Widget-ak

Zerbitzu anitzeko "idazmahaiak"

Widget horiek funtzio baliagarri eta dibertigarriak -iragarpen meteorologikoa ematetik ordenadoreko bozgorailukoak maneiatzeraino- eskaintzen dituzten programa ñimiñoak dira
1 apirila de 2006
Img internet

Zerbitzu anitzeko "idazmahaiak"

Ohar txiki bat hartu edo telefono zenbaki bat begi bistan edukitzeko baliatzen ditugun hozkailuko ateari itsatsitako imandun pieza horien antzekoak dira widget-ak. Aplikazio informatiko txiki hauek, hamaika funtzio betetzeko gauza diren Photoshop, MS Office, iTunes eta antzeko programetatik urruti dabiltza. Widget bakoitzak bere lana (soil-soila, eskuarki) egiten du, era soil eta eraginkorrean: batek bozgorailuen bolumena altxa edo jaisten du, besteak hiruko erregelak kalkulatzen ditu, hark ordua erakutsiko du hamaika motatako erlojuetan, horrek ohartxo bat idazteko leiho luzanga agertuko dizu, edo bilaketak egingo ditu -Googlen, hiztegietan, etc.- nabigatzailean sartu beharrik izateke.

Prestazioen katalogoan iragarpen meteorologikoak, ia web guztietako eguneko albisteak, erabiltzaileak disko gogorrean gorderik dauzkan argazki digitalak… denetik agertzen da. Areago, behar bezalako widget-a erabiliz, internauten argazki-albumen biltoki den Flick (www.flickr.com), eta antzeko web orrietatik datozen irudiak pantailan agertuko dira.

Widget-dun programak sistema operatibo ohikoenetan (Windows, Mac OS X eta Linux) daude baliagarri, era guztietako funtzioak betetzen dituzte eta denak Internetetik erraz, azkar eta, ia denak, doan deskargatu eta ordenagailuan instala ditzakegu. Horietako batzuk idazmahaian iraunkor agertzen dira eta beste batzuk, berriz, tekla jakin bat sakatzean bakarrik azaltzen dira pantailan. Saguarekin eta teklatuarekin eroso asko maneia daitezke programa horiek, beste programen antzera.

Yahoo! Widget-ak erabiltzaileen eskura

Widget-en barneko erreferentzia nagusietako bat Konfabulator hitzarekin lotzen da: internautari, Windows zein Mac OS X sistemetarako garatzen ziren widget-ak deskargatzeko aukera eskaintzen zion ordaindu beharreko aplikazioetako bat izen horrexekin identifikatzen zen. Prezioak prezio (ia 20 euro) zerbitzua biziki arrakastatsua gertatu zen, programen zerrenda luzeagatik eta erakutsitako sormenagatik: gogora ditzagun, besteak beste, orrazetako erlojua, zerbitzu meteorologikoa, telefono mugikorretako bateriaren neurgailuak, era guztietako ordenagailuetan prozesagailuaren jarduera neurtzeko CPU aparatua, etab.

Yahoo! Bilatzaileak zerbitzua hartu eta, erabat doan eskaintzea ez ezik, Konfabulator haren parte bat zabalik uztea ere erabaki zuen, erabiltzailek bertan sartu eta widget berriak sortu ahal izan zitzaten. Konfabulator orrian -egun, Yahoo! Widgets (http://widgets.yahoo.com/)- internautek eginiko programa berriak dautza eta, era horretan, erabiltzaileei beren ordenagailuetan deskargatzeko aukera ematen zaienez, mini-programa horien kopurua eta funtzioen aniztasuna izugarri ugaldu da: bolumen-modulatzaileak, iTunes audio-erreproduktorea ireki beharrik izan gabe maneiatzeko kontrolak, Interneteko irrati asko eta askorekin konektatzeko aplikazioak, azalera handietan produktuak bilatzeko leihoak… hamaika adibide ditugu. /imgs/20060401/img.internet.01.jpg

Dashboard: Macintosh-ekin aritzeko berariaz

Konfabulator zerbitzua, bai Windows sistema operatiboarekin bai Mac OS X izenekoarekin funtzionatzen duten ordenadoreetan deskarga daitekeelarik, Dashbord widget-en gestorea Macintosh ordenagailuetan bakarrik aritzeko diseinatua dago eta bere aplikazio ñimiñoak horrelako ordenadoreetan baizik ezin dezakete funtzionatu. Beste aldetik, ordea, ez da deus instalatu behar: Mac Os X-en azken bertsioan (“Tigre” izenekoan) programa eta guzti dator osaturik.

