Eztidun arto hanpatua eta gari-maluta txokolatedunak

Gosaritarako zerealak: garestiek gustu hobea

Orain dela urte batzuetatik hasita, gure mahaian ia eguneroko bihurtu diren gosaritarako zerealak, gari-, arto-, olo- edo arroz-irinekin lantzen dira, batez ere, eta eguneko lehen janarian aspaldian ohikoago ziren elikagai (ogia edota opilgintzako produktuak, adibidez) haien ordez hartzen dira goizean.
1 uztaila de 1999

Gosaritarako zerealak: garestiek gustu hobea

Gosaritarako zereal hauetan aukera handia eskaintzen digu merkatuak orain, esandako irinei eztia, karamelua, txokolatea, esne-hautsak edota fruitu lehorrak erants dakizkiekeelako, bi helburu betetzearren: batetik, atsegin edo goxoagoak bihurtzeko eta, bestetik, horien ekarpen energetikoa areagotu eta hobetzeko.

Gehien saltzen diren barietateetako bi aztertu dira oraingoan: eztidun arto hanpatua eta gari-maluta txokolatedunak, hain zuzen. Eztidun laginak Cereal Sun, Pascual, Nestlé, Hahne eta Kellogg´s dira, eta horien kiloko prezioak 413 pezetatik (Cereal Sun) 901 pezeta bitartean (Kellogg´s) dabiltza. Aztertu diren gari-maluta txokolatedunen lau markak Kellogg´s, Club Party, Nestlé eta Pascual dira eta hauen salneurriek ere gora-behera latzak agertzen dituzte: kiloko 477 pezetatik (Club Party) 928 pezeta bitartean (Kellogg´s). Ontzi guztiek 375 gramo garbi badituzte ere, Pascual markako eztidun zerealenak 250 gramo besterik ez zeukan.

Zereal hauen nutrigarri behinenak karbohidratoak dira, gehientsuenak produktuan baliaturiko irinei dagozkienak, hain zuzen. Proteinak (kalitate ertainekoak direnez, zereal hauen kontsumoa esne edo jogurrez osatu beharra dago), txokolatez hornituriko zerealen guztirako edukiaren %8 inguruan dabiltza eta eztia daukatenetan, berriz, %6a gutxi gora-behera. Zereal horiek oso gantz gutxi duten arren (hala ere, gehixeago txokolatea dutenak eztidunak baino), bai batzuek bai besteek bereizgarri nagusietako bat ekarpen energetikoa dute (400 kaloria inguru 100 gramoko); beraz, pertsona lodiek arreta handiz ibili behar dute produktu hauek kontsumitzean. Zuntza (biziki osasungarria, hesteetako mugikortasuna eragiten baitu) dela eta, txokolatedun gari-malutetan ugariago dago -%4a da zuntza, batez beste-, eztidunetan %1etik gorako kopururik ez izaki. Nestlé, Pascual eta Kellog´s markak bitamina eta mineraletan nabarmentzen dira; elementu hauetan txiro edo eskasenak, berriz, Club Party, Hahne eta Cereal Sun laginak dira.

Dastaketan alde gaitzak hauteman ziren. Nestlé eta Kellog´s marketako gari-maluta txokolatedunak argi eta garbi nabarmendu ziren, eta Pascual eta Kellog´s marketako eztidun arto hanpatuak. Nolanahi ere, azpimarratu beharrekoa da lau lagin horiek produktu garestienen artean agertzen direla. Pascual laginak, txokolatedun gari-malutetan, eta Hahne markakoak, bestelakoetan, aprobatu ere ez zuten egin.

Txokolatedun gari-malutetan aukerarik politena Nestlé da: garestiak badira ere, nutrizio-aldetik osaketa bikaina dute eta, gainera, dastaketan puntuazio hoberenak erdietsi zituzten. Eztidun zereal hanpatuetan, Cereal Sun dugu hautapen onetako bat: merkeenak izanik eta bitamina-ekarpen urriagoa eskaintzen badute ere, dastatzaileen gustua asebete egin zuten. Edonola ere, Pascual markakoak -garestixeagoak diren arren-, interesgarriak dira nolabait, bitamina-ekarpen on-ona eskaintzen dutelako.

Gosaritarako zerealak eta nutrizioa

Zereal hauetako nutrikaririk behinena karbohidratoak dira, gehientsuenak produktuan baliaturiko irinetakoak, hain zuzen; halaz ere, heren bat baino gehixeagok, erantsitako azukre soilak eta bestelako osagaiak (eztia edo karamelua, adibidez) dituzte sorburu. Eztidun zerealetan, produktuaren %85 inguru da karbohidratoa.

