Ezinbestekoak al dira erraustegiak?
Etxeko zaborren edo hiri hondakin solidoen (HHS) tratamendu eta suntsiketa dugu aspaldi honetan ingurugiro alorreko arazorik eztabaidatuenetako bat. Kontu jakina da, adibidez, hirian biztanle bakoitzak egunean kilo bat zabor sortzen duela eta, gainera, kopuru hori etengabe goraka doala: azken hamar urte honetan, europar herrialdeetako hondakinen bolumena, biztanleko, %60 baino gehiago igo da.
Duela urte gutxi arte zaborren arazoari konponbidea emateko funtsezko prozedura zabortegietan pilatzea zen baina hiri handiek nozitzen duten espazio-premia latzak eta zaborrek sortarazten duten kutsadura larriak alternatibak bilatzea bultzatu zuten. Horrela bada, Europan onartuen dagoen tratamendu-sistema hondakinak erraustea da, baina Espainia da Europar Batasunean erraustegi gutxien daukaten estatuetako bat: hamabi erraustegi bakarrik daude martxan, denak ere udal titularitatekoak, eta horrelako berriak eraikitzeko proiektuak bi baizik ez dira; egiari zor, argi dezagun zementu-fabrika zenbaitek hondakinak -are toxikoak eta arriskutsuak- erretzeko baimena eskuan daukatela edo eskatu dutela.
Aldeko eta aurkako argudioak
Erraustegiak hiri hondakin solidoak tratatu eta murrizten dituzten lantegiak dira; zabor horiek erraustean, errekuntzan sortutako energia saltzen denez diru-bide da hondakinak erraustea. Horrelako industriak ezartzeak, jakina, ingurugiroarentzat eta osasunarentzat arriskutsu jotzen dituztenen kritika latzak eragin ditu.
Erraustegien aurkakoek, normala den bezala, aldekoen argudioak errefusatu egiten dituzte. Aprobetxatzeko modukoak liratekeen baliabideak suntsitu egiten dituztela eta teknologia garbien garapena eragozten duen sistema garestia dela diote, kutsadura handi-handia eragitea eta zaborren bereizketa-programen garapenaren aurkakoa izatea egozten diote. Hona erraustegiei kontrakoek leporatzen dieten beste arazo bat ekonomikoa da: industria horiek martxan jartzeko sekulako milioi piloak inbertitu behar direnez, behin ere baino beharrezkoagoa da behar bezain egokiro eta eraginkorki kudeatzen ari diren jakitea. Bestetik, bidezko analisi eta kontrol-neurriak hartzen ari diren egiazta dadin eskatzen dute.
Batzuen eta besteen planteamenduen arteko aldeak bereizketa sozial bihurtu dira, ondorioz: alde batetik, zaborren pilaketa den arazoa konpon dezan eskatzen dio herritarrak udalari baina, bestetik, arazoari konponbidea eman liezaiokeen erraustegia bere etxetik gertu instalatzea inondik ere ez luke onartuko.
Badira, egon, hondakinak tratatzeko bestelako metodoak ere, ingurugiroari erraustegiak baino kalte gutxiago egingo lioketenak eta, gainera, bideragarriago izango liratekeenak, erraustegien aurkakoen aburuz. Konpost egitea, adibidez: hondakinen osagai organikoen deskonposatze-prozesu kontrolatu eta azeleratuari esker, hondar organiko, mikroorganismo, oxigeno eta urak osatutako konpost izeneko produktua lortzen da: lurra ongarritu, azienda elikatu, errepideak egin, erregaiak ekoitzi eta beste hainbat erabileratan balia daiteke. Konposta eragozpenik gabe erabili ahal izateko, materia organikoa substantzia toxikoekin kutsaturik ez egotea ezinbestekoa da: maiz gertatzen denez, gehiegizko metal toxikoen pilaketak erabilera biologikoetarako egokia ez den konposta erdiestea bideratzen du, metal horiek desagerraraztea biziki zail eta garestia izan liteke eta.
Biometanizazioa: metano gasa emango duen materia organikoaren hartzidura-tratamendua da. Esan gabe doa, gas horren errekuntzak energia sortzen du. Prozesu hori, hiri-hondakin solidoei ez ezik, araztegietako lohiei ere aplikatzen zaie. Biometanizazioaren aurkakoek ingurunean sekulako kirats nardagarriak hedatzea, lur-azalera handiegia hartzea eta erraustegiak baino ikuspen-inpaktu larriagoa eragitea (eta, horren guztiaren ondorio gisa, biometanizazioa egiten den ingurune horietan bizitegirik ezin osatzea) leporatzen diote.
Arau proposamenak. Espainian, ingurugiro alorreko arautegi kontuetan proiekturik aurreratuenek iradokitzen dutenez, materia organikoa birziklatu eta aprobetxatzeari esker, hondakinen %50 – %60 inguru suntsi liteke. Zabortegietako pilaketa oraingo muntaren %10eraino urrituko litzateke eta gainerakoa (guztiaren %30 – %40) erraustegietara lihoake. Bestetik, hondakinen pilaketari buruzko 1999ko arteztarau europarrak xedatua duenez, hondakinen suntsiketa errazteko edo laguntzeko tratamenduak, zeinahi dela ere, ingurugiroaren aurrean errespetua agertu behar du eta birziklapenaren mesedetan aplikatu beharra dago. egin behar da. Birziklatze hori, dena den, areagotuz doan arren, hutsaren hurrena baizik ez da oraino (Espainian hiri-hondakin solidoen %11 baino ez da birziklatzen). Bestetik, berme osoko instalazioetan hondakinak pilatuz, era egokian eta kontrolpean kudeatuko direla dio arteztarauak. Oraindik orain, Europar Batzordeak Hondakinen Prebentzio eta Birziklapenerako Estrategia Tematikoa eta natur baliabideen Estrategia Tematikoa onetsi zituen, Hondakinei buruzko Arteztarau Nagusia emendatzeko proposamenarekin batera. Estrategia horiek birziklatzeari eta errausteari garrantzi berbera aitortzen dietenez, praktikan horrek errausketa sustatzea esan nahi duela salatu dute Ekologistak Martxan eta antzeko elkarte eta erakundeek.