Beharrezkoa batzuentzat, kutsagarria beste zenbaitentzat
Badirudi amaierarik gabeko auzia dela sortzen dugun zabor kopuru eskergarekin -pertsona bakoitzak egunean lau kilogramo zabor herrialde garatuetan- zer egin erabakitzea. Agerian geratu da dagoeneko ez dela aski hondakinak pilatu eta gure begien aurretik kentzea eta, beraz, hiri-hondakin solidoak gizakientzat ahalik eta kalte gutxien eraginda eta ingurumenarekiko errespetuz desagerrarazteko formulak aurkitzearen inguruan sortu da eztabaida. 3B formulek (birziklatu, berrerabili eta berreskuratu) arindu egiten dute hondakinak biderkatzeko joera, baina ez dute arazoa konpontzen, ez baitira inondik ere ohiko praktika (Espainiako estatuan, hondakinen % 70 zabortegira joaten da eta % 11 baino ez da birziklatzen; Holandan, adibidez, % 30 birziklatzen da). Dioxinak askatzen direlako Greenpeace eta antzeko erakunde ekologistek kritikatu egiten badute ere, zenbaiten ustez zaborrak errez energia sortzea bide egokia da hiri-hondakin solidoak gutxitzeko. Joera honen aldekoek azpimarratzen dutenez, zientzialariek ez dute argi eta garbi adierazi dioxinak bizidunentzat toxiko direnik. Europako zenbait ereduk, Frantzia edo Belgikakoak adibidez, zaborrak erregai gisa erabiltzearen aldeko apustu garbia egiten dute, baina Alemaniak, berriz, ia erabat baztertzen du aukera hori. Espainian energia sortzen duten zortzi errausketa-lantegi daude, baina gizartean eragiten duten polemika eta aurkako jarrera dela eta, bertan behera utzi dira horrelako labe erraldoiak eraikitzeko beste hogeita hamar proiektu inguru.
Hondakindegien ordez
Errausketa-lantegiak erabiltzea defendatzen dutenek birziklatzeko ohiturez gizartea kontzientziatu eta ohartaraztea ikusten dute lehen urrats gisa, baina hondakindegien ordezkatzeko berehalako irtenbidetzat jotzen dituzte tratamendu eta errausketa kontrolatuko plantak. Onartzen dute lantegi horien arriskugarritasuna auzitan dela, baina proba erabakigarririk ez dela esaten dute eta zientzialariek ez omen dute frogatu dioxinak eta hondakin-furanoak -kloroa duten produktuak (papera edo plastikoa besteak beste) tenperatura baxuan erretzean sortzen diren gorputz kimikoak- osasunarentzat kaltegarri direnik. Badirudi ondorio hori atera daitekeela Estatu Batuetako Ingurumenaren Babeserako Agentziak emaniko azken txostenetik, eta zuzenean minbiziarekin lotzen baditu ere, ez du argi esaten erreusteko-lantegien lanaren eraginez denik, PVC erretzearen ondorioz baizik. Bestalde, legeria zorrotza da eta errausketaren bitartez dioxinen eta ustez toxiko izan daitezkeen beste konposatu askoren produkzioa oso kopuru txikitan baino ez du onartzen.
Zaborra tenperatura handitan erretzea da kakoa, beraz, legeria errespetatuz eta aurrez eta ondoren kontrolak egitea. Ez da ahaztu behar gaur egungo hondakindegietan berez erretzen dela zaborra -materia organikoa birberotzearen bitartez hartzituta eta metano suharbera askatuta-. Eta erraustegien defendatzaileen arabera, erreketa natural hori kontrolatua baino kaltegarriagoa da, tenperatura baxuetan gertatzen delako.
Azken batean, bi bide osagarri eta premiazko proposatzen dituzte hiri-hondakin solidoen arazoa arintzeko: hondakin kopurua murriztea edo gutxienik horiek etengabe ugaritzeko joera moteltzea eta hori lortzen den bitartean, hondakindegien ordez zaborren tratamendu integralerako lantegiak jartzea, amaierako soberakina ere erreta.
