Talasoterapia

Kresala, osasunaren eta edertasunaren gozagarri

Talasoterapia etxeek bertako tratamenduetan itsasoko ura baliatu behar badute ere, sektore honetan legeriak agertzen dituen hutsuneak bide, instalazio batzuetan ez da betetzen baldintza hori
1 apirila de 2006
Img analisis 2 listado 212

Kresala, osasunaren eta edertasunaren gozagarri

Itsasoko urak dituen eragin mesedegarriak orain milaka urte ere ezagunak ziren. Niloren Delta aldeko klimaren eta lohien ahalmenez egiptoar papiroetan idatziriko erreferentziak kausitu dira; bestetik, Hipokrates sendakuntzaren gurasoak berak ere itsasoak hainbat gaixotasun sendatzen zituela zioen eta, ohiko gaitzetatik osatzeko, ur gazitan murgildu eta bainatzea aholkatzen zuen. Haren irakaskuntza Erdi Aro luze, ilun eta zikinean galdu bazien ere, aurreko mendean hondartzak jendez bete ziren ostera.

Egun ez da zertan uda etorri arte itxaron itsas uraren propietateez gozatzeko: talasoterapia (grezieratik: thalasa = itsaso, therapia = tratamendu, sendakuntza) etxeek urte osoan eta estalpean eskaintzen dituzten tratamenduetan itsasoaren propietate terapeutiko tradizionalak eta teknologia modernoenen aplikazioak (tenperatura, karga ionikoa, presioa, uretako mineralen presentzia, etc.) konbinatzen dituzte. Horrelako osaketetan ura sakonera handietatik ekarri (purutasuna bermatzeko) eta iturri termal gisa baliatzen da, 10ºC-tik 40ºC arteko tenperaturetan, kasuan kasuko tratamenduak agindutakoari egokituz. Tratamendu asko presio, burbuila edo ultrasoinuekin osatzen dira./imgs/20060401/informe01.jpg

Azterketa Sektorial eta Estrategiko (DBK) enpresaren txosten baten arabera, 2002 urtearen kondarrean Espainian zeuden 22 talasoterapia etxeek 8.979 hotel plaza zituzten; 24 osasun eta edertasun zentroek, berriz, 6.892 plaza, guztira. Horrelako establezimenduen ugaltze masiboa joan den mendeko azken hamarkadan gertatu zen: artean, zentro horietara bezeroen %80 gaitz kronikoak sendatzeko helburu terapeutiko bakarrarekin zihoan. Gaur egun, ordea, osasun turismoa aukeratzen dute gehientsuek estresari aurre egiteko, bizitasuna berreskuratzeko, itxura fisikoa hobetzeko eta balizko gaixotasunei aurre hartzeko xedez. Erabiltzaile etorri berri horien profila ere aldatu egin da azken hamarkada honetan eta, zahar eta gazte, adin guztietako jendea biltzen da talasoterapia etxeetara.

Itsas terapien erabilera arautuko duen Espainiako edo Europako legerik ezean, Itsasoa eta Osasuna Nazioarteko Federazioak talasoterapia honela definitu du: “Sendagilearen zaintzapean eta osatzeko edo prebenitzeko helburua hartuta, itsas ingurunearen onurak -itsasaldeko klima, itsasoko ura, itsas basa edo lohiak, algak eta itsas hondotik ekarritako beste hainbat substantzia- aldi berean baliatzea da.” Kontuan har dezagun, halaz ere, talasoterapia tratamenduen onurak bertan astebetea-edo eman ondoren baizik ez direla nabaritzen hasten eta onura horiek, gainera, ez direla zentroak eskaintzen dituen tratamendu hidroterapeutiko hutsen ondorio; aitzitik, ordea, horrelako etxeetara goazenean egiten dugun bestelako bizimoduak -azturez aldatzea, zuzen elikatzea, aterpe zabalean bizitzea, ariketa fisikoa egitea eta eguneroko kezketatik askatzea… dena batera- eragiten du erantzun mesedegarria.

Ura, klabea

Sektorea arautuko, lehia desleiala galaraziko eta erabiltzaileen aurkako gehiegikeriak eragotziko lituzken arautegirik Espainian ez izatea, batetik, eta erabiltzaileak bere eskubideen berri ez ezagutzea, bestetik, kontzeptu-nahasketaren eragile izan dira. Talasoterapia, balneoterapia edo termalismoa eta spa zentroak ez direla gauza bera jakin behar du erabiltzaileak, aurrenik. Klabea, terapietan baliatzen den ur mota da: itsas ura talasoterapia etxeetan, termala (mineral-medizinala) bainuetxeetan eta ur arrunta (kanilakoa, aditiboekin tratatua) spa zentroetan. Ziria -itsas gatza erantsia daukan kanilako ura, alegia- sar ez diezaguten, talasoterapia zentroak hiru baldintza hauek betetzen dituela bermatu behar zaigu: itsasoko ur gazia erabiltzea, itsas airea eta itsasaldeko klima izatea. Baldintzok beteko baditu, noski, zentroa itsasotik gertuko izango da, ura etengabe itsasotik ekarri behar du eta ur hori tratatzeko hainbat neurri higieniko hartu behar ditu, haren propietateak aldarazi gabe.