Zerbitzu honek aukera asko eskaintzen ditu: espainierazko hiztegia (R.A.E.), hainbat hizkuntzatako itzultzaileak, eguraldi eta gaurkotasunezko albisteen informazioa, kalkulagailua, unitate eta txanponen bihurgailuak (benetako denboran eguneratuak), besteak beste. Areago, Dashboard izeneko horrek badu aplikazio bat hegazkinak aireportuetara zein ordutan iristen diren, puntual edo atzerapenez, unean-unean jakiteko; horri esker, erabiltzaileak irteera egokitzeko aukera izaten du.

Google Desktop-en alboko barra

Google bilatzaileak garatzen dituen aplikazio eta zerbitzu guztien ezaugarri nagusiak soiltasuna eta praktikotasuna dira. Orain dela urte batzuk enpresa horrek Interneten Google Desktop programa ipini zuen: ordenagailura deskargatzen zelarik, erabiltzaileak nahi zuena disko gogorreko programa eta artxiboen artean bila zezan balio zuen Google Desktop hark. Hura ez zen doi-doi widget bat, ez zen Konfabulator eta Dashboard bezain polit eta dibertigarria, noski, baina arras baliagarri gertatzen zen.

Aresti Google Desktop osatu da hainbat widget-ekin; hauetako bat, nabarmena, gainerako kudeatzaileetan topa daitezkeen zerbitzu berberak ematen dituen alboko barra da. Dena den, erabiltzaileak nahi erara pantailan barrena sakabanaturiko programa-mordoska gisa agertu ordez, Google Desktop-en alboko barra ezin mugi daiteke monitorearen eskuineko albotik: bertan azaltzen da, goitik beheraino, bere zerbitzu guztiaren eskaintza.

Hona Google Desktop-en alboko barraren beste bereizgarrietako bat: badirudi horren funtzioen eginkizuna, ordenagailuaren funtzio zenbaiten maneiatzea soiltzea baino areago, Interneten alferrikako bilaketak aurreztea dela. Alboko barrak postontzian sartu diren azken mezuen berri ematen du, ordua eta guzti jakinaraziz. Albisteak ere bertan agertzen dira eta, gainera, Google-ko mapa-zerbitzuan sartzeko eta Google Talk aldibereko mezularitza zerbitzuko kontaktuak ikusteko aukera ematen du.

Pinguino-sisteman ere, egokia
  • Lizentzia aske eta doanekoa duten Linux sistemaz hornituriko ordenagailuak ere, internauta batzuek sortu eta beren web orrietan metatu dituzten widget interesgarriekin apain daitezke. Aplikazio horien itxura eta funtzioak Mac OS X-en Dashboard-en antzekoak badira ere, diru-bideetatik kanpo dabiltzan erabiltzaileek garatu dituzte, konpainia komertzial guztietatik at.
  • Linux-entzako widget multzo nagusia Superkaramba (http://netdragon.sourceforge.net/ssuperkaramba.html), gestorean biltzen da: honek, sistema operatibo honen erabiltzaile guztien eskura nabigatzailearen barra pertsonalizatzeko, ordenagailuan musika, argazki edota pelikulen erreprodukzioa kontrolatzeko edo Interneten zeinahi bilaketa egiteko hainbat programa jarri ditu. Superkaramba-ren widget-ak ez dabiltza ez Windows-en, ezta Mac OS X-n baina, diotenez, aurki Dashboard-eko widget-ak baliatzeko gauza izango omen da Superkaramba.