Marrubizko marmelada

Alferrikako aditibo ugari

Marrubizko marmeladen zortzi lagin (La Vieja Fábrica, Molinera, Robertson´s, Helios, Bebé, Frubosque, Anko eta Taboada) aztertu dira; horiek, 340 gramotik hasi eta 410 gramo bitarteko kristalezko txarroetan aurkezten dira eta prezioak, berriz, kiloko 434 pezetatik (Molinera) 1959 pezeta bitartean (Frubosque) dabiltza.
1 uztaila de 1999

Alferrikako aditibo ugari

Marmelada guzti hauen etiketan “estra” kategoriakoak direla adierazten da, La Vieja Fábrica markakoak produktuaren kategoriaz deus aipatzen ez badu ere.

Legeriaren arabera, marmelada bat estra kategoriakoa izateak esan nahi du produktu baten kiloak 500 gramo fruta baino gehiago izan behar duela eta marmeladaren kategoria zehazten ez bada, gutxien-gutxienez 300 gramo fruta eduki behar du kiloko. La Vieja Fábrica-koak adierazten duenez, produktuaren 1000 gramo bakoitzeko 520 gramo fruta daukanez, berori ere marmelada estra litzateke. Azterketa honetan, inoiz edo behin bakarrik jazotzen den zerbait gertatu zen: arrazoi teknikoak bide, ezinezkoa izan da fabrikatzaile bakoitzak erabili duen azukre-kopurua zehatz-mehatz adieraztea; beraz, kalitatea neurtzean funtsezkoa den faktore hori baloratzeko unean, kontsumitzaileak erreferentzia bakarra du: produktu bakoitzeko etiketan adierazitakoa, alegia. Marmelada hauek azukre-kopuru garaiak izaten dituzte: produktuaren %40tik (Taboada) %67ra bitarte (Robertson´s); beraz, honelakorik kontsumitzeari uko egin behar diote diabetikoek. Askok uste duen beste aldera, ordea, marmeladak ez ditu kaloria gehiegi (lagin batetik bestera alde nabarmenak atzematen diren arren), gantz-edukirik ez baitute.

Nabarmentzeko beste alderdi bat, marmelada horietako batzuk dituzten aditibo-piloak; horra hor Molinera, adibidez: legeak onarturiko azidulatzaile, antioxidatzaile, lodikari eta koloratzaileez gainera, baimendu gabeko kontserbakari bat ere sartu du. Produktuari legeak baimendurik ez duen kontserbakaririk lau markak erantsi dute.

Dastaketan, ohikoa baino homogenoagoak izan ziren emaitzak: bost marmeladak eraman zuten puntuazio berbera (6na puntu), beste batek (Taboadak) aprobatu besterik ez zuen egin eta beste bik, azkenik, suspentsoarekin konformatu beharko dute.

Molinera izan zen dastaketan gehien gustatu zenetako bat eta, horrez gain, erkatuetan merkeena da bera (kiloko 434 pezeta besterik ez da kostatzen) baina ez zuen irabazi “kalitate-prezio erlaziorik hoberena”-ren saria, aditibo gehiegi dauzkalako, eta alderdi hori kaltegarritzat baloratu da. Kontsumitzaileak duen aukerarik onena Bebé da, kiloko 590 pezeta kostatzen dena, alegia. Dastaketako lehen mailetan agertzen da Bebé eta, gainera, ia ez du aditiborik; areago, kontserbakaritzat benzoato sodikoa daukala etiketan badio ere, laborategian eginiko azterketan ez da aditibo hori atzeman.

Nabarmendu beharrekoa dugu, nola ez, kalifikaziorik okerrena lortu duen marrubizko marmelada Frubosque izatea, bera baita, askozaz ere, preziorik garaiena duena: 1.959 pezeta kostatzen da kiloko. Bere burua “fruta freskoz eginiko eskulangintzazko marmelada, %100ean naturala” deitzen du eta, Bebé laginarekin batera, aditibo gutxien jarri dituen marka da, baina dastatzaileak ez zituen limurtu: azkenean, 3 puntu bakarrik eman zioten horiek, marrubi-usain eta -zapore eskasak agertzen zituelako.

