Autofokatzedun kamera trinkoak

Gutxirekin aski duen erabiltzaileak onartzeko moduko prestazioak

Argazki-kamera trinko automatikoen zortzi lagin aztertu dira, hau da, merkatuan daudenetako soilenak, distantzia, obturatze-abiadura edota diafragmaren irekidura eskuz egokitzea agintzen ez duten horietakoak. Hemen aztertutakoak baino garestiago diren kamera trinko batzuek prestazio aurreratuak dauzkate baina gure azterketan jorratu ditugunek ez dute horrelako aurrekuntzarik.
1 otsaila de 2001

Gutxirekin aski duen erabiltzaileak onartzeko moduko prestazioak

Horrexegatik dira merke samarrak, aukeran: 8.400 eta 10.950 pezeta bitarteko prezioa dute denek. Azterketaren emaitzetatik hainbat ondorio aterako ditugu, hala nola: zortzi kamerek betetzen dute bere eginkizuna, eskarmentu gabeko erabiltzailearen ohiko erabilera-baldintzetan onartzeko moduko argazkiak egiten dituztelako; halaz ere, ez lukete aseko argazkizale porrokatua edota, are gutxiago, kalitate artistiko handiko edo espezializaturiko argazkiak (kiroletakoak, paisajeak, animaliak, etab) egin nahi dituena…..

Prestaziorik hoberenak eskaintzen dituelako denetan nabarmentzen da Canon Prima AF-8, hau da, azterturiko zortzietan merkeena. Beste aldetik, kontsumitzailearentzako informazioa, erabiltzeko argibideak eta bermea zuzen agertzen dira azterturiko lagin guztietan. Hitz gutxitan, talde nahiz famili irudiak hartu eta gertakari, txango edo bidai bateko oroitzapena gordetzeko moduko kamerak dira hauek. Ezin dakieke eskatu dezente garesti eta erabilera konplexuagokoa den reflex motako kamera baten etekina eman dezaten. Kamera merke hauen alderdi ahulak begi-bistakoak dira: bisorea (ez du zehatz-mehatz agertzen argazkiak jasoko duena) eta flasha (kontuan hartu beharko dugu honekin jai dagoela, argi gutxirekin bi metro eta erditik aurrera dauden gauza edo pertsonak argazkian ateratzea nahi badugu).

Prezioa eta kalitatea

Kalitateari dagokionez, fokatze finkokoak eta zoom daukatenen arteko erdibidean daude kamera hauek. Merkeenetatik (hots, 1.000 pezeta inguru kostatzen diren erabilera bakarreko horietatik) urruti dabiltza, prezioz behintzat; baina, dudarik gabe, urrunago daude reflex motakoetatik, gure galdakizun- eta apeta-mailaren arabera, horrelakoen prezioak 40.000 pezetatik milioi erdiraino dabiltzala gogoan izaki..

Azterturiko kamera trinko hauek ederki bete dituzte espero genituen emaitza apalak, oro har, bai kanpoaldean eginiko argazkietan, bai barnealdekoetan, zein lehen planoetan ere. Erabiltzeko erraz-errazak dira eta behar bezalako informazioa eta bermea dute denek agerian. Proba-multzo osoa egin ondoren, goian esan dugun bezala, Canon Prima AF-8 lagina nabarmendu zen, gainetik: zortzietan merkeena (8.400 pezeta) ere bera denez, azterlaneko kalitate-prezio hoberenarentzako saria irabazi du. Denak onartzeko modukoak izan baziren ere, emaitza apalenak OlympusTrip XB41AF (9.900 pezeta) laginak agertu zituen..

Erabilera bakarrekoak, trinkoak, reflex motakoak…

Merkatuak denetik eskaintzen du orain: erabilera bakarreko kamerak (agertu berriak: errebelatua egiten duten dendan, bere karretearekin entregatzean, kamera zakarrontzira botatzen da), trinkoak (zoom daukatenak eta ez daukatenak), reflex (denetan garestienak, argazkigintzan zaletu porrokatuak direnentzat bakarrik) eta digitalak (aplikazio informatikoak eta berariazko prestazioak dituztenak).

