Zaintzaileen lana ez da aintzat hartzen
Osasunaren Mundu Elkartearen (OMS) arabera, 2000. urtean 600 milioi pertsonak hirurogei urte beteak zituzten, hau da, planeta osoko biztanleen %10ek. Europa eta Amerikan, 60 urtez gorako populazioa guztiaren %20ra iritsi da. Kontinente zahar honetan, aldiz, espainiar gizartea da zahartuenetako bat, ia zazpi milioi pertsonak 65 urte baino gehiago dutelako (biztanleria osoaren %17). Etorkizunerako aurreikuspenek ez dute optimista izateko aukera handirik ematen: IMSERSO erakundearen arabera, hemendik 25 urtera portzentaje hori biztanleriaren hereneraino (%33) igoko da, kasik.
Zenbaki horien guztien azpitik, ordea, gure zaharren egunerokotasuna datza ezkutuan: hor dira bere burua gobernatzeko gauza ez direnak, eta hor dira babesa eman eta, aurrerantzean, beren bizitza zaharrenaren arabera antolatu beharko duten ahaideak edo zaintzaileak. Etengabeko arreta edo zainketa eskatzen duen zaharrarekin bizi izatea kontu latza da eta, gehien-gehienetan, esker txarrekoa. Halaz ere, familia askok nahita egiten dute aukera hori eta beste hamaikatxok zaharren ardura etsimenduz bereganatzen dute, eskura dauden azpiegitura gerontologikoak behar bezainbestekoak ez direlako.
Gogoan izan dezagun, nolanahi ere, zahar batzuek osasun bikaina dutela, ajeren batek bakarrik ahuldurik, eta bizitetxean egiten duten ekarpena funtsezkoa dela, iloba edo bilobez arduratzeaz gainera, enkargu xumeak ere egiten dituztelako. Beste aldetik, geroz eta adin handiagotara iristen da jendea osasun-egoera onean eta, askotan, independentzia pertsonala gozatzeari ez dio uko egin nahi izaten zaharrak. Era berean, gizartearen pentsamoldea pittinka-pittinka baina atzera gabe aldatzen ari dela hautematen da eta, Europako beste hainbat herrialdetan bezala, etengabeko asistentzia ezinbestekotzat jo bitartean, geroz eta zahar gehiagok nahiago izaten dute bakarrik bizitzea. Bakardadearen beldurra ezabatu egiten da, bere buruaz arduratzeko gauza diren, adina kontuan harturik osasun ona duten eta denbora pasa edo beta kentzen dieten jardueretan aritzeko gai diren heinean. Horregatik zahar-etxeek, udal kiroldegiek eta era askotako elkarteek oso eginkizun garrantzitsua betetzen dute.
Familia, zaharraren funtsezko euskarria
Sociedad Española de Geriatría y Gerontología elkarteak 1998an eginiko azterketaren arabera, zaharren %30 familiarekin bizi da Estatu espainiarrean. Portzentaje hori altua da, Europako beste estatu batzuetakoen aldean: horietan, zahar gehientsuenek bestelako bizimoduak aukeratzen dituzte, hala nola zaharren egoitzak eta etxebizitza babestuak. Bestelakotasun horien zergati nagusiak zaharren egoitzetan dauden plazen urritasuna (65 urtez gorako ehun pertsonako hiru plaza eskas baizik ez dago) eta, kontu hauetan, tradizional edo kontserbatzaileagoa den gizarte espainolaren eragin handiagoa dira.
Estatu espainiarreko hiritar gehienek (%84k) zaharrak zaintzea seme-alaben kontua dela uste dute, baina %24k bakarrik sinesten du etsi-etsian, etorkizunean ere ardura hori seme-alaben kontua izango dela. Halaz ere, aiton-amonen asistentziaren premia etengabeko bihurtzen denean, beharrezko laguntza familiak eskaini behar duela pentsatzen du %29k, zerbitzu sozialen eginkizuna %37k eta, azkenik, bai batzuek bai besteek konpondu beharreko arazoa dela dio %29k.
Zaharren hiru adinak eta premiak
Hirurogeita hamar urte bitarteko pertsonen premiak eta behar duten zainketa, aurrejubilatuen multzoko pertsonek dituzten berberak dira: aisialdia betetzea, baliagarri sentitzea, besteekin harremanak izatea, ezagutza transmititzea eta jolastea, olgatzea. Aurreraxeago, 70-75 urteko adinean bestelako premiak agertzen dira: bakardadea adorez onartzea, diru-sarreren ezinbesteko murrizketari errealismoz eta nolabaiteko etsipenez aurre egitea eta eguneroko jarduerak betetzea. Prebentzio gerontologikoaz arduratzeko osasun-alorreko profesionalen asistentzia eta azpiegiturak eskatzen dituzte eta, gainera, beren autonomia eta giza harremanak gauzatzea erraztuko dizkieten zaintzaileen eta ekipamenduen premia dute.