Marmelada eta azukreak

Fruta edukiaz gainera, estra marmeladetan gai lehorraren kopuruari muga zehatzak ezartzen dizkio indarreko legeriak: %60 gehienez eta %40 gutxienez. Anko eta Taboada laginek bakar-bakarrik erakusten dituzte gai lehorraren %40aren inguruko baloreak: txikiak dira, beraz, baina zuzenak. Gai lehor disolbagarria, osorik praktikan, produktuaren azukreekin (berez frutak dauzkanak eta erantsitakoak) bat dator, marmelada, funtsez, fruta eta azukreak elkartuz egiten delako. Horrenbestez, gai lehor disolbagarriaren kopuruak, marmeladen etiketan agertzen diren guztirako azukre-kopuruen berdintsuak dira, noski.

Beste aldetik, fruktosa, glukosa eta sakarosa-kopuruak ere zehaztu dira, horiexek baitira honelako produktuetan azukre ohikoenak. Fruktosa eta glukosa (frutak berez dauzkan azukreak dira bi hauek) gehien duten laginak Frubosque, Robertson´s, La Vieja Fábrica eta Molinera dira; portzentaietan, fruktosa %12 eta %25 bitartean dabil eta glukosa, berriz, %16 eta %26 inguruan. Gainontzeko laginetako batzuetan, azukre hauen kopuruak zati sei urritu dira, sakarosa (erantsitako azukrea izaki) oso kopuru handitan agertzen delarik. Baina glukosa eta fruktosaren edukiek ere ez dute balio fruta gehiago edo gutxiago sartu duten laginak zehazteko: baliteke bi azukre hauek ere fabrikatzaileak erantsiak izatea. Produktu honek duen osagai energetiko nagusi (eta bakarra, ia-ia) azukre soilak dira; gainontzeko ia guztia ura da eta proteina-edukia, jakina, apal-apala du (%0,3). Gantzaren arrastorik ez du marmeladak, espero zitekeen bezala: horregatik produktu gozo honen ekarpen kalorikoa -altua bada ere- ez da norbaitek uste izango lukeen bezain garaia. Alde handiak daude lagin batetik bestera, dena den: Taboadaren 160 kalorietatik Robertson´s markakoaren 268 kalorietaraino (100 gramoko ari gara, ohi bezala).

Gainontzeko elementuei dagokienez, marrubiak aportatzen dituen mineralak ditugu azpimarratzekoak. Honelako marmeladek, kopuru txikitan bada ere, potasioa, kaltzioa, burdina, kobrea, selenioa eta (are balore murritzagotan) iodoa eta fluorra. Produktu honek, bestetik, nutriziotik oso gai interesgarriak ekartzen dizkigu, hala nola azido askorbikoa (30 mg/100g), azido folikoa (10mg/100g), A bitamina (10 mg/100g) eta b-karotenoak (48 mg/100 g), eta B multzoko bestelako bitaminak ere: riboflabina (30 mg/100g), tiamina (10 mg/100g) eta niazina (24 mg/100g). Osasunaren aldetik esan dezagun, azkenik, 100 gramo marmeladak 0,7 bat gramo zuntz emango dizkigutela; gai hau, jakina denez, idorreriaren kontrako elementu lagungarria izango dugu.

Alferrikako aditiboak

Laboratorioan eginiko azterketak erakutsi duten bezala, marrubizko marmelada hauek elika-aditiboak geroz eta sarriago sartzen dituzte. Molinera eta Taboada markakoek koloratzaileak darabiltzate: E-124 edo A kotxinila-gorria, adibidez. Sustantzia hau baimendurik dagoen arren, alferrikakoa da, behar bezain kalitate oneko lehengaia baliatuz gero. Lagin horietako koloratzailearen agerpena 22 eta 19 zati milioikoa da, hurrenez hurren; legeak onarturiko 100 z.m. horietatik urruti, egia da, baina alferrik, esan dugun bezala.

Kontserbakariei goazkiela, La Vieja Fábrica eta Molinera markek azido sorbikoa (E-200etik E-203ra arte) darabilten arren, Helios-ek eta Taboada-k azido benzoikoa erantsi dute (E-210etik E-213ra arte) beren produktuetan. 1998 urtearen hasieratik indarrean dagoen aditiboei buruzko legeriaren arabera, kontserbakari horiek marmeladetan baimendurik ez daudenez, horrelakoak agertzerik ez da onargarria. Gainerako lau laginek ez dute agertzen kontserbakaririk.

