CD-ak grabatzea, informazio asko gordetzeko modu merke eta erraz samarra
Egin dezagun kontu 451 disketez osaturiko piloan dagoela informazioa. Eman dezagun sei zentimetroko erradiodun traste biribil batean sartzen direla datu horiek guztiak. Utzi irudimena bakean. CD-ROM (etengabe datuak biltzen dituen CD mota) bakar batean 650 megabyte edo “mega” informazio, edo era konbentzionalean grabaturiko 74 minutu musika sartzen dira. Horren kostua, berriz, edukiera txikiagoa duten (baina, aldi berean, erabiltzeko errazagoak diren) ZIP disko eta gainerako dispositiboen oso azpitik dago. Horrenbestez, disko konpaktuen grabatzaile “artisauek” erdietsi duten arrakasta erabat logikoa da.
Nolanahi ere, konpaktu bat grabatzeak eta diskete batean edo ordenagailuaren disko gogorrean datuak biltzeak ez dute zerikusirik. Sistema operatibo grafikoak (Macintosh lehenik, Microsoft ondoren eta Linux-enak berriki) indarrean jarri direnez geroztik, diskete batean zeinahi elementu grabatzea, saguaren bitartez disketerako ikonora elementu bat mugiaraztea baizik ez da. Azkar, eroso eta erraza. Noski, daukan edukiera mugatua (1,44 megabyte dituen bitartean, CD batek 650 eta DVD batek hainbat mila mega dituzte) dela medio, duela hamar urte baino gehiagoko ordenagailuei dagokien elementu hori bazterrean uzteko zergatietako bat izan da.
Datuak edo musika
Fisikoki, behintzat, CD guztiek helburu berberak (emaitza hobe edo okerragoez) betetzeko balio badute ere, materiala grabatuko den formatuak baldintzatuko du konpaktuak bete beharreko eginkizuna. Bestela esateko, datuak grabatzeak (word-eko dokumentuak, jpeg argazkiak edo flash animazioak) eta musika bilduta edukitzeak ez dute elkarrekin loturarik. Ataza-programa gehientsuenek (Easy CD edota Nero izenekoek, adibidez) menu ikusgarrien bidez hautapen hori erraztuta duten arren, aukeraketa bakoitzean zer onartu eta zer baztertu dugun ezagutuz “neurrirako” konpaktuak egin ahal izango ditugu.
CD-en estreinako formatua audioarena izan zen: sistema horrexen bitartez irakurtzen dute oraindik musika kateek. Kontuan hartu behar da horrelakoen grabazioa hainbat mugapenek baldintzatzen dutela, hala nola “emanaldi” bakarra gordetzeko aukera ematea, baina… Zer ote da “emanaldi” hori? Konpaktu bat grabatzen ari den bitartean laserrak diskoaren atzealdea kiskali, txigortu egiten du. Laserra hasi denetik grabazioa (ezin eten daitekeenez, hasi eta buka grabatu beharra dago, txanda bakarrean) amaitu bitarteko denborari esaten zaio emanaldia.
Datuak biltzeko CD-ek, ordea, hainbat emanalditan grabatzeko aukera eskaintzen dute (batetik besterako tartean 50 mega -hau da, CD osoaren edukieraren zati bat: 1/13, zehazki- tamalez alferrik galduko diren arren). Horrenbestez, horrelako konpaktuak ere behin bakarrean grabatzea komeni da edo, gutxienez, ez da egokia edukiak behin eta berriz sartzen ibiltzea.
Grabatzeko formatuak
Datuen CD-en formatuak ez dira uniformeak, baina egungo ordenagailu gehienak sistema guztietan irakurtzeko gauza izaten dira. Arazoa artxiboen izena izaten da: oso litekeena da, beste ordenagailu batean irakurtzean, hitzak aldatzea edo bestelako karaktereak agertzea. Eragozpen hori gorabehera, horrelako artxiboek dauzkaten testuak, argazkiak edo bideoak ez dira aldatuko.
“Txigortze bakarra” lortzeko aholkuak ere soilak dira: batez ere, erabaki ondo zer gorde nahi duzun eta graba ezazu ekinaldi batean, etenik egin gabe. Konpaktuan datuak grabatu behar dituzunean, eduki zabalik grabazio-programa bakarrik: ordenagailua lanpetuta dabilela, datuak etengabe emateko gai ez bada, diskoa alferrik galduko baita.
