Galtzeko arriskuan dauden animalia eta landareen salmenta: legez kanpoko negozioa
Jarduera horrek bi bilioi pezetatik gorako irabaziak ematen ditu urtean eta fauna eta florako 700 espezie betiko galtzeko arriskuan jartzen ditu. Urtebetean 50.000 primate, 140.000 bolizko letagin, 350 milioi arrain tropikal eta 4 milioi kaktus saldu ohi dira legez kanpo. Naturarentzako Mundu Fondoak (WWF) -Adenak- emandako kopuru horiek garbi asko erakusten digute zenbaterainoko garrantzia duen espezie babestuen salerosketak nazioarteko merkatuetan. Gainera, salerosketa hori mundu osoko bioaniztasunaren galera kezkagarria eragiten duten arrazoi nagusietakoa da.
Bestalde, urtero 5 milioi hegazti bizi, 10 milioi narrasti-larru, 15 milioi ugaztun-larru, 9 milioi orkidea eta 350 milioi arrain tropikal erosi eta saltzen dira legez kanpo. Izaki bizidun horiek guztiak beren habitat edo natur ingurunetik atera eta arrotz zaien ingurune batera eramaten dituzte. Animaliak eta landareak legez kanpo merkaturatzen dituen jarduera horren ondorioz, gaur egun 700 espezie galzorian daude. Gainera, 2.300 animalia-espezie eta 24.000 landare ere arrisku handian daude.
Animalia exotikoen eskaria, gero eta handiagoa Munduan legez kanpo buruturiko salerosketen %30 Espainian egiten dira.
Munduan babesturik dauden animalien eta landareen legez kanpoko merkataritza-jardueren ia heren bat Espainian egiten da (batez ere pasadizoko trafiko gisa) eta aduanetako agintariek diotenez, jarduera horien erdia baino gehiago ez dira antzeman ere egiten. 1999. urtean SEPRONAk ekotrafiko-delituekin zerikusia zuten 7 jarduera abiarazi zituen eta 254 salaketa administratibo aurkeztu zituen.
Kokaleku geografiko guztiz estrategikoa duenez, Iberiako Penintsula leku ezin egokiagoa da era guztietako merkataritza-jardueretarako eta itsasoz nahiz airez egiten diren komunikazioetarako. Gainera, Penintsulako fauna bera ere izugarri aberatsa da. Hori dela eta, isileko ehiztariak, txori-ehiztariak, gizatasun-arrastorik ez duten pertsonak, gaizkileak eta mafia antolatuak landak eta basoak arakatzen ibili ohi dira, non-zer harrapatuko gero saltzeko. Eta axola gutxi die gainera zer harrapatu: hartz arreak, sarrioak, basoilarrak, katamotzak, eguzki-arranoak edo belatz handiak. Era guztietako txoritxoak harrapatzen dituzte (“kaiolako txoriak” izenez ezagunak, bere natur ingurunea hori ez izan arren) eta baita apoarmatuak ere.
Arrazoi horiengatik, basa-fauna eta -floraren Galzoriko Espezieen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Hitzarmenak (CITES) babesten dituen espezieei dagokienez, Espainia dugu, Argentina, Indonesia eta Tailandiarekin batera, legez kanpoko trafiko handiena duen herrialdeetako bat.
Animalia exotikoen eskaria, gero eta handiagoa.
Zalantzarik gabe, animalia exotikoak edo horien ataletako batzuk (letaginak, garaikur gisa erabiltzen diren buruak, larruak…) izateko eskaera handia dagoelako harrapatzen dituzte horrelako animaliak. Oso bakana edo bitxia den animalia bat izatea moda-modan dagoenez, eta larru berezi batzuekin janzteak halako estatus bat ematen duenez, arlo horretan sortzen diren eskakizunei erantzuteko etekin handiko jarduera bat sortu da, orain urte batzuk arte batere zigorrik izan ez duena, trafikatzaileak gogor zigortzeko legezko jardunbiderik ere ez baitzegoen. 1975. urtean, hogei herrialdek, horien artean Europako Batasunakoek, Basa-fauna eta -floraren Galzoriko Espezieen Nazioarteko Merkataritzari buruzko Hitzarmena (CITES) sinatu zuten.