Hamaika onura

Talasoterapiaren lehengaia den itsas urak 35 gramo gatz dauzka, litroko. Hortik %75 sodio-kloruroa da eta gainerako %25, berriz, magnesio-kloruro eta sulfatoek eta sodio eta kaltzio-sulfatoek osatzen dute. Larruazal eta organismoan dituen efektu mesedegarriak, ordea, giza metabolismoaren funtzionamendu onak ezinbesteko dituen oxigeno, nitrogeno, iodo, fluor, kobre, burdina, zink eta beste hainbat elementuk (hirurogeita hamabosteraino!) eragiten dituzte. Itsasotik datozen substantzia horietako batzuk, era berean, biologiaren aldetik biziki onuragarriak dira, tumore, bakterio eta birusen kontrakoak izaki./imgs/20060401/img.informe.03.jpg

Itsas uraren osaketa odol plasmarenaren antzerakoa denez, organismoa mineralizatzeko botika ahaltsua gertatzen da. Elementu biziduna da, bere baitan plankton eta alga mikroskopiko ugari dauzkana: horiek aberasten dute itsas ura larruazalean eta junturetan eragin terapeutikoak dituzten hainbat propietate antibiotiko eta estimulagarriz.

Uraren aberastasun biologiko guztia aprobetxatzeko, talasoterapia etxeetan itsas ura berariazko prozesuen bidez depuratu eta esterilizatu egiten da. Horrelako zentroetan erabiltzen den ura itsas ertzetik mila metro baino urrutiagotik ekarri eta izpi ultramoreen bidez depuratzen da, egoera hobezinean eta inolako germenik gabe mantenduko dela bermatzeko.

Itsasoko uretan dautzan iodo, potasio, zink, sodio eta bestelako mineralak giza gorputzean larruazaletik barrena sartzen dira, osmosi bidez. Prozesu hori gertatzen da organismoa 35ºC eta 37ºC bitarteko tenperatura egokian dabilen ur gaziarekin kontaktuan dagoenean. Gorputzak substantzia horiek xurgatu eta organismoan bertan gaien berrikuntzari ekiten dio. Uraren presio hidrostatikoaren eraginez, gainera, uretan murgilduta dauden gorputz atalen konpresioa jazotzen da, odol zirkulazio osoaren eta bihotzaren mesedetan.

Lege-hutsunea

Talasoterapia arautzen duen organismo ofiziala daukan Europako herrialde bakarra Frantzia da, egun. “Mer et Santé” nazioarteko federazioak, “Qualicert” kalitate-ziurtapenarekin batera, osaketa termalen kalitatea bermatu eta erakunde bat talasoterapia etxe gisa definitzeko oinarrizko baldintzak zehaztuak ditu. Hona horietako batzuk: talasoterapia etxeek itsasaldeko klimadun tokietan kokatuak egotea, itsasoko ura erabiltzea eta itsasoaren onurak gizakiaren osasunean aprobetxatzeko beharrezkoak diren azpiegitura eta ekipamenduak edukitzea, zaintza medikoa bermatuko duen ekipo teknikoa izateaz gainera.

Espainian bi autonomi erkidegok -Murtzia eta Galizia- bakarrik dute talasoterapia kontuetako berariazko legeriarik.

Galiziako erkidegoan, Galizian turismoa sustatu eta ordenatzeari dagokion abuztuaren 21eko 9/1997 Legea bainuetxe, errehabilitazio, medikuntza prebentibo eta onbideratzeko zerbitzuak ematen dituzten enpresei aplikatzen zaie eta turismoari zuzenduriko instalazio osagarriak dauzkaten talasoterapia etxeak aipatzen dira bertan. Arauak bereziki dioenez, zerbitzuen kalitatea eta pertsonalaren gaitasun eta birziklatzea arreta osoz zainduko ditu Galiziako Administrazioak.

Galizia autonomi erkidegoko ur mineralen, termalen, iturrikoen eta bainuetxeen erregulazioaz diharduen ekainaren 7ko 5/1995 Legea, bere aldetik, ur mineral industrialei (hots, urak dauzkan substantzien zentzuzko aprobetxamendua bideratzen dutenei) aplikatzen zaie eta bertan aipatzen da itsas ura ere, besteak beste. Honen katalogazioa eta berrespena Industri Kontseilaritzaren eginkizunak dira.