Beste alde batetik, marrubizko marmelada batzuek aitortzen dute azido zitrikoa erantsi dutela (E-330, E-331). Azidulatzaile natural horren eginkizuna produktuaren garraztasuna hobetzea delarik, quantum satis kopuruetan (gizabidezko fabrikazio-praktikaren arabera, alegia) erabiltzea onartua dago. Erkatu ditugun laginetako azido zitrikoaren baloreak %0,4etik %0,8ra bitarte dabiltza. Bebé, Frubosque eta Anko markakoek ez dute sartu gai hori bere formuletan. Bebé markak limoi-zukua erantsi duela dio eta, izan ere, likido horixe izan liteke marmelada horren azido zitrikoaren sorburua; Frubosque markak “azidulatzaile naturala” erantsi duela aitortu bai, baina ez du zehazten nolakoa den; Anko-k, berriz, horri buruz deus ez dioen arren, bere marmeladak daukan zitrikoaren portzentaia aditiboa sartu izana onartzen duten beste marketako kopurua baino handiagoa da.

Antioxidatzailearen eginkizuna, jakina denez, elikagaiaren bizitza baliagarria luzatzea da. Aztertu diren zortzi marrubizko marmeladetatik gehientsuek gehitu dute azido askorbiko edo C bitamina (antioxidatzaile nagusia), 100 z.m. kopuruz. Mutur batean (zerotik gertu) La Vieja Fábrica, Frubosque eta Taboada daude, 5 z.m. erantsi dutelarik, eta bestean, aldiz, Molinera eta Anko ditugu (231 eta 519 z.m.).

Marrubiak produktuari azido askorbikorik ere ematen dionez (60 z.m. inguru), Helios markak agertzen dituen 129 z.m. horietarainoko kopuruak frutarenak direla pentsa dezakegu. Nolanahi ere, fabrikatzaileak azido askorbikorik erantsi gabe, nekez irits daiteke 200 z.m. mugetaraino. Molinera markak bakarrik aitortzen du etiketan sustantzia hori (E-300) gehitu diola bere elikagaiari. Deigarri bezain onargaitza da Anko-k ez onartzea antioxidatzaile hori erabili duenik, marka horretako marmeladan atzemaniko kopurua 519 z.m. izanik, hau da, azterturiko lagin guztietan handiena.

Esandako aditiboez gainera, fabrikatzaile batzuek lodikari edo gelifikatzaileak baliatzen dituzte: E-410 edo goma garrofin darabilte Taboada, Molinera eta Helios-ek, eta E-440 edo pektinak Robertson´s, Molinera, Taboada, La Vieja Fábrica, Anko eta Helios markek erantsi dituzte. Frubosque-k, bere aldetik, “lodikari natural” horren erabilera aitortzen badu ere, zein den zehazki adierazi nahi ez duenez, kritikatzeko moduko jarrera hartu duela esan dezakegu. Bebé markakoak, azkenik, garrofin hazien irina sartu du. Aditibo lodikari horiek guztiak onartuak ditu indarrean dagoen legeriak.

Irregulartasun bakarra, berriz, lau laginek agertzen dute: La Vieja Fábrica, Molinera, Helios eta Taboada markek onartu gabeko kontserbakariak erabili dituzte eta. Gainontzeko laurek, legeak xedatutakoaren araberako aditiboak sartu dituzte beren produktuetan. Guk, dena den, koloratzailerik ez erabiltzea nahiago genuke, horrelako aditiboak saihesteko modukoak baitira beti eta elikadurazko produktuek aditiboak ezinbestekoak direnean bakarrik erabiltzea. Produktuak izendatuz, Molinera dugu aditibo gehien erantsi dituen marka (baimendu gabeko kontserbakari eta guzti) eta Frubosque eta Bebé, berriz, gutxien erabili dituztenak.

Etiketa eta pisua

Marrubizko zortzi marmeladek, beren etiketetan, produktuaren izena, eduki garbia, osagaien zerrenda eta fabrikatzailearen izen eta helbidea ipini dituzte, datu hauek nahitaez jarri beharrekoak izanik. Aukeran, kontsumitzeko datarik egokiena zein den ere agertu behar du etiketan. Halaz ere, La Vieja Fábrica markako laginean ez dugu data horren berririk aurkitu, ontzian adierazten duen bezala, txarroaren estalkian agertu beharko balu ere. Era berean, arauak derrigorturik, marmeladan ezarritako fruta- eta azukre-kopuruak ere adierazi beharra dago, baina Anko-k ez du horrelakorik erakutsi. Fruta-edukia zein den jakinik, marmeladaren kategoria zehazten da, goian esan dugun bezala. “Estra kategoriakoa” denik adierazten ez duen lagin bakarra La Vieja Fábrica da baina, halaz ere, etiketan aitortzen duen fruta-kopurua erabili baldin badu, kategoria horretakotzat jo dezake bere burua.

