Izatezko senar-emazte eta bestelako bikoteak

Aldeak murriztuz doaz

Alor ekonomikoan (pentsioak, herentziak, etab.) diraute oraino alderik larrienek
1 martxoa de 2002
Img informe listado 110

Aldeak murriztuz doaz

Legezko matrimonioak eta izatezko bikoteak maila berekotzat jo behar diren ala ez: eztabaida sozial hori dela bide, gizarteko hainbat sektore -hiritar soilak zein juristak- bi alderditan banaturik daude. Arazoa, funtsez, bikotearen barne-barneko kontua den arren -eta esparru horretan Zuzenbideak errespetua agertu baizik ez duelarik-, horrelako bikoteak maila berdinekotzat hartzea dela eta, elkarren aurkako joerek borrokan dihardute, legeak arrazoia zeini emango. Sektore batzuen iritziz, ezkontzeko aukera izanik, izatezko bikote izatearen alde egitea senar-emazteen erregimenetik kanpo geratzearen pareko da, bai onerako (harremanetan zehar tramite gutxiago egin beharra) bai txarrerako (alargun- edo erretiro-pentsioa datorrenean).

Beste joera batzuen arabera, izatezko bikoteak familia babesgarritzat hartu behar dira. Izan ere, pixkanaka-pixkanaka aldaketa batzuk susmatzen hasiak gara alor horretan, hala nola horrelako bikoteen erregistroak sortzea: hauei esker, legezko eta izatezko senar-emazteen izaerak elkarrengana hurbildu egin dira. Nolanahi ere, oraindik ez da izatezko bikotea arautzen duen legerik; beste aldetik, bikotekide biak sexu desberdinekoak badira, hainbat efektutarako bederen, legez aintzat jotzen dira. Auzi zenbait gaur egun ere modu desberdinetan epaitzen diren arren -izaera ekonomikokoak batik bat: herentziak, konpentsazio-pentsioak, banantze kasuan etxebizitzaren erabilera, etab.-, izatezko bikoteek umeak adopzioan har ditzakete (baita homosexualen bikoteek, Nafarroan izen emanik baldin badaude). Legearen aurrean diskriminazio latzena jasan dutenak, hain zuzen ere, sexu bereko kidez osaturiko bikoteak dira: elkarrekin ezkontzeko aukerarik ez dute (Espainiako Konstituzioaren arabera, gizasemea emakume bakarrarekin eta emakumea gizaseme bakarrarekin ezkon daiteke), eta ezin izan ditzakete izatezko bikoteen hainbat erregistrotan izen emanik dauden bikote heterosexualek bezalako eskubideak, gainera.

Erregimen desberdinak

  • Matri- monioak. Honen indarraldian efektu guztiak aurreikusiak ditu Legeak: senar-emazteen eskubide eta betebeharrak, erregimen ekonomikoa, senar-emazteen famili etxebizitza eta kargak, alarguntze pentsioa, gizarte segurantza, ondorengotza eskubideak, adopzioa, etab.; baita, banantze-kasuan, gertatu behar duena ere (etxebizitzaren erabilera nori dagokion, konpentsazio pentsioa, erregimen ekonomikoa xedatzea…).
  • Izatezko bikotea. Espainiako Epaitegi Gorenak, 1992 urtean, izatezko bikoteak definitu zituen: “… egunez egun eta urtez urte mantendutako erregimen egonkorrean, kanpora begira eta publikoki garatu beharreko bizimoduan, bi pertsonek elkar harturik elkarrekin bizitzea da, etxe beraren baitan interes eta helburu komunak sor daitezen moduz…”. Berariazko legea onetsi duten autonomi erkidegoetan izan ezik, eskubide eta betebeharrak ez dira bat ere zehazki agertzen; areago, zenbaitetan, ezin da inola ere aurreikusi gertatu behar duena. Berariaz eginiko itunik edo aferen gorabeherak xedatzen dituen arau berezirik ezean, gertatzen diren arazoak epaitegiek konpondu behar izaten dituzte: horixe da, azkenean, alor juridikoan segurantziarik ez izatea. Badu abantailarik, dena den: harreman honen sorrera edo hasiera egiaztatzeko ez da bide berezirik hartu behar, ezta zertan prozedura judizialera jo, amaiera emateko ere.
  • Nolanahi ere, Estatu espainiarreko arautegiak gaur egun horrelako bikoteei aitortzen dizkien eskubideen subjektu izateko, bi kideak elkarrekin eta modu iraunkorrean bizi direla egiaztatu beharra dago: lekukoen adierazpenen bidez, udaleko erroldaren egiaztagiria edo gastu komunen fakturak aurkeztuz… Autonomia erkidegoetako legerian baliteke notarioaren aurrean eginiko adierazpena nahitaez aurkeztea edo erregistro jakin batean izen ematea. Izan ere, hamaika udaletan sortu dira izatezko bikoteen erregistroak, gerora bikoteko kideek elkarrekin bizi izan direla egiaztatu ahal izateko.

