Sinusitisa

Sudur drainatzean zailtasunak

1 apirila de 2005
Img salud listado 343

Sudur drainatzean zailtasunak

/imgs/20050401/img.salud.01.jpg
Sinusitisa, jende askorentzat, min eta molestia ugariren pareko da. Sudur hobien inguruko sinu edo barrunbeen hanpadura hori osasun arazo garrantzitsua da, arnasketako goi bideetako -eragin gehien nozitzen duen partea sudurra edo eztarria delarik- zoldura kasuen %3 %5etan agertzen omen delako.

Zertan den sinusitisa

Sudur sinuen hanpadura da, eskuarki, zoldura edo alergien eraginez sortzen dena. Sinu paranasalak aurpegiko hezurretan dautza, sudur sinuen inguruan, eta hauekin komunikatzen dira sudur meato izeneko txulotxoen bidez. Meato horiei esker, barrualdea egurastu eta bertan kanpoaldeko presio atmosferikoaren parekoa manten daiteke. Barrunbe horiek, barrualdetik, arnasbideetakoa bezalako mukosaz estalita daude eta erratz gisa diharduten bertako iletxoen bitartez, mukosako garbiketa eta sinuen drainatzea gauzatzen da. Sudur barrunbeekin komunikatzen duten txulotxoak -meatoak- ixtearren edo iledun zelulek ongi ez funtzionatzearen ondorioz garbitze lan hori ongi egiten ez bada, bertan metaturiko mukia infekta daiteke edo, era berean, aldameneko zoldura sinu barrualdera heda daiteke sinusitisa sortaraziz.

/imgs/20050401/img.salud.02.jpg
/imgs/20050401/img.salud.03.jpg

Sinusitisak eragina sinu bat edo gehiagotan izan dezakeen arren, haur jaio berriek garatua daukaten sinu bakarrean -etmoidalean- nozitzen dute gaitza; hiruzpalau urtetik aurrerako umeek, berriz, maxilarrean. Ohikoena sinu bakarra infektatzea den arren, polisinusitisa (sinu bat baino gehiago eraginik) eta pansinusitisa (sinu guztiak) ere gertatu izaten dira.

Sinusitis akutua eta kronikoa

Sinusitis akutuaren ezaugarriak mina eta sudur buxadura dira, mukosa edo zorne sekrezio (rinorrea) eta guzti. Minsorra nozitzen da, maiz ziztadak ere, eta burua inklinatzean, eztul egitean eta sinuan presioa eragitean areagotu egiten da mina. Segun eta zen sinu den, mina ere aldatu egiten da tokiz. Horiez gainera, usnatzeko ahalmena alteratu egiten da eta sudur ahotsez (rinolalia) mintzatzen da pazientea. Egonezin orokorra, sukarra, nekea eta sinua estaltzen duten ehun bigunen hanpadura ere nozitzen da. Sinusitisak agerpen batzuk bereizgarri ditu, hala nola sinusitis frontalak eragiten duen buruko mina goizean hasi eta, egunean zehar, arindu egiten da. Hortzetan jatorria daukan sinusitis maxilarrak rinorrea kirasduna ateratzen du. Etmoidalean, begiak mugitzean mina areagotu egiten da. Sinusitis esfenoidalean -bakana da hau- mina alde okzipitalean, burezur bertizean edo, areago, lepoan hautematen da.

Sinua ongi drainatzen eta egurasten ez denean, mukia barruan metatu, infektatu eta likitsago bihurtzen denez, zelulen jarduera ziliarra geldotu eta meatoak itxi egiten dira. Era horretan, zoldura finkatu egiten da eta egun batzuetan sendatzera ohi doan sinusitis akutua sinusitis kroniko bihur daiteke, hots, sei hilabetean hiru episodiotik gora edo urtean lau baino gehiago agertzen dituena. Sinusitis kronikoa da gaitz horren aldaera konplexu eta desatseginena. Periodo akutuetan eta tarteko faseetan gorpuzten da hainbat sintomaz: zefalea, sudur buxadura, muki jario kirasduna, usaimenaren trastornoak eta, inoiz, epistaxisa (odol jarioa). Rinitis alergikoa edo rinitis basomotorea nozitzen duten pazienteetan sinusitis akutuak kroniko bihurtzeko joera agertzen dute.