Beste alde batetik eta Robertson´s markakoak izan ezik, ontzia irekiz gero produktua hozkailuan gorde dadin aholkatzen dute marka denek. Aipamen horri egin beharrekoa da, baldin eta gai lehor disolbagarriaren edukia %63tik beherakoa denean bakarrik; Robertson´s laginak %67 daukanez, esakunea zertan sarturik ez du.

Pisu garbiari buruz, lagin gehientsuak 340 gramoko ontzietan agertzen dira. La Vieja Fábrica-koa 350, Frubosque-koa de 370 eta Helios-koa 410 gramokoa zen. Ontzi horietako egiazko pisu garbia, gehientsuenetan, aitortutakoaren pareko edo oso berdintsua da eta, adierazitakoa baino marmelada gutxixeago duten laginetako gutxiagoko kopurua legeriak baimenduriko tarteen barnean dago. Adierazitako pisuak, beraz, zuzenak dira kasu denetan.

Zortzietatik bost, dastaketan ongi

Hona hemen dastaketan baloratu ziren alderdiak: itxura (kolorea, pusketen eta hazien agerpena), usainaren bizitasuna, zaporea (marrubiarena, gozo-garratza) eta ahoko ukitua (pusketen agerpena eta biskositatea). Parametro horietan garrantzi handiena zaporeari, itxurari eta usainari eman zieten dastatzaileek. Beraz, gorri-tonuak, marrubi-gustu gozo baina ez garratza, eta usain eta zapore biziak zituen marmeladen aldeko zaletasuna erakutsi zuten. Proba organoleptikoan, seina puntuz, Molinera, Helios, Bebé, La Vieja Fábrica eta Robertson´s nabarmendu ziren. Taboada-k aprobatu zuen eta Anko eta Frubosque suspentsoan geratu ziren, lau eta hiru punturekin, hain zuzen. Beste gainontzekoak baino gustu atseginagoko marmeladarik aipatu behar izatekotan, Molinera azpimarratuko genuke, dastaketan erkaturiko parametro guztietan puntuaziorik hoberenak erdietsi baitzituen. Gorriska-arre bitarteko kolorekoa izaki, pusketa eta hazi gutxi agertzen ditu. Marka honetako marmeladaren usaina bizienetakoa izan zen eta marrubi-gustua, berriz, nabarmenen artekoa, gozotasun eta garraztasunak erdiparekoak izaki. Ahoko ukituagatik ere balorazio ona jaso zuen. Halaz ere, ez dugu ahantzi behar Helios, Bebé, La Vieja Fábrica eta Robertson´s markakoek Molinera-k erdietsitako kalifikazio berbera lortu zuela. Balorazio kaskarrenak jaso zituztenak direla eta, Anko (4 puntu) eta Frubosque (3 puntu) markakoen kolore arrea ez zen polita eta marrubi-gustua ere motel samarra zen, dastatzaileen ikuspegitik. Anko-ren beste akats batzuk aipatzearren, hazi gehiegi eta gozotasun eskasa adieraziko ditugu. Frubosque laginean agertzen zen pusketa-kopurua urria zen, zaporea garratzegitzat jo zuten eta gozotasuna, azkenik, erdiparekoa bakarrik, marrubi-usaina “intentsitate motelekoa” izan zelarik.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • 340 – 410 gramo bitarteko txarroetan salgai egoten diren zortzi marrubizko marmelada-lagin aztertu dira; hauen prezioa, kiloko, 434 pezetatik (Molinera) 1.959 pezetara (Frubosque) bitartean daude. La Vieja Fábrica laginak izan ezik, denek diote “estra” kategoriakoak direla (hau da, produktu osoaren erdia, gutxienez, fruta dela).
  • Marmelada-lagin bakoitzak nolako fruta-kopurua duen laboratorioan zehaztea ezinezkoa da (arrazoi teknikoak medio). Gai lehor disolbagarriari dagokionez, arauak xedatutakoa denek betetzen dute.
  • Marmeladok azukre asko dute: %40tik (Taboada) %67ra bitartean (Robertson´s). Horrenbestez, diabetikoek ez dute kontsumitu behar produktu hau.
  • Kaloria ugari dituzten (lagin batetik besterako aldeak nabarmenak badira ere) arren, ez espero genezakeen bezainbeste. Gehien daukana Robertson´s da (268 kaloria 100 gramoko). Marmeladek ez dute gantzik eta proteina-kopurua ere hutsaren hurrengoa da (%0,3).
  • Laginetako batzuek aditibo ugari agertzen dituzte eta La Vieja Fábrica, Molinera, Helios eta Taboada markek, baimendu gabeko kontserbakaririk gehitu dute. Aditibo gehiegi dauzkalako, hain zuzen, ezin esan dezakegu Molinera markakoa “prezio-kalitate” erlaziorik onena denik. Aditibo gutxien erantsi dituztenak Frubosque eta Bebé dira.
  • Dastaketako emaitzak aski homogeneoak izan ziren: zortzietatik bost marmeladek seina puntu eraman zituzten. Taboada bostean geratu zen eta Anko eta Frubosque suspentsoan.
  • Aukera hoberena Bebé da, kiloko 590 pezeta kostatzen delarik: dastaketan hoberenen artean agertzen da, ia aditiborik ez duela.

