Txokolatezko bonboiak

Prezioak, zaporearekin eta kakao-edukiarekin zerikusirik ez, ia

Kiloko 1.730 pezeta (Zahor Capri) eta 3.510 pezetako (Lindt Bombon Selection) prezioa dutela, 350 gramotik 450 gramo bitarteko ontzian merkaturatzen diren txokolatezko bonboien zortzi lagin aztertu dira oraingoan. Hiru lagin bakarrik (Zahor, Merci eta Nestlé) kostatzen ziren 3.000 pezeta baino gutxiago, kiloko.
1 otsaila de 2001

Prezioak, zaporearekin eta kakao-edukiarekin zerikusirik ez, ia

Osakera berdintsua da denetan: biziki energetikoak dira denak (550 kaloria 100 gramoko, fruitu lehorrek bezala) eta dezente gantzatsuak (edukiaren %35-%40 gantza dute gehienek). Bonboi hauek esne-gantz gutxi daukate (%0,7 eta %5 bitarte), beren gantz gehientsua kakaoak baitu jatorburu. Nabarmen dezagun, landarezko koipea izan arren, gantz saturatu (osasunarentzat kaltegarriak, gogora dezagun) ugari dauzkala. Nolanahi ere, bonboiak inoiz edo behin kontsumitzen direnez, nutrizioari dagozkion gorabehera guztiak alboan uzten dira. Bitxitasun bat, bukatzeko: bonboiek esneak bezainbeste kaltzio aporta dezakete (120 miligramo ehun gramoko) eta daukaten kolesterol apurrak esne-gantzetan du jatorria.

Lagin guztiak egoera higieniko-sanitario zuzenean zeuden eta zuzenki etiketaturik merkaturatzen dira; dena den, daukaten txokolate-kopuruaz eta txokolate horren kakaoaren proportzioaz ere informatzea komeniko litzateke.

Arau-urraketa bakarra Trapa Bombonísimo laginak erakutsi zuen: adierazitakoa baino %7,8 txikiagoa zen bonboien pisua, hau da, legeriak onartzen duen %6ko pairamen hori baino handiagoa. Txokolatearen kalitatea adierazteko kontuan hartzen den irizpideetako bat kakao-kopurua izaten da, lehengai garestia baita. Lagin batetik bestera alde latzak zeudela ikusi eta, era berean, kakao-kopurua eta prezioaren arteko erlazio zuzenik ez dagoela egiaztatu zen: merkeenek (Zahor) zuten, hain zuzen ere, kakao gehien (%12 kakao desgantzatu, zeharka kalkulatua, txokolatearen berezko teobrominan oin harturik). Beste aldetik, Cadbury laginak zeukan kakao gutxien (%5), Zahor bonboien bi halako kosta arren. Beste zerbait ere frogatu zen, argi eta garbi: bonboien prezioa eta zapore-ezaugarrien artean ez dago erlazio zuzenik. Dastaketako toki hoberenean Lindt (3.510 pezeta kiloko, garestienak) agertu zen eta, ondoren, Merci (bigarren merkeenak). Atzetik datorkie Nestlé (2.850 pezeta kiloko, prezio ertainekoak, alegia) eta ondotik Zahor (denetan merkeenak) eta Cheverny (bigarren garestienak). Azpimarra dezagun dastaketan lagin denek puntuazio ona lortu zutela, kalifikazio txarrenekoak (Cadbury, garestienetako bat, hain zuzen) 6,2 puntu jaso baitzituen. Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Zahor laginak eskaintzen du: dastaketan ongi, kakao gehien daukana da eta, gainera, zortzietan merkeenak.