Berriz grabatzeko modukoak
Behin eta birritan grabatzeko moduko CD-RW hori, printzipioz behintzat, tradiziozko disketeen eta behin bakarrik “txigortu” daitezkeen CD-en arteko zubi gisakoa zela zirudien. Nolanahi ere, disko horiek eta CD-ROM zaharrek eta egungo musika kate zenbait nabarmenki elkartu ezinezkoak izateak, batetik, eta behin bakarrik graba daitezkeen diskoen prezio apalak, bestetik, grabagailu askok eduki baina erabiltzaile gutxik baliatzen duten sistema hau bazterrean utzi dute.
Grabagailua instalatu berri dagoenean edo PC-ari periferiko berriren bat erantsi zaionean, bidezkoa da simulazioak egitea. Egoera jakin batean ordenagailua konpaktu bat grabatzeko gauza izan ote zitekeen ondo asko frogatzen du grabazio-aplikazioek daukaten aukera horrek. Era horretan, testean CD-rik galtzeko arriskurik izan gabe gehienez ere zein abiaduratan “txigortu” daitekeen zehaztu ahal izango da. Baliteke, inoiz, grabatzeko gehieneko abiadura ordenagailuak jasan ez eta, ondorioz, abiadura motelago bat aukeratu behar izatea.
Etxerako aparatuen merkatuan hiru eratako grabagailuak daude: 4x (16 minutu behar dutenak CD oso bat txigortzeko), 8x (8 minutu) eta 16x (4 minutu). Grabagailuaren abiadura bi zenbakik adierazten dute: lehena grabatzeko abiadurari dagokio, bigarrena irakurtzekoari. Berriz grabatzeko balio duten aparatuetan hirugarren zenbakia ere aurkituko dugu: horrek (4x, 4x, 32x) birgrabazioaren abiaduraren berri ematen digu.
Ogi eta arrain digitalak
CD batean 650 mega sartzen dira, ez gehiago ez gutxiago. Gauzak horrela, aukeratutako grabazio-formatuaren arabera, konpaktu berean bil daitekeen musikak zergatik betetzen du 74 minututik hasita 888 minuturaino? Formatuak emango digu horren guztiaren azalpena.
Gauza bera esateko pertsona batzuek pare bat esaldi nahikoa duten bitartean beste hainbatek ordu erdiaren premia duten bezala, CD batek dauzkan batak eta zeroak (informazio digitala) hobeki edo txarkiago aprobetxatzeko modukoa da. Formatu batzuek (musika konbentzionaleko CD-a, adibidez) soinuaren purutasuna giza belarriak ezin harrapatuzko garbitasun-mailaraino lehenesten dutelarik, MP3 eta beste sistema zenbaitek frekuentzia hil horiek (eta horren hilik ez dauden beste hainbat) alboan uzten dituzte, kalitate-galera txiki bat baizik ez duten doinu entzungarriak eskaintzeko. Formatu “bildu” hauek, berriz, askoz ere espazio txikiagoa betetzen dute: horretantxe datza MP3 sistemaren iraultza: 12 orduko musika-emanaldia konpaktu bakar batean jasotzen du, musikako CD tradizionalek erdietsitako kalitatearekin, kasik.
Bideoarekin ere horrelako zerbait gertatzen da. DiVX 😉 formatuak DVD diskoa CD batean biltzen du; kasu honetan, dena den, prozesuan jazo den kalitate-galera nabarmenagoa da aurrekoetan baino.
-
Nero burning room
Windows sistemarako, aukera gehien dauzkan grabazio-programetako bat da hau. Era berean, zeinahi erabiltzailek Internetetik doan deskarga dezakeen ebaluazio-bertsioa eskaintzen du, erostea mereziko lukeen kontuak egin ditzan. -
Vinilo en CD
Etxean dauden biniloak CD-ra pasa daitezke, diskoak endeka ez daitezen. Web honetan, formatu batetik bestera igarotzeko (areago, doinuen arteko lotunea mantenduz) nolako pausoak eman behar diren adierazten da. -
DiVX 😉
Behar bezainbesteko kalitatearekin, CD batean bi orduko bideoa biltzeko edukiera eskaintzen duen teknologia DivX 😉 da. Web horretan erabiltzaileari funtzionamenduaz informazioa eman eta nor bere ordenagailuan baliatzeko argibideak jakinarazten zaizkio espainieraz.