Bikoteen erregistroak

Legeztaturik ez dauden bikoteek nozitzen duten diskriminazioa ezabatzeko lehen urratsa, bikoteen erregistroak sortzea izan zelarik, horrelakoak berrehunetik gora dira egun Estatu espainiarrean: erregistro horietan, bi pertsonek (are sexu berekoak izaki) eman dezakete izena ezkontzaz bestelako lokarrien bitartez elkarturik bizi direnean. Horiei esker, Administrazio lokaletik gainontzeko senar-emazteek bezalako eskubideak izatea erdiesten dute hainbat alorretan: dirulaguntzak, etxebizitza publikoak, bekak, zerga-salbuespenak, etab. Neurri hori aurrerabide handia izan zen ezkondurik ez dauden bikoteei zor zaizkien eskubideak aitortzeko bide luzean.

Erkidego aitzindariak Estatu espainiarrean

Kolektibo ugarik eginiko eskaerak bultzaturik, egun Estatu espainiarreko sei erkidegotan -Aragoi, Madril, Nafarroa, Katalunia, Valentzia eta Balearretan- Izatezko Bikoteen Legea arautu da. Testu horiek ezkontza bitartezko eta izatezko bikoteak maila berdinean ezartzen dituzte erkidego bakoitzari dagokion zuzenbide publikoaren alorrean, Estatuari berariaz dagozkion gai guztiak (pentsioak, herentziak, etab.) kanpo utzirik.

Lege horietako lehena Katalunian onetsi zen, 1998ko urrian. Bertako Bikoteen elkartze iraunkorren Legeak horrelako bikoteen eskubide eta betebeharrak arautzeaz gainera, homosexual zein heterosexualei heredatzeko eskubide berberak aitortzen dizkie, esate baterako. Aragoik 1999ko martxoan ezkondurik ez zeuden bikote iraunkorrentzako legea sortu zuen: testu horrek ere aitortzen ditu eskubide eta betebeharrak, baina sexu bereko zein desberdineko kideak izan, bikote guztiak batera eta berdin tratatzen ditu. Nafarroak 2000ko uztailean onetsi zuen Estatu espainolean dagoen legerik aurreratuena, Bikote Iraunkorren Berdintasun Juridikoari buruzko Foru Legea, alegia: sexu bereko kideez osaturiko bikoteek haurrak adoptatzeko aukera dute, estreinakoz. Valentzia Erkidegoak 2001eko martxoan onetsi zuen izatezko bikoteen legeak, erregistroan izena emanik dauden bikoteei -kideak urtebete gutxienez elkarrekin bizi baldin badira- ezkondutako senar-emazteei bezalako eskubideak aitortzen dizkie, erkidegoko Administrazioarekiko harremanetan. Madrilgo batzarrak 2001eko abenduan Izatezko Bikoteen Legea onetsi zuen, bikoteko kideei elkarrekin bizitzeko erregimena, erabaki ekonomikoak eta haustura kasuan ordaindu beharreko konpentsazioak kontratu pribatuan jasotzeko aukera ematen die eta, beste aldetik, izatezko bikoteak familia direla aitortzeari saihets egiten dio, izatezko bikoteei adoptatzeko edo jasotzeko eskubidea kontuan hartzen ez dielarik. Aurtengo urtarrilean indarrean sartu zen Uharte Balearretan Bikote Egonkorren Legea: honek, indarrean dauden beste legeek ez bezala, bikoteen errealitatea egiaztatzeko ez die eskatzen bikoteko kideei aurretiaz elkarrekin bizi izana. Beste hainbat autonomiak -Andaluzia, Asturias, Kanariak edo EAE, adibidez- era guztietako bikoteei eskubide berberak aitortuko dizkien legea tramitatzen hasiko direla iragarri dute. Gaztela-Mantxak, Andaluziak eta Extremadurak badute dagoeneko erkidegoko erregistroa.

