Noiz alde egingo dute etxetik?
Datu horiek Frantzia, Erresuma Batua edo Alemaniakoekin konparatuz gero, hirukoiztu egiten da lanean ari arren gurasoen etxean, independizatu gabe bizi diren gazteen kopurua. Europan, Greziarrek eta Italiarrek bakarrik dute hemengo gazteen antzeko jarrera. Gazteei galdetzen zaienean, ahal izanez gero alde egingo luketela esaten dute askok (etxebizitza berri zein erabilien prezio handia, alokairuko etxeak ere gutxi eta garestiak direla, laneko ezegonkortasuna eta gustuko lanposturik aurkitu ezina aipatzen dituzte); baina azken hamar urteotan gehitu egin da gazteen artean jarrera erosoa eta gazte askok eta askok aitortzen du, lotsa aurrerakoi faltsurik gabe aitortu ere, gurasoen etxean “oso gustura” daudela.
Baina beste urtebete pasa eta etxean jarraitzen dute gazteek, lana eta bikote finkoa izan arren. Gauzak ongi al daude horrela? Familietan era guztietako iritziak daude, baina gehienetan etxean ez zaio gaiari argi eta patxadaz heltzen, korapilatsua baita. Guraso eta seme-alaben arteko harremanak konplexuak izan ohi dira, ezaugarri bikoitza izan ohi dute: lotura emozional sendoa eta era guztietako bizipenez osatutako iragan luzea daude, sarritan asko sentitu arren sekula aipatzen ez direnak. Horregatik, guraso eta seme-alaben arteko komunikazioari arreta, egiazaletasun handia eta denbora asko eskaintzea behar izaten da, alde bietatik; eta hizkuntza asertiboa, errudun sentimendua eta txantaje emozionala ez gertatzea, sarritan sartzen baititugu horrelakoak belaunaldi ezberdinetako kideen artean seme-alaben emantzipazioarena bezalako gai sakonak ateratzen direnean. Egia esan, kontu hau oso da konplexua, guraso zein seme-alabek ere jarrera kontrajarriak erakusten baitituzte auziaren aurrean: alde egin (edo alde egin dezaten) nahi dute eta geratu (edo gera daitezen) ere bai. Baina kezka horrek, zalantza pila handi horrek emaitza berbera izaten du gehienetan: seme-alabak etxean geratu ohi dira azkenean, epe jakinik gabe
Ez da arrazoirik falta
Eta lanaren izaera prekarioak arrazoia eman besterik ez die egiten gurasoen etxea uztera ausartzen ez diren neska-mutilei: aldi baterako kontratu gehienak gazteei egiten zaizkie eta lanean etorkizun argiagoa izan nahi dute gazteek etxebizitza erosteak sortzen duen milioien morrontzan erori aurretik. Oraindik ohitura gutxi dago etxea alokairuan hartzeko eta etxebizitzen alokairuen merkatuaren egoerak ere eragiten du hori, hein handi batean. Bada beste planteamendu bat ere, askoz ere prosaiko eta utilitaristagoa: lanpostu egonkorra eta ongi ordaindua dutenek eta bere etxean gurasoenean bezalako bizitza-kalitatea edo hobea izango dutela uste dutenek bakarrik alde egiten dute amatxoren etxetik. Gaur egungo gazteek gurasoek baino askoz errazago izan dituzte gauzak eta horrek asko markatzen du. Egoera ekonomiko nahiko finkatua lortu arte etxetik ez dutela alde egin behar uste izaten dute gehienetan gazteek, eta horretarako hainbat urte eman behar dute gurasoen etxean, dirua aurrezten eta lanpostu finkoa edo gutxienez egonkorra lortu arte itxoin. Hala ere, gazte askorentzat ekonomikoki laguntzarik behar ez izatea gurasoen etxetik alde egiteko nahikoa arrazoi ez denez, lan-merkatutik eta etxebizitza lortzeko zailtasunetatik haratago bilatu beharko dugu erantzuna.
