Egongelako nagusia
Merkatuak hamaika motatako besaulkiak eskaintzen ditu eta fabrikatzaileek, horren jakitun, arrazoi estetiko hutsak gidari bakarra izaki, “begitik sartzen zaigun” lehen altzaria ez erostea aholkatzen dute. Gehien gustatzen zaizkigun artean hautapena egin behar dugula diote; horien artetik, gorputzari hobekien egokitzen zaizkionak eta luze irauteko moduko egitura aukeratu ahal izango ditugu. Horrelako eserlekuak erosteko orduan erabatekoak diren ergonomia, erosotasun eta erresistentzia printzipioak aintzat izaki, azken hautapena egiteko lagungarri gerta daitezkeen jarraibide batzuk emango ditugu.
- BETEGARRIA: Eserleku eta bizkarraldeak, gogor ala bigun? Besaulkiaren erosotasuna, hein handi batean, eserleku eta bizkarraldearen gogortasunean eta betegarrian datza. Besaulkia gogorregi edo bigunegia bada baztertu egin behar da, eserleku erosoa ez delako eta, areago, gutxiago iraungo duelako, seguruenik. Besaulkia hainbat materialez bete daiteke, horra:
- Luma. Hauxe da gairik egokiena, eroso-erosoa delako, batik bat. Lumak antzararenak, ahatearenak edo bienak (nahasiak) izan daitezken arren, bizkarraldean ahatearenak edo antzararenak ezartzea komeni da, biziki malguak direlako horiek. Lumadun besaulkiak garestiago dira, jakina.
- Aparra. Betegarri arrunten eta merkeena. Honelako besaulkien kalitatea dentsitateak adierazten du: eserleku bakoitzak 30 kilo inguru izan behar ditu gutxienez; bizkarraldeak, berriz, 20 kilo.
- Goma-aparra. Gai honen oztopo nagusia zurruntasuna den arren, udan darion berotasuna ere kontuan hartzekoa da.
- EGITURA ETA ERRESISTENTZIA: Besaulki onak egitura sendoa dauka. Horrelakorik daukan egiaztatzeko modurik egokiena, alderdi batetik altxatzea da: karga handia badu, egur betez eginikoa delako izango da.
- Hankak. Torlojoz finkaturiko hankek egituran txertatuak daudenek baino arazo gehiago ematen dituzte, hauek bezain seguruak ez baitira. Ikuspegi estetikotik, ordea, egokiagoak dira, apainketa berritzean hanka horiek aldatu egin daitezkeelako (egurrezkoen ordez metalikoak, adibidez).
- Uhalak. Eserleku azpian dauden uhalek erresistentzia handikoak izan behar dute, besaulkia erosoagoa gerta dadin.
- Armazoia. Honelakoetan gehien baliatzen diren gaiak egurra eta metala direlarik, bietatik erresistentzia handienekoa metala da. Horregatik da bietan garestiena.
- Ehuna. Besaulkia janzten duen oihala aukeratzean, transpiratzeko gaitasuna lehenetsi behar da, altzariak erresistentzia handiagoa izan dezan. Betegarri asko ipini bada, besaulkiaren (eta kuxinen) transpirazioa eskasagoa izango da.
- BESAULKI ERGONOMIKOAK: Estetikak estetika, ergonomia aintzat hartzen duen besaulkiak bizkarra, aldakak eta besoak behar bezala jartzea ahalbidetzen du:
- Bizkarra. Besaulkiak gogorra behar du izan, baina bizkarralde bigunekoa. Bizkarraldeak giltzurrunak babestu behar ditu, gorputza beherantz labaindu edo eror ez dadin.
- Aldakak. Eserita dagoen pertsonaren aldakak ez du belaunak baino beherago egon behar, luzarora postura hori deserosoa izango delako; areago, gerrialdean ere molestiak ager dakizkioke.
- Besoak. Besoak bere euskarrian utzi behar dira eta pieza horrek ukalondoaren parean (ez beherago) egon behar du. Aspaldi honetan komertzializatzen diren “beso-euskarri desmuntagarriek” besoa hainbat altueratan uzteko aukera ematen dute.
- Tamaina. Besaulkia etxean ipiniko den tokiko neurri zehatzak dendara eramatea aholkatzen dute adituek. Baliteke, adibidez, jasotako espazio horretan besaulkia luzeran sartzea bai baina zabaleran eskas egokitzea. Neurriak zehazkiago kalkulatzeko periodiko papera ebaki eta, lurrean ezarrita, besaulkiak zenbat okupatuko duen ikus dezakegu, ekarri aurretik.
Lagunentzako aukera ohikoena: ohe-besaulkia
- Besaulki luzagarria. Eserlekua eta bizkarraldea pieza bakar eta bera izatea abantaila da, ohea moldatzean horizontalki luzatzen delako pieza hori. Espazio txikietan biziki baliagarriak dira honelakoak.
- Eskusoinu-besaulkia. Besaulkiko kuxinen atzetik ezkutatzen da ohea. Horiek kendu, bizkarraldea jaitsi eta orduan zabaltzen da ohantzea. Aurreko modeloak baino espazio zabalagoa eskatzen du honek.
- Habia-besaulkia. Abantaila nagusia: ohea, eginik, gorde daiteke, besaulkiaren estruktura azpian ezkutatzen delako; eragozpena: espazioak zabalagoa behar du izan, besaulkiaren tamainaren araberakoa.
Nola garbitu
Besaulkia garbitzeko era, altzaria egin eta tapizatzean baliatu diren gaiek determinatuko dute. Garrantzi handikoa da, beraz, erosketa egiterakoan, bezeroak altzaria nolako materialez egina dagoen galdetzea. Badira, nolanahi ere, kasu denetan aplikatzeko moduko aholkuak, hala nola hautsa xurgagailuaren bidez kentzea, aldian behin kuxinak astintzea (desitxura ez daitezen) eta zorro edo azalak garbigailuan ikuztea. Larru, belus edo bestelako gai berezietan orbanik agertuko balitz, besaulkia garbitzeko hurrengo aholkuak betetzea mereziko luke:
- Larruzko besaulkiak. Larrua berariaz mantentzeko produktuak bakar-bakarrik balia daitezke. Ez du balio oinetako betunak, ez trementina esentziak, ez esku-kremak ere.
- Lehen proba. Hobe da produktua besaulkiaren azalera txiki-txiki batean aplikatu eta begiratu nolako erreakzioa gertatzen den. Orbana desagertutakoan (ehuna aldarazi gabe), besaulki osoan erabiltzen has gaitezke.
- Gantza. Hasteko, koilaratxo batekin kentzen saiatu behar dugu; ondoren, (ehunaren araberako) berariazko garbigarria aplikatzea komeni da, ertzetatik erdialderantz igurtziz, orbana ez zabaltzeko.
- Likidoak. Eserlekuan erori dena zukua, kafea edo antzekorik bada, paper xukatzailea ezarri behar da bertan, igurtzi gabe; ondoren, uretan bustitako belaki batekin garbituko dugu.
Azken ohar gisa: fabrikatzaileek ez dute aholkatzen besaulkiak etengabe garbitzea; urtean bizpahirutan ikuztea aski da. Zaindu, berriz, egunero zaindu beharra dago, eguzki printzetatik eta hezetasunetik urrunduz.