Gertakarien gaineko berriek albistegietan zuten espazioa hirukoiztu dute
CONSUMER EROSKI-k bost kate espainiar nazionaletan entzule gehien dituzten albiste-saioez gainera (TVE 1, TVE 2, Tele 5, Cuatro eta Antena 3), hainbat autonomiatakoak ere aztertu ditu: Katalunian (TV3), Madrilen (Tele Madrid), Galizian (TVG) , EAEn (ETB2) , Balearretan (IB3) , Gaztela-Mantxan (CMT) eta Valentzian (Canal 9) . Ikerlanean, 587 emisio-ordutan 684 albiste-saiotako 16.752 albisteren edukia bildu eta aztertu zen. Albistegietan nolako gaiak jorratzen ziren aztertu zen, funtsean, bestelako aldaki batzuk (hala nola albisteak lantzean hartzen den ikuspegia, lan egiteko era, emisioaren produkzio-mota, etc.) bazterrean utzirik.
“Teleberri” motako saioak: albistegi hutsak baino ikusgarriagoak ote?
Ondorioek, inor harritzen ez badute ere, hausnarketa sakona eginarazten digute: entzule gehien dauden orduetan gainerako telesaioek onartuak dituzten uztarpeetatik albiste-saioak askatzea komeniko al litzateke? Bestela esateko, albistegi horien arduradunak, egun gertatzen den bezala, fikzio-saioak, reality-show edo gainerako ihesbide-saioekin lehian, entzuleria handiena lortzeko borrokari adi-adi bizitzea ulertzeko modukoa al da? Galdera egitea bidezkoa ez ezik, beharrezkoa ere bada, errealitatea horixe baita, eta ez besterik: Espainiako telebista-kateetako albiste-saioek uko egin diote herritarren bizimoduarekin estuki lotutako gai gehienak -ingurugiroa, osasuna, zientzia, kontsumoa, are kultura bera ere (gai horiei guztiei eskainitako denbora albiste-saioek irauten dutenaren %15 da baino ez da)- jorratzeari, gertakari, istripu, ezbehar, kirol eta antzeko informazio ikusgarri eta erakargarriagoen mesedetan (hauek, noski, albistegien %40 hartzen dute). Eta, gainera, okerretik okerragora goaz: CONSUMER EROSKI-k 2002 urtean egin zuen honen antzeko txosten batean, kultura, kontsumo, ingurugiro, osasun eta zientziari eskainitako tarteek, guztira, albistegien %20 hartzen zuten eta gertakariek, berriz, %7 baino gutxiago; egun, aldiz, %18 hartzera iritsi dira.
Egun (albiste-saioak 2006ko urtarril eta otsailean grabatu dira) eta azterturiko hamahiru telebista-kateetako (bost nazional espainiar eta zortzi autonomiko) batez besteko datuez ari garela, kirol albisteei, gertakariei eta politikari dagozkien blokeek albistegi osoen ia %60 betetzen dute; ekonomiazkoek eta meteorologiari buruzkoek, berriz, %9na. Goian esan bezala, kulturari oraino ere garrantzi gutxi ematen zaio (albiste saioetako denboraren %9 gaur, %11 2002 urtean) baina osasunari (denbora osoaren %2,1), ingurugiroari (%2), kontsumo eta eguneroko bizitzari (%1,1) eta zientziari (%0,6 lotsagarria baino ez) eskaintzen zaienaren hutsaren hurrengo horien aldean, handiagoa da. Izaera sozial nabarmeneko albistegiez ari garela -haurren mundua, gizartetik baztertutakoak, elkartasuna, erlijioa, zaharrak, etc.-, berriz, denboraren %6 baizik ez zaiela ematen ikusiko dugu.
Albiste-saioen barnealdea ere publizitate-euskarri bihurtu da, behin betirako: kate gehienek albistegia eten egiten dute iragarkiei txanda emateko edo babesleei espaziorik uzteko. TVE 1 kanalean publizitateak albiste-saio osoaren %14 betetzen du, Tele 5-en %12 eta Antena 3-n, %11; halaz ere, beste kate nazional espainiar batzuetan (Cuatro eta TVE-ko La 2) edo autonomikoetan (Balear uharteetako IB3), iragarkiek denboraren %1 baizik ez dute hartzen.. ETB2 eta CTMA-ko albiste-saioetan albistegi osoaren %2 baizik ez du hartzen publizitateak. Informazio meteorologikoa ere albiste-saioaren partetzat hartu da azterketa honetan, zenbait kasutan berariazko saioa bada ere.