Geroztik, espezie horien trafikoa delitutzat hartzen da, eta CITES horretan oinarritu den 1997ko europar arautegi berriaren arabera, trafikatzaileek 6 urte bitarteko kartzela-zigorra izan dezakete. Hala ere, nazioarteko kontrol guztiak gorabehera, negozio horretan zigorgabetasuna eta errentagarritasuna nagusitzen dira, gaizkileak eta beren banaketa-bideak aurkitzea oso zaila izaten baita. Sarritan frogatu izan denez, arlo horretan legea urratzen dutenak eta legez kanpoko arma eta drogen salerosketan dabiltzanak pertsona berberak izan ohi dira. Bestalde, Guardia Zibilak natura babesteko duen zerbitzuak (SEPRONA) dioenez, harrapaturiko lau animalietatik hiru hil egiten dira haiek harrapatu, garraiatu edo merkaturatzeko garaian; horren ondorioz, animalia gehiago harrapatu behar izaten dira ezkutuko merkatu horren eskakizunei erantzun ahal izateko. Izaki bizidun babestuen salerosketa horren eraginez, animalia-populazioak aldatu egiten dira.
Populazio horien urritzeak zuzeneko eragina du beste espezie batzuetan, elika-katea desorekatu eta intsektu-izurriak ugaritu egiten baitira, haien harrapariak hil ondoren. Adibidez, Asian, malaria-eramaileak diren eltxoez elikatzen diren zezen-igelak neurriz gain harrapatu ondoren, gaixotasun hori gehiago zabaldu da.
Espezie babestuen salerosketa guztiak ez dira legez kanpokoak.
Animalia babestuen salmenta legezkoa izan daiteke, baldin eta dendariak egiaztatzen badu animaliak beharrezko inportazio-baimena duela. Horretarako, CITESen ziurtagiria behar du nahitaez. Legearen arabera jokatuz, batzuetan pentsatzen dugu etxean daukagun animalia ezin hobeto dagoela bere “etxe berrian”. Hala ere, uste horrekin itzulerarik gabeko bide batera bultzatzen dugu animalia: betiko desagertzeko zorian jartzen dugu, animalia baten ohiturak aldatu ondoren ezinezkoa baita hura bere natur ingurunera itzularaztea.
SEPRONAk aitortu duenez, delituari aurre egitea ez da batere erraza. Kontua ez da, besterik gabe, horrelako espezieak salgai dituzten dendetara joan eta dokumentazioa ikuskatzea, egin ere sarritan egiten baita hori. Gizartearen laguntza eta kontzientziazioa ere ezinbesteko prebentzio-neurria da natura legez kanpo ustiatzen dutenei aurka egiteko. Eskaririk gabe ez dago salerosketarik. Dena dela, arazoa askoz korapilatsuagoa da.
Herrialde azpigaratu askotako jendeak sarritan bertako natur baliabideak ustiatu besterik ezin du egin bere bizimodua aurrera ateratzeko. Jakina, herrialde horiek ez dute normalean jasotzen salerosketa horrek sortzen duen irabaziaren parterik handiena.
Iparraldea erosle, hegoaldea hornitzaile
Europako Batasuna narrasti-larruen lehenengo inportatzailea da munduan, ia 4 milioi larru erosten baititu. Bestalde, primateen bigarren inportatzailea da, Estatu Batuen ondoren, 46.000 primateekin. Loro, kakatua eta antzeko hegaztien lehenengo inportatzailea da, ia milioi bat hegazti erosiz (munduko merkataritzaren %39); boa eta pitoi bizien lehenengo inportatzailea; felido bizien bigarren inportatzailea eta landareen lehenengo inportatzailea eta esportatzailea. Pistaziforme gehienak (loroak, guakamaioak, kakatuak) Argentina, Indonesia, Tanzania eta Uruguaytik datoz. Estatu Batuek urtean 300.000 loro inportatu eta etxe-abereak dituzten dendetan banatzen dituzte. Herrialde horrek eta Japoniak, Frantziak eta Espainiak Indonesiatik eta Argentinatik datozen narrasti-larruen inportatzaile-taldea osatzen dute.
