Psikologoarengana, zergatik, noiz eta zertara?
Gehienontzat nahiko erraza izaten da medikuarenera noiz joan behar dugun jakitea. Hala ere, zalantzak eta erreparoak izaten ditugu oraindik psikologoarengana joateko, oraindik ere pisua baitu, itxuraz, zorozain deiturak. Horregatik, psikologoarenera joatea kontrolatu edo konpondu ezindako buruko arazo larriak dituela aitortzearen pareko da oraindik askorentzat. Psikologoarenera lasai joateko beste oztopo bat ezezagun bati norbere arazorik barrukoenak esateko erreparoa izan ohi da. Trantze latz bihurtzen da garen bezalako agertzea, hainbeste urtez ezkutatu edo disimulatu ditugun frustrazio, obsesio, konplexu, segurtasun falta edo ahuldadeez hitz egitea, gure buruko indarra, zentzua edo buru-argitasuna auzitan jartzea eta ia-ia inoren mende geratzea, espezialista baten iritziaren mende jartzea -espezialista horrentzat kasu bat besterik izango ez garela, gainera- eta beldurra edo areago, izua eragin diezaguke. Eta horrela, arrazoi batzuengatik edo besteengatik, eta barru-barruan zerbaitek laguntza espezializatuaren beharrean gaudela eta etxekoei eta adiskideei gure arazoak kontatzea aski ez dela esaten digun arren, larregi atzeratzen dugu psikologoarenean hitzordua hartzea eta gehiago ezin dugunean eta sufrimendu eta ezegonkortasun psikologikoaren sintomak amesgaizto bihurtzen direnean joaten gara. Atzerapen hori urte bat baino gehiagokoa edo urte luzetakoa ere izan daiteke eta horrek larriagotu egin dezake garaiz hartuta erraz konpon zitekeen arazoa.
Lagun diezagukeen espezialista
Psikologoa profesional espezializatua da, giza portaeraren arloko zientzialaria. Bizitzako une zail batean dauden pertsonekin edo espezialista baten analisia eta aholkularitza -eta batzuetan laguntza, konplizitatea eta sostengua- behar duten pertsonekin lan egiten dute egunero. Psikologoak tresna metodologikoak eta teknikak izaten ditu bere bezeroen ebaluazioa egin, diagnostikoa finkatu eta arazoei aurre egiteko tratamendua proposatzeko eta bere ondoezaren zergatiak ulertzen laguntzeko. Baina gizakien buruaren arloko espezialista hauek ez dira egoera kritikoetan bakarrik baliagarri; aitzitik, arazoak prebenitzeko bitartekoak eta estrategiak eskaintzen dituzte, eguneroko bizitzan egonkor eta indartsuago egoten lagunduko digutenak.
Ñabardura bat: kontsultan ez da ezinbestekoa lehen unetik gure barne-mundua irekitzea; espezialistari noiz eta zer kontatu erabakitzea norbere esku dago. Psikologoak gure barne-gatazkaren ezaugarriak eta norainokoa ezagutu ditzan beharrezko den inplikazio eta egiazaletasun prozesuaren erritmoa bezeroak berak ezar dezake eta gertatzen zaiona espezialistari kontatzeko, beharrak edo erabaki pertsonalak eramango du horretara. Komunikazio emankor hori, espezialistak konfidentzialtasuna eta ulermena bermatzen dizkigula ikusten dugunean sortzen den konfiantza eta segurtasuna giroaren ondorioz etorri ohi da. Eta gure sentsibilitatea zaurituko duen epairik emango ez duela dakigunean. Lehen inpresioak, entzuten digutela eta errespetatuak eta teknikoki ongi hartuak sentitzeak eta horrekin batera psikologiaren izaerarekin eta haren metodo eta terapiekin “konektatu izanak” erabakiko du hein handi batean pazienteak espezialista hori aukeratzea eta areago, hasi beharreko lan terapeutikoaren arrakasta bera ere.
