Audioa eta datuak grabatzeko CD-ak

Ondo eginak daude, eraginkorrak dira

1 martxoa de 2002

Ondo eginak daude, eraginkorrak dira

Oraingoan 12 CD-R grabagarri aztertu dira, horietako lau audioa grabatu eta baliatzekoa eta beste zortzi laginak datuak maneiatzekoak. CD grabagarriak behin bakarrik grabatzekoak dira, CD-RW izenekoak ez bezala, hauetan grabatzen den materialak ordura artekoa ezabatu egiten baitu. Datuetako CD-R horiek datu informatikoak artxibatu eta gordetzen dituzten bitartean, audiokoek musika-pistak edo WAV zein MP3 bezalako audioko artxiboak grabatzekoak dira, aukeran. Batzuk eta besteen arteko funtsezko aldea sortu direneko egitura bada ere, erabiltzailearen grabazioko software-ak CD-ak egitura batekin edo bestearekin sortzea ahalbideratzen du. Datuetako CD-R izenekoetan musika grabatzeko aukera badagoen arren, musika-ekipoetako CD irakurgailu batzuek datuetako CD-R-etan grabaturiko musika ez dute beti-beti irakurtzen. Horrenbestez, aholkua begi bistakoa da: datuetako CD-R diskoak datuekin erabiltzea eta audioko CD-R izenekoak, musikarekin.

Datuetako CD diskoa, batenaz beste, euro bat kostatzen da; aztertu ditugunetan merkeenak HP (0,72 euro) eta Verbatim (0,77 euro) diren bitartean, garestienak Fuji (1,17 euro) eta Hi Space (1,19 euro) laginak izan dira. Bestetik, Traxdata, Sony, Basf eta TDK marketako laginen prezioak batenaz besteko horren gertukoak dira. Audioko CD-ak, batez beste, 2,20 euro kostatzen direlarik, aztertu den merkeena Basf (1,95 euro) lagina da eta garestiena Sony (2,55 euro) markakoa. Prezio batetik besterako alde horren zergatiak bat baino gehiago dira: audioko CD-R diskoen salmenta-kopurua askoz ere txikiagoa izateaz gainera, horrelakoek Estatu espainiarreko Autoreen Elkarte Nagusiari kanon bat (0,5 pezeta minutuko) ordaintzen diote, musika grabatzekoak direlako.

CD-R disko baten egitura beste zeinahi disko konpakturen antzekoa bada ere, bata eta bestea ez dira berdinak: aurrenekoek informazioa grabatzea ahalbideratzen duen tindu organiko termosentsiblezko estalki edo geruza bat daukate, polikarbonatozko substratu-geruza eta CD guztiek daukaten geruza metaliko islatzailearen artean.

Azterketa konparatiboko emaitzetara goazela, CD hauetan kontsumitzaileari eskaintzen zaion informazioa, oro har, onartzeko modukoa bada ere, ez da nahi bezain homogeneoa (hutsune batzuk ditu eta esamolde bat baino gehiago ingelesez bakarrik agertzen dira). Datuetarako HP eta Traxdata diskoek ez dauzkate erabiltzeko eta mantentzeko argibideak eta Traxdata laginean fabrikatzailearen edo inportatzailearen daturik ere ez da agertzen. Bermeari goazkiola, asetzeko moduko bakarra Verbatim Metal Azo laginarena da. Datuen CD diskoetan Hi Space laginak ez du grabazio-abiadurarik adierazten eta, areago, audiokoek ez dute informazio interesgarri hori ematen. Datua agertzen duten gehientsuenetan, abiadura 16X da (hau da, 16×2400 KB/seg); Fujifilm eta Basf/Emtec laginena, berriz, 12X da (12X1800 KB/seg). CD diskoen merkatua ziztu bizian eta etengabe aldatzen ari denez, azterketa hau plazaratu aurretik 12X eta 16X formatuen ordez 32X berriak egongo dira indarrean, seguruenik.

