Ur-kirolak

Olatuen arteko haize gozoa sentitzea

Ur-kirolak urte guztian zehar praktikatzen dira, baina orain, udan, neguko eguraldi-baldintzen mugarik gabe goza daiteke kirol mota horretaz.
1 uztaila de 1999

Olatuen arteko haize gozoa sentitzea

Jakinekoa da eguzkiak eta oporrek edozertarako egokiera eskaintzen dutela eta zer esanik ez abentura gogoz kirol-disziplina hauetan (windsurf, bela, uretako motor, kayak, urpekaritza eta abarretan) murgiltzeko. Estatu espainiarrean kirol hauetan federatuta daudenen kopurua gaur egun 500.000 kirolaritara iristen dela kalkulatzen da, baina datu hori ez da guztiz erreala, zaletasun hori beren kontura praktikatzen dutenak ez baitaude hor sartuta. Hala ere, bela da, windsurfaren eta urpekaritzaren aurretik, jarraitzaile gehien duen ur-kirola eta Kataluniako ikastetxe batzuk Heziketa Fisikoko ikasgai gisa sartu dute espezialitate hori.

Bela

Maila guztietako eta ontzi mota guztietarako (Raquero, Tornado, 470…) ikastaroak ematen dira, 15.000 pezetatik hasita (hogei ordu); baina irteera antolatuetan ere ikas daiteke eta horien prezioa 20.000 pezeta ingurukoa da (asteburuko). Bere kasa ibili nahi duenak tripulaziorik gabeko belauntzi batean sar daiteke, baina horretarako ezibestekoa da tripulatzaileetako batek gutxienez patroi titulua izatea. Poltsikoarentzat garestiagoa da, noski, belauntzia astebeterako alokatzea. Prezioa 145.000 eta 430.000 pezeta artekoa izango da, ontzi motaren, edukieraren eta patroiaren zerbitzurik sartzen den ala ez kontuan izanda.

Windsurfa

Uretan ohol baten gainean ibiltzen ikastea ez da bat ere erraza. Hala ere windsurfa itsasoko kirol guztietan eskuragarri eta xumeena da eta seguruenik baita merkeena ere. Hasiera eta sakontzeko ikastaroak 12.000 pezetatik aurrera aurki daitezke, materiala barne, eta aski da 7 eta 10 egun bitarteko bat, uretan ibiltzen ausartzeko, beti ere itsasoari zor zaion errespetua galdu gabe. Serioago hartu nahi duenak ekipo osoa eros dezake: ohola, arnesa, neoprenozko jantzia, zapatillak eta salbamendu-jaka, 85.000 pezeta inguru ordainduta. Winsurfaren paradisuak Tarifan (Cádiz), Mar Menor Itsasoa (Murtzia) eta Alcudia (Mallorca) dira.

Urpekaritza

Zalantzarik gabe, hauxe da une hauetan arrakastarik handiena duen ur-kirola, itsasoak izkutatzen duen edertasunagatik. Urpean botilarik gabe ibiltzeko aski da hodia, betaurrekoak eta hegatsak izatea. Aire konprimatuzko botila baten laguntzaz urpean sartzeko, berriz, derrigorrezkoa duzu aurrez ikastaro bat egitea, urperaldietarako garantia gisa. 15 eguneko ikastaroaren prezioa 60.000 pezetakoa da eta prezioaren barruan sartzen dira federazioko lizentzia (derrigorrezkoa) eta materiala. Urpeko bataioa hartu ondoren, norbere kasa ibiltzeko tresneria erosteko 115.000 eta 300.000 pezeta bitarte ordaindu beharra dago (neoprenozko jantzia, txaleko hidrostatikoa, eskularruak, hegatsak, txapinak, betaurrekoak, erregulatzailea, hodia, sakontasuna neurtzeko gailua, erlojua, labana eta oxigeno botila). Estatu espainiarrean urpeko lekurik onenak Meda Irlak (Katalunia), Gata lurmuturra (Almeria) eta Ibiza eta Menorkako itsasertzak dira.

Itsas Kayaka

Piraguismoaren itsasoko modalitate honetan arreta berezia jarri beharra dago, untzia ez baita bat ere egonkorra. Hasierako ikastaroetan hainbat teknika berezi ikasten da kirol honetarako, adibidez, piragua irauliz gero gerriari kolpetik eragin eta palaren laguntzaz ur gainera irtetea lortzeko. Lau orduko hasiera ikastaroak, materiala barne, 7.000 pezeta inguru balio du eta trebatuta dauden ikasleek beren kasa aritzeko aukera ere badute, ontzia orduko 1.200 pezetaren truke alokatuta. Ekipo osoa erostea (kayaka, zaku iragazkaitzak, ontzia jaso eta lotzeko “kordinoa” eta ezinbesteko salbamendu-jaka) gutxienez 75.000 pezeta inguruko inbertsioa da.