Azterketa honetan zoomik gabe baina autofokatzedun zortzi kamera trinko erkatu dira elkarrekin. Makinak horrelakoak izanik, distantzia, obturatze-abiadura edo diafragmaren irekidura ezin dira eskuz egokitu. Autofokatzea, berriz, zortziek daukate edo, bestelako hitzetan, agertarazi nahi diren objektuak automatikoki enfokatzen dira, berez. Hortaz, fokatze finkodunak ez bezalakoak dira hauek: horiek oinarrizkoagoak dira eta pare bat metro eta infinituaren tartean dagoen oro enfokatzen dute, dauden tokian daudela ere, autofocus modelokoek bezain zehazki egiten ez badute ere. Zoomik ez dutenez, irudiaren hartze-angelua ezin alda dezakegu: panoramika batean, esate baterako, monumentu hura ezingo dugu berariaz zehaztu.

Okerrena, bisorea

Kamera trinko bateko bisoreak ez du eskaintzen reflex baten doitasuna: bigarren horretan, objektiboaren bitartez, argazkiak agertuko duen dena ikusten du erabiltzaileak eta, horrenbestez, enkoadraketa eta argazkian azaltzen dena gauza berbera da. Kamera trinkoetan, argazkian agertarazi nahi dugun objektua zenbat eta gugandik hurbilago egon, orduan eta nabarmenagoa izango da aldea (paralelaje-errorea deritzo horri). Nolanahi ere, horrelako kamera gehientsuenetako bisorean ikusten dena, eskuarki, argazkian aterako dena baino txikiagoa izan ohi da; argazkiaren objektu nagusia ebakitzeko aukerari saihets egiten zaio horrela. Halaz ere, kamera askotxok, argazkiaren egiazko mugak adierazten dituzten lerroak dauzkate bisorean, enkoadraketa hobea aukeran eskainiz. Azterketako laginetan, bisoreko enkoadraketa denak ontzat jo ziren, Konica eta Nikon marketakoak izan ezik. Lehendabizikoan, erdialdeko enkoadraketa baizik ez zeukalako (mugatzailerik ez zen ikusten) eta Nikon-en, aldiz, enkoadraketa mugatzailea oso ikusgarria ez zelako eta, gainera, erdialdeko enkoadraketarik zeukalako. Doitasun handieneko bisorea Canon laginekoa zen. Fidagarritasun eskasenekoak, berriz, (proban “erdipurdiko” kalifikazioa baizik ez zuten irabazi) Samsung, Olympus, Konika eta Pentax gertatu ziren.

Funtsezko bi kontzeptu

Diafragma eta obturadorea funtsezko elementuak izaten dira argazkia egiteko orduan. Filmean argiak izango duen eragina, irudiaren argitasunaren eta negatiboa irudi jakin horretara zabalik dugun denboraren araberakoa izango da. Kameran sartzen den argia diafragmarekin kontrolatzen den bitartean, erakuste-denbora obturadorearen bidez egokitzen da. Kamera trinkoetan bi aspektu horiek automatikoki kontrolatzen dira (fabrikatik doituta datoz) baina, nolanahi ere, batetik bestera ere alderik badagoela egiaztatu ahal izan da. Obturatze-abiadura segundo batetik segundo-ehunen batera doa, Samsung -honen obturatze-abiadura 1/125 segundo izan zen- eta Minolta -1/250 segundoraino iristen da- laginetan izan ezik. Jakingarria dugu zenbat eta obturatze-abiadura handiagoa erdietsi, orduan eta mugimendu azkarrak islatzeko gaitasun hobea islatuko da argazkian. Beste aldetik, kontuan izan argitasun oneko kamera batek argazkiak egiteko aukera argi-baldintza okerragotan eskainiko dituela, flasha baliatu gabe. Atal honetan txarrenak Konika eta Olympus izan ziren, horien diafragma gehienez ere 6,3raino irekitzen delako. Canon, Samsung edo Ricoh baino “ilunagoak” dira, azken hauek 4,5eko diafragma daukate eta.