Txokolatea nola erdiesten den

Txokolatea, Hegoamerikako Iparraldean jatorria duen kakao-arbolaren fruituak barruan daukan hazian oinarriturik ekoizten da. Kakao-zuhaizti aspaldikoenak Mexiko, Ekuador eta Venezuelan daude. Bertatik portugesek Afrika Mendebaldeko kostaldera eraman zuten (Ghana, Nigeria Kamerun) eta, geroago, Asia Hegoekialdeko uharteetan barrena hedatu zen (Sri Lanka, Java, Samoa…). Ingurugiro-eskakizun berezi eta zorrotzak dituenez (klima epel eta hezea baitu ezinbestekoa) ekuatore-eskualdeetan bakarrik hazten da kakaoa. Kakao-arbolaren bi aldakin edo barietate ezagutzen ditugu egun: kriolloa (Ekuador eta Venezuelako jatorrizko eskualdeetan lantzen dena, batik bat) eta kanpotarra. Orain bertan, munduan dagoen kakaoaren %90 kanpotarra da, adiera horretan. Kriolloa finagoa da, lurrin hobekoa baina (besteak beste, gaitzen aurrean sentsibleago gertatzen delako) kalitate handi-handiko txokolatea ekoizteko bakarrik baliatzen da.

Txokolatea ekoizteko, kakao arbolak ematen duen fruituaren barneko haziak hartzi behar dira, 2 egunetik 9 egunetaraino luza daitekeen prozesuan. Ondoren, hartzitako hazi horiek lehortu egingo dira (barneko hezetasuna %60koa bazen, %5-%7raino jaitsiko da horrela). Hazi lehortu horiek 130 graduko tenperaturan txigortuko direnez, orduan hasiko dira berezko lurrin gozoa jariatzen. Hurrengo pausuan, ekoizle bakoitzak bere formula eta zaletasunen arabera nahasiko ditu kakao-haziak, gustukoak dituen usain- eta zapore-ezaugarriak lortzeko, kafearekin egiten den bezalatsu. Haziek birrindutakoan, kakaoa ore fin bilakatuko da eta bertatik bereiziko dira kakao-gantza (haziaren koipea), batetik, eta kakao-orea, bestetik. Kakao-orea, kakao-gantza, azukrea eta esnea dira txokolate guztien oinarrizko osagaiak. Horrela bada, txokolate beltza osatzen dute kakao-oreak, kakao-gantzak eta azukreak. Orearen portzentajearen arabera txokolatea huts edo nahasiagoa izango da (kakaoak gutxienez %35a izan behar du, %70era arte). Esne-txokolateari esnekiak erantsi zaizkio eta bere osagaiak kakao-orea, kakao-gantza, azukrea eta esneki solidoak dira. Txokolate zuriak, aldiz, ez dauka kakao-gantzik, kakao-gantz, azukre eta esneki solidoz egina baita.

Zer da bonboia?

Itxura askotako eta barruan hainbat motatako betekia daukaten txokolatezko (gutxienez, %25a izan behar dute) produktuak dira bonboiak. Arrunt produktu energetikoak dira, ehun gramoko 550 kaloria inguru baitute (azterturiko laginetan, 519 kaloria ditu Cadbury-k eta ia 590 Lindt eta Nestlé-k); horrenbestez, fruitu lehorren mailan agertzen dira adiera honetan. Gantz-edukia ere handia dute: %28tik %40ra bitartean, horren erdia gantz saturatua baita. Esne-gantzik ere bada baina oso portzentaje xumean (lagin hauetan, %0,7 eta %5 bitartekoa): hauxe da bonboiak duen kolesterol-iturri bakarra eta bera ere kuantifikatu zuen gure azterketak: 100 gramoko 8 mg-tik (Uña) 24 mg-ra (Merci) zihoan kopuru hori. Balio hauek eta laginen esne-gantzetakoak (bonboietan, kolesterola aportatzen duen osagai bakarra horixe da, bera baita animali jatorridun gantza bakarra) bat datoz. Nolanahi ere, kolesterol-munta txikiak dira horiek. Uña (%0,7) eta Trapa (%1,7) laginen esne-gantzen balio apal-apal hori harrigarri samarra gertatu zen, bi laginetako osagai nagusietako bat esne-hautsa da eta ez marka batek ez besteak ere, ez dute iragartzen esne gaingabeturik darabiltenik.

