Oporrak: zertarako?
Ia guztiok dakigu eguneroko edo asteburuko denbora libre apurrari zukua ateratzen. Azken batean, hain azkar pasatzen da denbora… Baina udan besterik da eta aisialdiari buruz askoz ere espektatiba handiagoak sortzen ditugu. Baina sarritan, ilusio horiek guztiak bertan behera geratzen dira.
Denbora asko ez dela, aisialdi kontzeptua produkzioari loturik zegoen. Atsedena, indarberritu eta lanean jarraitzeko bitartekoa baino ez zen. Gaur egun, berriz, aldatu egin da gure bizitza eta oinarrizko beharrizanak (etxebizitza, jantzia, elikadura, heziketa, osasuna) asetzeko ezezik, gozatzeko eta izaki ludiko gisa garatzeko aukera emango digun aisialdia erosteko ere egiten dugu lan. Asteburuko irteerak, oporretako bidaiak, apartamentua erosi, liburuak erosi eta irakurri, zinea, atzerkia edo bestelako ikuskizunak ikusi, taberna eta jatetxeetara joan… Aurtengo udako aisialdia geure burua zaintzeko aukera gisa ere uler dezakegu, geure osasuna zaintzeko aukera gisa. Eta aisialdiaren gozamen kreatibo eta originala erreibindikatzeko, estresarentzat eta eguneroko bizitzako monotoniarentzat txerto eta erremedio santu gisa.
Dibertitzea osasuna da
Dibertitzea (modu osasungarrian, jakina) osasuntsu bizi izateko formula magikoetako bat da. Aisialdia aprobetxatzeak, intentsitatez bizi izateak obsesio eta ardurei aurre egiteko balio du, depresioa eta gure oreka emozionalari eraso egiten dioten gainerako agente negatiboak albora uzteko. Aisialdiaz benetan gozatzeko barne-jarrera jakin bat eduki beharra dago. Nor naizen eta kanpoko presio eta betebeharrik gabe nagoenean zer egiteko gauza naizen jabetzea. Aukera bikaina, adibidez, oraindik gazte izan arren erretiro aurreratuagatik lan ordainduaren mundutik baztertutako pertsona askok bizi duen asperdurari aurre egiteko gaitasunik dugun ikusteko. Horietako asko barneko hutsuneaz kexatu ohi da; bistan da ez dutela deskubritu lanean ari ez direnean zer egiteko gauza diren, nola diberti daitezkeen lan-eremutik kanpo, lehen euren bizitza markatzen zuen “lana-aisialdia” prozesua desagertzen denean.
Gaur egun asko hitz egin eta idazten da “aisialdiko zibilizazioaz” eta teknologi-aurrerapenaren, langabeziaren eta lanaldi murriztuen eraginez, badirudi apurka-apurka gizarte-testuinguru horretarantz goazela. Adituek diotenez (aisialdiaren gestioko adituak ere badira, nola ez), jendea asper ez dadin, depresiorik izan ez dezan eta bere agresitibitate soberakina besteengan bota ez dezan alternatibak asmatu beharra dago. Horregatik, gero eta zabalagoa da aisialdiko baliabideen eskaintza: kultur gelak, kiroldegiak, liburutegiak, abentura-kirola, ikuskizunak, era guztietako prestakuntza ikastaroak… Baina eskaintza gehitzea ez da, berez, konponbidea. Jateko ere, garrantzitsuena ez da jaki gozo-gozoen aukera zabala izatea, gose izatea baizik eta jakina, jateko zerbait izatea. Goseak gaudenean, edozer jaten dugu. Umeek ere jolaserako ez dute jostailu konplexu eta garestirik behar. Aski dute makila bat, soka bat edo kartoizko kaxa bat eta askatasuna, gogoa eta irudimena (edo agian azken horiek bakarrik), euren gaitasun ludikoa askatzeko.