Ezkondutako senar-emazteak eta izatezko bikoteak: aldeak

Hainbat gaitan (haurren zaintza, elikadura-pentsioa, bisita erregimena, ezkontideen etxebizitzaren erabilera, etab) ezkondu gabeko bikoteetan gertatzen diren arazoei buruzko epaiak emateko unean epaitegiek analogia aplikatu izan dute. Beste hainbatetan, aldiz (konpentsazio pentsioa, elkarrekin bizi izateagatiko indemnizazioa edo, bi kideak elkarrekin bizi zirela eskuratutako ondasunen kitapena, adibidez), bestelako irizpideak erakutsi dituzte. Estatu espainiarreko Epaitegi Gorenak jokamolde hori bidezkotzat jo zuen: “Ezkontzeko aukera izanik izatez bakarrik elkartu zirenek, ezkontza-diziplinatik at geratzeko jardun ziren horrela” -argudiatzen du Espainiako organo horrek-. Beraz, ezkontza bidez osatutako familia bezain babesgarria bada ere, izatezko bikoteen egoera ez da legezko matrimonioaren baliokide edo pareko.” Horrela bada, hausturaren ondorioz hartutako neurri ekonomikoek eragin ditzaketen balizko liskarrak banan-banan aztertzen dira, ganantzialen elkartea badenik gogoan izateke. Horrenbestez, horrelako arazoei aplika dakiekeen teoria juridikoa jeneralizatzea ez da kontu samurra.

Herentziak

  • Testamenturik ez denean:

    • Izatezko bikoteetan alargunak ez du herentziarik. Ezkontza bidezko bikoteetan, alargundu den ezkontideak portzentajea heredatzen du: ondasun guztien herenetik erdia bitartera, legezko beste ondorengorik izatearen arabera (zendutakoaren gurasoak edo seme-alabak, adibidez).
    • Seme-alabarik baldin bada: izatezko bikoteetan, seme-alabek herentzia osoa heredatzen dute; matrimonioetako seme-alabek heredatzen dutena, berriz, ondasun osoa ken herentziaren heren baten usufruktua da, zati hori alargundu den kidearentzat geratzen baita.
    • Seme-alabarik ez denean: izatezko bikoteetan, seme-alabarik ez baina guraso edo arbasorik baldin bada, ondasun osoa gurasoek heredatzen dute. Ohiko etxebizitza bikotearen ondasun komuna denean, zendutakoaren gurasoek etxebizitza horren jabetzaren erdia heredatuko dute. Etxebizitzaren jabea zendutakoa bakarrik denean, bere gurasoak izango dira aurrerantzean horren jabeak. Matrimonioetan, seme-alabarik ez baina guraso edo arbasorik baldin bada, gurasoek jasoko dute herentzia, alargundutako ezkontideari ondasunen erdiaren usufruktuaz gozatzeko eskubidea errespetatuz.
    • Arbaso zein ondorengorik ez denean, izatezko bikoteen kasuan anai-arrebek eta ilobek heredatzen dute; matrimonioetan, berriz, ezkontideak heredatzen du dena.
  • Testamentua egina dagoenean:

    • Seme-alabarik baldin bada: izatezko bikoteetan, zendu den seme-alaba baten ordezkaritzan seme-alaba edo lobarik baldin bada, zenduaren bikote-kideak ondasun guztien herena heredatzeko eskubidea du, testamentuan berariaz horrela agertzen bada. Gainerako bi herenak, legez, seme-alabentzat dira. Matrimonioetan, zendu den seme-alaba baten ordezkaritzan seme-alaba edo lobarik baldin bada, testamentuan berariaz horrela agertzen denean, zenduaren bikote-kideak ondasun guztien herena gehi beste herenaren usufruktua hereda dezake. Gainerakoa, legez, seme-alabentzako da.
    • Seme-alabarik ez denean: zendutakoaren gurasoek ondasunen erdia jasotzeko eskubidea dute; eskubide hau, testamentua egiten bada ere, errespetatu beharra dago. Beste erdia libre xedatzekoa denez, zendutakoaren bikotekidearentzat izan daiteke. Matrimonioetan, gurasorik bai baina seme-alabarik ez denean, guraso horiek herentziaren herena jasotzeko eskubidea dute. Ezkontidea, gainontzeko bi herenen heredero izendatua izan daiteke.
    • Izatezko bikoteetan, testamentu-egileak bere izatezko ezkontidea izenda dezake ondasun guztien heredero, baldin eta ondorengorik eta arbasorik (espainiar legeak aiton-amonak sartzen ditu hor) ez bada. Matrimonioetan, ondorengorik eta arbasorik (hemen ere, espainiar legearen arabera aiton-amonak sartzen dira) ez denean, testamentu-egileak askatasun osoa du ezkontidea ondasun guztien heredero izendatzeko.

Izatezko bikoteen kideei, beraz, testamentua egitea komeni zaie. Beste aukera bat: bizitzan emakida egitea, legezko herederoen eta hartzekodunen eskubideak errespetatuz.

Erretiro-pentsioa

Ezkondutako pertsonak, ezkontidea bere kargura baldin badu, kobratzeko gutxienekoa areagotu egin dezake. Izatezko bikoteetan ez da horrelakorik.

Alarguntasun-pentsioa

Alargun ezkonduak jaso ditzake. Izatezko bikoteetan, kide bat hiltzen denean, besteak ez du deus kobratzen. Salbuespen bat, halaz ere: dibortzio legerik ez zela, ezkontzeko aukerarik ez zuelako izatezko bikotekide gisa bizi izan zen pertsonaren eskubidea.

Zergak

Matrimonioetan, pertsona fisikoen errentaren gaineko zergaren aitorpena kide bakoitzak bere aldetik edo biek batera egin dezakete. Horrelako aukerarik ez zaie ematen izatezko bikoteei: hauetako kide bakoitzak bere aldetik egin beharko du beti. Zerga jakinen batean beherapenik erdiesteko unean ere, izatezko bikotea ez du legeak aintzat hartzen. Nolanahi ere, izatezko bikoteek eta matrimonioek kenketa berberak izaten dituzte beren kargura dauzkaten seme-alabengatik; horrelakoetan, bikoteko kide bakoitzak, bereiz aplikatu beharko dio kenketaren erdia bere aitorpenari.

Osasun asistentzia

Espainiako Gizarte Segurantzaren Idazkaritza Nagusiak 1984an eman zuen ebazpenaren indarrez, ezkontide izan gabe ere, eskubidearen titularrarekin bizi den pertsonari eta honen seme-alabei osasun-asistentzia bermatu zitzaien, baldin eta, legez onuradun izan aurreko urte osoan gutxienez eta etenik gabe, haren lepotik bizi izan direla frogatzen badute.