Espainian dagoen tamalezko errealitatea, aitzitik, arras bestelakoa da: gaur egun martxan dauden gerontologiazko azpiegiturak ez dira populazioaren sektore horrek dituen premiak asetzeko behar bezainbestekoak. Horrelako gabeziek (batez ere laurogei urtez gorako pertsonengan) duten eragin latzak agerian uzten du zahar-biztanleriara bideratzen diren fondo publiko eta pribatuen munta areagotzeko premia.
Gaixotasun ohikoenak
Geriatriak hiru adin-multzo finkatu ditu: horietako bakoitzean zaharren gaitzak ere aldatu egiten dira, hein batean. Lehenik, 65-75 urteko pertsonak “zahar gazteak” dira. Jubilatu berriak dira horiek, baina gaitasun motriz eta intelektualak bete-beteak dituzte oraino. Aurreraxeago, 75-85 urtekoak, “zaharrak” dira, besterik gabe. Eta 85 urtetik gorakoak gerontologoek “oso zahar” gisa sailkatu dituzte. Zaharren berezko gaixotasunak -zaintzaileek aurre egin beharrekoak- lau multzotan banatu dituzte espezialistek. Zahar guztien %60tik %80 bitarte arazo osteoartikularrak nozitzen dituzte (artrosi eta artritisak, gehienbat) eta gaixotasun kardiobaskularrek, berriz, populazio horren %50-%70ean dute eragina eta zaharren %40k kasik izaten ditu garun-nerbio sisteman arazoak. Gernu-aparatuaren gaitzek ere agerpen handia dute. Hala eta guztiz, adituak eta ahaideak gehien kezkatzen dituzten gaixotasunak dementzia, garun-nerbio sistemari dagozkionak eta Alzheimer gaitza dira, dudarik gabe.
Gaixotasun eta adinen sailkapen horien agerpenak hamaika eratakoak dira, bizi-itxaropenak hobetzen diren heinean. Nerbio-sistema zentralaren gaitzak (dementzia eta Alzheimer, adibidez) eta gaixotasun kardiobaskularrak areagotu egin direnez, lehendabiziko adin-multzoak (“zahar gazteak” eta “zaharrak”) ahalik eta luzaroen osasun-egoera onean mantentzea da helburu nagusia.
Alzheimer, gaitzik kezkagarriena
Orain arte eginiko aurreikuspenek Alzheimer kasuen sekulako biderkapena iragarri dute 2025 urterako, XX. mendeko seigarren hamarkadan sortu zen baby boom belaunaldiaren zahartzearen ondorioz: horrek gaitza ugaltzea ondorioztatuko du, gaixotasunaren eraginaren hazkuntza esponentziala baita. Horrela bada, 65 urtetik gora dementzien kopurua ikaragarri areagotzen da: bost urteko bakoitzean bikoiztu egiten da, zehazki. Adituen arabera, Estatu espainiarreko hiritarren %5-%10k (700.000 lagun, 65 urte baino gehiago dituztenak) nozitzen du dementzia-mota bat. Zaintzaile eta pazientearen arteko harremanetan ere badu gaixotasunak eraginik: diagnostikoa eman eta hortik aurreneko hilabeteetan ibilgailuak gidatzea eta dirua edo diru-dokumentuak maneiatzea debekatu egiten zaio pazienteari. Beste aldetik, bakarrik egon ez dadin ahalegindu behar da.
Gaixotasuna ulertzea kontu zaila dute senideek ikus daitekeen eragin fisikorik ez dagoelako baina aurreneko erreakzioetako bat “aurretiazko dolua” ohi da: ahaideentzat psikologikoki hil egin da gaixoa. Alzheimer gaitzaren ondoriozko heriotza-unea bereziki latza izaten da familiarentzat. Pazienteaz urtetan zehar arduratu den zaintzailearentzat nolabaiteko askapenik bada ere, sekulako hutsune emozionala ere sortzen du egoera berriak, azken hamar bat urtean beste pertsonaren ondoan eguneko 24 orduak eman dituztelako.
