Baimen beragatik, autoeskola batzuek beste batzuen hiru halako kobratzen dute
Iaz 750.391 pertsonak kontratatu zituzten Espainiako estatuan autoeskola baten zerbitzuak gidatzeko baimena eskuratzeko, eta ez da harritzekoa, epe horretan 1,8 milioi auto berri matrikulatu baitzen.
Ikasketa prozesua teorikoa eta praktikoa izaten da, hainbat fase ditu eta ikasleak, ahalegin handi samarra egiteaz gain, diru kopuru garrantzitsua ordaindu behar izaten du. CONSUMER aldizkariak 14 hiritako 210 autoeskola garrantzitsuenek kobratzen dituzten prezioak konparatu ditu, oso balizko arrunta abiapuntu hartuta: B motako gida-baimena, “lehenean” aterata, gehienez ere hiru deialdi erabilita eta 20 ordu klase praktiko eta hiru hilabeteko klase teorikoak hartuta; azken prezio horretan sarturik daude matrikularen azken prezioa, Trafikoko tasak, azterketak, materiala, gestio gastuak…
Hona ikerketako lehen datua: ikerturiko 210 autoeskoletan gida-baimena ateratzearen batez besteko kostua 931 eurokoa da, hau da, ia 155.000 pezeta. Egiaztatu ahal izan dugunez, autoeskolen sektoreak (salbuespenak salbuespen) ez du oso informazio gardenik eta kontsumitzailearentzat erabilgarririk ematen (ez baitio prezioak konparatzeko aukerarik ematen), eta prezioetan dagoen konpetentzia, Santanderren ez beste hiri guztietan, sarritan oso eskasa izaten da hiri bereko autoeskola batetik bestera. Interes handiko beste bi ondorio ere eskaintzen ditu txostenak: hiri batetik besterako batez besteko tarifetan alde handiak daude -deskribatu dugun kasuan beti ere-; horrela, A Coruñan, ikerturiko 15 autoeskolek kobratuko luketen batez bestekoa 463 euro (77.000 pezeta) litzateke; Gasteizen, berriz, ia hiru halako da batez bestekoa, 1.279 euro (213.000 pezeta) eta Iruñea, Logroño, Donostia eta Castelló 1.080 euro (180.000 pezeta) baino gorago dabiltza. Ikerketako lagin osoaren arteko konparaketa egiten badugu, bi merkeenek (A Coruñako batek eta Burgosko beste batek) 400 euro inguru (66.500 pezeta) kobratzen dute eta garestienak (Gasteizko batek) 1.372 euro eskatzen zituen (ia 230.000 pezeta), aurrekoaren ia hiru halako. Prezio desberdintasun horiek oso deigarriak direla esan daiteke, guztietan gauza bera irakasten delako, irakasleen prestakuntza ere bertsua delako (legez arautzen baita), eta autoeskola guztietan lortzen den gida-baimenak balio berbera duelako. Hau da, irakaskuntzaren kalitatean ez dago alde handirik autoeskola batetik bestera eta, kontsultaturiko adituen iritziz, prezioek ez dute bezeroari ematen zaion zerbitzuaren kalitatearekin lotura zuzenik. Erosotasun jakin batzuk edo teknologia berriak erabiltzea ez dira funtsezkoak hobeto edo azkarrago ikasteko.
Eta bigarren ondorioa, gida-baimena ateratzeko asmoa duenarentzat are praktikoagoa: zenbait hiritan merezi du autoeskolen arteko prezioak konparatzea. Prezio konparaketa egitea komenigarri izaten da beti kontsumitzailearentzat, gastu gutxiago izateko aukera ematen diolako eta zenbait hiritan oso komenigarri da, hala nola Burgosen (355 euro arte aurrezteko aukera dago, 59.000 pezeta), Bartzelonan (323 euro), Iruñean (265 euro), Donostian (258 euro), eta Malaga, Alacant eta Valentzian (hiruetan ere 200 euro aurrezteko aukera dago). Beste muturrean, autoeskolen arteko prezio konpetentzia eskasa edo ia konpetentziarik eza: hiri bakarra dago egoera horretan, Santander, eta hiri horretako 15 autoeskolen artean 2,4 euroko aldea baino ez zegoen. Kantabriako hiriburuan aipatu motako gida-baimenaren batez besteko prezioa 1.054 euro da eta 14 hirietako batez bestekoa 930 euro.
