Kontrola eta informazio gardena
Beste hainbeste gertatu zen aurretik Ingalaterrako “behi eroen”, klenbuteroldun behikiaren, edo gizakion kontsumorako gai ez zen koltzolioaren toxikazio tragikoaren auziekin ere. Gai delikatua da, zuzenean eragiten dituen ondorioengatik eta gizartean sortzen duen alarmarengatik. Eta komunikabideek ere, arazoa neurriz gain atera eta titular deigarrien bila tratatu dute gaia, informazio zentzuzkoa eman edo gertaeren jatorria eta eraginak teknikoki deskribatzen saiatu beharrean. Horrela, jatea bezain gauza egunerokoak osasun-arriskua ekar dezakeela ulertzen du kontsumitzaileak, nahasturik geratzen da eta kontsumitzen dituen jakien produktore eta banatzaileez mesfidantza sortzen zaio. Informazio fidagarririk (interes ekonomiko asko dago jokoan) eta teknikoki egiaztatzerik ezean (zaila izaten da arazo hauen zergatia aurkitzea, ikusten ari garenez), kontsumitzaile askok geure ideia ateratzen dugu arazoaren aurrean, gehienetan inpresioetan eta aurreiritzi pertsonaletan oinarrituta (telebistako irudiek txunditu egiten gaituzte informatu baino gehiago).
Gizarte-arazo larri baten aurrean gaude eta denon artean hasi behar dugu konpontzen. Ez dugu errezetarik honelakorik berriz gerta ez dadin, baina egoki erabiliz gero, gertakari hauen maiztasuna eta larritasuna gutxitzeko balio dezaketen zenbait prozesu identifikatu dugu dagoeneko. Inork ez du zalantzan jartzen jakiek, eta batez ere jaki freskoek (ahulagoak direlako), baldintza higieniko-sanitario onean iritsi behar dutela kontsumitzailearengana. Horretarako, ezinbestekoa da kontrolak zorrotz eta modu estandarizatu batean egitea, produktuak sortzen diren lekuan bertan. Kontsumitzaileok gure aldetik, kalitatea ziurtatze horrek kostua (apala) dakarrela onartu behar dugu eta erosketak egitean ordaindu egin beharko dugula. Baina hori ez da nahikoa. Osasuna eta segurtasuna EBean kontsumitzaileok aitorturik dugun oinarrizko eskubidea da eta begien bistakoa dirudi eskubide hori ezin dela produktoreen estrategia komertzialen arabera edo herrialde baten edo bestearen interes ekonomikoen arabera dantzan eta zalantzan izan. Hori dela eta, elikadura arloan sarriegi gertatzen ari diren kutsadura kasu hauei buruzko informazioan gardentasuna eta zorroztasun teknikoa bultzatuko duen politika behar dugu. Bestalde, dendetara iristen diren elikagaiek euren “nondik norakoaren” berri jaso behar lukete, berehala oilaskoen kasuan zein granja eta herrialdetatik datozen, zer jan duten e.a.
Baina ezin izango da neurri eraginkorrik aplikatu kontrolerako erakundeak, -estatu mailakoak eta nazioartekoak- sortzen ez ditugun artean. Erakunde horiek, alde guztien onarpena izan eta jarraitu beharreko kalitate arauak ezarri eta betearazi beharko dituzte. Horra hor eskubete lan. Orain, arazoaren larriak eskatzen duen seriotasun eta premiarekin lanari ekitea besterik ez da falta.