Segurtasun gabezia oraindik ere kezkagarria den arren, egoera hobetu egin da
Gure hirietako haurrentzako jolastokiak eta olgeta-areak eguneroko topaleku bilakatu dira; bertan haurrak ikusgarriro gozatzen dute, hainbat trebeziaz jabetzen dira eta, gaitasun asko eskuratzen dituzten arren, zeinahi hiritarrek ikus dezaken bezala, haurrentzako jolastokiren kontserbazio eta mantenu egoera dezente hobetu beharra dago. Pintadak, hondakinak eta erauzitako, erretako edo hautsitako elementuak ohiko bihurtu dira haurrentzako jolastoki zenbaitetan; horrek, noski, erabilera hori erakargarri bihurtu ordez, balizko erabiltzailea uxatzea lortzen du. Dena den, garbitasunaren eta itxuraren gainetik, atseden zona horiek txikiei eskaintzen dieten segurantziara zuzendu beharko lirateke gurasoen kezkak. Beldurra sentitzeko arrazoiak bidezkoak direla diote estatistika datuek: Espainian urtebetetik lau urte bitarteko haurrek izaniko istripuen %13 eta 5 eta 14 urte bitartekoen %9 aisialdi eta jolastokietan gertatzen dira, Herri Defendatzailearen Bulegoaren arabera.
Gure seme-alabak jostatzera doazen erabilera publikoko haurren jolastokietako segurtasuna aztertzeko xedez, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, haurrentzako 130 jolastokitan dauden 520 jolas aparatu aztertu dituzte Madril, Bartzelona, Valentzia, Málaga, Murtzia, Bilbo, A Coruña, Iruñea, Gasteiz, Almería, Donostia, Cádiz eta Alacanten. Guztira, 151 oszilagarri, 114 zabu, jolas anitzeko 112 estruktura, 78 txirrista eta 65 kulunkaren segurantzia balioztatu zuten teknikari horiek. Haurrentzako zona horien erdiak hiriguneetan daude eta beste erdiak periferian edo hirigunetik urrutiko auzategietan. Hiriei banan-banan dagokien soilean baino adierazgarriago orokorrean gertatzen dira datuak. Kontua ez da, beraz, hiri bakoitzeko parkeen egoera zehatz-mehatz kalifikatzea, Espainiako toki horien egoeraren erradiografia antzeko zerbait egitea baizik.
Oraingo egoera, aldizkari honek duela bost urte (ikus CONSUMER EROSKI aldizkariaren 31 zk, 2000ko martxokoa) eginiko azterketaren aldean dezente hobetu den arren, ez da inondik ere egokiena: instalatuak dauden aparatuen %19k erabiltzaileen -ume txikien- segurantzia arriskutan jartzen duten akats larriak dauzkate eta ikuskaturiko hiru parketik batean aparaturen batek akats larriak zituen. Segurtasun arazo gehien agertzen dituzten aparatuak (hots, gerturatu aurretik, bai gurasoek bai haurrek arreta handienaz begiratu beharrekoak) jolas anitzeko estrukturak dira (horietako hirutik batean segurantzi akats larriak hauteman ziren) eta zabuetan (akatsak, hauen %27tan).
Azterlan honetan akats larritzat jo dira ezbeharrik sortaraz dezaketen atal hautsiak, aparatuen egonkortasuna murrizten duten atal askeak, finkatze-sistema desegokiak, torlojo irtenegiak, babesik gabeko altuera handiegiak, lurzoru gogorregiak, elementu arriskutsuak (beirak, botilak, lata irekiak, etc) inguruetan agertzea, egur printzatuak, instalazioen akatsak, segurtasun espaziorik ez izatea, moteltze-sistema eskasak edo sistemarik eza, gorputzeko atalen bat harrapa dezaketen elementuak, etc.
Haurren burua edo lepoa harrapatzeko arriskurik ez sortzeko moduan osaturik agertu behar dute ekipoek. Horrelakoak harrapatzeko arrisku nabarmena aparatu guztien %6tan bakarrik atzeman zen.