Beste 13 hirietan aurrezpen nabaria ekarriko dio gidari-gaiari hiriko autoeskola merkeena aukeratzeak. A Coruñan -Santanderren atzetik aurrezteko aukera txikiena eskaintzen duen hirian- autoeskola merkeenaren eta garestienaren arteko aldea 134 eurokoa zen (22.000 pezeta). Horrenbestez, Santander da autoeskolen artean prezio alderik ez duen hiri bakarra (hemen azterturiko balizkoan behintzat).
- Trafiko Zuzendaritza Nagusiak emaniko autoeskolako irakasleen egiaztagiria eska dezakezu.
- Herri txikietako autoeskolek irakasle bakarrarekin lan egin dezakete. Hirietakoek gutxienez bi irakasle eta zuzendari bat izan behar dituzte (baina pertsona bakarrak funtzio bat baino gehiago bete ditzake).
- Klase praktikoak ezin dira 45 minututik beherakoak edo jarraian bi ordutik gorakoak izan. Hirian eman behar dira eta zirkuitu itxiak ez dira hirikotzat hartzen.
- Klase praktikoak eman dituen irakasleak ikaslearekin joan behar du azterketa egunean. Azterketako proba praktikoa gidatzen ikasteko erabili den ibilgailuarekin egingo da, bestela egiteko arrazoi justifikaturen bat ez baldin badago behintzat.
- Autoeskolek irakaskuntza kontratu bat sinatu behar dute ikasle bakoitzarekin eta alde bien eskubide eta betebeharrak zehaztu beharko dira bertan.
Ikerketa nola egin zen
Txosten honetan aholkulari izan diren sektoreko adituekin harremanetan jarri eta gero, pasa den otsailean zehar aztertu eta konparatu ziren 14 hiri hauetako bakoitzeko 15 autoeskolatako prezioak: A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Castelló, Logroño, Malaga, Madril, Iruñea, Donostia, Santander, Valentzia eta Gasteiz. CONSUMEReko teknikariek ustezko bezero gisa bisitatu zituzten 210 autoeskolak eta B motako gida-baimena ateratzea zenbat kostako litzaiekeen galdegin zuten. Autoeskolek kontzeptu berberekin lan egiten ez dutenez eta batzuek desberdin sailkatzen eta fakturatzen dituztenez, eta guztiek 60 minutuko klase praktikorik eskaintzen ez dutenez, balizko baten arabera kalkulatu zen auto eskola bakoitzeko gida-baimenaren kostua: B motako gida-baimena ateratzea zenbat ordaindu behar den lehenean aterata, gehienez ere hiru deialdi agortuta eta klase praktikoetan 20 ordu emanda. Klase teorikoei dagokienez, eta kontuan izanik autoeskola batzuetan prezioak zerikusia duela “teorikoa” gainditzeko behar izan den denborarekin edo balio-denbora mugatua duela, hiru hilabeteko epea jarri da. Horrela, amaierako kostuan matrikula, klase teorikoak eta praktikoak, azterketak, Trafikoko tasak, materiala eta gestio gastuak sartzen dira. Amaierako kostura iristeko, kontuan izan ziren bisitaren unean indarrean zeuden eskaintzak eta aldizkari honek ezarritako balizkora ondoen egokitzen zirenak hautatu ziren. Eta autoeskola batzuek eskaintzetan ordu praktikoen kopuru jakin bat sartzen dutenez, eskaintzetako orduak balizkoaren 20 orduetara iristen ez zirenean, ordu praktiko osagarri batentzat aurreikusitako kostua sartu zen. Gida-baimenaren amaierako kostua kalkulatzeko erabili diren datuak (tarifak eta eskaintzak) autoeskolek emanak dira eta, beraz, jakinarazi ez den edozein aldaketa edo eskaintza ez da kontuan hartu. Biztanleriako sektore jakin batentzat (adibidez 25 urtez azpikoentzat) egindako prezio eskaintza bereziak ez dira kontuan hartu kalkulu honetan.