Banantzea

Haustura gertatzen denean hainbat arazo berezi jazotzen dira. Horietako bat, arrunt samarra, etxebizitzaren erabileraz gozatzen bi kideetako bakarrak segitu ahal izatea da. Matrimonioen kasuan, egoera gehien-gehienetan hartu beharreko neurriak zehazki mugatuak ditu legeak. Ezkondu gabeko bikoteei dagokienez, ez da beste horrenbeste gertatzen. Izatezko bikoteen hausturak Estatu osorako legeria bakarra ez duenez, balizko liskarrei konponbidea ematea benetan kontu zaila bihurtzen da.

Konpentsazio pentsioa. Bikotea osatzen duten bi kideetako batek, etxe-giroaren eta seme-alaben mesedetarako, bere lanbidea bertan behera uzten badu, harremana amaitzean horren ahalegina ez da inola ere konpentsatuko: legeak, izan ere, ez du aurreikusia beste kasu zenbaitetan indarrean dagoen konpentsazio pentsioaren parekorik (adibidez, dibortzioa gertatzean, bi ezkontideen artean desoreka ekonomikoa denean).

Etxebizitza. Matrimonioei dagokiela, babesaren premiarik larriena duen alderdiaren eskuetan uzten du legeak etxebizitza. Estatuko legerian, izatezko bikotekide biak akordio batera ez iristekotan, printzipioz jabeak (bakarra baldin bada) izango du lehentasuna. Jabeak bi kideak badira ez dute zatiezintasun hori mantentzeko obligaziorik eta, hortaz, titulartasun komunaren amaiera eskatu ahal izango dute judizialki.

Kide homosexualek osatutako bikoteak

Oraingoz behintzat, espainiar Estatuan eta ingurune kultural honetako herrialde gehienetan, homosexualek osaturiko bikoteek ez dute matrimonioa sortzeko eskubiderik. Espainiako Konstituzioak emakumeari eta gizonezkoari ezkontzeko eskubidea aitortzen dien arren, indarreko legeriak sexu bereko bi pertsonei elkarrekin ezkontzerik ez die baimentzen. Matrimonioa galarazten duena ez da orientazio sexuala, izaera sexuala baizik: sexu bereko bi pertsonek ezin sor dezakete matrimonioa. Askatasuna, berdintasuna, nortasuna askatasunez garatzeko eskubidea eta intimitatea bermatzeko funtsezko eskubidea espainolen printzipio konstituzionalak dira eta, halakotzat, sexualitatearen alorra babesten dutenez, orientazio sexualagatiko diskriminazioa galarazi egin beharko lukete. Baina jurista gehienen iritzia ez da hori. Tratu desberdina jasotzea zuritzen omen duen arrazoietako bat, seme-alabak ekartzeko ezintasuna da. Halaz ere, Estatu espainolaren ordenamenduaren arabera, matrimonioa osatzeko eragozpenen artean dagoeneko ez dago ezkongaien inpotentzia, ezta sexu-organorik ez edukitzea ere.

Bikote homosexualen aitorpen juridikoak lehen pausoak eman berri ditu, poliki-poliki Espainian, baina funtsezko eztabaida ez da ezkontzeko eskubidea nork duen, oinarrizko beste bat baizik: homosexualen bikoteak izatezko bikoteen parekotzat aitortuak izatea eta, horrenbestez, familia babesgarriaren status horretaz gozatzea. Hiriko Ondasunen Alokairuaren Legea da biak baliokidetzat hartu dituen aurrena, etxebizitzen alokairuetan mortis causa subrogatzeko eskubidea aintzat hartu baitzuen. Printzipio horren arabera, errentamendu-kontratuaren titular zen izatezko bikote bateko kidea hildakoan, kontratuaren indarraldiak iraun dezake beste kidearen izenean, sexu orientazioak gorabehera. Erkidegoetan, Nafarroa da homosexualek osaturiko izatezko bikoteei adin txikikoak adoptatzeko eskubidea aitortu dien lehena.