Eragozpenik gabeko etxebizitza
Etxebizitzaren kalitatea, berez, bizi mailaren adierazle erabatekoa bada ere pertsonak adinean aurrera egin ahala horren garrantzia areagotu egiten da, bertako biztanleen gaitasun fisiko eta psikologikoek behera egitean. Espainian 65 urtetik gorako pertsonak ia zortzi milioi dira; horietatik bi milioik nola edo halako ezgaitasunik agertzen badute ere, horien %96’9k etxean segitzea nahiago dute. Baina etxebizitza asko ez daude horrelako pertsonak bertan bizitzeko egoera egokian (igogailua dela, kalefakzioa dela…). Onena izango litzateke etxebizitzek oztoporik ez balute zailtasunik gabe sartu eta ateratzeko, mugitu eta jarduteko. IMSERSO erakundeak 2004 urtean pertsona zaharren bizi-baldintzei buruz eginiko inkestak agertu duenez, zaharren %82,5 beren jabetzako etxebizitzan bizi dira. Ekipamendu gabezia larrienak dituzten pertsonak bakarrik bizi direnak dira: horien %13’5ek ez du telefonorik, %44k kalefakziorik (indibidual nahiz kolektiboa) ez daukala dio eta %70’5ek ez du igogailurik. Hona, dena den, datu larriena: etxebizitzaraino iristeko zahar horien %26k hiru solairu igo behar ditu.
Etxebizitzen egokitzeari dagokionez, kontuan hartu beharreko arautegiak bat baino gehiago dira: batetik, Jabetza Horizontalaren 8/1995 Legea, apirilaren 6koa; honek bere azken bertsioan xedatuak ditu etxeetako atarien eta elementu komunetan obrak eta egokipen lanak egin ahal izateko etxejabeek hartu beharreko erabaki eta neurriek beteko dituzten baldintzak. Bestetik, maiatzaren 30eko 15/1995 Legeak, pertsona ezinduek topa ditzaketen oztopoak suntsitzeko higiezinen jabetza-mugak zehazten ditu.
Alor ekonomikoan, etxebizitza egokitzeko edo bertatik oztopoak suntsitzeko dirulaguntza edo kredituak emateko aukerak arautzen dira. Interesatuak, era berean, PFEZen bitartez zerga-kenkarien onuradun izan daitezke, ezintasunik duten pertsonentzat ohiko etxebizitza egokitzeko obrak egitearren. Kenkari horiek ohiko etxebizitzan, eraikineko elementu komunetan (eskailera, atari, igogailuetan) obrak eta instalazioak egiteari eta, sentimenen bidezko komunikazio-oztopoak suntsitzeko eta segurtasuna areagotzeko balio duten dispositibo elektronikoak instalatzearren aplikatuko dira.
Aldaketa orokorrak
Argindar eta argien instalazioa:
- Hariek ez dute pasabideetan egon behar.
- Pizkailuak, ugari, toki estrategikoetan kokatuko dira:
- Eskaileraren hasiera eta amaieran.
- Oheburuan.
- Korridoreen hasiera eta amaieran.
- Hobe pizgailu konmutatuak jartzea, argia hainbat tokitatik piztu eta itzaltzeko aukera ematen dutenak. Hobe, iluntasunean ikusgarri egiteko, fosforeszenteak izan edo argitxo bat badaukate. Zorutik 90 – 100 cm-tara instalatu behar dira.
- Entxufe ugari jarri behar dira, luzagarriak baliatu behar ez izateko. Pizkailuen altuera berean edo, gutxienez, zorutik 40 cm-tara kokatu behar dira.
- Argi-iturriek orientatzeko modukoak izan behar dute (aurrez aurre edukitzearen ondorioz ez itsutzeko) eta intentsitatez erregulagarriak, argitasuna unean uneko premietara egokitzeko.
Zoruak:
- Lauak izango dira, koskarik gabeak (batzuetan, terraza eta balkoirako sarbideek badituzte horrelakoak), ez labainkorrak.
- Hobe alfonbrarik ez jartzea.
- Eskailera-mailarik baldin bada, seinaleztatuak egongo dira eta beraiek gainditzeko elementuak izango dituzte.
- Pertsona zaharra aulki gurpildunean ez dabilenean, zorurik hoberena ile motzeko moketa da: frogatua dagoen bezala, horrelakoetan femur muturreko haustura gutxiago gertatzen dira.