Informazioan behar adina gardentasun ez
Autoeskolen tarifak konparatzea lan neketsu eta konplikatua izan daitekeen arren, merezi du ahalegin hori egitea, diru dezente aurreztu daiteke eta. Baina arazo bat dago: autoeskola gehienak ez dira prest izaten beren zerbitzu eta gestioei buruzko prezioak zehatz-mehatz emateko eta, horrez gain, eskaintzak egiteko modua hain desberdina izanik, kontsumitzailearentzat ez da erraza izaten tarifak konparatzea. Zenbait autoeskolatan, prezioak xehekatzeko oztopoak adierazi ondoren, lan hori denbora galtzea zela esan ziguten eta beste batzuetan aitortu zuten “eskaintzekin, informazioa erdizka baino ez dugu ematen”. Jarrera horrek ez du zerikusirik negozioaren kudeaketan kontsumitzailearen interesak kontuan hartzearekin, erabiltzaileak jakin egin nahi izaten baitu ordaindu behar izango duen kopuru osoa eta kostu horren barruan zein kontzeptu sartzen den.
Prezioetan konpetentzia gutxi dago eta hori urrutitik dator
Sektoreko prezio konpetentzia baloratzeko hiri bakoitzeko autoeskolen arteko tarifa aldeak konparatu dira. Eta hiri batzuetan konpetentziarik ia ez dagoela ikusi ahal izan da. Izan ere, gauza bat da hiri bakoitzeko autoeskola merkeenaren eta garestienaren artean desberdintasunak izatea, baina gehienek oso antzeko prezioak izaten dituztela. Adibidez, Santander albora utzita (azterturiko autoeskola guztiek ia kopuru berberak kobratzen baitituzte) hiru hiritan oso konpetentzia maila urria dago: Madrilen, konparaturiko autoeskolen % 93k (azterturiko balizkoan) 35 euroko aldea baino ez dute, gehienez ere euren artean (gida-baimenaren batez besteko kostuaren % 4,4); Gasteizen, % 60k kopuru berbera kobratzen du eta Castellón, berriz, autoeskolen % 86an 60 euroko aldea besterik ez dago. Prezio konpetentziarik ia ez dagoen hirietan (gogora dezagun enpresen artean prezioak adostea debekaturik dagoela eta Konpetentziaren Defentsarako Auzitegiak zaintzen dituela), prezioaren faktorea bigarren mailakoa da eta autoeskola beste irizpide batzuengatik aukeratu behar izango da, besteak beste hurbiltasuna, autoeskolan emaniko zerbitzuen kalitatea, automobilak edo irakasleen tratua kontuan izanda.
Sektore honetan betidanik susmatu izan da hiri bereko autoeskolek prezioak hitzartu egiten dituztela. Gai honi buruzko salaketez ebazpen asko eman izan da. Hona hemen azkenak: 1995ean, Tenerifeko Santa Cruz hiriko Kontsumitzaileen Elkarteak Probintziako Autoeskolen Elkartea eta elkarte horretako 24 kide salatu zituen, gida-baimena ateratzeko matrikularen eta praktikaren prezioa adostu zutelako. Azkenean 42.070 euroko isuna jarri zitzaion elkarte horri. Urte berean, Linaresen, 11 autoeskola salatu egin zituzten prezioak ezartzerakoan ados jarri zirelako. Epailearen ebazpenak 234 eta 2.133 euro arteko isunak ordaintzera behartu zituen autoeskola horiek. Urte berean, Collado-Villalbako (Madril) autoeskola baten jabeak herri horretako autoeskolak salatu zituen, prezioak adosteagatik; 300 eta 1.622 euro arteko isunak ordaindu behar izan zituzten.
Klase praktikoak
Batez beste Gasteizen ateratzen da garestien klase praktikoa (37,36 euro, 6.217 pta), eta merkeen, berriz, A Coruñakoetan (11,11 euro, 1.848 pta). Aldea izugarria da, hirukoitza baino gehiago, ikus daitekeenez. Ordubeteko klase praktikoaren batez bestekoa ia 28 euro da, 4.650 pta.