Banan-banan

Marrubizko marmeladak, banan-banan

Bebé.

  • 340 gramo, 590 pezeta kiloko. Kalitate-prezio erlaziorik hoberena.
  • Aditibo gutxien darabiltzana da hau (ez koloratzailerik, ez kontserbakaririk). Etiketan dionez, produktuaren %57a dauka fruta.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Kolore gorriska bizia, pusketa eta hazi gutxi, usain bizia, marrubi-gustu, gozotasun eta garraztasun ertainak, denetan leunena”.

Molinera.

  • 340 gramo. 434 pezeta kiloko; merkeena. Etiketan dio produktuaren %50a fruta dela.
  • Aditibo gehien erantsi dituena. Baimendu gabeko kontserbakari (azido sorbikoa) du.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Kolore gorriska-arrea, pusketa eta hazi gutxi, usain bizia, marrubi-zapore nabarmena, gozotasun eta garraztasun ertainak, ahoko ukitu onekoa”.

Robertson´s.

  • 340 gramo. 714 pezeta kiloko, bigarren garestiena.
  • Etiketan dio produktuaren %52a fruta dela. Kaloria gehien daukana: 268 kaloria 100 gramoko. Ez darabil koloratzailerik.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Fruta-pusketarik gehien dauzkana, usain motel samarra, gozoenetakoa, marrubi-zapore eta gozotasun ertainak, biskositate handia”.

Helios.

  • 410 gramo. 543 pezeta kiloko. Etiketan dio produktuaren %55 fruta dela.
  • Baimendu gabeko kontserbakari bat (azido benzoikoa) darabil. Koloratzailerik ez du.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Kolore gorriska, nahikoa pusketa eta hazi, usain ona, marrubi-gustu nabarmena, garraztasun eta gozotasun apalak, ahoan ukitu ona”.

La Vieja Fábrica.

  • 350 gramo. 582 pezeta kiloko. Kategoriaren berririk ez du aipatzen.
  • Etiketan dio produktuaren %52a fruta dela. Baimendu gabeko kontserbakari bat (azido sorbikoa) eskuzabal darabil. Koloratzailerik ez.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Kolore gorriska, haziak ez ugariegi, pusketa asko, marrubi-usain eta zapore biziak, garraztasun apala, oso gozoa eta biskositate handikoa”.

Taboada.

  • 340 gramo. 674 pezeta kiloko. Etiketan dio produktuaren %50a fruta dela.
  • Kaloria gutxien dituena: 160 100 gramoko. Baimendu gabeko kontserbakari bat (azido benzoikoa) eskuzabal darabil.
  • Dastaketan, 5 puntu: “Kolore gorriska, fruta-pusketa gutxi, haziak urri, usain ertaina, garraztasun apalenekoa; marmeladarik leunenetakoa da hau”.

Anko.

  • 340 gramo. 674 pezeta kiloko. Ez du adierazten fruta-edukinik, ez erantsitako antioxidatzailea (azido askorbikoa) ere.
  • Ez du koloratzaile, ez kontserbakaririk.
  • Dastaketan, 4 puntu: “Kolore arre bizi-bizia, hai gehiegi, pusketak ere larregi, marrubi-zapore motela, garraztasun apala, gozoa”.

Frubosque.

  • 370 gramo. 1.959 pezeta kiloko, askozaz ere garestiena da berau.
  • Etiketan dio produktuaren %50a fruta dela. Aditibo gutxien dituztenetako bat, ez koloratzailerik ez kontserbakaririk du.
  • Dastaketan okerrena, hiru puntu baizik ez zuen lortu: “Kolore arre bizi-bizia, pusketa urriegi, marrubi-usain eta zapore motelak, oso garratza, gozotasuna eta ahoko ukitua, erdiparekoak”.