Uretako motorrak

Motor hauek gidatzeko derrigorrezkoa da Itsas Kirolen Federazioko baimen berezia eskuratzea, 45 zaldi-potentziako indarra baitute. Baimen horren prezioa 3.000 eta 6.000 pezeta bitartekoa izaten da, eskualde edo estatu mailakoa aukeratzen den. Beste baldintza bat 18 urte beteak izatea da, baina 16 urtetik gorakoek badute horrelako motorrak gidatzeko aukera, gurasoen baimena aurkeztuz gero. Olatuen gainean ibiltzeko azken baldintza poltsikoak jartzen du, honelako motor bat erostea 500.000 pezeta kostatzen baita; hala ere, beti izango da merkexeago ordu erdiko ibilaldia egiteko aukera, 3.000 pezeta inguru ordainduta.

Itsasoa eta kirola, konbinazio terapeutikoa

Itsasoko kirolak praktikatzeko zaletasuna duenak ez du gaitasun fisiko berezirik behar eta bi baldintza baino ez ditu ezinbesteko: epilepsiarik eta bihotzeko arazorik ez izatea. Horrelako gaitzik izan ezean, kirol hauetako jarduerak mesede egiten dio beti kirolariaren osasunari, bereziki igeriketa aukeratu badu. Kirol horrek, gorputzeko muskulu guztiak indartzeaz gain (zangoak, besoak, bizkarra eta sabelaldekoak lantzen baititu bereziki) biriken gaitasuna eta gaitasun kardio-baskularra garatu eta beheko gorputz-adarren astuntasuna, bizkarreko mina arindu eta sistema inmunologikoa sendotzen ditu.

Igeriketaren abantaila nagusia adin mugarik eza izango da seguruenik. Ez da hala gertatzen urpekaritzarekin, adibidez, kirol hori ez baita gomendagarria adineko pertsona, emakume haurdun eta zirkulazio-arazoak (barizeak eta arteriosklerosia barne) eta artikulazioetakoak dituztenentzat. Kasu horietan izan ezik, urpekaritza oso kirol osasungarria da, muskulu guztiak mugitzera behartu, bihotzaren erritmoa aktibatu eta artikulazioak lasaitzen dituelako. Windsurfa maite dutenek ere sendotzen dituzte artikulazioak eta baita esku, beso eta bizkarreko giharreak ere. Horregatik, beladun surfa kirol ezinobea da erresistentzia fisiko egokia eta gorputz guztia sendotzea lortzeko. Azkenik, eguneroko bizitzako tentsioak askatzeko, ez dago kayak batean edo belauntzian itsasoratzea bezalakorik.

Hobe duzu zuhur jokatzea
  • Eguzkiarekin eta itsasoko iodoarekin kontaktuan egoteak onura ugari ekartzen dizkio gorputzari eta nabarmen hobetzen ditu azalaren egoera eta gaitzak. Hala ere, haizea eta kresala gure gorputzarentzat erasokor bihur daitezke eta beraz, zuhur jokatzea komeniko da.
  • Uretan sartu baino lehen busti ezazu gorputz guztia apurka-apurka, bero handia badago bereziki, gorputzaren tenperatura kolpetik aldatzeak kolapso baskularra eragin baitezake, eta baita heriotza ere.
  • Jatordu arinak egin. Egun beroetan ez da asko jaterik komeni, ez eta edari gasdunak edaterik ere. Digestio-etendura gerta liteke.
  • Ez irten berorik handieneko orduetan. Eguzkiaren izpiak kaltegarriago dira arratsaldeko ordubietatik lauetara bitartean. Ariketa fisikoa egiteko ordurik onenak goizeko lehenak eta arratsaldeko azkenak dira.
  • Babestu larruazala eguzkitarako krema on batekin. Itsasoko brisak eta urak eguzkiaren beroa ahaztaraziko dizute eta erretzeko arriskua izango duzu.
  • Zain ezazu izerditzea eta likido ugari edan. Izerdi larregi botatzeak deshidratazioa eragin dezake.
  • Erabil itzazu uretarako betaurrekoak, uretako kutsadurak eta gatzak begietan kalterik egin ez diezazun.
  • Otitisa edo belarriko beste gaitzen bat baduzu, ez ahaztu tapoiak jartzea.
  • Mikosia edo atleta oina bezalako gaitzak jasateko joera baduzu, arreta berezia jarri. Erabil itzazu bainurako zapatilak eta xaboi desinfektatzaileak.
  • Kostatik ez larregi aldendu. Kontuan izan itsas-korronte eta mareen norabidea eta indarra. Eta jakinarazi adiskide edo familiakoren bati zein ibilbide egin behar duzun.
  • Itsasora irten aurretik egiaztatu tresneria guztia egoera onean dagoela.