Txokolatedunek, aldiz, kopuru urriagoak erakusten dituzte. Txokolatedun zerealetako proteina, osotasunaren %8 ingurukoa da: hauetan Pascual dugu nabarmentzekoa, %10eko balorearekin; eztidun zerealak besteen azpitik dabiltza, proteina produktuaren %6 ingurukoa izaki. Zerealetako proteina, oro har, kalitate biologiko ertainekoa besterik ez denez, produktu hau kalitate proteiko hobeko elikagaiekin osatzea komeni da, jogur edo esnearekin, adibidez.

Eztidun zerealetan gantz gehien duen lagina Nestlé da (%7) eta gutxien dutenak Cereal Sun eta Pascual (%2). Txokolatedun zerealetako gantz kopurua %4 eta %6 bitartean dago. Kopuru neurrikoak dira, nolanahi ere.

Produktuok ekarpen kaloriko handia agertzen dute: 100 gramoko batez beste 380 eta 420 kilokaloriatan dabiltza denak, hau da, bai eztidun zerealak, baita txokolatea duten gari-malutak ere.

Zuntz, bitamina eta mineralak

Zuntzaz ari garela, nabarmena da, zinez, eztidun zerealen eta txokolatedun zerealen arteko aldea. Azken hauek balore garaiagoak agertzen dituzte. Denen artean Pascual da nabarmendu beharrekoa, produktuaren %7a zuntza duela, produktua osatzean galirin integrala erabiltzen duelako marka horrek, etiketan adierazi duen bezala. Arto hanpatuko zereal eztidunek, denek ere, produktuaren zuntza %1a besterik ez dute.

Beste alde batetik, gosaritarako zereal hauek B multzoko bitamina hidrosolugarrien eta mineralen iturri oparoa dira: 30 gramoko errazio bat zereal hartuta, bitamina hauetan aholkatzen den egun osorako kopuruaren laurdena betetzen da. Bitamina horietako batzuek metabolismo energetikoan inplikaturiko eragiketa eta erreakzioetan eragile-kidetzat esku hartzen dutenez, haur, haurdun eta gabezi egoeran dauden pertsonentzat biziki mesedegarri gerta daitezke. Esandakoez gainera eta daukaten burdinari esker, anemia-plegu batzuen prebentzioan sekulako eginkizuna betetzen dute. Hala eta guztiz, bitamina horiek guztiak egun osoan zehar bildu daitezke, frutak, lekaleek, barazkiek eta ogiak osaturiko dieta orekatua hartuz gero. Jatorrizko osakeran, bitaminak eta mineralak aportatzen dituzte zerealek, kopuru txikitan bada ere: horregatik eransten dituzte fabrikatzaileek elikagai horiek osatzeko “estrak”, aparteko elementuak, alegia.

Azterturiko laginen (beti ere produktuaren 100 gramoko eta egun osorako aholkatutako kopuruaren -EOAK-portzentaiari dagokionez) ekarpena da, batez beste, B1 bitaminaren EOAKaren %102- %110, B2aren EOAKaren %75, B6aren EOAKaren %70- %93, B3aren (niazina) EOAKaren %79-%82, B9aren EOAKaren %78 eta B12 bitaminaren EOAKaren %73-%76. Markak aipatzekotan, nabarmendu beharrekoak ditugu Kellogg´s, Nestlé eta Pascual marketako laginak, bitamina eta mineralen kopuru handiagoak dituztelako. Ekarpen urrienekoak, berriz, Club Party, Cereal Sun eta Hahne dira. Zehatzago adieraz dezagun, Club Party laginaren B2, B3 eta B9 bitaminen kopurua gainontzeko laginenetakoa baino urriagoa da eta Zereal Sun markakoan ez zen hauteman B2; gainera, B1 eta B6 bitaminen kopurua gainontzekoetan baino dezente eskasagoa zegoela atzeman zen. Azkenik, Hahne laginean hautemaniko B2, B3 eta B6 bitaminen eta burdinaren kopurua gainontzeko lagin gehientsuenetakoa baino txikiagoa zela egiaztatu zen.

Mineralei goazkiela, burdina eta sodioa aztertu dira laborategian: sodioaren batez besteko edukia 0,3 mg izan zen produktuaren 100 gramoko; burdina, berriz, 9,3 mg 100 gramoko. Burdina-kopuru hori, egun osorako aholkatzen den osoko kopuruaren %67a da. Burdina gehien agertu zutenak Nestlé (bi pleguetako zerealetan) eta, ondoren, Pascual markako biak izan ziren.