Zaintzailearen ezaugarriak
Arreta eskatzen duen pertsonaren ezkontideak hartu ohi du haren ardura (horrelaxe gertatzen da Alzheimer kasuen %60-%70ean). Asistentziaren premia emazteak baldin badu, ordea, egoera okertu, aldrebestu egiten da, Espainiako gizonezko zaharrak ez baititu erraz asumitzen zaintzaile lanak eta etxeko gizonaren eginkizunak. Ezkontidea ez denean, alabak aritu ohi dira zaintzaile lanetan. Horretarako, lana utzi eta, kasu asko-askotan, ezkontidearekin edo seme-alabekin zuten harremana ere baztertu egiten dute: honek, bistan da, familiaren desegituraketa ekartzen du behin baino gehiagotan.
Pazienteak garai batean babestuko lituzketen asistentzi zentroak sortzearen alde daude psikiatrak, senide zaintzaileek arnasa hartu ahal izan dezaten. Arazoa ez da hutsala, noski: horrelako pazienteez arduratzeak, azkenean, zaintzaile eta babesleengan estresa eta depresioak sortarazten ditu.
Adituaren iritzia
“Familiak hezi egin behar ditugu”
Doctor Peset Ospitaleko Geriatria Zerbitzuko José Mercé sendagilearen iritziz, zaharra etxean zaintzeak duen arazo larria familia heziketarik jaso gabea izatean datza. “Europako gizarterik zahartuena garen arren, inork ez digu irakatsi zaharrak nola tratatu behar diren. Osasun-alorreko profesionalak ez dira nahikoak eta gure zaharrak zaintzen irakasteko plan integrala antolatu beharko litzateke”. Sendagile horren aburuz, zaharrak zaintzen ikasteak diru eta baliabideen aurrezkia ekarriko luke, ez jakitearen ondorioz, zeinahi ebentualitate jazorik, senideek berehala jotzen dutelako ospitaleetako larrialdi-zerbitzuetara. Mercé doktorearentzat, aiton-amonen arazo larrienetako bat “izaeraren eta agintearen galera da, dagoeneko ez baitituzte beraiek arauak xedatzen; areago, seme-alabek agintzen dute beraiengan. Autonomiaren galera eta familia buruaren aldaketa ere gertatzen da: “Seme-alaba edo egoitzako zuzendaria da orain nagusia”. Sendagileak uste du “zaharra bere etxean edo senideetakoren baten etxean bizi dadin erraztuko lukeen sistema bideratu beharko luke osasun-munduak”. Menpetasun arineko pisu edo bloke babestuak sortzea da beste aukera bat. Zaharra egoitzara eramatea okerreko jokabidea da”. Akatsezkotzat jokatzen du, era berean, eguneko zentroez gaur egiten den erabilera, “horiek eguneko ospitale bezala baliatu beharko liratekeelako, hau da, errehabilitazioan bereizitako unitate mediko-asistentzial gisa, alegia. Gaur egun ditugunak, oro har, zaharren haurtzaindegiak dira”.
Zaintzailearen sindromea
- Arazo muskularrak: lunbalgiak, herniak eta era askotako minak, adin (eta, askotan, karga) handiko pertsona mugitzeko ahalegin bereziak egin behar izaten direlako.
- Infartos, debido al estré.
- Infartuak, estresaren ondorioz.
- Arazo psikologikoak (depresioa, adibidez) horren denbora luzean beraiek bakarrik zaharren asistentzia asumitzeko gauza ez direlako. Zaintzailearen aparteko ahalegin hori, gainera, zaharrak ez du aitortzen, horretaz jabetzen ez delako. Eta adin handi-handietan agertzen diren patologien ondoriozko oinazeez gainera, heriotza den azken muga itxaroten da beti.
- Antsietatea hainbat faktore psikologikoren gainezko zamaren ondorioz (den-dena lehenbailehen bukatzeko desioa barne).
- Isolamendu soziala, ezkontidearekin arazoak (zaintzailea alaba denean) eta laneko absentismoa.
- Honek sortarazten duen menpetasunean kezka bakarra dago: pazientearen ongizatea; zaintzaileak bere burua ahantzi eta bere oreka emozionala ere galdu egiten du, azkenean.
- Gaixotasuna bera eta gaixotasunaren ondoriozko endakapena onartzeko arazoak. Egoera berria onargaitzagoa du zaintzaile dabilen ezkontideak seme-alabek edo gainerako senideek baino; azkenean, aurre egiten zaio egunez egun maitasun eta bihozberatasun berbera erakutsiz, sendabiderik ez dutela asumituz eta, behar bezala, auzo, lagun eta ahaideei azalduz.