Gazteek ez emantzipatzeko duten faktore nagusia gurasoen etxeko ordutegi eta ohituren lasaitasun gero eta handiagoa da. Gazteek ez dute presio eta zaintza handiegirik sentitzen eta guraso eta seme-alaben artean nolabaiteko konplizitatea dago. Autonomia falta hori jasan dezakete, azken batean “konpentsatu” egiten baititu. Bestalde, ongizatea, erosotasuna, intendentzia bermaturik edukitzea eta etxeko lanik ez edo gutxi egin behar izateak ere bultzatu egiten ditu egoera horretan jarraitzera. Dirua aurrezteko aukera ere aipatzekoa da, gurasoek ez baitituzte gehienetan soldata, osorik behintzat, uztera behartzen. Eta azpiegitura kontua ere bada: gurasoen etxearen antolaketak eta mailak bere gela izateko aukera ematen die gehienetan gazteei eta aisialdi eta zaletasunekin lotutako ekipamendu aberatsa izaten dute: informatika eta Internet, telebista, musika, liburutegi propioa… Azkenik, begi bistako beste gauza bat: sexu ohituren aldaketa, dagoeneko ez baita beharrezko ezkondu eta norbere etxebizitza edukitzea sexu harremanak edukitzeko.
Familia-koltxoiak
Hori guztia kontuan izanda, seme-alabentzat etxetik irteteak merezi duen galdetu behar genioke geure buruari. Edo gazte jendea emantzipatzeko hezten ote dugun. Inork ez du zalantzak jartzen emantzipatu ahal izateko beharrezkoa dela nolabaiteko bitarteko ekonomikoak izatea; hala ere, ez da nahikoa. Baina emantzipazioa ikasketa-prozesu bat da, ume-umetatik seme-alaben autonomia eta erantzukizuna bultzatzetik hasten dena eta gurasoek -dena esan behar da- dagokien erantzukizuna hartu behar dute: heldutasun aroa era independentean bizi izateko seme-alabei prestatzen laguntzea.
Emantzipatzea ere ikasi beharreko prozesua da. Haurraren bilakaerako une bakoitza jarraitzen dugunean, haren sormena eta autonomia bultzatzen ditugunean, eta ahal duenaz arduratzen joatea eskatzen diogunean, independente izaten laguntzen diogu. Ume-umetatik oinetakoen lokarriak lotzea, handi egin ahala bakarrik janzten, bakarrik janariak prestatzen eta jaten jakitea, bere gela jasotzea, edo familiako eguneroko bizitzan behar diren beste gauza txiki asko, oso garrantzitsuak dira. Haurraren pertsonalitatea eta bizitza-erritmoa errespetatzearekin batera, familiako elkarbizitza arautzen duten arauak errespetatzen ikasi behar du gazteak, horiek onartzearen baitan izango delako egunen batean emantzipatuko diren seme-alaba horien elkartasuna, gizarterako gaitasuna eta autonomia pertsonala. Hona hemen hori lortzeko hainbat neurri eta planteamendu:
- Gogoan izan beti semea edo alaba beste pertsona bat dela, bakarra eta independentea, eta seguru asko gugandik oso desberdina.
- Arreta eskaini: senti dezala begiratzen diogula eta ulertzen dugula, konturatu dadila badela norbait, guretzat eta inguruko gainerakoentzat.
- Onartu bere pentsamendu eta sentimenduak.
- Berezko balioagatik errespetatu; ez egiten duenagatik, pertsona delako baizik.
- Zaindu eta errespetatu, une bakoitzean, bere bilakaera pertsonaleko urratsak.
- Maitatu; maitasuna, segurtasuna eta hurbiltasuna aditzera eman, hitzez nahiz keinuz eta gorputzaren jarreraz. Besarkada eta laztanak garrantzitsuak dira.
- Arau eta muga zentzuzkoak, bidezkoak, adostuak eta negoziagarriak ezarri: agintea bai, agintekeria ez.
- Arlo guztietan bere portaera eta etekinez espektatiba handiak ditugula adierazi. Bere buruarenganako estima bultzatu.
- Goraipamen eta kritikak bere jokaerari buruzkoak izan daitezela beti, sekula ere ez pertsona bezala berari zuzenduak.