Literatura eta pinturan zangalatrau, genero txikia behar omen du komikiak. Hori al du bere tokia?
Nork eta zein asmorekin kalifikatzen duen, kultural, artistiko edo literariotzat jo daitekeen adierazpidea da komikia. Altamirako kobazuloetatik gizakia marrazkiak baliatu izan da gauzak kontatzeko; egiptoarrek ikurrak mintzaira gisa erabili zuten eta ekialdetarrek alfabetotzat ideogramak dituzte. Istorioak narratzeko lanabes egokia da komikia, inolako zalantzarik gabe. Horrez gainera, argi asko geratu da genero hau hedabideentzat ere biziki eraginkorra dela. Egunkariak zuzentzen hasi berria den belaunaldiak komiki-mintzairan ikusten du bere burua eta albiste, ideia edo iritziak transmititzeko unean binetak duen ahalmenari garrantzizkoa deritzo. Horri esker, egunkari eta aldizkarietako orrietan toki zabala ematen zaie horrelako marrazkiei: zenbaitetan, sinadura ospetsuei eta, areago, editorialari eskaini ohi zaienarekin konparatzeko modukoa.
Halaz ere, jende askorentzat umeen hizkera da hori.
Haurrak tebeoa du berea, dudarik gabe, baina heldua ere liluratzen du mintzaira horrek; agian, lehen irakurketaz haratago, beste zerbait ere eskaintzeko gauza delako eta, azaletik bakarrik, inozoak diren asmoak ezkutatzen dituelako. Sakonean, geure haurtzarora itzultzen omen gara denok. Sentsaziorik lazgarrienek haurtzarora garamatzate ostera, hori ez dute zertan berretsi psikiatra burutsuek. Komikiak, beraz, haurtzaro horrekin konektatzen du, denok goxatzen gaituen lokarri afektiboaren bitartez.
Adierazpen populista edo lurpekotzat ere hartua izan da inoiz.
Binetak, gehienetan, umorearekin uztarturik datoz. Den-dena izan ote daiteke trufa egiteko kontua?
Broma egiteko gogoak eta pertsonaia edo erakunde batzuk janzteko nahiak elkarren proportziozkoak dira. Ezbehar pertsonaletara izan ezik (horrelakoek inongo graziarik ez baitute), gainerako guztira umorezko betaurrekoez begira daiteke. Betaurreko beltz edo garratzekin batzuetan, biktimaren ikuspegitik besteetan, parte hartuz… baina irribarrea eragin nahian. Har dezagun, adibidez, etxe barneko bortxakeria. Gizarte osoaren baitan eragina duen gaurkotasuneko gaia da eta, horrenbestez, ezin egon gaitezke isilik. Baina konplizitatezko irribarrearen peskizan goaz, zauririk eragin gabe, errespetuz, nolanahi ere. Zerbait esango dut marrazkilarien alde, hala ere: berak ederki konturatzen dira mugez, beraiek baitira muga horiek marrazten dituztenak.
Ba al da tabu gairik?
Gure lanbidean adierazpen askatasuna biziki presente dagoenez, ez da auzitan jartzen. Gure aldizkarian, inoiz edo behin, arreta deitu digute, Eliza Katoliko eta Espainiako Errege Etxearekin lotutako kasuren batean, bereziki, baina ez gara mututurik sentitu. Beste zeinahi sortzaile, artista edo komunikatzailek bezala, sinesten dugun hori egiten duguna, horixe egin behar delakoan.
Nola iritsi zarete 1.500. zenbakira, kalean hogeita hamar urte etengabe emanik?
Egia esateko, neronek ere ez dakit. Aldizkaria plazaratzen hasi zenean, bost urteko umea nintzen ni. Agian, galdera hori geure buruari egin ez diogulako segitzen dugu hemen. Jendeak independentetzat gauzka, badaki gure iritzia geurea dela eta kanpoko interesek ez gaituztela baldintzapean jartzen. Hedabide handietatik at mantentzen saiatu gara baina hori ozenegi ez dut esango, honelaxe iraun dezan. Eginarazi ditugun inkesta urrietan irakurle heterogeneoa hauteman dugu. Gure aldizkaria 50 urteko gizonezko ezkertiarrak, hogeita hamar urteko neoliberalak eta gazte inkonformistak erosten du. Errealitateaz barre egitean bat datoz denak, errealitate horrek graziarik batere ez badu ere. Horixe da gure misio bakarra: gizarteari pultsua hartu eta bere karikatura egitea.
Irakurleak komikia eskuetan hartzen duenean, zeri erreparatu behar dio, marrazkiei ala testuari?
Elkarren osagarriak dira biak. Irakurleak, bere sentsibilitateak eta gustuak agindurik, batari edo besteari aitortuko dio. Esate baterako, Mafaldaren kasuan mezua da azpimarragarriena eta Mortadelorenean, mozorroak. Argi dago, ordea, bi osagaiek kalitatedun izan behar dutela. Gidoi kaskarra duen marrazki onak ez du funtzionatzen eta txisterik hoberena, ongi ilustratu ezean, hondatu egiten da. Autoreak badaki hori eta, horregatik, askotan bikoteka dihardute profesionalek. Gidoilaria eta marrazkilaria bata bestearen inspirazio-iturri dira. Sinbiosi horretan irakurlea sarrarazten baldin badute, arrakastatsua izango da jarduera.
Nola lortzen da sinergia hori?