- Egurrezko zoruak, ez labaintzeko moduko argizariekin tratatzen direnean seguruago gertatzen dira.
Altzariak:
- Pasabidea eragozten duten altzari edota bestelako objektuak albo batean jarri behar dira.
- Hari elektrikoak, jostailuak eta gainerako objektuak kendu behar dira pasabideetatik.
- Ahal den heinean, altzarien ertzek borobilduak izan behar dute.
- Aulki gurpilduna erabiltzea beharrezkoa denean, etxebizitza osoan ibili ahal izango dela aurreikusi behar da.
- Pertsianak altxa eta jaisteko mekanismo elektrikoak eroso eta seguruagoak dira.
- Ateek zabalak izan behar dute, 80 zentimetrokoak gutxienez.
Egokipena, gelaz gela
Bainua:
- Zoru plastiko ez labaingarriak dira egokienak.
- Baineran edo dutxan ez labaintzeko ezinbestekoa da berariazko alfonbratxoak ipintzea.
- Dutxa-platererako irispideak ahalik eta koska txikiena izan behar du. Dutxa bainera baino egokiagoa da.
- Heltzeko barren koloreak hormarenaz zeharo bestelakoa izan behar du. Barrak plastikozkoak izango dira, metalezkoak bezain labaingarriak ez direlako. Aukeratu arreta handiz non kokatuko diren eta erantsi hormari seguru izan daitezen moduz.
- Ur-bide bikoitzeko iturri aginte bakarrekoa, palankaduna ahal bada, maneiagarriagoa izango du pertsona zaharrak.
- Komuneko konketak behar bezain altu eduki behar du eserlekua: zorutik 45 – 50 zentimetrotara, gutxienez.
- Komuneko ateak kanporantz ireki behar dira, larrialdirik gertatzekotan erraz desinstala daitezen.
Egongela:
- Sofa baino egokiagoa da besaulkia
- Eserlekuak behar bezain altua behar du izan (45 zentimetro), bizkarralde zuzenekoa eta, zutitzea errazteko, besoez hornitua. Bizkarralde inklinagarria eta oinak jartzeko tokia baldin badauka erosoago izango da.
- Telebistak bere teleagintea eduki behar du. Ikusleak entzumenean arazorik daukanean, hari gabeko aurikularrak lagungarriak izango ditu, soinu bolumena altuegi ipini gabe aparatua entzuteko.
Logela:
- Ahal den neurrian, ez ipini ohea hormari itsatsita.
- Ez da komeni ohea leihoari begira orientatzea, goizeko argitasunak pertsona itsu egin dezake eta.
- Ohearen gutxieneko altuera egokia 45 zentimetro da. Altuera hori egokitzeko, hankak aldatu edo luzagarriak erants dakizkioke oheari.
- Argi pizkailua, telefonoa eta alarma eskura-eskura eduki behar ditu pertsonak. Mesanotxeko lanparak ahalik eta finkoen egon behar du (egokiena, paretari itsastea).
- Oheko alfonbratxoa zinta itsaskorraz lurrari atxikita egon behar du baina neurri eraginkorrena alfonbrarik ez jartzea da.
- Mugitzeko arazo larriak dituzten pertsonei ipini airezko koltxoia edo koltxonetaren tankerakoak (tamaina handi edo txikikoak): horrek bizkarreko eta gainerako gorputz ataletako mina arintzen laguntzeaz gainera, etzanik luzaro egotearren min eta azaleko zauriak larritzea galaraziko du. Kuxinaren tamainako koltxonetak ere erabil daitezke besaulkian zein aulki gurpildunean.
- Erabili larruazala babesteko arkume larruak: horrelakoei esker, hainbat arrazoi direla medio (hezur irtenak, posturak, etab.) gorputzeko hainbat ataletan zauriak edota mina sor ditzaketen ondorioak arindu egin daitezke. Arkume larruak aulki gurpildunean, besaulkian eta beste hainbatetan ere ipin daiteke.
- Pertsonak, mugitzeko ezintasun edo mendekotasun handia nozitzearren, oheko egonaldiak paseotxoekin edo eseraldiekin tartekatzerik ez duenean, ohe artikulatuari esker ezindutako pertsona inoiz mugitu ahal eta posturaz aldatu ahal izango da, etzanetik hasi eserita egon arte.
Sukaldea:
- Harraskak ez du sakon-sakon izan behar; iturri palankadunari esker pertsonak ez du eskuturra bihurritzen ibili beharko eta, bere hoditik ateratzeko dutxa modukoa baldin badauka, eltzea harraskan ipini gabe bete egin dezake.