Airea, ura eta zorua kutsatzea
Polemikaren beste muturrean, berriz, erraustegien erreketa prozesuan zehar airea, ura eta zorua kutsatzen duten produktu toxikoak sortzen direla diotenen jarrera dago. Horien aburuz, baliabide naturalak ustiatzen jarraitzeko aukera ematen du errausketak eta lantegi horiek teknologia garbien garapena geldiarazi eta jatorrian hondakinak murriztea, berrerabiltzea eta zaborretako osagaiak birziklatzea bultzatzen duten arauak ateratzea moteldu egiten dutela.
Hala ere, beste bat dute kezka nagusia: dioxina, substantzia toxiko, iraunkor eta biometagarrien emisio iturri nagusia errausketa dela, alegia. Legeriak praktika jakin batzuk finka ditzan eskatzen dute, hala nola beirazko ontziak beti itzuli behar izatea edo PVC eta eguneroko bizitzan oso presente dauden antzeko materialak debekatzea.
Erakunde ekologistek ere bide hori aldarrikatzen dute. Errausketa xahubidea dela kritikatzen dute: hondakinak birziklatzeak dakarren aurrezpena hondakin horiek erreta lortzen den energia baino lau aldiz handiagoa da.
Talde ekologistek, halaber, uste dute hondakin berreskuratuen kopurua gehitu ahala, gutxitu egingo dela errausteko materialen kopurua eta kudeatzen dituzten enpresentzat errentagarri izaten jarraituko badute erraustegiek errausketa-bolumenari eutsi beharra dutela salatzen dute. Horrela, erretako hondakinen hiru tonako, tona bat errauts eta eskoria produzitzen da eta horiek hondakin toxiko eta arriskutsu kontsideratzen direnez, segurtasun biltegietan gorde behar dira.
Errausketaren alternatibak
Kordobako Udalak hiri-hondakin solidoak tratatzeko era arrazional eta integratu bat abiarazi zuen. 1993an, bilketa selektiboa ezarri zen. Prozesua oso partehartzailea izan zelako da berezia Kordobako kasua; oinarrian abiarazi eta urratsez urrats aurrera egin ondoren 1996an Birziklatze eta konpost egiteko Lantegia irekita amaitu zen. Produktuak gizarte ekonomiako enpresen bitartez sartzen dira ziklo produktiboan eta konposta bertako nekazaritzan erabiltzen da.
Nafarroan ere esperientzia interesgarria egiten ari dira ingurumena babesteko: prebentzioa, tratamendua, birziklatzea eta gama osoko hondakinak errekuperatzea sartzen dira ekimen horretan eta baita uren tratamenduari buruzko politika integrala ere. Araztegietako lokatzak eta hondakin organikoak aprobetxatuz nekazaritzarako konposta lortzearekin amaitzen da zikloa. Hondakinei buruzko esperientzia Iruñea eta Lizarrako eskualdeetan egiten da batez ere. Nafarroako uren kalitatea hobetzeari esker arrainen bizitzarako aukera eta nekazaritza ekologikoa praktikatzen dira gune askotan, Iruñea hiriburua barne dela.
Zer dago gure zabor-ontzian?
Zabor-potera doan materiala murriztea izan behar dugu helburu eta erabili eta botatzekoak diren materialik (edalontzi, plater eta poltsarik) ahal dela ez erosi, pakete gehiegi dutenak saihestu eta ontzi familiarrak hautatzea, produktu fresko eta pisura saltzen direnak erostea, eta ontziak, arropa, liburuak, altzariak edo jostailuak berrerabili edo trukatzea; hala ere, sekula ez da sobera izaten gure zaborra zerez osatzen den aztertzea.
- Materia organikoa (janari hondakinak eta lorazaintzakoak):% 44
- Papera eta kartoia: % 21
- Metal, plastiko eta tetra-brik ontziak: %15
- Oihalak: % 3
- Beira: % 7
- Bestelakoak (pilak, plastiko eta metal hondarrak, zura, gomak): % 10
Materialen araberako birziklajea
- Materia organikoa: (batez ere janari-hondarrez osatua) ongarri natural eta konpost gisa balio du, nutrientetan oso aberatsa delako.
- Papera eta kartoia: gaur egun Espainiako estatuan edukiontzi bat dago 940 bizilaguneko. Tona bat paper birziklaturekin 15 zuhaitz heldu botatzea ebitatzen da.
- Beira: Espainiako estatua laugarren dago Europan, beira gehien birziklatzen dutenen artean. Birziklatze horrekin 700.000 tona lehengai aurrezten da eta 73.000 tona petrolio baino gehiago.