Diagnostiko eta tratamendua

Sinusitisaren diagnostikoa hainbat euskarritan oinarritzen da: historia klinikoan, pazienteak agertzen dituen sintometan, miaketa fisikoan (rinoskopia) eta azterketa radiologikoan (radiografia konbentzionalak eta T.A.C.).

Gaixotasuna diagnostikaturik, bete beharreko tratamenduaren funtsa sinuaren drainatzea erraztean eta zoldura eta hanpadura ezabatzean datza. Sinuaren drainatzea hobetzeko basokonstriktore motako deskongestionagarriak baliatzen badira ere, gogoan eduki behar dugu botika horiek gehienez ere bost egunez jarraian aplika daitezkeela, errebote efektua eta alboko ondorio kaltegarriak izan ditzaketelako. Horrelakoak baliatzea polemika iturri da, sudurretako odol hodien pareten kontrakzioak (basoespasmoak) ez ezik, inguruko arterietan -burezurrekoetan, hain zuzen- ere eragina izan dezaketelako. Horregatik erabili behar dira, behar izatekotan, tamainaz, neurriz. Kongestioaren sintomak arintzeko botika horietara jotzeko premia baldin badago, fase akutuko lehen egunetan bakar bakarrik baliatuko dira, inola ere ez ohituraz.

Neurri egokienak erraz har daitezke: giroa hezetzea, gatz soluzio fisiologiko batekin sudur ikuzketak egitea, lurrunak hartzea eta aerosolterapia. Honelako aparatuak garestiak ez izateaz gainera, eroso gertatzen dira, etxean eduki daitezkeelako eta, horri esker, suero fisiologikoan disolbaturiko botika eragileak har daitezke: mukolitikoak, hanpaduraren aurkakoak, antibiotikoak, deskongestionagarriak, eukalipto esentziak, etc. Egunean, 15 – 20 minutuko aerosolterapia saio bat edo pare bat aski izaten da sinusitis asko sendatzeko. Eukaliptoari dagokionez, 14 urtetik beherako umeei ez zaie lurrunetan harrarazi behar, glotisaren espasmoa proboka dezake eta. Horrelako aparatua ez da zertan erosi sinusitis akutua sendatzeko baina gaitz kronikoa nozitzen dutenek kontuan hartu beharko lukete aukera hori. Sendagilea da, nolanahi ere, tratamendu egokiena aginduko duena.

Inoiz edo behin kirurgiara jo behar izan da, meatoak zabalduz, sinuen drainatzea hobetzeko. Sudur trenkada desitxuratua, kornete hipertrofia edota sinusitisa agertu eta irautea erraztu edo lagun dezakeen bestelako prozesu lokalik nozitzen duenak ere ate hori zabalik utzi behar dute.

Faktore potentzialak

Txulotxoak ixtearren gertatzen diren zoldurak ez ezik, beste hainbat faktorek ere eragina izan dezakete sinusitisa, hala nola:

  • Faktore lokalak: sudur polipoak, sudur trenkada desitxuratuta edukitzea, alergia edo zolduren ondorioz, korneten hipertrofia edota sudur mukosaren loditzeak ere sinuak drainatzea galarazi egiten dute.
  • Faktore anbientalak: hotzak, lehortasunak eta atmosferako kutsadurak zilio izeneko zelulen jarduera moteldu eta sinuen drainatzea mantsotu egiten dute.
  • Faktore orokorrak: estresa, nekea, diabetesa, hormonen alterazioak eta organismoaren defentsak ahultzen dituzten bestelako gorabeherek sinusitisa agertzea errazten dute.

Bereziki aipatzekoak dira sudur sinuak infektatu eta azkenean sinusitisa proboka dezaketen bakterio eta birusak. Horietako lehenean, ohikoenak streptococcus neumoniae, hemophilus influenzae eta moraxella catarralis izeneko germenak dira negualdian arnasketa bideetako infekzioen eragileak. Birusetan, berriz, nabarmentzekoak dira rinobirusak, adenobirusak eta influenzae eta parainfluenzae gaitzetako birusak, arnasketa prozesu akutuetan ere ohiko eragile.