SEPRONAren arabera, maskota-dendetan oso erraz aurki daitezke munduan dauden 329 pistaziformeetatik hainbat espezie, nahiz eta horiek guztiak CITESek babestuta egon. Hainbat eratako anfibioak ere aurki daitezke, hala nola, igel txikia, krokodiloak, apoarmatuak, arrainak, sugeak eta baita primate txikiak ere. Adena-ren txosten batek espezie babestuak saltzen diren ohiko lekuen artean honakoak aipatzen ditu: Madrilgo Rastro-a, Bartzelonako Ramblak edo Valentziako Erkidegoko azoka txikiak. Gainera, adituek ondo ezagutzen dituzten denda askotan ere saltzen dira ezkutuan.
Arriskurik handiena duten espezieak
Errinozeronteak, tigreak, elefanteak, txinpantzeak, panterak, igaraba erraldoia, kolibria, hegazti eta igel exotikoak… galtzeko arrisku handian daude, gizakiak bere mesederako etengabe harrapatzen baititu, haietatik elikagaia, larruak, garaikurrak, espezimen biziak, turismo-gaiak, botika tradizionalak, lurrak, burezurrak eta beste hainbat eta hainbat produktu eta gai eskuratzearren. Bildumagileak, zoologikoak, ikerketa biomedikoetarako laborategiak, animalia-dendak eta barne kontsumorako ustiategiak izaten dira animalia horien azken helmuga.
Eta guk, zer egin dezakegu?
Naturaren alde lan egiten duten erakundeek diote heziketa ekologikoa dela egokiena, natura benetan maite duen edozeinentzat animaliak eta landareak bere natur ingurunean jaio eta haztea baita zentzuzkoena. Legez kanpoko edozein jarduera salatzeko biderik ohikoena SEPRONAra jotzea da (062 telefonoa). Bertan behin eta berriz gogorarazten dute animalia edo landare exotiko bat erostean CITES ziurtagiria eskatu behar dela, horixe baita modu bakarra ziur jakiteko animalia edo landarea gatibu hazitakoa dela, gero saltzeko asmoz.
Animalia opari moduan jaso badugu, ziurtagiria eskatu behar dugu haren jatorria egiaztatzeko, baita apoarmatu txiki-txiki bat edo kaiolako txori bat izanda ere. Animaliaren jatorria legez kanpokoa bada, hura eskuratzen duenak delitu bat egiten du, eta legezko dokumentazioa lortu behar du. Nolanahi ere, paperak behar bezala edukitzea behar-beharrezkoa da, eta ez lege-arazoak saihesteko bakarrik. Adibidez, legez kanpoko jatorria duen animalia bat ez da aduanatik igaro eta ez zaio beharrezko osasun-azterketa egin; beraz, gaixotasun exotiko larriak kutsa ditzake.
Gainera, animalia horietako batzuk ondo zaintzea zail samarra izan daiteke. Batzuek albaiteroarengana eramango dute zaindu dezan (dena dela, hark onartuko balu ere aukera hori ez da beharbada egokiena, litekeena baita norbaitek albaiteroaren aurka salaketa jartzea paperak eskatu ez dizkigulako) baina albaiteroak ez dauka zertan ezaguturik animalia horren ezaugarri guztiak, eta horregatik jabeak bere gain hartzen duen animalia arriskutsua izan daiteke (adibidez, ziztada pozoitsuak eman ditzake).