- Tetra-brika: aluminio eta polietileno geruzetako papera dagoeneko berrerabil daiteke, zakuak, poltsak eta ontzietarako kartoia egiteko. 1998an 3.150 tona berreskuratu ziren Espainiako estatuan.
- Latak: aluminiozko latatan 4.900 tona berreskuratzen dira eta altzairuzko latatan 73.900 tona.
- Plastikoa: Zatirik handiena hondakindegietara joaten da, % 5 erre egiten da eta % 7 birziklatu. 2000. urtean 1.500 tona berreskuratu ziren.
- Hondakin bereziak: Etxeko arriskutsuenak dira (pilak, pinturak, bernizak, lakak, frijitzen erabilitako olioa, botikak). Ez dira zaborretara bota behar. Olioa ez da harraskatik behera bota behar.
- Bolumen handikoak eta oihalak: altzariak, koltxoiak, etxetresna elektrikoak eta obra-hondakinak. Urtero etxeetako obretako 18.000 tona hondakin baino gehiago biltzen da; baina hori baino kopuru handiagoa botatzen da oraindik kontrolik gabe.
Zenbat irauten du zaborrak?
- Urtebete
Naturak ez du aparteko arazorik izaten paperaren osagaiak lurzoruan integratzeko, batez ere zelulosaz osaturik baitago. Lurrean botata geratzen bada eta negu euritsua eginez gero, laster degradatzen da. Hala ere, birziklatzea da egokiena, papera egiteko zuhaitz gutxiago bota dezaten. -
5 urte
Erabilitako txikle zati bat, oxigenoaren eraginez, material gogor-gogor bihurtzen da epe horretan; eta gero pitzatu egiten da, desagertu arte. Erretxin naturalezko goma, goma sintetiko, azukre, usaingarri eta koloratzailez osatutako nahasketa da txiklea. Degradatu ondoren ez du ia aztarnarik uzten. -
10 urte
Hamar urte behar ditu naturak gaseosa edo garagardo lata bat burdina-oxido bihurtzeko. Gehienetan altzairuzko 210 mikroiko lodiera izaten dute, bernizez eta eztainuz estalita. Kanpoan utziz gero, euri eta hezetasun ugari behar da oxidoak erabat estal dezan. -
10 urte
Polipropilenozko botatzeko edalontziek poliestirenozkoek -arrautzen kaxatxoen materiala- baino kutsadura txikiagoa sortzen dute. Baina denbora behar izaten dute eraldatzeko. Plastikoa molekula sintetikotan geratzen da; ez dira ikusten, baina hortxe daude. -
30 urte
Tetra-brik ontziak ez dira uste bezain toxikoak. Egia esan, horien egituraren %75 zelulosazkoa izaten da, % 20 dentsitate apaleko polietileno puruzkoa eta % 5 aluminioa. Aluminioak behar izaten du degradatzeko denbora gehien. Zelulosa, kanpoan baldin badago, urtebeteren buruan desagertzen da. -
30 urte
Lakak, aparrak…Etxeko hondakinen artean elementurik polemikoenetakoa da. Lehenik eta behin, aerosola erabiltzen dutenez, eragile kutsagarria delako -kontrakorik esaten ez bada behintzat- CFC (klorofluorokarbonoa) osagaien eraginez. Bestela ere, metalezko egitura dela eta, nekez gertatzen da degradazio naturala. Oxidazioa da lehen urratsa. -
30 urte
Botilen tapetako metalezko aleazioa erraz degradatuko dela dirudi, mehea delako; baina ez da hala izaten. Lehenik herdoildu egiten da eta gero apurka-apurka altzairuzko zatiak erresistentzia galtzen du, dispertsatu arte. -
100 urte
Altzairuz eta plastikoz eginak direnez, botatzeko supiztekoek denbora behar izaten dute desegiteko. Altzairua, kanpoan utzita, 10 urteren buruan hasten da kaltetu eta apur bat herdoiltzen. Plastikoak, berriz, denbora horretan kolorerik ere ez du galduko. Osagaiak oso kutsagarriak dira eta ez dira degradatzen. Gehienek merkurioa izaten dute eta zenbaitek baita zinka, kromoa, artsenikoa, beruna edo kadmioa ere. Kanpoan 50 urte eman ondoren has daitezke bereizten. Baina agente kaltegarri gisa irauten dute hala ere. -