Produktuei bitamina eta mineralak eransten zaizkiela kontuan izaki, osagaien zerrendan halakotzat agertu behar dira; areago, halako edo bestelako bitamina zein mineral ugari dauzkala adierazten duten produktuek, etiketan adierazi beharko dute osagai horietako bakoitza zein den eta zein portzentaiatan dagoen, xehekapen osoz. Horrela egin dute azterturiko lagin denek, Hahne, Cereal Sun eta Club Party markakoek izan ezik: hauetako bakar batek ez du adierazten erantsi omen dituzten mineral eta bitaminen berri. Dena den, hainbat bitamina eta minerali dagokionez, horien osaketa eta gainontzeko markena berdintsuak izateak, horrelako nutrikariak erantsi egin direla pentsatzeko bidea ematen du: horien etiketa zuzen ez dagoela esan dezakegu, horrenbestez. Nutrizioari buruzko informazioa ematen duten laginetan, adierazten den bitamina-kopurua eta benetakoa erkatu dira eta, egiari zor, aitorturiko baloreak eta laboratorioan hautemanikoak oso berdintsuak direla berretsi behar dugu.

Osasun aldetik, denak zuzen

Egoera mikrobiologikoaz ari garela, gosaritarako zerealen bederatzi laginek indarrean dagoen legeria zorrotz betetzen dutela esan daiteke. Laborategian aerobio mesofilo, legamia, lizun, salmonella eta E. colli eta Bacillus cereus izenekoen agerpenik ba ote zegoen bilatu zen. Ikuskaritza analitiko horretan erdietsitako emaitzak asebetetzeko modukoak izan ziren, Hahne markako eztidun arto hanpatuaren kasuan izan ezik: lagin horretan aerobio mesofiloak idoro ziren, arauak onarturiko mugaz azpitiko kopuruan bada ere. Beraz, azken marka honetako egoera mikrobiologikoa ere zuzentzat jo beharra dago.

Beste alde batetik, arauak xedaturikoaren araberako etiketa zuten lagin guztiek agerian, paketearen goialdean, hain zuzen: erraz jakin daiteke horretara begira lotearen zenbakia eta produktuaren iraungitze-data, hau da, zein egunetaraino kontsumi daitekeen. Datu bi horiekin batera, fabrikatzailearen izen eta helbidea eta ontziaren eduki garbia azaltzen dira: hau dela eta, nabarmendu beharra dago lagin guztietan adierazitako edukia eta paketearen benetakoa doi-doi bat datozela, laboratorioan pisatu baitira lagin denak. Betebeharrekoa denez, osagaien zerrenda ere agertzen da ontzian: informazio horretan ez da nahitaezkoa erantsitako bitaminen xehekapenik edo kopuruaren berririk ematea etiketan, baldin eta fabrikatzaileak ez badu erabili publizitatezko erakargarritzat produktuari eginiko mineral edo bitaminen eransketa. Dena dela, komeniko litzateke datu horien berri ematea, erosten ari denaz kontsumitzailea ongi informaturik edukitzearren besterik ez balitz.

Zaporez eta ukituz, arrunt desberdinak

Eztidun zereal hanpatuen dastaketan lehentasunezkotzat jo ziren zaporea eta ahoko ukitua. Ezti-zapore bizia izan, ahoan kirrikatsu agertu eta, esne berotan busti ondoren ere, egitura sendoa daukatenak izan ziren dastatzaileek nahiago izan zituzten zerealak. Puntuaziorik hoberenak Kellogg´s eta Pascualentzat izan ziren, biak ere zazpina punturekin. Bi horietako aurrenekoan gehien gustatu zena itxura eta arto-zapore bizia izan ziren, ukitu kirrikatsuarekin batera. Pascual markakoen ezti-gustua eta ukitua ere izan ziren dastatzaileen gustukoak; gutxien gustatu zitzaiena, berriz, zerealen kolore iluna. Notarik pattalena Hahne markakoek lortu zuten: 4 puntu besterik ez. Hauen zapore gexala eta ukituak (kirrikatsua bai, baina denetan motelena) ez zituzten asebete dastatzaileen zaletasunak.

