Azaleko minbizia

Eguzkia eta melanoma, bikote arriskutsua

Uda iritsi orduko, eguzkitan etzan, gehienetan denbora librea kalean eta arropa gutxirekin eguzki-izpien azpian gozatzeko gogoa izaten dugu. Hori guztia oso ondo dago. Baina eguzkiaren erradiazioa, garai honetan hain gustuko duguna, neurri gomendagarriak gainditu eta osasunarentzat arrisku-faktore bihurtzen denean hasten dira kontuak.
1 uztaila de 1999

Eguzkia eta melanoma, bikote arriskutsua

Eguzkia hartzea normalean onuragarri da giza-organismoarentzat, intentsitate eta denboraz neurrian hartuz gero (D bitaminaren sintesian lagundu eta hezurrak sendotu egiten ditu). Baina bizitza sortzeko ezinbesteko den ondasun natural horrekin neurriz gain saiatzeak ondorio larriak ekar ditzake, eta hilgarriak ere bai kasurik larrienean. Gehienetan, erredura gogaikarriak izaten ditugu, deskuidoz eguzki-dosi handiegia hartzen dugulako; baina ez da ahaztu behar gehiegikeria horiek sarri errepikatzeak epe luzera gaitz handiagoa eragin lezakeela: azaleko minbizia.

Gaixotasun honetan bi mota nagusi daude: epilioma eta melanoma. Lehenak gaixoen %95ari eragiten dio eta gehienetan 50 urtetik aurrera azaldu ohi da eta bizilekua edo lanagatik (nekazari, itsasgizon…) eguzkitan denbora asko ematen duten pertsonetan batez ere. Beste azaleko minbizi motari melanoma deitzen zaio eta hain maiz agertzen ez den arren, ez da epilioma bezain erasokorra. Azaleko minbizi kasuen %5ean baino ez da melanoma detektatu, baina tumore kantzerigeno horren eraginez hiltzen da gaixoen %65a. Eta zoritxarrez ez dirudi epe motzera behintzat sendabiderik izango duenik. Azken balantzearen arabera, melanomaz atenditutako gaixoen kopuruak (100.000 biztanleko 6 edo 8 lagun) %7ko igoera izaten du urtero. Melanoma duten gaixoen kopurua gehitze horrek begibistan uzten du oso garrantzitsua dela neurri egoki guztiak hartzea (eguzkitan ordu gutxi, lehen aldiz hartzen denean behintzat, graduazio handiko babesleak…) eguzkiaren izpiak gure organismoarentzat osasungarri gerta daitezen, kaltegarri izan beharrean.

Eguzki motak

Eguzki-argiaren propietateak ikuspegi zientifikoago batetik begiratu nahi izanez gero, hiru erradiazio mota ezberdin daudela esan behar, uhin luzeraren arabera. Sailkapen honetan izpi infragorriak ditugu lehenik (uhin-luera 800 nmkoa da), eta horiek ematen dute egun batzuetan zehar irauten duen beltzaran efektua, hain gogoko duguna. Argi ikusgarriak ere, 400 nmko maiztasunarekin, azalari kolore beltzarana ematen dio egun batzuez, baina urteen joanean larruazala zahartzen duela frogatu da. Azkenik, benetan arriskutsu diren izpiak, ultramoreak, aldiberean UVA (320 nm) eta UVB (250 nm) motakoetan sailkatuak. Badirudi izpi hauen erradiazioak direla larruazala zahartzea eta azaleko minbizia agertzea eragiten dutenak; UVB motakoak dira kaltegarrienak.

Erradiazio ultramore horiek, lurrazalera iritsi aurretik ozono geruzan iragazi ondoren, bizia sorrarazten dute. Izpi hauek dira lehen bizidunak agertu zirenetik Lurraren bilakaera baldintzatu dutenak. Hala ere, estratosferan (10 eta 50 kilometro arteko altueran) dagoen ozono-geruza CFC eta antzeko kutsatzaileen eraginez ahuldu izanak, urtez urte erradiazio ultramoreen tenperatura gehitzea eragiten du, eta ondorioz, areagotu egiten da pertsonengan lesioak eragiteko arriskua ere. Erradiazio ultramore baten eraginpean etengabe egoteak kaltetu egin lezake azalaren material genetikoa eta azaleko minbizia bezalako gaitz larriak edo kataratak eragin ditzake; eta dosia oso altua bada, gerta liteke organismoa infekzioetatik babesten duen sistema inmunologikoaren funtzionamenduari ere eragitea ere.

