroa igortzeari uzten dio (gainerakoak funtzionatzen segitzen badu ere).
Erabilera proba: 6,2 puntu. Erabiltzeko erraztasun, pieza osagarrien baliagarritasun, argibide-liburuaren ulergarritasun, aginteen baliagarritasun, diseinu eta ekipoaren neurri eta pisuan, apalena.