Umeak ere muga premian
Seme-alaben hezkuntza eta sozializazio prozesuan gurasoek izaten duten kezka larrienetako bat, gazteen jarrera eta jokabideei ezarri behar dizkieten mugen ingurukoak dira. Noiz egin behar zaio errietan umeari, noiz ohartarazi, noiz zigortu? Agintea praktikan jartzean, zein unetan zeharkatzen da beharrezkoa eta gehiegikeriaren arteko muga? Nola eraman seme-alabak, alferrikako tentsioak sortarazi gabe? Hamaika galdera datozkio trumilka aita-amari eta, noski, galdera denentzako erantzunak ez daude beti. Zailtasun horiei buru egiteko lehen urratsa argi dago: seme-alaben jarrera eta jokaerak sistemaz babestu eta desenkusatzea, ez umeentzat, ezta helduentzat ere, mesedegarria ez dela konturatzea.
Erabateko permisibitatearen eta gehiegizko babesaren ondorioak biziki kaltegarriak gerta daitezke. Hona hemen errealitatetik ateratako bi adibide, geroz eta ohikoago bilakatzen ari direnak. Lehen kasuan, zortzi urteko mutikoak azalera handi batean, motxila hartu eta apaingarria erauzi dio. Enplegatuak errieta egin eta itzul diezaion agindu dio umeari; honek, aitarengana egin eta enplegatuak jo egin duela esan dio. Aita enplegatuarengana joan, karguak hartu eta lotsagarri utzi du jendearen eta bere semearen aurrean, oso modu desegokian. Zer ikasi du ume horrek? Gaizki portatzen bada ere aitak defendatu egingo duela, kosta ahala kosta. Bestela esateko, gaizki portatzea ez dagoela gaizki.
Bigarren kasuan, irakasleari epelak eman dizkion aita epaitu dute. Arrazoia: epaitutako gizonaren alabari maisuak errietan egin zion, atsedena amaitutakoan klasean sartu nahi ez zuelako. Aita ez da epaiketara azaldu. Irakasleak ez du zigorrik eskatu, alabaren aurrean aitak barkamena eska ziezaion baizik ez zuen nahi, neskak bereiz zezan zein alde dagoen jokaera zuzena eta jokaera desegokiaren artean. Barkamenik eskatu ez zaionez, irakaslea ikastetxez aldatu da; neska, ez.
Autoritarismotik askatasunera
Bi horiek, inongo esplikaziorik ez duen arren, ugaltzen ari zaigun fenomeno sozial kezkagarri baten lagin hutsak baino ez dira. Ikertzaile askok diotenez, egungo gurasoek famili giroan hartutako eskarmentuak eragin nabarmena izan du. Duela hogei bat urte famili hezkuntza zorrotzean hazitako helduak guraso bihurtu ziren, beraiek nozituriko autoritarismoa gainditu beharra zegoela etsi-etsian sinetsita. Horrek guraso horietariko asko bultzatu zuen semeari edo alabari -trauma psikologikorik nozi ez zezan- kontra ez egitera, egiten uztera, ikasbide gisa zigorrik ez baliatzera, txikien gutiziei men egitera, etxeko txikiak gehiegi babestera eta, areago, maisuen eta gainerako hezitzaileen ospea galaraztera.
Frustrazioa, tolerantzia eta auto-kontrola
Seme-alaben heziketan ezinezkoa da itsuarenak egitea arauen edo hierarkiaren aurrean. Aitak edo amak ezetz dioenean erabaki hori atzera gabea dela ikasi behar du umeak. Horrek sortaraziko dion frustrazioa ezin saihestuzkoa bada ere, hori pairatzen eta, areago, horrekin bizitzen ikasi beharko du, arauak direlako segurantzia emango diotenak eta irizpide sendoan sinestea irakatsiko diotenak.
Umea haserretzen, amorratzen denean, barealdia etorri arte umerik ez balego bezala egin dezake gurasoak, lasaitu dela ospatu gabe eta liskarra dagoela ukatu gabe. Auto-kontrola galdutakoan eta lasaitasuna nagusitu arte umea zain dago, erne. Neurriko zigorra baino ezaxola mingarriago gertatuko zaionez, agintaritza praktikan jarriz, bere jokabidea alferrikakoa dela ikustaraztea komeni izaten da, bizipen horretatik zerbait ikas dezan.
Mugak jokabideei, ez sentimenduei
Umeak helduen gidaritzapean ibili behar duenez, horretarako ezinbestekoa da jokabideak indartzeko eta txikien hazkuntza hobetzeko moduko arauak ezartzea. Mugak umearen jokabideari ezarri behar zaizkio, ez bere sentimenduen adierazpenari. Zerbait egin ez dezan eska dakioke baina ez, esate baterako, arrabia sentitu edo negar egin ez dezan. Tarteak, umea umildu gabe finkatu behar dira, bere auto-estimua urraturik senti ez dezan. Horregatik kontua ez da deskalifikatzea (“ergela zara”, “gaiztoa zara” arazoa zehaztea baizik (“egin duzun, esan duzun hori ez dago ondo”). Arrazoiak ematea ere komeni izaten da, azalpenetan izugarri luzatu gabe. Sermoiak ez ohi dira eraginkorrak. Hitzen aurrean ez du erantzuten umeak, egiteen aurrean baizik. Diskurtso osoa baino eraginkorragoa izango da aginte-imintzio sendo bat eta hitz gutxi batzuk.
Zergatik kostatzen zaigu seme-alabei mugak ezartzea?
- Beraiei buru egiteko bezain sendo ez garelako sentitzen.
- Eskaintzen diegun denbora apur hori konpentsatzeko asmoz, seme-alaben gutizien aurrean adeitsuegi garelako maiz.
- Gure auto-estimua gailur-gailurrean ez dagoenean seme-alabek onar gaitzaten espero dugulako.
- Aitak eta amak elkarri agintea kentzen diotenez, bata bestearen kontra doazen bideetatik dihardugulako.
- Eman orduak seme-alabekin. Seme-alaben jokabide asko ez dira kontrolatzen txikiez arduratzeko unean aita eta ama “baliagarri” ez daudelako.
- Muga gainditzeak ondorio kaltegarriak ekar diezazkiokeela ikasi behar du umeak. Ondorio horiek, nolanahi ere, neurrikoak eta, ahal dela, berehalakoak izan behar dute, umeak arazoa ederki uler dezan.
- Ahal den neurrian, arauak eta zigorrak gurasoek eta seme-alabek elkar hartuta itundu behar dituzte.
- Maitasuna eta kontrola egokiro konbinatzeko gauza diren gurasoek bakar-bakarrik betearaz dezakete diziplina.
- Seme-alabengan eragin handiena duena ez da gurasoek esaten dietena edo egiten dietena, “nolakoak diren” baizik. Heziketan garrantzitsuena, horrenbestez, haiekin nolako jokabideak ditugun baino areago, gizaki bezala nolakoak garen.
- Famili giro ona funtsezkoa da.
- Normala da umea gurasoekin “sokatiran” aritzea, noraino irits daitekeen ezagutzeko. Orduantxe agertu behar dute sendoen gurasoek. Amore emanez gero, atzera egitea zailago gertatuko da gero.
- Adina eta gorabeherak aintzat hartuta, gurasoek zentzuzko malgutasuna agertu behar dute, beraz.
- Mugak ez ezartzearen eraginez, sekula aski ez duen, geroz eta gehiago exijitzen duen, ezezkoa geroz eta gutxiago hartzen duen, frustrazioaren aurreko tolerantzia eskas edo batere tolerantziarik agertzen ez duen umea moldatzen dira.