Arrazoiak era askotakoak ziren: gora egiteko soketako korapilo-zulo irekiegiak (haur baten burua erraz sartzeko modukoak), haurren jantzia edo ilea harrapa dezaketen “V” erako irekidurak, irekidura handiegiak dituzten azalerak, zabuetako kate zabalegiak (umeen hatzak harrapa ditzaketenak) etc. Atal honetako aparaturik txarrenak jolas anitzeko estrukturak dira: horien %11tan CONSUMER EROSKI-ko teknikariek gabeziak atzeman zituzten.
Adituen iritziz, aparatu batek akats larriak ditu, era berean, ezbehar arriskurik agertzen ez badu ere, bere mantenu edo kontserbazio eskasa dela medio, haurrak elementu hori baliatzeko gogorik sentitzen ez duenean.
Akats arintzat hartu dira jolastokien eta aparatuen kalitatea murrizten dutenak eta horien funtzionaltasunean eta garbitasunean eragiten dutenak, segurantzian ondoriorik ez badute ere.
Aparatu batzuek, funtzionatu ere ez
Azterturiko berrogeita hamar aparatutik bat ez zebilen edo ezin zen erabili. Denetan okerrenak zabuak eta erabilera anitzeko estrukturak izan ziren, jartzeko eserlekurik ez edukitzearren, euste-kateak hautsirik egotearren, egiturak mengelak izatearren eta eskailera eta arrapalak endekatuak agertzearren, besteak beste. Mantenu alorreko akatsak dituzten aparatuak (azterturiko guztien ia herena), bostetik batek pintura falta zuen, guztien %7k atal herdoilduak agertzen zituen, %6k atal aske edo hautsirik zeukan, %4k parteren bat printzaturik zuen eta lau aparatutik bat graffiti edo pintadaz apaindua zegoen. Endekapen horren errudun nagusietako bat bandalismoa da, dudarik gabe, baina ez gaitezen engaina: aparatu batzuk zaharkituak daude eta beste askoren egoera txarra mantenu eskasaren eta aldian aldiko ikuskapenik ez egitearen ondorio da.
Ainguratze eta torlojoak
Aparatuak zoruari eusteko ainguratzeei dagokiela, azterturiko aparatu guztiak ongi helduta daude: horien estrukturak egonkorrak dira, ez dute oszilazio arriskutsurik eragiten, baina ekipoen %17tan oinarriaren parte bat irtena zegoen, lurpean behar zuen arren. Horrek, erorikoa gertatuz gero, arriskua sortzen du. Alderdi honetan, aparatu kaskarrenak oszilagarriak eta txirristak dira: aurrekoen %25etan eta bigarrengoen %23tan aparatuaren oinarria irtena zegoen.
Nolanahi ere, hamar ekipotik zortzi baino gehiagok beren oinarria ongi bildua daukate, zoruan sartuta edo hondar zein legarrez egokiro estalita.
Hiru aparatutik bitan, berriz, atalak elkartzeko torlojoak ez daude agerian, plastiko injektatuzko tapoiekin estalita baizik; aparatuen %3an, aldiz, torlojo horiek arriskutsu gertatzen dira, handiegiak izatearren (arauak adierazitako 8 mm-tik gorakoak, biribildu edota babestu gabeak). Horrelako arriskuak txirrista eta zabuetan hauteman ziren, bereziki (elementu horien %6k torlojoak irtenegiak dauzkate). Hiru aparatutik batek torlojo motz edo biribilduak dauzkate, haur txikien arriskua arinduz.
Aparatuen altuera eta kontserbazioa
Segurantziari eta aparatu zein zonen kalitateari dagokienez, haurrentzako jolastokiek nolakoak izan behar duten xedatzen duen araurik ez dago Espainian. Horregatik, aparatuen egoera eta ezaugarriak ebaluatzeko irizpideak finkatzeko unean, CONSUMER EROSKI indarrean dagoen arautegi komunitarioan (UNE-EN 1176 eta 1177) eta gaietan aditu direnen aholkuetan oinarritu da. Jolas-aparatuetan atzemaniko gabezia asko eta askoren erreferentzia araudi horiexek dira.
