CONSUMERek 98an egin zuen ikerketa baten arabera, albistegiak urruti dabiltza herritarrentzat hurbileko diren gaietatik: osasuna, ingurugiroa, kontsumoa, kultura eta abarretik. Zergatik ez dute albistegiek zaletasun handiagoa eguneroko bizitzako gaiekiko?
Lehenik eta behin, telebista kateak, modu batera edo bestera enpresa pribatuak direlako: administrazio publikoek edo bestela nolabaiteko peaje politikoa ordaintzen duten administrazio kontseiluek zuzentzen dituzte. Horren ondorioz, informazio politikoak gainerako berriek baino garrantzi handiagoa izaten du. Izan ere, ezin dugu ahaztu politikariek eta euren irudi-aholkulariek kronometroa eskuan hartuta ikusten dituztela teleberriak, pantailan zenbat minutuz agertu diren neurtzeko. Horrela herritarrengan eragina dutela uste dute eta ez dira ohartzen askotan hobe dela pantailan agertu ere ez egitea, ahoa irekitzen duten bakoitzean beren irudia pobretu besterik ez baitute egiten.
Politikoek ez dute ulergarri egiten euren mezua; ikusleak orokortu egiten du hori eta azkenean berdin zaio bata zein bestea. Hala ere, gaur egun bada aholkulari multzo bat, herritarrentzat hurbileko albistegiak egin behar direla uste duena, erakargarriagoa egin eta erdian euren tesiaren aldeko mezuren bat sartzearen aldeko dena.
Telebistako albistegietan zergatik gero eta kiroletako berri gehiago?
Audientzia da horren arrazoia. Jendeak kirola nahi du, futbola, hobeto esanda. Datua hortxe dago: kirolak leku garrantzitsua lortu du albistegietan eta kirol-egunkariak espainiako prentsan liderrak dira. Bitxia da, baina duela hamabost urte albistegietan tantaka ematen ziren kirol berriak eta ikusleak gogotsu geratzen ziren, eta horregatik, albistegiek alde horretatik ahalegin handia egin dutela eta audientziaren eskaerara egokitu direla uste dut. Baina, seguruenik, futbolak larregiko nagusitasuna izango du beste kirol batzuen aldean.
Kirolzaleen %90 futbolzalea dela esan dezakegu eta kirolen atala kirol horrekin irekitzen ez bada, beste telebista kate batera alde egiten du ikusle askok.
Gertaerei buruzko berriek ere nahikoa leku hartzen dute albistegietan. Zer irizten diozu?
Bada, hori ere audientziarekiko zorra dela uste dut. Jendeak inoren arazoen berri jakin nahi du eta horiek ematen dituen albistegira joango da ikustera. Kirolaren aldean, gertaerei buruzko berriek interes ziklikoagoa izaten dute, eta hortxe dago aldea. Garai batzuetan puri-purian izaten dira eta beste garai batzuetan ez dira hain erakargarri gertatzen. Soziologoek izango dute, seguru asko, azalpenen bat, baina nire ustez, gertaerei buruzko berriek arrakasta handiagoa izaten dute egoera ekonomikoa latzagoa denean eta jendea auzoko gatazkekin entretenitu beharra dagoenean.
Nola sentitzen zara La 2 katean albistegia aurkeztean, albisteak aurkezteko moduak eta edukiak gainerako albistegiekin zerikusirik ez duela jakinda?
Oso sentsazio ona da. Lau urte daramatzagu albistegiak era horretara eginez eta gure balantzea positiboa da. Guri Televisión Españolak aproba egiten utzi zigun ( horregatik diot atxekipen handia katea honi); herritarrengandik, haren arazo, bidaia, kultura eta abarren oso hurbileko gaiekin esperimentatzen utzi zigun, prime time-ko ordutegian, telebista publiko batean baino egin ezin den eran. Gainera, ikusentzuleak modu egokian baloratzen gaitu eta izen handiko sariak ematen dizkigu; azken batean, pribilegio zentsazioa daukagu.