Gure kasuan, Manel Fontdevillarekin (gizakiaren jokabidea astero satirizatzen duten “Para ti, que eres joven” plantxen egile-kide) partekatzen dudan orria prestatzen ari garenean, elkarrekin erabakitzen dugu ideia (geroz eta gehiago kostatzen ari zaigu hori, gure sormena ez baita infinitua) eta ondoren bakoitzak bere tira egiten du. Beste estilo batzuetan -amerikarrean, adibidez- lana autonomi osoz egiten da: lehendabizi idazleak testua egin eta, ondoren, bera akaso ezagutzen ez duen marrazkilariak egiten ditu ilustrazioak. Marrazkilari gehientsuenei gustatzen zaiena istoriotxo bat kontatzea da, adierazpide artistiko baten aldeko militantziagatik baino areago, ezagun duten kodea -gurean, marrazkia- baliatzearren.
Ospe-mundura jaurti zintuen Tato pertsonaiak zenbat dauka Monteysetik?
Karrera, gurasoak eta neska-laguna asebetetzeko amaitu nuen eta, geroztik, gustukoa dudanean jardunez irabazi dut ogia. “El Jueves” aldizkarian ari naizela ilusio handiz ikusten dut baina, hastapenetan erredakziora iritsi, originalak mahai gainean utzi eta korrika nindoan ihes, “Mutiko ez azaldu berriro hona!” esaldi beldurgarria ez aditzearren. Tato horrekin zerikusi txikia dut; adina baino ez, agian. Baina autoreak dakienaz bakarrik jardun dezakeen ala ez eta antzeko eztabaida-gaiak gainditu dira. Jakina, horrela ez balitz, western bat bakeroek bakarrik egin lezakete eta zientzia-fikziorik ez legoke. Sen ona eta jakin-min dira irudimenaren inspirazio-iturri ahaltsuenak.
Metodorik ere izango da hor. Nola lortzen duzue astero-astero kapitulu solteak edo istorioak biltzea?
Gure aldizkariko pertsonaia bakoitzak bere lursail tematikoa du. Denon asmoa da batak bestea ez estaltzea, are ideia bera jorratzen dutenean ere. Asteazkenean zuzendaritza kontseilua bildu eta bertan erabakitzen da azalean zer aterako dugun. Kontsensurik ezean, zuzendariak -kasu honetan, neuk- bat aukeratuko du baina gainerako guztia, baita editoriala bera ere, elkarrekin erabakitzen dugu. Hortik aurrera, ohiko erredakzioetan bezala aritzen gara, orijinalak jaso, maketatu eta inprimatzera bidaliz baina gurean autore gehienak beren etxean dabiltza lanean.
Lan egiteko eran nolako eragina izan dute teknologia berriek?
Dena aldatu da, mesedetarako aldatu ere. Gure aldizkarian, euskarri behinena marrazkia izanik, hau da, berez informala den jendeak eginiko lana, istorio bat azken formatuan eta segundo gutxi batzuetan -posta elektronikoak behar duen tartetxo horretan- jaso ahal izatea sekulako aurrerapausoa izan da. Entrega eta posprodukzio-epeak laburtu dira, hots, horrek esan nahi du “El Jueves” gaurkotasunari hertsikiago lotua egon daitekeela.
Puristek salatzen dutenez, eskulangintzatik teknologietara igarotzean ukiturik galdu da?
Irudiak ordenagailuz koloreztatzen direla esan nahi baduzu, egia da: tintak lauagoak dira; baina marrazkiak eskuz egiten dira orain ere eta, gaur-gaurkoz, azken produktua iraganekoa bezain asegarria gertatzen da. Produkzioa, beste aldetik, ekologikoago bihurtu da: lehenago bezainbeste paper eta produktu kimiko ez darabilgu orain.
Super-heroi batzuk zinemaraino iritsi dira; areago, “El Jueves” aldizkariko Maqui Navaja pertsonaiak bere une loriatsua izan zuen telebistan. Geroaldia animazioan datza?
Pantaila handiraino iristen diren super-heroien kasua, historia bera hamaika modutan konta daitekeela frogatzen du; komikia inspirazio-iturri izango da etorkizunean ere, literatura edota errealitate gordin-gordina diren gisa berean. Animazioari dagokiola, ikusi batera irudi lezakeen baino lotura ahulagoa du gure lanbidearekin. Zineman bezala darabil denbora eta horretan, gainera, ez da marrazten, diseinatzen baizik: kontzeptuok desberdinak dira.
Hedabide digitalekin lehian jardunez gero, paperezko publikazioek panorama lauso samarra dutela esaten da, geroz eta maizago. Egokiera horretan Interneten edukiak eskaintzea mesedegarri izan ahal daiteke?
Halaxe gertatu da gure kasuan; kontua da Internetek dezente eboluzionatu behar duela oraino eta, egiari zor, ez dakigu zer gertatuko ote den. Oraingoz, behintzat, komiki-zaleari mundu zabaleko produkzioa hurreratzen dio eta era guztietako materialen bildumak osatzea gustukoa duten beste “xelebre” batzuekin kontaktuan jartzea errazten die. Guri, berriz, irakurlearekin biziki lotura oparoa sendotzea bideratzen digu. Hein batean, bederen, irudiaren lepotik bizi gara eta, dudarik gabe, web orri bat edukitzea balio erantsiaren pareko izan da guretzat. Mundu zabalean ezagut gaitzaten aukera paregabea ere izan da, noski.
Ulertzen al dute kanpokoek zuena? Tokian tokiko bereizgarriak ulertzeko modukoak ahal dira?
Guk ez dugu bestelako hizkuntzetan deus argitaratu baina, konkretua berdin-berdina ez bada, esentzia bai. Astèrixek kritika handia biltzen du eta hori dena galtzeak ez du komiki hori irakurtzeko interesa urritzen. Simpsondarrak gureaz oso bestelako kultura baten karikaturak diren arren, badirudi puska batean arrakastatsu izango direla. Lekuan lekuko bereizgarriak gorabehera, gaiak unibertsalak dira.