Bestetik, aztertu ditugun CD diskoen metatze-gaitasuna edo edukiera berdina da denetan (badira eta 650 MB edo 74 minutukoak, 90 minutukoak…): datuetakoek 700 MB edo 80 minutu adierazten dute eta audiokoek, berriz, 80 minutu.

Hamabi disko hauei beren zeregina betetzeko egokitasuna neurtzearren egin zitzaizkien proba zorrotz gehientsuek asetzeko moduko emaitza erakutsi zuten. Probak gainditu ostean operatibo iraun zuten lagin gehienek, salbuespenen batek izan ezik: Verbatim (datuak) eta Emtec (audio) laginek ez zuten itsatsitako etiketaren bereizketa-proba gainditu, aurrerantzean erabiltzeko baliogabeturik suertatu baitziren. Sony, Fuji eta Hi Space (hirurak, datuenak) eta Fuji (audio) kaltetu samarrik zeuden arren, operatibo iraun zuten. Erresistentzia proban, Fuji markako audio diskoak zeukan arazo txikiaren erruz, ez zuen operatibo iraun.

Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak argi eta egokiago agertu ziren TDK eta Hi Space (datuak) laginetan. Grabatzeko abiadura, berriz, (LACIE/CDBP-241040s grabagailuarekin) berdintsua izan zen audioko lau laginetan baina ez datuen CD diskoetan: TDK, Sony, HP, Traxdata eta Verbatim laginek 3 minutu aski izan zuten datuz betetzeko; Fuji eta Basf/Emtec laginek beste minutu erdi bat ere behar izan zuten eta, denetan mantsoenak, Hi Space, lau minutu eta erdi iraun zuen grabazioan. Gogora dezagun CD diskoen gaitasuna berdin-berdina dela denetan: beraz, informazio-kopuru bera grabatzeko behar duten denbora aldatu egiten da lagin batetik bestera.

Emaitza guztiak konparatu ondoren, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena (datuetako CD diskoetan) Verbatim Metal Azo (0,77 euro) laginak erakutsi zuen; audio alorrekoetan, aldiz, TDK CD-RA-XG X Reflex (2,28 euro) diskoak. Hi Space kalitate handiko produktua da, karbonozko estalkia izateak ahalbideratzen dizkion berezitasunei esker.

CD diskoen aurrealdeko kolorea

CD diskoen atzealdeak hainbat koloretakoak dira: datuetako diskoetan, Sony, HP, Fujifilm eta Basf/Emtec urre kolorekoak dira, eta Emtec eta Fujifilm, audiokoetan. Traxdata, TDK eta Sony Audio urdinak edo berde-urdinak dira. Verbatim urdin-iluna da eta, azkenean, Hi Space beltza. Hi Space izan ezik (honetan, kolore beltza izpi ultramoreen aurreko babesle da eta eguneroko erabileraren aurkako erresistentzia kanpoko estalki-geruzak hobetzen du), gainontzekoetan kolorea grabazio-geruzako tindu organikoak agertzen du. Tindu organiko horren izaera Verbatim Metal Azo laginak bakar-bakarrik adierazten du. Kontu horretaz eztabaida ugari dabilen arren, CD-R beltz, urre koloreko edo urdin-ilunak iraunkortasun handiagotzat jotzen dira: izatekotan, horrek garrantzi handia izan lezake segurtasun-kopietan. Kolorea, dena den, ez da CD-aren iraunkortasuna baldintzatzen edo zehazten duen faktore bakarra.

Probak nola egin ziren

Grabazioan CD-R horietako bakar batek ere arazorik agertzen ez zuela egiaztatzeko, PC ordenagailu baten berariazko zazpi direktorio edo karpeta baliatu ziren; bakoitzak 1.925 artxiboko 111na karpeta zeuzkala: guztirako edukiera 397 MB (megabyte) zen, beraz. Informazio-gaia testuek, irudiek, soinuek eta jolas-programa aktiboek osatu zuten. Musika grabatzeko, 480 MB okupatu zituen 12 doinuko diskoa erabili zen. Grabazioa CD bakoitzean aholkaturiko abiaduran egin zen. Aholku hori agertzen ez zuten laginetan, berriz, 12X baliatu zen. CD bakoitzean, grabazioa osatzeko behar izan zuen denbora neurtu zen. Ondoren, grabatutako datuak eta jatorrizkoak berberak ote ziren egiaztatu zen.