Bonboi hauen gantzaren erdia saturatua da, esne-gantzaren edukia txikia den arren: kakaoaren gantza, izan ere, landarezko beste zenbaitena bezalaxe (palmistea, kokoa, palmondoa), osasunarentzat intsaturatuak bezain onuragarriak ez diren gantz-azido saturatu ugari dituelako. Bonboien osakera, beraz, ikuspegi horretatik ez da biziki osasuntsua (urdaiazpikoak intsaturatuak eta saturatuen arteko erlazio egokiagoa du). Kontsumitzailearen osasunean produktuak duen eraginaz ari garela, lagin batetik bestera alderik hauteman bazen ere, ez ziren oso nabarmenak izan. Gantz-azido intsaturatuak eta saturatuen arteko proportzioa 0,72tik (Cadbury, osasunarentzat kaltegarriena) 1,15era (Zahor: honek gantz saturatuen %42a zuen) zihoan.

Karbohidratoen edukia, berriz, %36 eta %47 bitartean zegoen, lagin gehienetakoa azukre arrunt edo sakarosa zelarik. Proteina-edukia, beste aldetik, ez da hutsaren hurrena: %5 eta %7,5 artean zegoela ageri zen azterketan. Bonboi barrubeteak dira hauek eta, osagaien zerrenda luzea denez, aldaketa horiek logikoak dira: ezin ondoriozta daiteke produktuaren kalitate hobe edo apalagorik proteina-edukia erreferentzia nagusi hartuta. Bonboi hauek, beste aldetik, hainbat bitamina eta mineralen iturri dira; horien artean kaltzioa (120 mg 100 gramoko, esneak bezainbestetsu), potasioa eta magnesioa. Bitaminetan, berriz, B2 dugu nabarmentzeko eta, hein txikiago batean, B1, niazina eta azido folikoa.

Txokolatearen beste elementuetako bat teobromina da: konposatu natural honek kafeinaren antzeko propietate suspergarriak ditu. Arestiko azterketa batzuek agertu dutenez, txokolateak dauzkan konposatu fenolikoek (ardo beltzak dauzkanen paretsukoak) “in vitro” frogatu dute gantzen desoxidatzaile direla, plaketen osaketari aurrea hartuz. Azterketa, dena den, datu epidemiologikoekin (ardo beltzari buruz daudenen mailakoak) osatu beharko da, laborategian hautemaniko eragin hori erabat egiaztatu ahal izateko.

Zenbat kakao daukate?

Kakao lehor desgantzatuaren portzentajea erabilitako kakao-kopuruaren gutxi gorabeherako adierazle da, txokolate-kopuruaren berri zehatzik ematen ez digun arren, kakao-proportzio deberdinak dauzkaten hainbat txokolate-mota erabil baitaitezke bonboigintzan. Arauak xedatua duena hau da: gutxien-gutxienez, txokolatezko bonboieen edukiaren %25 txokolatea izan behar du, nolako txokolatea izan daitekeen zehazten ez badu ere. Txokolate hutsak gutxienez %35eko kakao eduki behar duen bitartean, txokolate esnedunaren kasuan %25arekin aski da. Beraz, kakaoaren gutxieneko edukia (txokolate guztia esneduna balitz) %6,25 (hau da, %25aren %25) izan beharko lukeela kalkula daiteke. Den-dena txokolatea balitz, gutxieneko kakao-kopurua %8,75 (%35aren %25, alegia) izango litzateke. Teobrominan oin harturik egtiniko kalkuluen arabera, kakao gehien daukan lagina Zahor izan zen, edukiaren %12 kakao desgantzatua baitzuen. Cadbury izan zen kakao gutxienekoa, %5era ozta-ozta iritsi zelarik. Adierazitako kalkuluen arabera, Cadbury laginak duen proportzio hori eskas, urriegitzat jo dezakegu, bonboiei dagokienez arauak gutxieneko kakao-portzentajerik xedatua ez duen arren.

Etiketa ondo, baina...