Kamera hauek fokatze automatikoa duten arren, argazkia ezin har daiteke beti erabiltzaileak nahi duen distantziatik, hau da, agertarazi nahi den objektutik gutxieneko distantzia errespetatu behar da: hortik aurrera gerturatzen bagara, argazkia lauso gertatuko da. Samsung laginarentzat (azterketako zortzietan txarrena) distantzia hori 1,3 metrokoa da. Canon, Pentax eta Olympus laginek fotografiatu beharreko objektu edo pertsonatik 80 zentimetroraino gerturatzeko aukera ematen diote argazkilariari. Gainontzeko laginek metrobetea eskatzen dute, argazkia argi aterako bada. Kamerak argazki makro egiteko (ezaugarri horri esker, erretratua harik eta hurbilagotik egin ahal izango da) aukera ematen badu, ordea, argazkiak distantzia txikiago batetik egin ahal izango dira.

Flasha ongi dabil, baina…

Argazkia hartzeko bezainbeste argi ez baldin badago, flasha erabili beharko da. Kamera trinkoek, noski, reflex motako kamera bateko flashak (hau, izan ere, kameratik kanpoko elementu berariazkotzat saltzen delarik) baino dezente prestazio apalagoak ematen dituzte. Potentziarik eza (Pentax eta Konica laginek bakarrik diote 3 metro baino urrituxeagoko objektuak argitzen dituztela, baina horrela ere ez dute ongi egiten) agertzeaz gainera, eszenatokia argitzeko unean huts egin ohi dute: irudiaren erdialdea argiegi ateratzen dute eta gainontzekoa erdi-ilunpetan uzten dute. Atal honetan, izan ere, Samsung laginak bakarrik erdietsi du kalifikazio ona baina, halaz ere eta Olympus laginarekin batera, distantzia txikienean aritzea aholkatzen du. Horrenbestez, emaitzak balioztatzeko unean distantzia hartu beharko dugu gogoan. Konika eta Pentax laginen emaitzarik okerrenak 3,7 metrora lortu dira, distantzia horixe bada ere marka hauek gomendatzen dutena; beraz, distantzia horretara argazki onak egin beharko lirateke… Distantziarik handienean (3,4 metrotara) onartzeko moduko emaitzak eskaini zituen kamera bakarra Canon izan zen, berriro ere.

Erretratua argi gutxirekin egiten badugu, argazkia mugiturik ateratzeko arriskua dugu, obturatze-abiadura behar bezain azkarra ez izatean. Hori ekiditeko, esandakoa baino abiadura handiagoan klikatu behar da flasha edo, bestela, argazkia gaizki aterako dela jakinarazi behar digu zerbaitek, aldez aurretik. Baliteke, beste aldetik, nahikoa argitasun izanik guk flasha erabili nahi izatea (eszena bat nabarmentzeko edo irudi bat finkatzeko, adibidez). Nikon, Samsung, Canon eta Minolta laginek eskuzko metodoaz baliatzeko aukera ere eskaintzen digute. Prestazio hori polita da, flasha erabiltzea ahalbideratzen digulako, argitasun-baldintzak erabilera hori ezin saihestuzko bihurtzen ez badute ere. Nikon eta Olympus laginek, bere aldetik, karreterik ez dagoenean flasha desaktibatzeko funtzioa daukate, berez.

Flasha baliatzean, begi-niniak ez du biltzeko astirik izaten eta, orduan, begi-hondoa gorriz argiztatzen da, erretinako odol-hodiak isladatzen direlako. Horrelakorik jazo ez dadin, zortzi kamera hauek flasha bitan disparatzen dute jarraian: bata, begi-ninia bil dadin eta bigarrena, aldiz, argazkia argiztatzeko. Begi gorrien kontrako funtzioa deritzo horri. Erabateko iluntasunean ere probatu dira kamera hauek. Ilunpe beltzean metro batera zegoen objektu bati egin zitzaion erretratua eta ondoren emaitzak erkatu ziren. Hoberenak, atal honetan, Samsung, Nikon, eta Minolta izan ziren. Gainerakoak, onartzeko modukoak.