Nazionalak vs. autonomikoak
Albistegietako edukiari dagokionez, kate nazionalak eta autonomikoen arteko aldeak ez dira biziki handiak baina bada bakarren bat, nabarmen samarra. Autonomikoetako albistegietan ugarien jorratzen den gaia (denbora osoaren %21, batez beste) kirola da (Tele Madrid da kirol albisteei tarte zabalena eskaintzen dien katea: denboraren %30, kasik); toki berdina betetzen du politikak (denbora osoaren %24, batez beste) nazionaletan (Cuatro da politikari arreta handiena ematen diona: %35; kezka gutxien agertzen duena, berriz, TVE-ko La 2: %15 baizik ez). Nazionaletan, gertakarien gaineko albisteak (denbora osoaren %21,5, batez beste) autonomikoetan (%16) baino maizago ematen dira; kirol alorrekoak, gutxixeago. Autonomikoetako albistegiak (55 minutu, batez beste), oro har, luzeagoak dira nazionaletakoak baino (42 minutu). Albiste saioen batez besteko iraupena 50 minutu bada ere, alderdi honetan ere alde gaitzak ikusten dira: Gaztela-Mantxakoek ia ordubete eta laurden irauten dute eta TVE-ko La 2-ekoek, ordu erdi eskasa.
Dena dela, multzoka hartuta, kate nazionalak eta autonomikoak oso-oso desberdinak ez badira ere,
Albiste-saioetako oligopolioa: futbola, politika eta gertakariak
Kirola (eta kirola baino areago, futbola), politika eta gertakariek, batez beste, albistegietako denboraren %58 betetzen dute. Kate batzuetan (TV 3, IB 3, CMT eta TVE 2) horren presentzia %50 baino urriagoa da baina beste zenbaitetan (Cuatro, Tele Madrid eta TVE 1, esate baterako) hiru gai-multzo horien iraupenak albistegi osoaren %65 hartzen du.
Espainiako telebista kateetako albistegien artean nolabaiteko homogeneotasuna hautematen bada ere, horietako batzuek berezko nortasuna erakusten dute. Esaterako, La 2-koa kirol gutxien ematen duena da (bere denboraren %5 baizik ez dio uzten) baina, aldi berean, gaurkotasun kulturalari arreta gehien ematen diona (denboraren %17 betetzen du), ETB 2 eta TV 3-koek berariazko arreta ematen diete albiste meteorologikoei eta eguraldiaren iragarpenari eta Gaztela-Mantxako telebistakoek kulturari garrantzi handia aitortzen diote.
Lau urte honetan kulturak postu bat behera egin du (hirugarrenetik laugarrenera), albistegiek jorratzen dituzten gaien zerrendan, gertakarien presentzia hazkorraren mesedetan (hauen agerpena hirukoiztu egin da, kasik). Tele Madrid, TVG eta Tele 5 kateek beren albiste-saioetako denboraren %6 baino gutxiago uzten diete eduki kulturalei baina gainerako kanalek ere (La 2, CMT eta Canal 9-k izan ezik) ez dute kultura gailurrean jarri beren albistegietan.
Nabarmentzekoa, era berean, Antena 3, TVE 1, ETB 2 eta Canal Sur kateek albiste ekonomikoei ematen dieten denbora urria (%6 baino gutxiago); beste hainbat katek, ordea, honelako berriak dezente jorratzen dituzte (IB3-ek %16 eta TVG-k %15).
Ingurugiro, segurtasun, kontsumo eta osasunari buruzko albisteek, berriz, ez dute oraino albistegietako zuzendarien interesik piztu. Kate nazionalak eta autonomiak bat datoz izaera zientifikoko albisteen aurrean agertzen duten ezaxola kezkagarrian (albiste-saioetan zientziak denboraren %0,6 baizik ez du); beste horrenbeste gertatzen da kontsumitzaileari berariaz dagokion informazioarekin (kontsumo eta eguneroko bizitzaren gaineko albisteek denbora osoaren %1 lortu dute). Ingurugiroari ere ez zaio behar bezalako arreta ematen azterturiko kateetako bakar batean ere (denboraren %2, batez beste).
Beste gai batez ari garela, hamar albistetik lauk jatorria erakunde publikoetan dute; %30en euskarria kaleko gertakariak dira eta alderdi politikoek eta enpresek kazetariei albiste guztien %9 inguru ematen diete. Kateka, berriz, zatiketa nabaria da: guztietatik zortzi erakunde publikoetatik bidalitako informazioaz elikatzen dira (telebista autonomiko denetan, Canal Sur-en izan ezik) eta gainerako bostek (nazional guztiek, Cuatro izan ezik) kaleko gertakarietan sorburua duten albisteak ematen dituzte, batez ere.
Egunero ikusten ditugun albistegiak, hitz gutxitan
- Politika, gai behinena. Azterturiko kanaletan albistegietako denboraren %20 hartzen du, kirolarekin batera aitzindari izaki. Politika, dena den, zerbait beheraxeago joan da: duela lau urte albistegietako denboraren %22,1 hartzen zuen.
- Kirola finkatu da. Gertakariek, ikusgarriki igota, kate nazionaletako albiste-saioetan hirugarren postura bidali dute kirola baina, hori bai, arreta bizia ematen zaio: denboraren %17. Telebista autonomikoetako albistegietan, berriz, hori baino gehiago ere: %21.