Txokolatedun zerealetan, funtsezkotzat jo zuten dastatzaileek txokolate-zaporea eta itxura distirantea, ahoko ukitua sendoegi izan gabe. Goiko tokietan geratu zirenak, Nestlé markako txokolatedunak izan ziren, 8 punturekin: itxura ederra eta, produktua esne berotan busti ondoren, mantendu zuen ukitu kirrikatsu eta sendoa nabarmendu ziren. Biziki goretsi zen beste lagin bat Kellogg´s izan zen, bere zazpi punturekin. Proba honetan puntuaziorik txarren edo okerrenak jaso zituztenak Pascual (3 puntu) markakoak izan ziren, distira eskasa, tamaina txikia eta maluten gehiegizko gogortasuna zirela medio. Zaporea ere ez zen izan dastatzaileen zaletasunen araberakoa: txokolate-zaporearen gainetik zerealarena nabarmentzen da, galirin integrala erabili duelako marka horrek, agian. Zerealen azken ahoko ukitua (hau da, kirrikatsu edo gogor ala guriago agertzea), berorien hezetasunaren araberakoa da. Horrela bada, gogortasun handikotzat hartutako batzuk (Pascual) dira hezetasun apalena agertzen dutenak: %1,9 txokolatedunek eta %1,2 eztidunek, hain zuzen ere. Hahne eta Club Party, berriz, kirrikatsu baziren ere, motelenak zirela erabaki zuten dastatzaileek, eta beroriek dira hezetasun handiena dutenak %4,8 eta %3,2 hurrenez hurren. Hezetasunak, nolanahi ere eta arauak xedatutakoa beteko bada, ez du izan behar produktuaren pisu osoaren %12a baino handiagoa. Dena den, lagin guztiak goieneko muga horretatik dezente beherago dabiltza, %1etik %5era bitarteko baloreekin.

Laburbilduz

Laburbilduz

  • LGosaritarako zerealak gari-, arto-, olo- edo arroz-irinekin egiten dira, eta hainbat gauza erants dakizkieke, hala nola eztia, karamelua, txokolatea, esne-hautsak edota fruitu lehorrak.
  • Eztidun arto hanpatuaren bost lagin aztertu dira: horien prezioak, kiloko, 413 pezetatik (Cereal Sun) 901 pezetara (Kellogg´s) dabiltza. Beste lau lagin ere aztertu dira, txokolatedun gari-malutenak bigarren hauek, prezioak ere oso desberdinak izanik: 477 pezetatik hasita (Club Party), 928 pezetaraino (Kellogg´s), alegia.
  • Lagin guztiak osasun-egoera egokian zeuden eta etiketan aski informazio zehatza ematen diote kontsumitzaileari.
  • Karbohidrato ugari daukate, produktu osoaren %75 eta %90 bitartean, laginen arabera. Produktu hauen proteinak (osotasunaren %5etik %10era bitartekoak) kalitate ertainekoak direnez, zerealak esne edo jogurrekin nahasita hartzea komeni da. Zerealek gantz gutxi baina kaloria ugari dituzte (400 bat kaloria 100 gramoko): horrenbestez, pertsona lodiek mugatu egin beharko dute produktu honen kontsumoa. Azkenik, zuntzaren ekarpena ere egiten dute, handiagoa txokolatedun gari-malutak arto hanpatu eztidunak baino.
  • Kellogg´s, Nestlé eta Pascual nabarmentzen dira, bitamina eta mineral-kopuru handiagoak dauzkatelako. Elementu horiek kopuru txikienetan dituztenak Club Party, Cereal Sun eta Hahne dira. Dieta orekatua, nolanahi ere, zereal hauek aportatzen ez dituzten bitamina eta zerealak osatuko du.
  • Dastaketan, Nestlé eta Kellog´s marketako txokolatedun gari-malutak nabarmendu ziren, eta Pascual eta Kellog´s marketako arto hanpatu eztidunak. Onak bai, baina laurak dira garestienetakoak.
  • Gari-maluta txokolatedunetan kalitate-prezio erlaziorik hoberena Nestlé dugu: garesti gertatzen diren arren (805 pezeta kiloko), dastaketan onenak izan ziren eta nutrizio-aldetik osaketa bikaina agertzen dute.
  • Eztidun arto hanpatuko laginei dagokienez, bi ditugu nabarmentzekoak: Cereal Sun (413 pezeta kiloko) bitamina gutxi dituen arren, merkeena da eta dastatzaileen gustukoa, gainera; eta Pascual, garestia (740 pezeta kiloko), baina dastaketan aurrekoak baino nota hobea lortu zuen eta bitamina gehiago ditu.

