Ohea aukeratzea

Koltxoi on bat, osasunerako inbertsiorik onena

Har ezazu behar adina denbora ohearen osagai guztiak (koltxoia, burkoa eta oinarria) ongi aukeratzeko eta modelo bat edo bestea erosi aurretik, probatu dendan bertan.
1 martxoa de 2002
Img consejo del mes listado

Koltxoi on bat, osasunerako inbertsiorik onena

Gure bizitzaren herena ohean ematen dugu. Loa bezain gauza garrantzitsua ez da kantitate kontua bakarrik izaten, baita kalitate kontua ere. Alferrik da zortzi ordu lo egitea, koltxoi bigunegiak edo buruko desegokiak atseden ona eragozten badu. Egun ona izatea gaueko atsedenaren arabera izaten da eta atseden ona izateko ezinbesteko da “azpiegitura” egokia izatea. Ohearen osagaiak (koltxoia, burkoa, oinarria) aukeratzeko, har ezazu behar adina denbora eta ez zalantzarik izan modelo bat edo bestea aukeratu aurretik dendan bertan guztiak probatzeko. Konpara itzazu prezioak -alde handiak izaten dira-, baina ez saiatu oheko osagaiak erostean dirua aurrezten: hobe da gastu hori osasunerako inbertsio gisa hartzea.

Koltxoia: 10 urtean behin aldatzea komeni da

  • Kontuan izan koltxoiaren elastikotasun puntuala: gehiegi ere ez, baina oinarriak okertu egin behar du pisurik gehien duten gorputz-atalen parean (sorbalda eta pelbisaren parean), eta euskarri sendoa eskaini pisu gutxiagoko guneetan.
  • Somier zahar baten gainean jarritako koltxoi berria lehenago hondatzen da eta ekipo osoa batera berritzea izaten da onena.
  • Eros ezazu koltxoi tinko eta zuzena (ez biguna eta ez gogorra), baina zure bizkarrezurraren formetara egokitzeko bezain biguna. Ahoz gora etzanda gaudenean bizkarrezur guztiari eusten diona izaten da koltxoi ona.
  • Latexezko koltxoiek, garestiago eta iraunkorrago diren arren, milioika zulo txiki izaten dute, gorputzak arnasa har dezan. Lotan egiten diren mugimenduetara egokitzen dira, baina atseden on baterako beharrezko den irmotasuna galdu gabe. Gainera, hipoalergenikoak eta hautsaren eta zikinaren aurrean erresistenteak izaten dira. Hauxe da aukerarik onena izerdi ugari botatzen duten pertsonentzat edo gaixo daudelako ohean luzaro egon behar izaten dutenentzat. Malgukizko koltxoiak baino iraunkorragoak izaten dira (15-18 urte irauten dute).
  • Malgukidun koltxoiek sendotasun maila desberdinak eskaintzen dituzte, malgukien errefortzuaren arabera. Isolamendu termiko egokia eskaintzen dute eta oso elastikotasun ona, malguki bakoitza aparteko poltsa batean baitago. Horiexek saltzen dira gehien. 10-12 urte irauten dute.
  • Koltxoiaren lodiera egokiena gutxienez 15 zentimetro da; luzera, erabiliko duen pertsonaren altuera baino 10 zentimetro gehiago gutxienez; eta gutxieneko zabalera, berriz, 80 zentimetro ohe indibidualerako eta 135 zentimetro ohe bikoitzerako.
  • Koltxoia 10 urtean behin aldatzea komeni izaten da, denbora hori pasa eta gero egoera onean egongo denik ezin baita bermatu. Hala ere, luzaroago erabil daiteke egoera onean baldin badago. Hiru hilabetean behin buelta eman behar zaio koltxoiari (gainekoa azpira eta buruko aldea oinetan jarrita) edozein modelotakoa delarik ere, alde batzuetatik forma galtzea saihesten baita horrela.
  • Konpara itzazu fabrikatzaile bakoitzak eskaintzen dituen garantia urteak. Kontuan izan gastu garrantzitsua dela eta gutxienez hamarkada bat iraun behar duela oheak.

Oinarria edo kanapea: irmoa eta uniformea

  • Koltxoiari erosotasun aldetik eta iraupenean etekinik onena ateratzeko, ezinbestekoa da oinarri edo kanapea arreta handiz aukeratzea. Irmoa eta uniformea izatea da urrezko araua.
  • Hauta ezazu lamina zurrun edo erdi-zurrunak dituen somierra, egoki aireztatzeko aukera ematen duten tarte libreak dituena.

Burkoa: pertsona bakoitzak berea

  • Norbere buruaren tamainara, lepoaren luzerara eta sorbaldaren zabalerara ongien egokitzen den burkoa aukeratzea komeni da.
  • Ahoz gora lo egiten baduzu, burkoak baxua eta biguna izan behar du, zerbikalek dortsalekin zutik gaudenean osatzen duen angelu berbera osatzen dutela bermatzeko.
    Albora begira lo egiten baduzu, burkoak altuago eta gogorragoa izan behar du, lepoari dortsalen altuera berean eusteko eta erori edo bira egin ez dezan.
  • Bikoteak ohe berean lo egin arren, bakoitzak bere burkoa izan behar du.
  • Burkoaren betegarriak ez du izan behar ez bigunegia ez gogorregia; burua atzera eror ez dadin behar den sendotasuna izan behar du.