Etiketan adierazi beharreko informazioa agertzen dute lagin guztiek baina, halaz ere, bonboien etiketatua dezente hobetuko luketen bi alderdi nabarmenduko ditugu hemen. Zortzi laginetatik bostek (Merci, Nestlé, Lindt, Uña, eta Trapa) bonboi-molde bakoitzaren ezaugarriak azaltzen dituztenez, kontsumitzaileari produktuaren osakera zein den jakinarazten diote, hala nola: praline-krema hur bikortu eta txokolate esnedun fina. Bi laginek (Merci eta Cadbury) zerbait garrantzitsuago agertzen dute: bonboiak dauzkan txokolatezko zatien kakao-edukia, hain zuzen. Badirudi beharrezkoa ez ezik ezinbestekoa izan beharko lukeela honelako produktuetan zenbat txokolate erabili den eta txokolate horrek zenbat kakao daukan, gutxien-gutxienez, adieraztea.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

Kiloko 1.730 pezeta (Zahor Capri) eta 3.510 pezetako (Lindt Bombon Selection) prezioa dutela, 350 gramotik 450 gramo bitarteko ontzian merkaturatzen diren txokolatezko bonboien zortzi lagin aztertu dira. Hiru bakarrik (Zahor, Merci eta Nestlé) ziren 3.000 pezetatik gorakoak, kiloko.

  • Osakera berdintsua dute denek: biziki energetikoak dira denak (550 kaloria 100 gramoko, fruitu lehorrek bezala) eta dezente gantzatsuak (edukiaren %35-%40 gantza dute gehienek).
  • Trapa lagina, arauz kanpo dago: adierazitakoa baino %7,8 gutxiago pisatzen zuten, arauak gehienez ere %6ko aldea onartzen baitu.
  • Kakao-kopurua (lehengai garestia) eta prezioaren artean ez dago zuzeneko erlaziorik: merkeenek (Zahor) zeukaten kakao gehien eta garestienetako batek (Cadbury-k) gutxien.
  • Ez dago, era berean, prezioa eta zaporearen arteko loturarik. Dastaketan hoberen gertatu zirenak Lindt (3.510 pezeta kiloko, garestienak) eta Merci (bigarren merkeenak) izan ziren. Ondotik Nestlé (2.850 pezeta kiloko, prezio ertaina), Zahor (merkeenak) eta Cheverny (garestiak) zetozen.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena Zahor Capri laginak eskaini zuen: dastaketan ongi agertu ziren, kakao gehien daukatenak dira eta, gainera, merkeenak.
Nestlé Caja roja Cadbury Milk Tray Lindt Bombon selección Uña Gran Sele- cción
Precio kg pts 2850 3440 3510 3460
Peso declarado (gr) 400 450 350 370
Peso real(gr) 405 468 350 371
Nº variedades 11 12 12 6
Proteina (%) 4,8 4,9 5,7 7,4
Grasa(%) 39 28 40 36
GrasaLactea(%)* (1) 4,7 3,1 2,4 0,7
Inst/satu 0,97 0,89 0,90 1,04
H de Carbono (%) 44,4 45,9 36,3 41,2
Valor Energético(Kcal) 588 519 589 564
% Cacao** (2) 9 5 7 10
Microbiolo Correcto Correcto Correcto Correcto
Cata 7,2 6,2 7,3 6,7
Merci Finest Selection Cheverny Cemoi Trapa Bombonísimo Zahor Capri
Precio kg pts 2450 3495 3490 1730
Peso declarado (gr) 400 485 400 400
Peso real(gr) 400 491 415 397
Nº variedades 8 9 6 10
Proteina (%) 7,5 6,0 6,0 6,7
Grasa(%) 38 37 35 36
GrasaLactea(%)* (1) 5,0 3,2 1,7 2,6
Inst/satu 0,72 0,97 0,92 1,15
H de Carbono (%) 40,1 47,3 40,4 46,7
Valor Energético(Kcal) 579 577 562 566
% Cacao** (2) 8 9 7 12
Microbiolo Correcto Correcto Correcto Correcto
Cata 7,3 7,1 6,6 7,1

Observaciones Características

(1) * La grasa lactea está estimada indirectamente a partir del contenido en butírico ( ac graso caracteristico de la leche)

(2) ** El contenido en cacao está estimado indirectamente a partir de la teobromina.