Banan-banan

Gosaritarako zerealak, banan-banan

Nestlé. (Gari-maluta txokolatedunak)

  • 375 gramo. 805 pezeta kiloko. Garestia den arren, kalitate-prezio erlaziorik onena da hau.
  • Nutrizio-osakera bikaina: burdina gehien eta B1 eta B9 bitamina gehien dituztenak dira.
  • Dastaketan ere, hoberenak, 8 puntuz: “Distira handia, erdipareko tamaina, txokolate-zapore ertaina, zereal-zapore apala, ukitu kirrikatsu eta sendoa”.

Kellogg´s. (Gari-maluta txokolatedunak)

  • 375 gramo. 928 pezeta kiloko, garestienak. Gainontzeko laginetakoek baino burdina gutxiago.
  • Beste batzuek baino gantz gutxiago (produktuaren %4) eta karbohidrato gehiago (%80). Bitaminetan, ekarpen handia.
  • Dastaketan, 7 puntu: “Distira handia, tamaina handia, txokolate-zapore bizia, zereal-zapore ez oso bizia, kirrikatsua eta sendo samarra”.

Club Party. (Gari-maluta txokolatedunak)

  • 375 gramo. 477 pezeta kiloko, merkeenak.
  • Burdina eta bitamina gutxien dituztenak.
  • Dastaketan, erdipurdi baino ez, 5 puntuz: “Distira urria, tamaina handiagokoak, zereal-zaporea txokolatearena baino biziagoa, sendoa eta ez gainontzekoak bezain kirrikatsua”.

Pascual. (Gari-maluta txokolatedunak)

  • 375 gramo. 624 pezeta kiloko, merkeak. Nutrizio-osaketa on-ona: B2 eta B6 bitamina gehien dituztenak eta burdina gehien duten bigarrenak.
  • Gantz gutxi eta proteina asko dute (%10). Zuntz ugari (%7) ere bai, galirin integrala baliatzen duelako.
  • Dastaketan, okerrenak, 3 puntuz: “Ia distirarik ez, tamaina txikia, txokolate-zapore motela, zereal-zapore nabarmenagoa, ukitu kirrikatsu eta sendotasun handia”.

Cereal Sun. (Eztidun arto hanpatua)

  • 375 gramo. 413 pezeta kiloko, merkeenak. Aukera polita, nahiz eta honetako bitaminen ekarpena (B2 ez daukaten bakarrak) gainontzekoena baino urriagoa izan.
  • Gantz eta proteina gutxi. Ez dute erantsitako mineral eta bitaminen berri ematen.
  • Dastaketan, 6 puntu: “Tamainarik handiena, zapore ona, oso kirrikatsua, sendotasun handienekoak”.

Pascual. (Eztidun arto hanpatua)

  • 250 gramo. 740 pezeta kiloko. Interesgarriak hauek ere, nutrizio-osakera bikaina dutelako.
  • B2 eta B9 bitamina gehien dutenak. Karbohidrato ugari eta gantz urria.
  • Dastaketan, 7 puntu: “Okre kolorekoak, ezti-zapore bizia, oso kirrikatsu eta sendoak”.

Nestlé. (Eztidun arto hanpatua)

  • 375 gramo. 800 pezeta kiloko, garestienak. Interesgarriak.
  • Burdina eta B1 eta B6 bitamina gehien dituena. Gantz gehien dutenak, askozaz ere (%7).
  • Dastaketan, 5 puntu: “Kolore oso argia, erdipareko tamaina, ezti-zapore bizi-bizia, arto-zapore motel samarra, kirrikatsu eta sendoa”.

Kellogg´s. (Eztidun arto hanpatua)

  • 375 gramo. 901 pezeta kiloko, garestienak.
  • Nestlé eta Pascual marketako laginek baino burdina eta B2 bitamina gutxiago. Sodio gehien daukatenak.
  • Dastaketan, 7 puntu: “Kolore laranjatsua, tamaina gustatu zitzaien, arto-zapore bizia, kirrikatsua, sendotasun apala”.

Hahne. (Eztidun arto hanpatua)

  • 375 gramo. 477 pezeta kiloko, merkeak.
  • Proteina gehien dituztenak (%7) baina burdina eta bitamina gutxien dituztenak, batera. Erantsitako mineral eta bitaminen berririk ez du ematen.
  • Dastaketan, 4 puntu baizik ez, txarrenak izan ziren: “Kolore horia, tamaina txikienekoak, bizitasun urriko zaporea, karraskagarritasun apalenekoak”.