Lehen planoak, barnealde eta kanpoaldeetan

Kamerak argazki onak egiteko aukera ematen dituen frogatzeko modurik hoberena, hainbat eszenatoki desberdinetan saiatzea da. Kamera hauen emaitzak egiaztatu ziren lehen planoak hartuz eta erretratuak kanpoalde zein barnealdeetan eginez. Lehen planoetan hoberenak Canon, Samsung eta Ricoh izan ziren, hau da, barnealde eta kanpoaldeetako argazkietan bezala. Konika, Nikon eta Minolta laginak onartzeko modura baizik ez ziren iritsi, barnealdeko argazkietan. Olympus eta Pentax ere barnealde eta kanpoaldeetan onartzeko modukoak izan ziren. Kanpoaldeetako argazkietan, berriro, Canon eta Samsung nabarmendu ziren, bai objektua finko zegoenean, bai mugimenduan zebilela ere. Pentax, Nikon eta Minolta laginak, aldiz, onartzeko moduko kalifikaziora ozta-ozta heldu ziren bi probetako batean zein bestean; Minolta, bere aldetik, objektua mugitzen zelarik gertatu zen hoberena: gogoan izan dezagun obturatze-abiadurarik hoberenekoa zela lagin hori bera, zortzietan onena.

Konika, Ricoh eta Olympus marketako modeloak onargarri baino ez ziren gertatu bi probetan. Bukatzeko, flasharekin eginiko barnealdeko argazkiak (objektu finkoa, 5 eta 10 metrotara) ez ziren akatsgabe agertu ezein laginekin ere. Izan ere, argibideetan fabrikatzaileek aholkatzen dituzten distantziarik handienak (flasharekin aritzeko, alegia) 2,4 eta 3,7 metro bitartekoak dira. Objektua mugituz zebilela eta 2 metroko distantziatik, sei kamerak “ongi” kalifikazioa jaso zuten. Konika eta Olympus laginek, aldiz, onartzeko modukoak direla berretsi zuten ostera.

Karretea ere, gogoan izatekoa

Argazkigintzan hiru sistema erabiltzen dira: 35 mm edo neurri unibertsala, APS (Avanced Photo System) edo trinkoa, eta digitala (argazkiak disketean, CDan edo flash-memorian, eta formato digitalean gordetzeko aukerak ematen ditu). Denetan zabalduena 35 mm-koa da (24 x 36 milimetroko negatiboa duena). APS izenekoak, aurrekoak baino negatibo txikiagoa du (17 x 30 milimetro) eta, horri esker, kamera txikiagoak erabil daitezke, baina errebelatua mantsoago eta garestiagoa da eta inprimatzeko kalitatea, berriz, eskasagoa (anpliazioetan, batik bat, nabaritzen da hori). Aztertutako modelo guztiek 35 mm-ko karretea darabilte. Filmaren (hurrengo argazkira) iragatea automatikoki egiten da lagin guztietan. Karretearen birbobinatze automatikoa, ostera, Canon, Nikon, Minolta, Ricoh, eta Olympus markakoek bakarrik dute. Canon, Minolta, Richo eta Olympus laginek, prestatu eta 10 segundotara autokliskagailua martxan sartzeko parada ematen dute: horrek, argazkian agertzeko aukera ematen dio argazkilariari, arin ibiliz gero.

Funtzionatzeko 1,5 volteko bi pila alkalino (LR6 motakoak) behar dituzte zortzi kamera hauek. Samsung laginak izan ezik, beste guztiek ematen dute hiruhankako gainean ezartzeko aukera. Era berean, denek daukate uhal edo hedea eta, Canon bakarrik salbuetsita, denak datoz bere zorroan. Beste aldetik, zorro hori (eta, barruan, kamera) gerrikoan loturik eraman dezakegu, Ricoh lagina salbuetsita. Minolta-k bakarrik dauka informazio digitaleko pantaila, hainbat datu jakingarri eskaintzeko: argazki-zenbatzailea, flasharen egokitzapena, pilen karga-egoera eta autoklikagailuaren egoera. Minolta laginak bakarrik dauka, beste aldetik, karretearen estalkia irekitzea galarazten duen mekanismoa, hura birbobinaturik ez dagoenean.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

Zortzi argazki-kamera trinko automatiko aztertu dira. Horien prezioa 8.400 eta 10.950 pezeta bitartean dabil..