Banan-banan

Zortzi bonboiak, banan-banan

Zahor Capri

  • 1.730 pezeta kiloko, merkeenak. 10 bonboi-mota. Kalitate-prezio erlazio egokiena. Gantz intsaturatu eta saturatuen arteko proportziorik osasuntsuena. Kakao gehien daukana (%12 kakao desgantzatu). Dastaketan, 7,1 puntu: aurkezteko era ez zen atsegin gertatu (gexala, klasikoa, soilegia). Gainerako ataletan, balorazio ertainak.

Nestlé Caja Roja

  • 2.850 pezeta kiloko. 11 bonboi-mota. Gantz gehien daukatenen artekoa (%39). Kakao-kopuruz, ongi (%9). Esne-gantz gehien dutenetan bigarrenak (%4,7). Dastaketan, 7,2 puntu: ikusi batera, aniztasuna eta antolakera nabarmentzen dira. Bonboi txiki eta ez oso deigarriak. Sentsazioz, grantz eta ukitu kraskatsua, balorazio ona.

Lindt Bombon Selección

  • 3.510 pezeta kiloko, garestienak. 12 bonboi-mota. Gantzatsuenak (%40) esne-gantz gutxikoak (%2,4), dena den. Kakao-eduki urrienetakoa (%7). Dastaketan, 7,3 puntu (bi hoberenetako bat): itxuraz, bigarren hoberena; aniztasuna, tamaina eta itxura nabarmentzekoak dira. Ukitu kraskatsuaren aldetik, hoberena, Nestlé laginarekin batera. Txokolate-zaporea du nabarmentzekoa.

Merci Finest Selection

  • 2.450 pezeta kiloko, bigarren merkeenak. 8 bonboi-mota. Gantzatsuenetakoak (%38). Esne-gantz gehien daukatenak (%5). Kakao-edukia, %8. Dastaketan, 7,3 puntu: bi hoberenetako bat; itxuraz okerrena bazen ere, monotonia eta aukerarik ezagatik, gantz-ukituaren sentsazio hoberena ematen du eta kraskatsuenak dira, gainera. Orekatua eta txokolate-zapore onekoa.

Cheverny Cemoi

  • 3.495 pezeta kiloko, bigarren garestienak. 9 bonboi-mota. Ez du alderdi nabarmenik. Esne-gantz eta kakao-edukietan, erdi parean. Dastaketan, 7,1 puntu: itxura hoberenekoa, aniztasun handia, eta bonboien tamaina eta itxura, onak. Gainerako balioetan, ertain.

Uña Gran Selección

  • 3.460 pezeta kiloko, garestienetakoa. 6 bonboi-mota baizik ez. Esne-gantz gutxien dutena (%0,72). Kakao asko (%10), Zahor laginaren ondotik, bigarrena. Dastaketan, 6,7 puntu: itxuran ongi. Kraskatsua eta gantz-sentsazioan, erdi pareko balioak. Gozoegiak, aukeran.

Trapa Bombonísmo

  • 3.100 pezeta kiloko. 6 bonboi-mota bakarrik. irregulartasuna: pisu gutxiegi (adierazitakoa baino %7,8 gutxiago). Esne-gantz gutxien daukatenetan bigarrenak (%1,7). Kakao gutxi (%7). Dastaketan, 6,6 puntu; bigarren txarrenak: gozoegiak eta gantzatsuegiak, ahoan. Itxuraz, erdi parean.

Cadbury Milk Tray

  • 3.440 pezeta kiloko, garesti. 12 bonboi-mota. Ez du azaltzen prezio handiaren arrazoia. Gantz gutxienekoak (%28), baina esne-gantz ugari (%3,1). Kakao gutxien daukatenak (%5 baino ez). Dastaketan, 6,2 puntu, txarrenak. Itxuraz, bigarren txarrena: monotonoa, aukera urrikoa. Gantz-sentsazio eta ukitu kraskatsuan, txarrena. Gantzatsuegia, ahoan; betekia, oretsuegia. Zaporea ez zitzaien gustatu dastatzaileei.