- La 2-ko albistegiak, bitxienak. Gertakariak + kultura + Politika + Meteorologia, ardatz nagusia. Horiez gainera, zientziari denbora gehien (%3,5) eskaintzen diena eta kirolari denbora gutxien uzten diona da (%5).
- Gertakarien eutsi ezineko egarria: kate nazionalek istripu eta ezbeharrei 2002 urtean baino hiru aldiz denbora gehiago ematen diete: %7tik %21eraino igaro da. Atal horri albistegien %20 baino espazio handiagoa eskaintzen diete kate nazional guztiek, Cuatro izan ezik (%16). Kate autonomikoek zeharo bestelako jokabidea agertu dute (TV3-k gertakariei %7 ematen die, Canal 9-k %25) gai horiei denbora osoaren %16 eskaintzen diete, batez beste.
- Eguraldiari arreta zabalagoa. Albiste meteorologikoak eta eguraldiaren iragarpena geroz eta arreta biziagoa eskuratzen ari dira: 2000 urtean albistegietako denboraren %6,7 hartzen zutelarik, egun %8,3 dute. ETB2-ko albistegian nabarmentzeko modukoak dira atal honetan, eguraldiak denboraren %14 hartzen baitu.
- Ekonomia. Mantendu egiten da, 2002an bezala, albiste-saioetako denboraren %8 inguru betetzen duelarik; dena den, ekonomia eta finantza gaiei kanal autonomikoek emaniko arreta (%9,3) nazionaletan ematen zaiena (%6,2) baino handiagoa da. Azpimarratzekoak, noski, IB3-ko albiste-saioak (albiste ekonomikoek denboraren %16 betetzen dute) eta TVG-koak (%15).
- Gaurkotasun kulturalak interesik ez? Askorik ez, nonbait. Nazionaletan, laugarren tokian agertzen da; autonomikoetan, bosgarrenean (denboraren %9 inguru). La 2-ko albiste-saioak bere denboraren %17 albiste kulturaletan ematen du; Tele 5 kateak bere denboraren %6 baizik ez; gainerako nazionalak, batez bestekotik gertu (%9).
- Albiste-saioetan zientziak garrantzi gutxi. TVE-ko La 2-entzat bakarrik omen dago zerbait (denboraren %3,5). Gainerako hamabi kanaletan, berriz, %1 baino ere gutxiago.
- Kontsumoa eta eguneroko bizitza. Kate nazional espainiarrek beren albistegietako denboraren %1,4 baizik ez diote ematen kontsumoari eta eguneroko bizitzako gai praktikoei buruzko berariazko informazioari. Horretan nabarmentzen den bakarra, Antena 3 (%2,4). Okerrenak, TVE-ko biak. Autonomikoen batez bestekoa %1 soilean geratu da. Egoera, hala ere, okerrera doa oraino: kontuan izan 2002 urtean kontsumoari denboraren ia %2 ematen zitzaiola.
Hamahiru albiste-saioak, katez kate
Taula gustiak
Albiste-saioak eta kateak, hamar pausotan
- Albiste-saioetan kirol gehien duten kateak: Tele Madrid (%30) eta Canal Sur (%27). Gutxien duena: TVE-2 (%5).
- Nazioarteko informazioari denbora gehien ematen diona: TVE-2 (%55). Gutxien ematen diotenak, Canal 9 (%11) eta CMT (%13).
- Katerik “politikoena”: Cuatro (izaera politikoko albisteei denboraren %35 ematen die; beste muturrean, CMT (%9,5).
- Gertakarien tentazioan maizen jausten direnak: TVE-1 (%26) eta Canal 9 (%25). Gutxien erortzen dena, TV3 (%7).
- Ingurugiroaz gehien arduratzen dena: CMT (%5); interes gutxien agertzen dutenak: Antena 3 eta Tele 5 (biek ere, %0,5 baino gutxiago).
- Albiste kultural gehien ematen dituena: TVE-2 (%17). Gutxien ematen duena: Tele Madrid (%5)
- Kontsumo eta eguneroko bizitzari buruzko albisteak maizen jorratzen dituena: Antena 3 eta ETB2 (biak ere, albistegiko iraupenaren %2,5). Beste muturrean: Tele 5 (%1,4), IB3 (%1) eta Cuatro (%1,1) bazterturik, gainerako guztiak.
- Albisteen jatorriari dagokionez, kate guztietan ofizialena: TV 3 (albisteen %55,5 erakunde publikoetatik datoz). Beste muturrean, TVE-2 (albisteen %24 baino ez).
- Albiste-saio bakoitzean albiste desberdin gehien ematen dituena: CMT (34 albiste, batez beste). Gutxien ematen dituena, TVE-2 (16 berri baizik ez).
- Kate “ekonomikoena”: IB3 (albiste-saioetako denboraren %16 eskaintzen die ekonomia eta finantzei buruzko albisteei. Beste muturrean, Antena 3, ETB2, Canal Sur eta TVE-1.