Klima-baldintza gogorrak edo bat-bateko aldaketa bortitzak direla medio, oso litekeena da CD diskoek aldaketak nozitzea. Azterketako CD-R hauek tenperatura hotz (-20ºC) eta beroetan (60ºC) utzi ziren 24 orduz; ondoren, hainbat irakurgailuren bitartez (CD-RW, CD, eta musika-kateako CD irakurgailuak, hain zuzen) diskoek baliagarri segitzen zuten ala ez egiaztatu zen. Beste aldetik, grabazioan gertaturiko akatsak zenbatzen dituen berariazko programa batekin (Disk Checker 2000), grabazioaren kalitatea ere neurtu egin zen.

Sendotasun proban, 10 aldiz azal gogor baten gainera utzi ziren erortzen laginak, 1,5 metroko altueratik. Ondoren, kalte fisikorik jazo ote zen eta CD irakurgailuetan operatibo segitzen zuten ala ez egiaztatu zen.

Etiketak eranstea ere kaltegarri gerta dakioke CD diskoari. Hori horrela ote zen frogatzeko, CD bakoitzaren gainean 7 X 3 cm-ko etiketa bana itsatsi zen, horretarako berariaz utzitako espazioan; handik 48 ordura bereizi egin zuten etiketa eta, bai begiz eta bai CD irakurgailuen bidez, laginak ostera aztertu ziren.

Azkenean, CD diskoen funtzioa kaltetu gabe, tinta ezabaezina duen mutur samurreko errotulagailu batekin azalean idatz daitekeen frogatzeko, lagin guztietan idatzi ziren hitz batzuk, bi alderdi balioztatzeko: idazteko erraztasuna eta CD diskoaren gainaldeko azalean nola nabarmentzen den. Baloraziorik onenak idazteko berariazko geruza daukaten laginek jaso zituzten.

Nola erabili eta gorde CD diskoak

CD diskoek dauzkaten datuak seguruago eta luzeago gordetzeko, hurrengo neurriak hartzea komeni da:

  • Ontzi egokietan (opakuak, ahal dela) gordetzea.
  • Tenperatura beroetan ez uztea (egokiena, 25ºC-tik gora, behin ere ez), ez hezetasun erlatibo handietan, ezta tenperatura- eta hezetasun-aldaketa bortitzak gerta daitezkeen tokietan ere.
  • Erabiltzen ez direnean, ez utzi bere ontzitik kanpora.
  • Ez utzi eguzkitan luzaro.
  • Ez idatzi CD diskoaren gainean bolalumaz edo punta gogorreko errotulagailuarekin. Badira CD diskoetan idazteko berariazko errotulagailuak.
  • Ez jo, ez erabili horietan objektu zorrotzak.
  • Ez itsatsi etiketarik horien gainean; itsatsi baduzu, ez bereizi. Badira CD diskoetan itsasteko berariazko eranskinak.
  • Hatz markarik bertan ez uzteko, heldu diskoa ertzetatik.
  • Garbitzean, ez erabili disolbatzailerik edo sustantzia erasokorrik. Disko horiek garbitzeko tresnarik egokiena betaurrekoak garbitzeko oihala da.
  • Ez igurtzi biribilean, erradioen norabideetan baizik: horrela, arraia edo arrastorik eragiten bazaio, eragin txikiagoa izango du.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • 12 CD-R grabagarri aztertu dira oraingoan, horietako zortzi datuak maneiatzekoak eta beste lauak, audiokoak. Datuetakoak, batez beste, euro bana kostatzen dira; audiokoak, aldiz, 2,20 euro.
  • Behin bakarrik graba daitezke disko horiek, CD-RW edo birgrabagarriak ez bezala.
  • Batzuk eta besteen arteko funtsezko aldea sortu direneko egitura bada ere, erabiltzaileak daukan grabazioko software-ak CD diskoak egitura batekin edo bestearekin sortzea ahalbideratzen du. Datuetako CD-R izenekoetan musika grabatzeko aukera balegokeen arren (erabiltzaileak daukan audio edo informatika-horniduraren arabera), zuhurrena da datuetako CD-R diskoak datuekin erabiltzea eta audioko CD-R izenekoak, musikarekin.
  • Kontsumitzaileari eskaintzen zaion informazioa onartzeko modukoa da, baina ez oso homogeneoa: hutsuneak ditu eta azalpenen bat ingelesez bakarrik dator.
  • Azterturiko CD-R guztien gaitasun edo edukiera berbera da: datuetakoek 700 MB edo 80 minutu adierazten dute; audiokoek, 80 minutu.
  • CD-R beltz, urre koloreko eta urdin-ilunei iraunkortasun handiagoa aitortzen zaien arren, kolorea ez da CD-aren iraunkortasuna bermatzen edo baldintzatzen duen faktore bakarra.
  • Grabatzeko abiadura, berriz, (LACIE/CDBP-241040s grabagailuarekin) berdintsua izan zen audioko lau laginetan baina ez datuetako CD diskoetan: TDK, Sony, HP, Traxdata eta Verbatim laginek 3 minutu aski izan zuten datuz betetzeko, Fuji eta Basf/Emtec laginek beste minutu erdi bat eta Hi Space laginak, lau minutu eta erdi.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena (datuentzako diskoetan) Verbatim Metal Azo (0,77 euro) laginak erakutsi zuen; audio alorrekoetan, aldiz, TDK CD-RA-XG X Reflex (2,28 euro) diskoak. Hi Space kalitate handiko produktua da, karbonozko estalkiak ematen dizkion berezitasunei esker.
CD-R (DATUAK) I
Marka TDK SONY HP TRAXDATA
Modeloa TDK CD-R80 X REFLEX ULTRA SONY CDQ-80N1 SUPREMAS HP INVENT HP CD-R TRAXDATA GOLD 16X
Edukiera
700 MB/80 MIN 700 MB 700 MB 80 MIN
Prezioa (euros aleko)
1,04 0,95 0,72 0,95
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa
Argibideak, ikurrak egokia egokia egokia ez da egokia
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak egokia egokia ez da egokia ez da egokia
