Zerbitzu desberdinak, kostu diferenteak
Kexuak, ostera, ez dira amaitu. Espainiako Telekomunikazioetako eta Informazio Gizartearentzako Idazkaritzan 2005 urtean jasotako 12.000 erreklamazioetatik 1.000 baino gehiago telefono horietakoren bati zegokion.
Horrenbestez, lineak bereizteko hainbat datu ezagutu eta kontuan hartzea komeni da, ezusteko desatseginik ez hartzeko.
- Deiaren hasieran jakinarazi behar zaizkizu titularraren nortasuna, deitutako telefonoa, minutuko gehieneko prezioa (sare finko zein mugikorreko zergak barne) eta 18 urtez gorakoei zuzenduta dagoen.
- Informazio horrek gehienez ere 15 segundo iraungo du eta deia ezartzea bakarrik fakturatuko da. Lokuzioa amaitu denetik bost segundo pasa baino lehenago ez dute tarifa aplikatzen hasi behar.
- Tarifa gehigarriko telefono-zerbitzuei (803, 806, 807 eta 907) Jokabide Kodeak ezarritako gehieneko iraupena 30 minutu da. Haur eta gaztetxoei zuzendutako zerbitzuek 806 aurre-zenbakian ez dute zortzi minutu baino gehiago iraungo; aurre-zenbaki hori duten zozketa eta lehiaketek, berriz, bost minutu baino ez. Gehieneko tarte hori betetakoan, zerbitzua ematen duenak automatikoki eten beharko du komunikazioa.
Babesteko neurriak
- Edukia (gehien-gehienetan helduentzakoa) eta kostu handia direla medio, telefono (finko zein mugikorreko) zerbitzuko abonatuei 803, 806 eta 807 aurre-zenbakidun telefono-aukeretatik deskonektatzeko eskubidea aitortzen die arautegiak. Zerbitzu horietatik deskonektatzeko eskaerari, honakoa egin denetik hamar eguneko epean erantzuna eman behar dio operatzaileak.
- Internet bidezko tarifa gehigarriko zerbitzuak (907 aurre-zenbakidunetarakoak), besterik adierazi ezean, bezeroak erabilgarri ez dituenez, horretara iritsi ahal izateko berariaz eskatu beharko du; era berean, nahi duenean baja ematea eskatu ahal izango du, tarifa gehigarridun gaineko zerbitzuetarako dauden baldintza beretan.
803, 806 eta 807
- Dei hauen kostua erabiltzaileak ordaintzen du. Deia, minutuko, 3,45 euroraino kosta dakioke erabiltzaileari, mugikor batetik ari bada.
- Hiru aurre-zenbaki horien arteko aldea edukian datza. Esate baterako, 803 lineetan 18 urtez gorakoentzako zerbitzuak ematen dira: linea erotikoak, ezkutuko zientziak, harremanak, etc. Aisialdiko zerbitzuak 806 lineetan biltzen dira: jolas eta lehiaketak, zozketak, etc. 807 aurre-zenbakitik profesionalen zerbitzuak eskaintzen dira: lege-aholkularitza, abokatuak, psikologoak, sendagileak…
- Deiaren kostuan aurre-zenbakiaren ondotik datorren zenbakiak ere badu eraginik; hurrengoa 3, 4, 5 edo 6 nahiz 7 izan, tarifa desberdina da; esate baterako, 803 3? telefonora deitzea, minutuko, 0,70 euro kostatzen da; 803 7… batera eginez gero, 1,30 euro minutuko; areago, laugarren zenbaki hori 8 edo 9 baldin bada, kostua ikaragarri igoko da. Horregatik garrantzizkoena nora deitzen ari garen eta deia zenbat kostatuko zaigun jakitea da.
907
- Interneten aritzeko berariazkoa izaki, 907 aurre-zenbakian aisialdi eta denbora-pasako zerbitzu profesionalak eta helduentzako edukiak eskaintzen dira.
- Zenbaki horietara oinarrizko telefono-saretik bakarrik hel daiteke; ezinezkoa da banda zabaletik edo kabletik iristea.
- Aurre-zenbaki horretara markatzea operatzaileak erabiltezin daukanez, bertan sartzeko zerbitzuaren hornitzaileari eskatu behar zaio hori berariaz.
Fakturarekin komediatan
Iritsi zaizun fakturarekin ados ez bazaude (zerbitzu horiek erabili ez dituzula seguru dakizulako, adibidez), ordaintzeari uko egin diezaiokezu baina, hori bai, ez edonola: kontzeptuz kontzeptu zehazturiko faktura eska diezaiokezu telefonia konpainiari. Agiri horretan tarifa gehigarriko zerbitzuak eginiko deiak bereiz agertuko dira. Faktura oraino ordaintzeke baldin baduzu, telefono-zerbitzuari dagozkion atala soilik ordaintzea aukera dezakezu, ados ez zauden kontzeptuak ordaindu gabe utzita, bidezko salaketa zure etxetik gertueneko Arbitro-Batzordean edo Telekomunikazioetarako Estatu-Idazkaritzan aurkeztu ondoren. Era horretan, arazoa aztertzen ari diren bitartean zu telefono gabe uztea galarazten du Legeak.
Faktura ordaindua baldin baduzu eta dei horiek zuk egin ez dituzula egiaztatzen bada, tarifa gehigarridun zerbitzuengatiko kopurua itzul dakizun eskubidea duzu, baina ez telefono zerbitzuagatik ordaindutakoa berriro eskuratzeko.
- 900. Kobratze itzulia duen doaneko zerbitzu automatikoa. Erabiltzaileak dohainik egin ditzakeen dei bakarrak.
- 901. Tarifa partekatuko zerbitzua. Komunikazioaren kostua deia egin duenak eta jaso duenak partekatzen dute. Kokapen geografikoa zein dela ere, deia egin duen erabiltzaileari dei metropolitarraren kostua baizik ez zaio fakturatzen.
- 902. Zenbaki unibertsala. Deiaren kostu osoa egin duenari kobratzen zaio honelakoetan. Honen prezioa lurralde-arteko deiarena baino txikiagoa da, eta lokala baino garestiagoa.
- 904. Telefonia pertsonala. Horri esker, bere zenbaki pertsonalera zuzendutako deiak jaso ditzake bezeroak, estatuan zein nazioartean dagoen kontutan hartzeke (izan ere, dei egileak ez du zertan jakin horren berri). Horrenbestez, deia egiten duen pertsonak lurralde-tarifa ordainduko du eta hortik aurrerakoa bezeroari kargatuko zaio.
- 905. Inkesta eta dei masiboen tratamendu-linea. Linea honek, inkestak egiteko aurrez zehazturiko zenbakietara eginiko dei kopurua kontabilizatzeko aukera ematen du eta, era berean, zenbaki horietarako deien fluxua erregulatzeko mekanismoa martxan jar dezake, saturaziorik gerta ez dadin. Zerbitzu honetako aldaera batzuek bezeroari kopuru bat ordaintzen diote, jasotako dei bakoitzeko. Hemen ere, kostuak desberdinak dira, 905 horren ondotik 1 datorrenean edo 5 datorrenean.