Sormenaren ordua
Eskertzekoa da gaur egun dagoen kultur ekipamenduen eskaintza, baina benetan ondo pasatzeko geure sormenarekin jolas egitea besterik ez dugu behar: marraztu, pintatu, josi, puntua egin, argazkiak atera, paseatu, musika entzun, gogoko dugun kirolen bat egin, irakurri, eskulanak egin… Bakoitzak bere gustuko ekintzak, zaletasunak eta trebeziak izaten ditu. Horregatik, norberak aztertu behar du zerk asetzen duen, zerk egiten duen zoriontsu. Gizakiak barru-barruan erroturik duena ateratzea da kontua: bizitzaren aurrean zentzu ludikoa garatzea. Jolasak antsietateari eta frustrazioei ihes egiteko bidea eskaintzen du eta oso atsegina da. Ekintza ludikoen bitartez norbere izatera adieraz daiteke gainera, askatasun osoz eta norberak jarritako mugen barruan, garen bezala azaldu. Jolasak antsietatea askatzen lagundu eta barre egiteko aukera eskaintzen du. Barrea ihes-balbula bikaina da, sendagairik unibertsal eta merkeena: frogatuta dago sarritan jolas eta barre egiten duten pertsonak gutxitan joaten direla psikologo eta psikiatren kontsultetara.
Egoismo ona
Hala ere, orduek ihes egiten diguten sentsazioa izaten dugu eta aurreikusitakoaren laurdena ere ez dugu bete ahal izan. Badakigu denbora mugatua dena eta horregatik, lehentasunak ezartzen ditugu denbora egunero lan-ikasketa edo bestelako betebehar, familia eta aisialdiaren artean banatzeko.
Aisialdiaren sailean adiskideak sartzen ditugu, asteburuan gehienetan. Betebeherrek eta gure ingurukoen (familia, bikotekide, seme-alaba, adiskide, auzoko eta abarren) zoriona bilatzeak arduratzen gaitu. Baina, zer gertatzen da norbere zorionarekin, beste inor sartzen ez den eremu intimo eta esklusibo horrekin? Hori ere gestionatu egin behar dugu. Egoista dirudi, besteengandik aldendu egiten garela; horregatik, zail gertatzen zaigu gure antolakuntzan arlo horretarako denbora aurkitzea. Honelakoak esaten dizkiogu geure buruari: “egia esan, nik egin nahi nukena…”, edo “astirik (edo dirurik) banu, gustura egingo nuke halako”, baina horretan geratzen da: posible izan arren, errealitate bihurtzen ez ditugun amets hutsak dira.
Eta askotan ez da denbora faltagatik izaten; denboraren antolakuntzan hainbeste gauza sartzearen puruz, uko egiten diogu guk geuk gogoko ditugunak sartzeari, geure gustu eta behar bereziak -besteen gustu eta beharretatik desberdinak- ditugula ahaztuta. “Ez duenak ezin eman”, dio esaera zaharrak. Hitz horiek gaurko gaira ekarrita, nekez lortuko dugu inor zoriontsu egitea, geure burua zoriontsu egiten ez badakigu. Gure bizitzaren alde positiboaz jabetuta bizi garenean, “edalontzia erdi hutsik ez baina erdi beteta ikusten dugunean”, eguneroko gauza txikiez gozatzen dugunean, gure jarrera irekia eta malgua denean, modu eraikitzaile, bizi eta alaian jokatzen dugunean, irripar egin eta nolabaiteko arriskua onartzen dugunean, sentimendu eta emozioak azaldu eta barregarri geratzeko beldurra baztertzen dugunean, jolas egin, ondo pasa eta geure buruari barre egiten ikasten dugunean, zorionera bidean urrats erraldoia emango dugu. Geure zorionaren eta ingurukoenaren bidean. Egia esan, erosoago sentitu ohi gara asko ematen duten pertsonekin baino, beren burua besteei eskaintzen dietenekin. Horrela, kontua geure burua eskaintzea bada, eskaintzen denaren kalitatean egongo da besteen zoriona lortzeko aldea.