Puntu honetara iritsita, esan beharra dago izpi ultramoreen indarra eta eragina faktore askoren menpe dagoela, eta besteak beste urte-sasoiaren araberakoa izaten dela. Erradiazio altuak jasotzeko arriskua apiriletik urrira bitartean nabarmena den arren, intentsitate gorena ekaina eta uztaila bitartean izaten da. Hori guztia zientifikoki frogatuta egoteak ez du esan nahi hondartzara, igerilekura edo medira joateari edo aire libreak kirolak egiteari uko egin behar diogunik; baina zuhurrago jokatzea eta eguzkitan denbora luzez egoteak dituen ondorio negatiboak ahal dela ekiditen saiatzea komeni zaigu. Arrazoi bat? Inork ez du atsegin eritema baten -erradiazio ultramoreek eragindako erredura arruntaren- ondorioak jasatea. Eta molestia horiek saihesteko, aski da eguzkitako egonaldi laburrekin hasi eta graduazio altuko krema babesle on bat erabiltzea.

UVA izpien arriskua

Urte luzez uste izan da UVA izpiak ez zirela osasunarentzat kaltegarri eta azalaren gaineko geruzak ez zituela zeharkatzen. Gaur egun badakigu, teoria horren aurka, UVA izpiak dermiseraino sar daitezkeela, dosiak metagarriak direla, izpi horien efektua UVB izpien efektuari lotua dagoela eta azaleko kolagenoarengan eragin degeneratiboa dutela: azala zimurtu eta zahartu egiten da, behar baino lehen. Duela urte batzuk, horrelako susmorik ez genuenean, modaren eta azal beltzaranaren zaletasunaren eraginez, UVA izpidun lanparak ugaldu egin ziren, urte guztian zehar modako kolorea izateko aukera ematen baitzuten praktikan, udaren zain egon eta garai horretako arreta-neurriak hartu beharrik gabe ere. Gaur egun establezimendu mota askotan aurki daitezke tresna horiek (ileapaindegi, estetika eta kosmetikako zentru, gimnasio eta abarretan), baina ez dago horien instalazio eta erabilpena arautzen duen araudirik, Europar Batasunak 1997an onarturikoa izan ezik. Arlo horretako lege-hutsuneaz ohar gaitezen, ikusi besterik ez dago denborarekin lanpara horiek hondatu egiten direla eta UVA izpien proportzio txikiagoa eta UVB izpien proportzioa handiagoa igortzea gerta litekeela. Horrela, bada, dermatologo eta onkologoek UVA lanpara horien gainean dagoen kontrolik ezaz ohartarazi gaituzte eta neurriz eta zuhur erabiltzea gomendatzen dute; horrez gain, OCU-Compra Maestra aldizkariak zenbait salaketa aurkeztu du bezeroen informaziorik eza eta besteak beste tresna horiek lokal berezietan kokatzea eta pertsolak kualifikatuak erabiltzea arautuko duen legeriarik eza salatuaz.

Azaleko minbizia nola prebenitu
  • Hobe da prebenitzea negar egitea baino. Lehen araua, eguzkia hartu aurretik neurriak hartzea: lehen eguzki-saioetan ez denbora larregi egon, graduazio handiko krema babesle on bat erabili, sarri-sarri krema eman (bainatu ondoren bereziki), jantziak beti eskura izan edozein unetan gorputza estali ahal izateko eta hondartzarako, itzalkina erabili (batez ere ume txikiekin).
  • Melanoma oso tumore erasokorra da eta gorputzean zehar metastasiak (zelula kantzerosoak) zabaltzeko eta erreproduzitzeko erraztasun handia du. Baina beste minbizi moten aldean badu abantaila handi bat: beti kanpoan azaltzen da eta beraz, lehen momentutik ikusi eta berehela detekta daiteke.
  • Mantxa edo orin asemetriko gisa agertu ohi da melanoma (ertz irregularrak eta definitu gabeekin), kolore uniforme eta aldakorrekoa; diametroa zentrimetro bat baino handiagoa eta handituaz joaten da.
  • Hasierako faseetan detektatuz gero, kasuen %90 sendatu egiten da; funtsezkoa da, beraz, azkar antzematea. Horretarako, norberak edo konfidantzazko norbaiten laguntzaz gorputz guztia begiratzea izaten da onena.
  • Autoesplorazioa egin nahi bada, gorputza osorik ikusi ahal izateko ispilu baten aurrean biluztea komeni da; eguzkiak ukitzen ez dituen lekuetan ere agertzen da melanoma. Ispiluaren aurrean gorputzaren aurre alde guztia begiratzen da (burua, enborra, sabela, besoak, eskuak eta hankak), eta gero atzeko aldea, eskuko ispilu baten laguntzaz. Azkenik, gorputzaren alboak, hankartea, oinak (oinazpiak ere bai) eta buru-azala begiratuko ditugu. Era honetako mantxaren bat agertzen bada, berehala medikuarenera joatea komeni da.