- Apalen altuera egokia, zorutik 40 zentimetrotik metro eta erdirainoko bitartekoa da. Gehien erabiltzen diren ontzi eta tresnak eskura utzi behar dira.
- Erabili plastikozko edalontzi, plater, adur-zapi eta lana erraztuko duten gainerako gauza guztiak. Kirten zabal eta handiko sardexka, koilara eta labanak maneiagarriago gertatzen dira baina ez erabili honelako tresna plastikozkorik, erraz puskatzen direnez, arriskutsu gertatzen direlako. Saiatu, ahal den neurrian, sukaldean erabili beharreko ontzi eta tresnen (katilu, plater, eltze…) materialak erraz hausteko modukoak izan ez daitezen.
- Sukaldeko arrisku nagusietako bat bero-iturriek eragiten dituzten erredurak dira.
- Mikrouhin labean era askotako jakiak eta infusioak presta daitezke. Egun ia-ia ezinbesteko lanabes bihurtu da.
- Gurpildun mahaitxo batean plater beroak eta astunak arriskurik gabe eraman daitezke etxe barruan, toki batetik bestera.
- Erabili eserleku egonkorrak.
- Jarri zoru ez labaingarria.
Etxebizitza egokitzeko klabeak
- Konponbide soilak, lehentasunezkoak. Logelara joateko eskailera igotzeko pertsonak arazoak baldin baditu, igogailua edo antzeko sistema garesti bat instalatu ordez, agian hobe izango da bere logela behe solairuan jartzea.
- Sentimenduak ere, gogoan hartzekoak. Aldaketak batzuk, erabat zentzuzkoak badirudite ere, agian ez dira onak interesatuarentzat; hobe da horrelakorik ez hertsatzea. Etxe bateko altzariak zaharkitu edo aldrebesa iruditzen bazaizkigu ere, traste edo apaingarriren bat karga sentimental handikoa izan daiteke bertan bizi den pertsona horrentzat, oroimen eta bizipenak horiekin identifikatzen dituelako.
- Erreformak, pixkanaka, egokiera azaldu ahala. Logela pintatu behar duzunean, aprobetxa ezazu entxufeak instalatu eta pizkailuak aldatzeko. Bainuan erreformarik egiten duzunean, jarri ez labaintzeko moduko zorua, bertan dagoen baineraren ordez ipini dutxa, etc.
- Ez jo beti-beti profesionalengana: obra txiki batzuk guk geuk, senide edo ezagunen batek egin ditzake. Esku-baranda instalatzea, bainerako heldu-barrak atxikitzea edo alfonbrak zoruari itsastea lan soilak dira, espezialista ez denak ere egiteko modukoak.
- Azalpenak ematea. Adineko pertsonari denaren gaineko azalpenak eta justifikazioak eman behar zaizkio eta, horiek entzunik, berak emango du baimena. Ez ahaztu hark bere etxea duela.
- Eskuratu lanabes baliagarriak. Denda espezializatuetan hamaika tresna erabilgarri topatuko dituzu. Kontuan izan ohe artikulatuak, ibiltzeko tresnak eta antzekoak alogeran ere har daitezkeela.
- Badira telefono bereziak ikusmenean zailtasun arin eta larriak dituzten pertsonentzat (tekletan zenbaki handiak dauzkatenak) eta ongi aditzen ez dutenentzat ere (soinu bolumena erregulatzeko mekanismoa daukatenak).
- Etxe bazter batetik bestera patrikan eraman daitezken telefono hari gabeei esker, deia entzuten duen bakoitzean adineko pertsonak ez du korrika abiarazteko premiarik sentituko eta, hortaz, erorikoen arriskua urrundu egingo da. Horrez gainera, (zorabio, eroriko edo bestelakoen ondorioz) pertsona jausita ere, lurretik dei egin dezake, aparatua eskura dauka eta.
- Oso komenigarria da zaharrak telefonoaren funtzio erabilgarriak ikastea, hala nola ohiko zenbakiak, buruan gorde behar izan gabe, memorietako tekla bakar bat sakatuta markatzea, telefonoa eskuetan hartu gabe hitz egin ahal izateko “esku aske” sistema, etc.
- Etxean terminal bat baino gehiago instalatuz gero, eragozpenak nozitzen dituen pertsonak ez du toki batetik bestera ibili beharko, deia entzunikoan.