Bermea egokia ez da egokia ez da egokia ez da egokia
Ezaugarri teknikoak
Idazteko abiadura X16 X16 X16 X16
Formateatuak bai bai bai bai
Aurrealdeko geruzaren kolorea zuria Zilar kolorekoa zuria urre kolorekoa
Atzealdeko geruzaren kolorea urdin-berdea urre kolorekoa urre kolorekoa urdin-berdea
AErabiltzeko egokitasuna
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak oso ongi ongi gaizki gaizki
Ezaugarriak CD-an markatzea normal normal normal ongi
Bilgarri eta CD-ko informazioa: erlazioa normal normal normal ongi
Grabagailua berrestea ongi ongi ongi ongi
Grabazioa oso ongi oso ongi oso ongi oso ongi
Proba klimatikoak (-20ºC eta 60ºC) ongi ongi ongi ongi
Sendotasuna (1,5 metrotatiko erorikoak) ongi ongi ongi ongi
Itsatsitako etiketa bereiztea ongi normal ongi ongi
Errotulazioa ongi normal ongi ongi
Osoko balorazioa
ongi ongi normal normal
CD-R (DATUAK) II
Marka VERBATIM FUJIFILM BASF/EMTEC HI SPACE
Modeloa VERBATIM METAL AZO 16X MULTISPEED 12X BASF 12X UV PROTECTION
Edukiera
700 MB 700 MB 80 MIN/700 MB 80 MIN/700 MB
Prezioa (euros aleko)
0,77 1,17 1,04 1,19
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa
Argibideak, ikurrak egokia egokia egokia egokia
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak egokia egokia egokia egokia
Bermea egokia ez da egokia ez da egokia ez da egokia
Ezaugarri teknikoak
Idazteko abiadura X16 X12 X12
Formateatuak bai bai bai bai
Aurrealdeko geruzaren kolorea zuria Zilar kolorekoa Geruzarik gabe -CD zilar kolorekoa beltza
Atzealdeko geruzaren kolorea urdin-iluna urre kolorekoa urre kolorekoa beltza
Erabiltzeko egokitasuna
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak ongi ongi ongi oso ongi
Ezaugarriak CD-an markatzea ongi ongi ongi normal
Bilgarri eta CD-ko informazioa: erlazioa ongi ongi ongi normal
Grabagailua berrestea ongi ongi ongi ongi
Grabazioa oso ongi ongi ongi normal
Proba klimatikoak (-20ºC eta 60ºC) ongi ongi ongi ongi
Sendotasuna (1,5 metrotatiko erorikoak) ongi ongi ongi ongi
Itsatsitako etiketa bereiztea gaizki normal ongi norma
Errotulazioa ongi ongi normal normal
Osoko balorazioa
ongi ongi ongi ongi
CD-R (AUDIO)
Marka TDK SONY EMTEC FUJIFILM
Modeloa TDK CD-RA-XG X REFLEX SONY CD-RA EMTEC CD-RA MAXIMA FUJIFILM CD-RA
Edukiera
80 MIN 80 MIN 80 MIN 80 MIN
Prezioa (euros aleko)
2,28 2,55 1,95 2,03
Kontsumitzailea- rentzako informazio eta babesa
Argibideak, ikurrak egokia egokia egokia egokia
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak egokia egokia egokia egokia
Bermea ez da egokia ez da egokia ez da egokia ez da egokia
Ezaugarri teknikoak
Idazteko abiadura bai bai
Formateatuak bai bai bai bai
Aurrealdeko geruzaren kolorea zuria Zilar kolorekoa Geruzarik gabe -CD zilar kolorekoa Zilar kolorekoa
Atzealdeko geruzaren kolorea urdinxka urdin-berdea urre kolorekoa urre kolorekoa
Erabiltzeko egokitasuna
Erabili, mantendu eta garbitzeko aholkuak ongi ongi ongi ongi
Ezaugarriak CD-an markatzea normal normal normal normal
Bilgarriko eta CD-ko informazioa: erlazioa normal normal normal normal
Grabagailua berrestea ongi ongi ongi ongi
Grabazioa ongi ongi ongi ongi
Proba klimatikoak (-20ºC eta 60ºC) ongi ongi ongi ongi
Sendotasuna (1,5 metrotatiko erorikoak) ongi ongi ongi normal
Etiketa bereiztea ongi ongi gaizki gaizki
Errotulazioa ongi ongi normal ongi
Osoko balorazioa
ongi ongi normal normal