Murtzian, berriz, bainuetxe, bainu termal, talasoterapia zentro, eta lohien aplikazioari dagokion uztailaren 11ko 55/1997 Dekretuak erregulatzen ditu alor horretako gorabeherak.

Patrika guztien araberako prezioak

Hidrojet, burbuila, beltxarga-lepo, jakuzi, korrontez kontrako igeriketa, pedilubio, terma erromatar eta relax zonaz horniturik, 33ºC-ko tenperatura dagoen itsas uretako igerilekuan itsas zirkuituan ordubetez gozatzea 12 – 15 euro inguru kostatzen da. Zirkuitu horretan Hamman (esentziez lurrinduriko lurrun bainua) sartzen bada prezioa 27 eurora doa. Saioa 72 euro kostatuko da tenperatura desberdinetako termen (caldarium + tepidarium + frigidarium) eta esentziez lurrinduriko itsas ura daukan baineran bainua hartzea gehituz gero.

Bestelako tratamenduetara jo ezkero (algoterapia, itsas lohitan biltzea, dutxa eskoziarra, presoterapia saioa, etc.) 20 eta 58 euro arteko gastua izango dugu. Zentro batzuetan saltzen dituzten abonuek (hamar saiotik hasita, ehunetaraino iristen direnak) saioko hiru eta sei euro artean aurreztea bideratzen diote erabiltzaileari. Talasoterapia zentroko bazkide izateko aukera ere eskaintzen zaio bezeroari, hilean 60 euro ordainduta bertako instalazioak mugarik gabe erabili ahal izango duelarik.

Zentro horietako gehientsuenak hiri handietatik urrutiko ostalaritza establezimenduetan daudenez, erabiltzaileak aukeratu duen tratamenduak iraun bitartean lojamendua ere barne hartzen duten osasun eta edertasun programa osatuak eskaintzen dituzte. Estresaren aurkako programa bat, adibidez, hiru gautako egonaldi eta guzti, 270 eta 350 euro artean kostatzen da. Kontua zelulitisaren aurka borrokatzea baldin bada, zazpi gau-egunetako tratamenduaren kostua 800 euroraino igo daiteke, hots, instalazio horietan erretzeari uztea (uzten saiatzea, gutxienez) kostatzen dena, gutxi gorabehera, sei eguneko osaketa batean, lojamendua barne.

Aplikatzeko teknikak

  • Hidromasajea. Itsas ura daukan bainera batean, presio jakin batez aire eta ur-txorroen eragin kontrolatua aplikatzen da. Muskuluen lasaitze eta zirkulazio arazoetan, eraginkortasun handikoa.
  • Igerilekua. 37ºC-tako tenperaturan dagoen itsas urez beteriko igerileku girotuan lasaitze saioak. Lasaitzeaz gainera, uzkurdurak arindu, kongestioa askatu eta sistema linfatikoa eta zirkulazioa suspertzen ditu.
  • Txorrodun igerilekua. 37ºC-tako tenperaturan dagoen itsas ur zorrotada masaje legez aplikatzen da zerbikaletan, besagainetan, bularrean, sabelean eta zangoetan. Zirkulazioaren suspergarri, lasaigarri, muskuluen uzkurdurak arintzen ditu, larruazala bizkortzen du, eta pazientearen funtzionaltasuna areagotzen du.
  • Jet dutxa. Lokomozio sisteman eta periferiako zirkulazioan eragiten den zorrotezko masajea, tonu orokorra areagotuz Zelulitisaren eta muskuluen uzkurduren tratamenduan eraginkortasun handikoa.
  • Vichy dutxa:Oinetatik hasi eta bururaino batera ura jaurtitzen duten hamaika dutxa. Uraren presio eta tenperaturaren arabera aldatzen da tratamendu honen helburua.
  • Urpeko dutxa. Pazientea baineran sartuta, espezialistak ur-zorrotada behar duten tokietara zuzentzen du.
Algekin tratamendua

Arazoak eta konponbideak

  • Larruazalaren gaitzak: psoriasia, ekzemak, aknea, dermatitisak, bitiligioa
  • Hezur eta junturetako gaitzak: lunbagoa, erreuma, osteoporosia
  • Zirkulazio arazoak: barizeak, edemak
  • Arnasketa aparatukopatologiak: asma prozesuak, faringitisak, sinusitis kronikoa eta alergikoa
  • Depresio edo estres egoerak
  • Ginekologiaren ikuspegitik, menopausia eta pubertaroko arazoak
  • Insomnioa
  • Nekea
  • Ebakuntza ostekoak
  • Ehunen biguntasuna eta zelulitisa
  • Argaltze osaketak

Kontraindikazioak

  • Gernu edota giltzurrunetako infekzioak
  • Alergia prozesuak
  • Hipotiroidismo arazoak
  • Bihotzeko afekzioak
  • Arnasketako afekzioak
  • Tuberkulosiak
  • Minbizi ebolutiboak
  • Haurdunak