  • Galdakizun handiegirik gabeko erabiltzailearen baldintza ohikoetan argazki onargarriak egiten dituztenez, denek betetzen dute erostunak espero zuena. Familia- edo talde-irudiak egiteko, edo txango zein bidaia bateko oroitzapena gordetzeko balio dute, baina reflex motako kamera (dezente garesti eta konplexuagoa) baten emaitzarik ezin dakieke eskatu..
  • Probetan, prestazio hobeak eskaintzen dituelako, Canon Prima AF-8 lagina nabarmendu zen besteen gainetik: bera da denetan merkeena eta kalitate-prezio erlaziorik hoberenekoa.
  • Kontsumitzailea- rentzako informazioa, erabiltzeko eta berme alorretako argibideak, zuzen daude lagin guztietan.
  • Kamera hauen alderdi ahulak bisorea (fotografiatuko dena ez du zehatz-mehatz jasotzen) eta flasha (badakigu honekin jai dagoela, argi gutxirekin 2,5 metrotik aurrera zerbait argazkian ateratzeko) dira.
  • Birbobinatze automatikoa Canon, Nikon, Minolta, Ricoh, eta Olympus laginek bakarrik dute. Informazio digitala ematen duen pantaila Minolta laginak bakarrik du. Bestetik, flasha piztean, begi gorriak ez ateratzeko funtzioa denek dute.

Banan-banan

Zortzi kamera trinko, banan-banan

Canon prima AF-8

  • 8.400 pezeta. Hoberena eta merkeena. Beraz, kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik hoberena. Doitasun handieneko bisorea. Distantzia txikienean (80 cm) argazkiak egitea onartzen duten lauetako bat. Badu autokliskagailua. Bai lehen planoetan, bai kanpoaldeetan, argazki onak egiten ditu. Birbobinatze automatikoa. Argitasun onekoa (diafragmaren gehieneko irekidura: 4.5).

Samsung Fino 30 S

  • 9.900 pezeta. Emaitza onak, oro har. Bisorearen doitasuna, erdipurdikoa; gutxieneko distantzia, handiegi samarra, aukeran (1,3 metro). Flasharekin eszenak benetan ongi argitzen dituen bakarra (2,4 metroko distantziatik). Emaitza onak lehen planoetan eta kanpoaldeko argazkietan. Argitasun onekoa (diafragmaren gehieneko irekidura: 4.5).

Minolta AF50 Big Finder

  • 10.950 pezeta, garestiena. Proba praktikoetan, hirugarren hoberena. Pieza ugarien dauzkana. Informazio interesgarriak ematen dituen pantaila digitala dauka. Obturatze-abiadurarik handiena eta, ondorioz, mugitzen ari diren objektuen argazkietan, emaitza egokienak. Badu autokliskagailua eta birbobinatze automatikoa..

Pentax PC 550

  • 9.900 pezeta. Emaitza onargarriak. Mugimenduko argazkietan, ongi. Gutxieneko distantzia, ona. Flasha ez da iristen iragarritako distantziaraino. Bisorearen doitasuna, erdipurdikoa.

Konika AF200

  • 8.490 pezeta, bigarren merkeena. Emaitza onargarriak. Gutxieneko distantzia, ona. Flasha ez da iristen iragarritako distantziaraino. Denetan arinena (152 gramo). Bisorearen doitasuna, erdipurdikoa. Ez du birbobinatze automatikorik, ez eta autokliskagailurik ere. Diafragmaren irekidura, eskasa (6.3): argitasun urria.

Nikon AF 240SV

  • 10.290 pezeta. Emaitza onargarriak. Bisorearen doitasuna, ona. Arinenetako bat. Ez du autokliskagailurik. Karretearen birbobinatzea automatikoa da. Gutxieneko distantzia, metroa.

Ricoh AF77

  • 10.500 pezeta. Bi bisore-mota dituen bakarra (badu panoramikoa ere). Lehen planoetan emaitza onak. Gainerakoa, onartzeko modukoa. Flasharekin, bigarren distantzia onena (3 metro). Diafragmaren irekidura ona (4.5).

Olympus XB41AF Trip

  • 9.900 pezeta. Proba guztietan, emaitza onargarriak baino ez. Gutxieneko distantzia ona (80 zentimetro). Bisorearen doitasuna, erdipurdikoa. Diafragmaren irekidura, eskasa (6.3).