Autoeskola gehienetan egiaztatu ahal izan zen klase praktikoen prezioaren eta gida-baimenaren prezio osoaren artean, baina badira salbuespenak ere. Madrilen, adibidez, gida-baimena eskuratzea merkeen dutenen artean laugarren hiria izan arren, bereziki aipagarria da klase praktikoen prezio garestia. Paradoxa dirudien arren, bada azalpen bat: Madrilen ikertutako autoeskola guztiek klase praktiko kopuru garrantzitsu bat sartzen dute eskaintzetan eta, beraz, ordu bakoitzaren prezioak eragin gutxi du azken prezioan. Eta Burgos, bigarren hiri merkeena izanik eta 14 hirietako batez bestekoa baino askoz prezio merkeagoa izanik, batez bestekoaren parean dago klase praktikoei dagokienez. Horren zergatia Madrilgo berbera da. Aitzitik, Logroñon batez bestekoaren zertxobait azpitik dago klase praktikoen prezioa, baina gainerako kontzeptuek (batez ere matrikulak eta klase teorikoek) prezio garestia dutenez, Errioxako hiriburua garestienen artean hirugarren dago gida-baimena ateratzeko orduan. Gainerako hiriburuetan, gorabehera txiki-txiki batzuekin, nolabaiteko proportzionaltasuna dago gida-baimenaren kostu osoaren eta klase praktikoenaren artean.
Gida-baimena "libre" ateratzea: ez da ohikoa, baina egin daiteke
Autoeskolara joan gabe “libre” gisa gida-baimena ateratzea erabakitzen dutenak gutxi dira eta urtez urte gutxiago gainera. Autoeskolen laguntza balio handikoa da gidari-gaiarentzat. Baina, edozein modutan ere, gida-baimena beren kabuz ateratzea erabakitzen dutenek honako urratsok eman behar izaten dituzte:
- Trafiko Zuzendaritza Orokorraren ordezkaritzan eskaera egin.
- Deialdi eskubideen truke 70,80 euro ordaindu.
- NANaren fotokopia, mediku-egiaztagiria eta bi argazki aurkeztu.
Lehen deialdian azterketa gainditu ezean bigarren aukera ohiko eran prestatzeko autoeskola batera joatea erabakiz gero, 6 euro inguru ordaindu behar da espedientea tokiz aldatzeko.
Azterketa teorikoa gainditurik, ezinbestekoa da azterketa praktikora aginte bikoitzeko auto batekin joatea eta horrelako autoa izatea ohikoa ez denez, autoeskolara joan behar izaten da, matrikula ordaindu, gidatzeko klase batzuk hartu eta azterketa praktikoaren kostua ordaindu. Horrela, ulertzekoa da kontsumitzaile gehienak azterketaren zati biak egiteko autoeskolan matrikulatzea.
-
Irakaskuntzaren kalitatea:
Faktore erabakigarria da autoeskola aukeratzerakoan. Autoeskolako profesionalen kalitate tekniko eta pedagogikoarekin zuzenean erlazionaturiko kontzeptua da. Espezialisten arabera, autoeskola baten irakaskuntza kalitatearen adierazle onena bere aprobatu portzentajea izaten da. Autoeskolan bertan eska daiteke edo Autoeskolen Erregistroan bestela. Autoeskolen Konfederazioan ere eska daitezke erreferentziak. -
Prezioa:
Har dezagun behar adina denbora tarifak konparatzeko, merezi du eta. Hiriko hainbat autoeskola bisitatu eta kontzeptu bakoitzean kobratzen duten prezioa aztertu. Eta gure hiriburua garestienetakoa baldin bada, aztertu egin beharko dugu beste hiri edo probintzia bateko autoeskola batera joateko aukera. Eskaintza mota desberdinen artean ere bereiztea komeni da. “Matrikula dohainik” eta antzeko eskaintzak askotan ez dira azkenean oso interesgarri izaten. Konparatu eta aukeratu ahal izateko, kobratu behar dizkiguten kontzeptuak bereiz ematea eskatu behar dugu. Matrikularen (edo eskaintzaren) barruan hainbat kontzeptu sartzen badira, zeintzuk diren jakitea komeni da. Bestela baliteke horietakoren bat ahaztea, trafikoko tasak adibidez eta azkenean hori ere ordaindu egin behar izaten da. - Autoeskola batzuetan ordainketa bakarrean ordaintzen dira klase teorikoak eta ez da izaten epe jakinik azterketa teorikoa gainditzeko. Baina beste batzuetan kopuru hori berriro ordaindu behar izaten da autoeskolak aurrez erabakitako epean teorikoa gainditu ez bada. Eskoletara zenbat orduz joango garen eta testak egiteko zenbait denbora izango dugun kalkulatuta, proba hori egiteko zenbait denbora behar izango dugun aztertzea komeni da.
