Massanu Tanaka, Japoniako Ingurugiro Zuzendaria

"Datorren mendeko ingurugiro-arazorik larriena hondakinen gestioa izango da"

Massanu Tanakak, Japoniako Ingurugiro Zuzendariak eta arlo horretako mundu mailako aditu ezagunak, bere esperientzia azaldu dio CONSUMER aldizkariari Lurraren kontserbaziorako garrantzi handiko zenbait gairi buruz: hondakinen berreskurapena, birziklatzea eta teknologia garbiak.
1 noviembre de 1999
Img entrevista listado 115

Zure ustez, XXI. mendean zein izango da gizarteak ingurugiro arloan izango duen arazo nagusia?

Nire ikuspuntutik, mehatxurik nagusiena hondakinak izango dira, eta beraz, etorkizunari begira estrategikoa izango da hondakinen tratamendu eta gestiorako egitasmo orokor bat lantzen hastea. Pertsonok modu seguru, eroso eta osasungarriagoan bizi nahi izango dugu, baina horrek kostu handia izango du: ezinbestean gizarte industrializatuok zabor gehiago sortaraziko dugu eta hori egoki tratatu eta gestionatu beharko da.

Hala ere, hondakinen tratamenduak hainbat agenteren partaidetza eskatzen du eta kasu batzuetan, agente horien helburuak kontrajarriak izango dira. Nola aurre egin, beraz, zuk iragartzen duzun arazo handi horri?

Lehenik eta behin, gai honetan sartuta dauden sektoreek hitz egin behar dute: fabrikatzaileetatik hasi eta banatzaileetara, Administraziotik kontsumitzaileetara, guztiok jabetu behar dugu arazoaz, konponbiderik onenak aurkitu ahal izateko. Adibidez, fabrikatzaileek birziklatzen errazak diren produktuak egin beharko dituzte, bolumen txikiago eta enbalaje handirik gabe; izan ere, ez dugu ahaztu behar erabili eta askoz geroago ere iraun egiten dutela eta birziklatzea dela horien tratamendurako modurik egoki eta onuragarrienetakoa ingurugiroa babesteko. Gainera, gogoan izan behar dugu birziklapena guztiok, baina batez ere kontsumitzaileok, ordaintzen dugula.

Zenbat hondakin sortzen du pertsona batek etxean?

Ez da erraza zifrak ematea, baina orokorrean, hondakinen sorrera Barne Produktu Gordinarekin zuzenean erlazionaturik dagoela esaten da eta, beraz, zenbat eta BPG handiagoa, orduan eta zabor gehiago. Zifra orokorren arabera, ipar amerikar batek egunean bi kilo zabor sortzen ditu; hau da, Europako eta Japoniako batezbestekoa baino bat gehiago. Bistan denez, garatu gabeko herrialdeen kontsumo urriak hondakin gutxiago izatea eragiten du: 100 eta 500 gramo bitarte egunean pertsonako. Eta horrekin batera kontuan izan behar da gaur egun 6.000 milioi lagun bizi garela Lurrean eta hori kopuru kezkagarria dela. Eta arazoa ez da hor bukatzen! Etxeko zaborretatik datozen hondakinei industriak sortzen dituenak gehitu behar zaizkie: gutxi gora-behera, Japonian langileko 8 kilotik gora sortzen da egunean, hau da, etxean baino zazpi kilo gehiago.

Japonia oso herrialde jendetsua da. Zer egiten duzue hondakin kopuru izugarri hori tratatzeko?

Beste herrialde batzuekin konparatuta, munduko dentsitate-mailarik altuena du Japoniak eta, ondorioz, hondakinik gehien sortzen duen herrietako bat da, etxean zein industrian; zehazkiago esanda, urtean 403 milioi tona inguru. Hondakinen %13,6 birziklatu egiten da eta gainerakoa beste bide batzuen bidez tratatu, batez ere errausketa-planten bitartez, modurik higienikoena izateaz gain, energia sortzen duelako.

Hala ere, talde eta elkarte ekologistek diotenez, hiri-hondakin solidoak erraustea kaltegarria da ingurugiroarentzat.

Apurka-apurka, errausketa teknologia garbia izatea lortzen ari gara eta hori frogatzeko ikusi besterik ez dago prozesu horren ondorioz atmosferara botatzen denak egunean baino egunean toxikotasun gutxiago duela ingurugiroarentzat. Gainera, zer egin dezakegu hainbeste hondakin sortzen duen herrialde txiki batean? Suizak, Danimarkak edo Japoniak berak ere, ez dute hondakindegi handirik egokitzeko lekurik eta beraz, ez dugu hondakinak erretzea beste irtenbiderik. Baina, beti ere, jakina, konponbide egokiena bilketa selektiboa eta birziklatzea gehitzea dela ahaztu gabe eta arlo horietan bietan lanean ari gara.

Japonia guztian bilketa selektiboko politika bakarra ezartzen da?

Japonian udalek dute hondakinen bilketa selektibo eta errekuperazioaren eskuduntza eta eguneroko arazoetatik hurbilago egonik, arlo horretan eraginkorrago joka dezakete. Udal bakoitzak badaki udalerrian zein hondakin mota sortzen den gehien, badaki ehuneko jakin bat birziklatzeko zein gaitasun duen eta badaki eginkizun horretara zuzenduriko aurrekontua zenbatekoa den ere. Adibide gisa, gerta liteke Osakan aluminiozko latak birziklatzea eta Kyoton ez; baina Kyoton beira birziklatzeari emango diote lehentasuna. Hala ere, gure herrian bada beste agente aipagarri bat ere: bolondresak oso garrantzitsuak dira; birziklatzeko materiala biltzen dute, batez ere papera eta kartoia, badakitelako horrela euren herriari mesede egiten diotela, Japoniak hondakinen sorreran baitauka arazorik larrienetako bat.

Edozein herrialderentzat haurrak dira etorkizuna. Zure iritziz, zer eginkizun dute eskolek umeei birziklajearen kultura irakasterako?

Japoniako eskola guztietan papera eta kartoia biltzeko edukiontziak ezarri dira eta zenbaitetan beira, aluminioa eta altzairua ere biltzen dute ikasleek. Gainera, sei urtetik aurrera Ingurugiroa irakasgai izaten dute umeek, sinestuta baikaude umeen heziketa funtsezkoa dela etorkizunean baliabide naturalen gestio egokia bermatzeko. Hala ere, garbi utzi nahi nuke familiak izan behar duela umearen erreferentzia nagusia eta ingurugiroari buruzko baloreak transmititzeko eragile nagusia. Etxean gurasoek bilketa selektiboari dagokionez eredu ona ematen badute, garapen eutsigarrirako eta etorkizun garbiagorako bidean ez dugu hainbeste oztopo izango. Japonian gurasoengandik seme-alabengana transmititzen den esaera bat dugu: “Ez ezazu ezer alferrik galdu eta etorkizunean ez duzu premiarik izango”.