Zein barne-indarrek eramaten gaitu bidaiatzera?
Jende askok uste du bidaia zerbaiten ihesi egiten dela eta nik ere sinisten dut teoria horretan. Monotoniari, eguneroko bizitzako geraldiari egiten diogu ihes. Graham Green idazle ingelesak esaten zuen moduan, “Liburu bat idatzi edo bidaiak egiteak eguneroko bizitzaren errutinari eta etorkizunari diogun beldurrari ihes egiteko aukera ematen du”. Guztiz bat nator. Bidaiatzera bultza egiten digun beste arrazoia jendea, paisaiak, herrialdeak eta monumentuak ezagutzea da. Jakinmina eta jakiteko gogoa dira bidaiari askoren eragile eta horien artean nago ni ere. Gauza biak elkartzea litzateke egokiena: monotonia utzi eta bizimodua beste era batera ikusten dutenekin esperientziak trukatzea. Bidaiek asko zabaldu ohi digute ikuspegia eta maiz bidaiatuta, urteetan zehar izan ditugun dogmak albora uzten ditugu apurka-apurka.
Zer ezberdintasun dago bidaiariaren eta turistaren artean?
Denbora da ezberdintasun nagusia. Bidaiariak denbora gehiago izaten du, ez dago itzulerako egun bati lotua eta turista berriz hala izaten da. Beste ezberdintasun bat, bidaiariak ez duela ibilbidea zehatz-mehatz antolatuta izaten eta zoriaren esku uzten duela bere burua. Turistak programa egina izaten du eta aldez aurretik jakiten du zer ikusi behar duen. Dena dela, nik errespetu handia diet turistei, gutxienez irten egiten baitute munduan zehar zer gertatzen den ikustera, monotonia albora lagata.
Zer sentiarazten dizu beti gauza guztiei argazkiak ateratzen ibiltzen diren turistak ikusteak?
Neuk ere beti aldean eramaten dut argazki makina, baina ez dut larregi erabiltzen. Nire erreportaiak edo bidaia-liburuak osatzeko momentuak argazkian jasotzea gustatzen zait. Afrikari buruzko nire liburuen azaleko argazkiak neureak dira, adibidez. Turista argazkilari edo bideomanoari buruz, nire ustez askok eta askok bisorearen enkoadrearen bitartez ikusten dituzten bisitaturiko lekuak eta etxera joandakoan jakiten dute sabana alde haietan zer zegoen. Beste turista batzuk erosketetan oinarritzen dute bidaia eta bidean harrapatzen duten guztia erosten dute. Hori ere bidaiatzeko modu errespetagarria da oso, gauza guztiei argazkiak ateratzen dizkieten turistena bezala.
Ze alde on eta alde txar ditu bakarrik bidaiatzeak?
Niretzat bakarrik ibiltzeak ez du alde txarrik. Askoz hobe da bakarrik bidaiatzea. Arrisku egoeretan ere, taldean ibiliz gero gauzak gehiago korapilatzeko arriskua izaten da. Bakarrik bidaiatzeak izugarrizko askatasun sentsazioa ematen du. Beste inorekin ados jarri beharrik gabe egun bakoitzean edo gauan zer egin erabakitzea gauza ederra da. Oso aberasgarria da, benetan. Gainera, ni bezala esperientzia gero liburuetan jasotzeko asmoz ibiliz gero, funtsezkoa da bakarrik ibiltzea. Herrialde bakoitzeko jendearekin komunikatzeko behar hori, adibidez, bidaiari-idazlearen bakardadetik sortzen da, berak erabakitzen baitu askatasun osoz norekin eta zertaz hitz egin.
Bizi izandako esperientziak liburu bihurtzeko asmoz egiten dituzu bidaiak. Nola egiten da bidaiaritik idazletarako aldaketa?
Nire bidaietan beti eramaten dut aldean apunteak jasotzeko koadernoa. Jendea jakinminez hurbitzen zaidanean, ideiak idazten ditut, pertsona horiek koadernoa aberasten duten bitartean. Nik ez dakit idazteko bidaiatzen dudan ala bidaiak egiteko idazten dudan, baina ezin dut bata bestea gabe egin. Idaztea denbora geratzea, edo hobeto esan, denbora moteltzea bezala da, Graham Greenek behinola esan zuen moduan: “Bidaiatzeak gelditu egiten du denbora”. Bidaiari ekin baino lehen, dokumentazioa jaso eta asko irakurtzen dut bisitatu behar dudan lurraldeari buruz.