1.- RCA-Bideoaren irteerarako ez du konexiorik

Banan-banan

Hamabi CD-R grabagarriak, banan-banan

VERBATIM METAL AZO 16X (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 0,77 euro kostatzen da alea.
  • Bigarren merkeena, kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena, datuak maneiatzeko CD diskoetan. Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Asetzeko moduko bermea eskaintzen duen bakarra da hau. Adierazitako abiadura:16X. Aurrealdearen kolorea: urdin-iluna. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Nabarmentzekoa, grabatzeko abiadura. Etiketa bereizi ondoren, diskoa baliogabeturik geratu zen.

HI SPACE UV PROTECTION (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 1,19 euro kostatzen da alea.
  • Datuak grabatzeko CD diskoetan garestiena. Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar, ez du asetzeko moduko bermerik eskaintzen. Idazteko abiadura ez du adierazten. CD diskoaren kolorea: beltza. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Nabarmentzekoa, erabili eta mantentzeko argibideak. Grabatzean, abiadura motelenekoa (4,5 minutu). Etiketa bereizteko eta diskoa errotulatzeko probetan, erdipurdikoa baino ez.

SONY CDQ-80N1 SUPREMAS (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 0,95 euro kostatzen da alea.
  • Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez. Adierazitako abiadura: 16X. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Nabarmentzekoa, grabatzeko abiadura. diskoaren ezaugarrien adierazpena, bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioa, etiketa bereizteko eta diskoan idazteko probetan, erdipurdikoa baino ez.

TDK CD-R80 X REFLEX ULTRA (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 1,04 euro kostatzen da alea.
  • Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez. Adierazitako abiadura: 16X. CD diskoaren aurrealdea, urdin-berdea. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Nabarmentzekoa, erabili eta mantentzeko argibideak eta grabatzeko abiadura. CD-aren ezaugarrien adierazpena, bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioa, erdipurdikoa baino ez.

BASF/EMTEC BASF 12X (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 1,04 euro kostatzen da alea.
  • Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez du. Adierazitako abiadura: 12X. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Azterturiko alderdi guztiak nabarmentzekoak dira, salbuespen bakar batez: diskoan idazteko proba.

FUJIFILM MULTISPEED 12X (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 1,17 euro kostatzen da alea.
  • Datuetako CD diskoetan bigarren garestiena. Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez. Adierazitako abiadura: 12X. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Balorazio onak ia parametro guztietan; etiketa itsatsi eta bereizteko proban, kalterik jasan bai, baina operatibo iraun zuen.

HP INVENT HP CD-R (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 0,72 euro kostatzen da alea.
  • Denetan merkeena. Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Ez berme-adierazpenik, ez erabili eta mantentzeko argibiderik gaztelaniaz (ingelesez bakarrik datoz). Adierazitako abiadura: 16X. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: normala, argibiderik ez izatearren CD-aren ezaugarrien adierazpenagatik, eta bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioagatik. Grabatzeko abiaduran, oso ongi.

AXDATA GOLD 16X (DATUAK GRABATZEKOAK)

  • 0,95 euro kostatzen da alea.
  • Etiketa ez dago zuzen: fabrikatzailearen edo inportatzailearen datuak ez dira agertzen, eta adierazpenen bat ingelesez dakar. Gainera, ez du erabiltzeko eta mantentzeko argibiderik, ezta bermerik ere. Adierazitako abiadura: 16X. CD diskoaren aurrealdea, urdin-berdea. Erabiltzeko egokitasuna: normala, argibiderik ez dakarrelako. Grabatzeko abiadura, oso ongi.

TDK CD-RA-XG X REFLEX (AUDIOKO CD-R)

  • 2,28 euro kostatzen da alea.
  • Bigarren garestiena, baina kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar; ez berme-adierazpenik, ez eta idazteko abiadurarik. CD diskoaren aurrealdea, urdinxka. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Asetzeko moduko balorazioak: CD-aren ezaugarrien adierazpena eta bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioa.

SONY CD-RA (AUDIOKO CD-R)

  • 2,55 euro kostatzen da alea.
  • Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez, idazteko abiadurarik ez. CD diskoaren aurrealdea, urdin-berdea. Erabiltzeko egokitasuna: ona. Alderdi guztietan asetzeko moduko balorazioak, CD-aren ezaugarrien adierazpenean eta bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioan.

EMTEC CD-RA MAXIMA (AUDIOKO CD-R)

  • 1,95 euro kostatzen da alea.
  • Audioko CD diskoetan merkeena. Etiketak azalpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez, idazteko abiadurarik ez. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: normala. CD-aren ezaugarrien adierazpena, bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioa eta errotulazio probaren emaitza ez ziren asetzeko modukoak izan. Itsatsitako etiketa bereizi ondoren, diskoa erabat erabiltezin geratu zen.

FUJIFILM CD-RA (AUDIOKO CD-R)

  • 2,03 euro kostatzen da alea.
  • Etiketak adierazpenen bat ingelesez dakar. Berme-adierazpenik ez, idazteko abiadurarik ez. CD diskoaren aurrealdea, urre kolorekoa. Erabiltzeko egokitasuna: normala. CD-aren ezaugarrien adierazpena, bilgarriko eta CD-ko informazioen arteko erlazioa eta errotulazio probaren emaitza ez ziren asetzeko modukoak izan.