Etxean izatearen alternatibak
Zaharren instituzionalizazioa saihestu ahal izateko moduko neurriak bilatu eta zerbitzuak sortu dira azken urteotan. Familiari euskarri-sistemak emateko gero eta interes biziagoa agertzen dute gobernuek, zaharrak gune horretan zain ditzaten, instituzioetara jo gabe. Horregatik, familiaren etxean zaharren egonaldia luzatzeko helburuz, pertsona horiek zaintzeari beren denbora eskaintzen dieten pertsonei lagundu eta konpentsatzeko formulak sortzen ari dira orain eta menpekotasun-egoeran pertsona zaharrak bere kargura dituzten guztiei aplikatu beharreko ordain-neurriak onartuko dira aurki. Herrialde batzuetan, zaharrak zaindu nahi baina diru-sarrera urriak dituzten familientzako pizgarri ekonomiko gisako neurriak hartu dira, hala nola interes apaleko kredituak eta zergen beherapenak.
Nolanahi ere, familia gehientsuenek ez dute nahi edo ezin dute zaharraren zaintza den izugarrizko ardura bereganatzerik, are gutxiago asistentzia hori etengabekoa denean. Senideekin bizi nahi ez duten edadetuen edo pertsona zaharren zaintza inolako laguntzarik gabe asumitzeaz bestelako formula bat aukeratzen duten familiek badituzte hainbat irtenbide: eguneko zentroak (bertan, zaharrak eguna pasatzen du eta gauez etxera doa, ostera, lotara), egoitza publiko edo pribatuak, etxebizitza babestuak, zaharren egoitzak, tele asistentzia eta, azkenik, zaharraren etxean gazte bat (etxetik urrun dagoen ikasle bat, eskuarki) bizi izatea.
Etxean zaharrak dituzten familiak laguntzeko zenbait programa
“Zaintzaileak zaintzen ditugu” bataiatu dute 1997 urtean Kataluniako Gurutze Gorriak eta Fundació La Caixa elkarteak bertako hiru hiriburutan martxan jarri zen programaren izena. Programa horren helburua, zerbitzu pribaturik ordaintzeko bezainbesteko diru-sarrerak ez dituzten baina zaharrez etxean etengabe arduratu behar diren familiei (emakumeei, batez ere, hauek eramaten baitute normalean arazoaren karga handiena) hilean asteburu baten atsedena ematea da. Orain arte, akordio horri esker Kataluniako 227 familiari atentzioa eman ahal izan zaie. Gurutze Gorriak pertsonala (terapeutak, erizainak, fisioterapeutak, famili langileak eta boluntarioak, psikologo baten koordinaziopean) ezarri eta ekimenaren jarraipena egiten du. La Caixa fundazioak, bere aldetik, proiektuaren kostua (75 milioi pezeta) bereganatua du. Programa horren baitan hainbat zerbitzu osagarri ere sartzen dira, hala nola laguntza teknikoak gaitz jakin batzuen kasuan, etxebizitzetan ke-detektagailuak edota tele asistentziako terminalak jartzea, esate baterako.
Valentziako Generalitat-eko Ongizate alorreko Consellería-k ere badu pertsona zaharrak zaintzen dituzten etxekoandreei laguntzeko plana, etxebizitzako egonaldia egoitzen alternatibatzat planteatzeko xedez. 1996 urtean jarri zen martxan eta, harrezkero, honelako laguntzak 29.124 pertsonak jaso dituzte, hau da, hilean 15.000 eta 30.000 pezeta bitartean, famili errentaren arabera. Erakundeak eginiko aurreikuspenen arabera, 2001 urtean 2.150 milioi pezeta bideratuko dira helburu horretara.
Beste hainbat gobernu autonomiko eta diputaziok ere agertu dute arazo honekiko sentiberatasun edo interesa, famili inguruan zaharra (arazo fisiko edo mentalak nozitzen baldin baditu, batik bat) zaintzeak eragiten dituen zama ekonomiko, sozial eta emozionalekin jabeturik. Bizkaiko Diputazioak, esate baterako, dementzia edo ezintasun fisikorik duten pertsona edadetuak eguneko zentroetan sar daitezen laguntzak ematen ditu: pertsona eta eguneko 6.000 eta 5.547 pezeta bitartekoak izaten dira, hain zuzen.