Gero, bertara iritsi eta oharrak jasotzen ditut koadernoan, in situ, eta gauez, block handiago batera pasatzen ditut oharrok eta eguneko gogoetak. Etxera itzultzean idatzitakoa berriz hartu eta liburua osatzen laguntzen duen literatura-estiloa ematen diot.
Nondik datorkizun Afrikaren deia?
Kontinente eta herrialdeak apetan hartzen dira eta maitatu egiten ditugu, emakumeak bezalaxe. Inork ez daki zergatik. Afrikara joan aurretik denboraldi luzeak eman nituen Ertamerikan, erreportaiak eginez. Gerra eta gerrillen garai aztoratu haietan, liluratu egin ninduen hango jendearen berotasunak eta eta bizitzak haientzat zein balore gutxi duen ikusteak. Amildegiaren ertz-ertzean bizi ginen, heriotzetik pauso batera.
Afrikarekiko lilura umetatik dut; Hemingwayk bezala, Afrikak haurtzarora itzultzen gaituela uste dut. Literaturaren kontinente nagusia da. Umetan irakurri nituen abentura asko, Hollywood-ek zinera eraman zituenak Afrikan gertatzen ziren eta nik hara joatearekin amets egiten nuen. “Vagabundo en África” liburuan Joseph Conrad-en “El corazón de las tinieblas” liburuaren lorratza jarraitu dut, Kongo ibaian zehar. Literaturan bada antzinako egia bat: irudimena esperientzia antolatzeko sormenezko era bat da eta bizitzan eta artean ere maisu da. Afrika da egia literario horren froga.
Turista eta bidaiari askori gogaikarri egiten zaio garapen bidean den herrialde batera iritsi eta jende guztiak zerbait eskatzen diola ikustea. Zer egin behar da zure ustez, eskuzabala izan ala “limosnarik” ez eman, eskekotasuna ez bultzatzeko?
Hori oso leku turistikoetan gertatzen da batez ere. Nik bisitatzen ditudan lekuetan ez dut horrelako arazorik izaten. Horrelako pertsonekin adeitasunez jokatzen dut, eurak ere nirekin hala jokatzen baitute. Normalean, nondik etorri naizen eta nire herrian bizitza nolakoa den jakin nahi izaten dute, besterik gabe. Nik diru apurren bat edo tabakoa ematen diet eta nahikoa dela uste dudanean, gehiago ez dudala esaten diet; beno, eta egiari zor, ez da gauza bera Tanzaniako oihaneko herritarren jakinmina asetzea eta Rabat-eko zokoaren inguruan izaten den jende mordoari aurre egitea.
Bidaiari idazleak bisitatzen dituen ezkutuko mundu horiek aurkitzeko, baliagarri al dira gidaliburuak, ala hobe izaten da lekuari buruzko bidaia-liburuak eramatea?
Gehienetan, urte pare bateko iraupena izaten dute gidek eta informazio hori berehala geratzen da zaharkituta. Afrikako herrialdeetan aduana, ibilbide eta oinarrizko beste kontu batzuei buruzko informazioa gauetik goizera alda daiteke. Gerrek edo hondamendi naturalek dena aldatzen dute. Nik gidaliburuak etxean irakurri eta funtsezko datuak jasotzen ditut eta eraman, berriz, bidaia-liburuak eramaten ditut, gogoetak eta parajeen arima deskribatzen baitituzte. Une honetan Grezia eta Turkiari buruzko liburua prestatzen ari naiz eta Henry Miller-ek duela urte asko nola deskribatu eta sentitu zituen jakin nahi izan dut horretarako.
Zein bidaia-liburu gomendatuko zenieke CONSUMEReko irakurleei, irudimenarekin bidaia dezaten?
Bidaia-liburu askok aberastu izan nau. Baina batzuk aipatzearren: “El coloso de Maroussi”, Henry Miller-ena; “Viaje al Congo”, André Gide-ren; “Vía de escape”, Graham Greene-ena eta Manu Leguinecheren edozein, artista baita genero honetan. Adibidez, “El camino más corto”.