100 eta 1.000 urte artean
Plastikozko botilak dira desagertzeko bihurrienak. Kanpoan utzita, tonizitatea galdu, zatitu eta zabaldu egiten dira. Lurpean gehiago irauten dute. Gehienak polietilenozko tereftalatoz (PET) eginak izaten dira, oso nekez desegiten den materialez hain zuzen ere: mikroorganismoek ez dute horiei aurka egiteko mekanismorik. -
100 urte baino gehiago
Plastikozko kortxoak polipropilenoz eginak izaten dira, lastotxo eta jogurt ontzien material berarekin alegia. Ur botilak eta PETez (polietilenozko tereftalakoz) eginak baino errazago birzikla daitezke (horiek PVC, polivinilozko kloruroz eginak izaten dira). -
150 urte
Plastikozko poltsak, meheagoak izanik, plastikozko botila baino azkarrago eralda daitezke. Poltsak, berez, dentsitate baxuko polietilenoz eginak izaten dira. Naturak “borroka” latza izaten du elementu horren aurka. Eta gehienetan galdu egiten du. -
200 urte
Zapatilak larruz, oihalez, gomaz eta kasuren batzuetan apar sintetikoz eginak izaten dira. Horregatik, hainbat degradazio etapa izaten dute. Oihal edo larruz egindako zatiak desagertzen dira lehenik. Barruko aldea ez da degradatzen, murriztu bakarrik. -
300 urte
Panpina artikulatu gehienak plastikozkoak izaten dira, degradatzen denbora gehien behar duen materialez eginak hain zuzen ere. Eguzkiaren izpi ultramoreek molekula txikietan zatitzea besterik ez dute lortzen. Prozesu horrek ehunka urte iraun dezake, baina lurrazaletik desagertu egiten dira. -
1.000 urte baino gehiago
Denbora horixe behar dute pilek desagertzeko. -
4.000 urte
Beirazko botila, edozein formatutan dela ere, oso objektu iraunkorra da. Material hauskorra izan arren -erorita hautsi egin baitaiteke- lurrarentzat lan eskerga da beira eraldatzea. Hondarrez eta sodio eta kaltziozko karbonatoz osatua, %100 birziklagarria da. - Europako Batasunak elikagaietako gehienezko dioxina edukia murrizteko asmoa du. 2002an zehar, jan daitekeen dioxina kopuru “onargarria” astean zazpi pikogramo, gorputzaren pisuaren arabera. Une honetan, Europako Batasuneko Scientific Committee on Food erakundearen txostenaren arabera, Europan egunean kiloko 0,4 eta 1,5 pikogramo dioxina hartzen dela kalkulatzen da. Horrenbestez, zalantzarik gabe beharrezko da dioxina emisioak desagerraraztea eta baita hain konposatu toxiko edo biometagarriak eragiten dituzten hondakinak erretzea ere. Duela gutxi Stochholm-eko Protokoloa sinatu da konposatu organiko iraunkorrak desagerrarazteko eta horien artetik dozena bati eman zaio lehentasuna, dioxinei eta furanoei horien artean.
Lantegi industrialak dira eta zabor kamioiek bertara eramaten dituzte hondakinak. Harrera-hobi betean uzten dira hondakinak eta handik, erreketa-galdara batera garraiatzen ditu garabiak, tenperatura garaietan erretzeko. Galdararen azpiko aldean hondakin-errautsak bildu egiten dira eta handik, sortzen diren lurrin eta gasak beste galdara batera pasatzen dira, karea eta ikatz aktiboa (dioxinak eta furanoak, metal astunak eta abar xurgatzen dituztenak) erantsita garbiketa prozesua egiteko. Azkenik, gas eta lurrin horiek iragazki batean pasatzen dira, partikula eta substantziak kentzeko eta tximiniatik kanpora botatzen dira. Erraustegi modernoenetan lurrin beroa aprobetxatu egiten da eta birberotu egiten da, energia elektrikoa sortzen duen turbina bat elikatzeko; sorturiko energia sare orokorrera bidaltzen da. Horrela, beraz, erraustegien bidez zabor kopurua gutxitu eta energia produzitzen da.