Zein da gauero Noticias de La 2 albistegia ikusten duen ikuslearen profila?
Egia esan ez daukagu datu asko horri buruz, baina badirudi batez ere hirikoa dela eta adin eta gizarte mailari dagokionez, oso heterogeneoa.
Zuen albistegia baino ikusten ez duen ikuslea munduan gertatu denaz ondo informaturik oheratzen al da?
Bai, jakina. Egunean zehar gertatu diren albiste nagusiak jorratzen ditugu guk, eta ikusleak Estatu Batuetan izan den gazteen azken asaltuaz edo uraren pribatizazioa onartu den jakinean izango da. Baina albiste horiek bakoitza bere neurrian ematen ditugu, telebistako denbora-tarteetara egokituta.
Minutu eta erdian albiste-egarria pizten dugu eta nahi duenak, biharamoneko egunkarietako informazio zabalagoarekin osatu ahal izango du albistea. Gure ikusentzulea egunean zehar munduan gertatu denaz informaturik dago eta horrez gain, badaki baleak iritsi direla Suzko Lurraldera, urteroko bidaian edo munduko errefuxiatuen aldeko diskoa kaleratu duela hainbat artistak.
Zer iritzi duzu albistegietako publizitateaz?
Inori ez zaio gustatzen publizitatea sartzeko albistegiak etetea, ezta katea pribatuetako profesionalei ere, batez ere horietan egiten den arren. Publizitateak eten egiten du informazioaren erritmoa eta gainera ezin dugu ahaztu mozketa hori gertatzen den bakoitzean milioi bat pertsonak utzi egiten diola katea ikusteari eta gero oso zaila dela ikusle horiek berreskuratzea.
Nazioarteko informazioa berri-agentzia handietatik iristen da oraindik?
Informazioarekin ekonomiarekin bezala gertatzen da: enpresak oso handiak ez diren artean, libremerkatua baliagarria eta bidezkoa da, baina sektore bereko enpresek bat egiten dutenean, ia guztia kontrolatzen duten erakunde handiak sortzen dira eta libremerkatua hautsi egiten dute.
Informazioarekin ere beste hainbeste gertatzen da. Mundu mailan komunikazio-enpresen holding handiak sortzen ari dira; horren eraginez mezuak edo albisteak lau leku jakinetatik iristen dira eta nazioarteko informazioa oso uniformea eta kontrolatua da.
Telebista publikoa beharrezkoa al da Espainian?
Telebista publikoa beharrezkoa da Espainian. Gaur egun Televisión Española hibridoa da, telebista komertzial eta telebista publikoaren arteko hibridoa, baina noizbaiten bereizi beharko da. Mezuak zabaltzea oso zeregin delikatua da eta lan hori interes komertzialak baino ez dituzten enpresen esku uztea arriskutsua izan daiteke. Hobe da mezuen eta iritzien aniztasuna bermatuko duen medio publiko bat izatea. Nire ustez, beharrezko da audientzien gerratik eta enpresen arteko lehiatik aparte izango den telebista publiko bat, kalitatezko eta kultur eduki handiko programak emitituko dituena.
Kirol gertaera handiak telebistaz ikusi ahal izateko ordaindu egin beharko dugu?
Niri ongi iruditzen zait katea ordainduak izatea. Kalitatezko produktua eskaintzen dute eta etekin ekonomikoa ateratzen diote. Kiroletako gertaera asko telebistan ikustea ordaindu egin beharko dela uste dut.
Ez dakit zeintzuk, baina asko, seguru. Konponbidea gehiengoaren interesa -hain erabilia- izan liteke; Bretainia Handian adibidez hala egiten da. Han Parlamentuak erabakitzen du herritarren gehiengoaren intereseko gertaerak zeintzuk diren eta horiek irekian emititzen dira. Espainian oraindik ez da gaia hain serio aztertu eta denboraldi honetan ere ikusi dugu zer gertatu den.