-
Klase praktikoen iraupena aldatu egiten da:
Prezio beragatik, zenbait autoeskolak ordubeteko klaseak eskaintzen dituzte eta beste batzuek 45, 50 edo 55 minutukoak (gogora dezagun ordubeteko hiru klase 45 minutuko lau adina direla). Zenbait autoeskolatan gida-baimena ateratzeko matrikulak balio mugatua izaten du. Kasu horretan epeari buruz informaturik egotea eta denbora pasatzen ez uztea komeni da, epea igaro denean kontratua bertan behera utzi baitezake autoeskolak. Eta, orduan, trafikoko tasak baino ezingo ditu berreskuratu ikasleak, ordaindu baditu. -
Aurrerapen teknologikoak:
Autoeskola batzuek ordenagailu edo Internet bidezko testak, gidatzeko simulagailuak eta abar eskaintzen dituzte. Aurrerapen horiekin klaseak arintzea lor daiteke, baina ikasteko ez dira ezinbestekoak. -
Klase teoriko eta praktikoen arteko orduen bateragarritasuna:
Beharbada zenbait autoeskolaren ordutegia ez da zurearekin bateragarria izango. Eska ezazu informazioa. -
Autoeskolaren hurbiltasuna:
Erabiltzaile batzuentzat baldintza erabakigarria izan daitekeen arren, aukeratzerakoan ez litzateke irizpide garrantzitsu gisa hartu behar.
Trafiko Lege berria eta autoeskolak eta konparaketako taula
Lege berria, 2002ko urtarrilean indarrean sartu zena, automobilaren munduan izan diren aldaketetara egokitzeko eta hala eskatzen duten egoerei legezko irtenbidea emateko helburuarekin jaio zen. Hobekuntzak ere sartu ditu, batzuk teknikoak eta beste batzuk prozedura administratibokoak. Aldaketetako bat da gidatzen den bitartean eskuko telefonoak eta mikrofonodun irrati emisoreak erabiltzeko debekua, inolako manipulaziorik edo kasko edo aurikular eta antzeko gailurik behar ez duten “eskuak libre” erakoak izan ezik. Halaber, debekaturik dago radar bidezko abiadura kontrolak antzeman eta deusezteko ekipo teknikoak erabiltzea ere.
Autoeskolengan lege horretako bi berrikuntzak izango dute eraginik gehien: alde batetik, bi urtean jarraian hiru arau-hauste oso larri egiten dituzten gidariei, diru-isuna ordaindu behar izateaz gain, gida-baimena behin betiko kenduko zaie. Hala ere, gidari horiei gida-baimena kentzea indarrik gabe uztea eskatzeko aukera ematen zaie eta horretarako birziklatzeko eta sentsibilizatzeko ikastaro bat egin beharko dute zentro baimendu batean (itxura guztien arabera autoeskoletan), eta horrela, baimena galtzearen ordez hiru hilabete arteko suspentsio-zigorra ezarriko da. Suspentsio hori ez betetzeak urtebeteko zigorra izango du; eta bigarren aldiz urratuz gero, behin betiko kenduko litzaioke gidariari gida-baimena. Legeak, birziklatzeko ikastaroaz gain, beste aukera bat ere ematen du: berriro gida-baimena eskuratzeko azterketa egitea, baina ezin izango da baimen berririk lortu aurreko zigorra indargarbetzen ez den bitartean. Lege honetan bada beste berrikuntza bat ere, itxura guztien arabera autoeskolengan eragina izango duena: isunen zati bat -%30 arte- jaitsi egin ahal izango da arau-hausleak bide-segurtasunaren arloko portaerari buruzko ikastaro bat edo trafiko istripuen ondorioei buruz jabetzeko moduluak egiten baditu. Horrek esan nahi du azkenean ikastaro horiek eman behar baldin badira, autoeskolek egokitu egin beharko dutela aurki iritsiko zaien ikasle mota berri horretara.