Denborak ez du ezer konpontzen
Arazo batek edo gehiagok gure bizitza blokeatu egiten duela eta sentsazio desatseginez betetzen duela eta bizitzaren alderdi positibo eta atseginak gozatzea eragozten digutela sentitzen dugunean, psikologoarenera joatea komeni izaten da. Laguntzarik behar ez dugun ustearekin, “oraingo hau gainditzeko” gai izango garela uste izaten dugu eta lasaitu eta denbora hartzea besterik ez dugula behar. Baina oker gaude: denborak ez du ezer konpontzen. Besterik da arazoak konpontzen lagunduko diguten portaerak saiatzeko asteak edo hilabeteak behar izatea.
Eskatzea ematea bezain beharrezkoa da: txanpon beraren alde biak dira, bizitzaren alde biak. Ez ditzagun nahastu norbere bizitza gestionatzeko autonomia eta ekintza horiek ongi burutzeko beste norbaiten laguntza eskatzeari uko egitea. Psikologoa ez da gure psikeko gaitzak sendatzen dituen aztia, aholkulari eta laguntzaile gisa jarduten duen buru-osasunaren arloko aditua baizik, horrenbeste desiraturiko segurtasuna eta egonkortasuna lor ditzagun (beti geuregatik eta geure baitatik abiatuta) laguntzen saiatuko dena; eta konponbideak bilatzeko bereizketa-gaitasun hobea eta gure buruarekiko estimua handitzen lagunduko diguna.
- Tristura, apatia eta ilusiorik eza estutzen hasi zaizkigula sentitzen dugunean eta gure bizitzak zentzurik ez duela dioen mezu okerra sentitzen hasten garenean.
- Beltzak edo grisak gure bizitza sarri lausotzen dutenean eta eguneroko bizitzan ezer positiborik aurkitzeko gauza ez garenean.
- Inguruko guztia mehatxu iruditu eta bakarrik sentitzen garenean edo inork ulertzen ez gaituela edo jaramonik egiten ez digutela sentitzen dugunean.
- Zoritxarra gure inguruan dabilela eta dena gaizki ateratzen zaigula eta gauzak ez direla hobetuko sinesten hasten garenean.
- Kalera ateratzeko, beste pertsona batzuekin harremanak izateko, toki itxi batean egoteko, jendaurrean hitz egiteko, bidaiak egiteko eta abarretarako beldurrak harrapaturik gauzkanean. Hau da, beldurrak edo segurtasunik ezak gure gaitasunak garatzea eta pertsonez, animaliez eta gauzez gozatzea eragozten digutenean.
- Gaixotasun larriren bat izateko edo horrelakoren bat harrapatzeko obsesioaren eraginez jokaera arraro eta errepikakorrak ditugunean, antsietaterik gabe jokaera horiek uzterik lortzen ez badugu.
- “Nerbioak hautsita” ditugula sentitzen dugunean eta ia edozein egoerak kontrola galtzea eragin eta agresibitatez edo negar kontsolaezinez baino erantzun ezin dugunean.
- Erretzea, edatea edo bestelako drogaren bat hartzea, jokoa… adikzio bihurtu zaizkigula, hortik ezin garela atera eta geure bizitzan edo ingurukoenean kalte handia egiten duela ohartzen garenean.
- Estresa bere sintoma psikosomatikoak erakusten hasten denean: insomnioa, digestio arazoak, arazo kardiobaskularrak, sexu arazoak……
- Antsietatea eguneroko eta etengabeko kontua denean eta horrek pentsamendu baikorrari eta jokaera lasaiari eusteko eta eguneroko gauza txikiez gozatzeko beharrezko den egonkortasun eta lasaitasuna eragozten dituenean.
- Isiltasunak, purrustadek eta garrasiek elkarrizketa ordezkatzen dutenean eta komunikazio arazoek besteekiko harremana oztopatzen dutenean.
- Sexu-arazoak azaleratzen direnean eta inpotentziak, desiorik edo sentsazio erotikorik ezak eta, batez ere, gure maitearekin gozatu eta komunikatzeko ezintasunak eragindako angustia bizi dugunean.