Akuario garbi eta osasuntsua

1 uztaila de 1999

Akuario garbi eta osasuntsua

UEtxeko animaliak zaintzeko nolabait euren beharrak ezagutu behar dira, gure etxea eurentzat ingurune ezezagun eta biologikoki desegokia izan arren, ahalik eta erosoena eta berezko ingurune naturalarekiko ahalik eta antzekoena gerta dakien.

Beraz, animalia bat etxera ekarri aurretik zer zainketa mota eta nolako baldintzak behar dituen jakiteaz arduratu beharko dugu eta erantzun dezakegun ikusi. Akuarioan koloretako arraintxoak ipini nahi baditugu, oso lagungarri gertatuko zaizkigu ondorengo aholku hauek.

Consejos
  • Akuarioaren kokalekua oso garrantzitsua da, horren arabera aukeratu beharko baituzu ontzia. Akuarioak uste baino astunago izaten dira urez betetakoan (akuario txiki batek erraz har ditzake 200 kilo) eta beraz, oinarrian jarriko den euskarria behar bezain sendoa dela egiaztatu beharko dugu.
  • Ez jarri arrain-ontzia aire korronteak dauden lekuan, horrek ezinezko egingo bailuke beti tenperatura berari eustea. Eguzkiak zuzenean jotzen duen lekuan ere ez ipini; ura kolpetik berotuko litzateke eta hori kaltegarri izan liteke arrainentzat.
  • Zure aurrekontuaren arabera, ahal duzun akuariorik handiena aukeratu. Zenbat eta txikiagoa izan, arrainek orduan eta gehiago jasango dituzte uraren kutsadura, gehiegizko populazioa eta tenperatura aldaketak. Gutxieneko neurria hauxe da: 70 zentimetroko oinarria, 50 zentimetroko altuera eta 30eko sakontasuna.
  • Ontzi errektangularra aukeratu. Horixe duzu praktikoena ur bolumenaren proportzioan arrain kopururik handiena edukitzeko eta ikusgarritasun hobea du esfera edo triangelu itxurakoek baino, horiek distortsionatu egiten baitute arrainak ikustea.
  • Akuariorik onenak beirazkoak dira. Garestixeago izan arren, ez dira hain erraz urratzen eta denborarekin ez dira horitzen.
  • Oso gomendagarria da ontziari estalkia jartzea, hainbat funtzio betetzen baitu: lanparentzat euskarri gisa balio du, uretara ez da hainbeste hondakin erortzen, beroari eutsi egiten dio, arrainek ontzitik kanpora salto egitea ekidin egiten du eta neurri handi batean lurrinketa bidez ura gutxitzea ere ekiditen du.
  • Arrainak akuarioan ondo haziko badira, euren sorleku naturaleko baldintzen ahalik eta antzekoenak izan behar dute bertakoek. Uretako landareak, harriak, hartxintxarrak eta bestelako apaingarriak, ontzia apaintzeaz gain babesleku egokiak dira espezie lotsatienentzat. Hartxintxarra, material iragazleak, haitzak, adarrak eta bestelakoak, erabili aurretik ondo garbitzea komeni da eta, ahal izanez gero, esterilizatzea.
  • Egiazta ezazu uraren kalitatea egokia dela erosi nahi dituzun arrainentzat. Horretarako aski duzu pHa, nitritoak, nitratoak, amoniakoa eta uraren purutasuna neurtzeko test-ak eskuratzea.
  • Bereziki zaindu iragazketa- eta aireztapen-sistemak, oxigenoa ezinbetekoa baita arrainek arnasa har dezaten eta gai organikoen oxidaziorako.
  • Akuario tropikaletan ura berotu egin behar izaten da (tenperatura ezberdina beharko da espezieen arabera) eta Mediterranioko akuarioetan berriz hoztu egin beharko dugu (13 gradu ingurura). Gogoan izan uraren tenperatura zenbat eta altuagoa, orduan eta oxigeno gutxiago izango duela eta beraz, arretaz zaindu beharko dela arrain larregi ez jartzea.
  • Ontzi handietan bi berogailu izatea komeni izaten da, potentzia handiagoko bakarra jarri beharrean. Hartara, hobeto zabalduko da beroa eta bietako batek matxura izanez gero, besteari esker uraren tenperatura ez da larregi jaitsiko.
  • Aste pare batean izan ezazu akuarioa martxan arrainik gabe eta neurtu egunero uraren paremetro fisiko-kimikoak. Urez betea dagoenean, noizean behin garbitu ontziaren paretak arrasparekin eta horretan ari zaren artean ez jaten eman arrainei, filtroak une horretan lan handiagoa baitu algak desegiten. Ontziaren hondoa garbi eduki nahi baduzu, ez janari gehiegi bota eta sartu ontzian arrain garbitzaileren batzuk (adibidez, Corydoras aeneus espeziekoak).
  • Arrain erosi berriak koarentenan izatea komeni da. Sar itzazu aparteko ontzietan 2 edo 3 astez, gaixotasunen bat inkubatzen egon baitaitezke.
  • Janari larregi ematea izaten da akuarioko arrainak hiltzeko arrazoi ohikoena. Jaten ez dutena ontziaren hondoan pilatu eta usteldu egiten da. Gainera, hesteetako gaitzak sortzen dizkie edo zuntz adiposo larregi pilatu eta arrainen barruko organuak hondatu egiten dira. Hiru edo lau minutuan jan dezaketena baino gehiago ez eman.
  • Oporretan kanpora bazoaz, jarri ganbela automatikoa eta bidaia hamabost egun baino gehiagokoa bada, eskaiozu konfidantzazko norbaiti ura garbitzeaz ardura dadila. Akuarioa opor-lekura eramatea pentsatu baduzu, bazter ezazu asmo hori, ez baita bere lekutik mugitu behar, salbuespen kasuetan izan ezik.