Datuak ikusirik, aparatuen kontserbazio egoera maizegi ez da egokia: kulunken %6k ez daukate heldulekurik (beste horrenbeste gertatzen zaie oszilagarrien %3ri) eta %30ek ez dute oinak ipintzeko tokirik edo, bestela, daukatenak egoera txarrean daude (aparatu oszilagarrietan, %14). Zabuei dagokiela, umeak, zabuka ibiltzean, metalezko eraztunak uki ez ditzaten, kateak plastikozko forruekin estalita eduki beharko lituzkete baina zabu guztien %16 bakarrik daude horrela. Hamarretik bik kateak hautsiak edo herdoilduta zeuzkaten eta %13k ez zituzten eserlekuak egoera onean: batzuek atalak hautsita (inoiz, zakurren hozkadaz) zituztenez ezin ziren erabili eta beste batzuek ez zeukaten eserlekurik. Lau zabutako bakar batek zeuzkan kaiola motako eserlekuak, txikienetan txikienen premietara egokituak, alegia.
Txirristen egoera ez da hobea: metrotik gorakoen %32k ez dauzkate esku-barandak, umeari igotzen laguntzeko; %3tan eskailera mailak higatuei edo hautsita daude; %14tan jaisteko arrapala ez dago egoera egokian (atal batzuk arrailduta edo higatuegi daude, pinturarik gabe, zulatuta …); %6ren egiturek arriskutsuak izan daitezkeen elementuak dauzkate: ertz biziak, arrapalako ertzak biribildu edo leundu gabeak, etc.).
Jolas anitzeko estrukturetan ere atzeman ziren gabeziak: horien %18tan ez zegoen esku-barandarik eskaileretan edo estrukturako pasabideetan. Horiek ez ezik, ekipoen %27tan pasabideko baranda barra huts bat zen, erorikoak saihesteko moduko babesik gabe. Horrelako estrukturen %5etan, berriz, behaztopa sortaraz dezaketen elementu irten arriskutsuak, ertz zorrotzak, egurrak egoera txarrean eta printzatuak eta bestelako akatsak ere hauteman ziren.
Zabuak, dilin-dalan, 60 graduko inklinazioa hartzen duenean, lurretiko altuera gehienez ere bi metro izan daitekeen arren, zortzi zabutik batek ez du baldintza hori betetzen. Txirristetan, berriz, erori askeko altuera metrotik gorakoa bada, eskaileran eta goialdean, legez, baranda jarri behar bada ere, kasu guztien %32tan ez zen horrelakorik. Bi metro baino handiagoa denean, legearen arabera, goialdean zati babestua edukiko du (bi metroko txirristen %5ek ez daukate, hala ere, babes hori). Txirristaren jaitsierako arrapalan, berriz, lurrerainoko altuerak 25 eta 35 cm bitartekoa izan behar du baina hamabi zabutik batean baldintza hori ez da betetzen, arrapalatik lurrerainoko altuera handiagoa baita.
Jostatzeko aparatu hauen material ohikoenak metala (aparatuen %88k metalezko atalak dauzkate) eta tratatutako egurra (%86k) dira. Oszilagarri eta jolas anitzeko estrukturak dira trataturiko egur gehien baliatzen dutenak, klimatologiari aurre egiteko. PVC ez da aurreko bi gaiak bezain ohikoa: aparatuen %58tan bakarrik agertzen bada ere, jolas anitzeko estrukturetan gehiago ikusten da. Adituen iritziz, metalezko aparatuen ordez bestelakoak (trataturiko egur edo plastikozkoak, adibidez) ipini beharko lirateke, ahal den neurrian, metala zahartzean herdoildu egiten da eta.
Jostatzeko aparatuen segurtasunaz gainera, aparatu horiek kokatuak dauden zonetako segurantzia ere aztertu da.
- Haurrentzako jolastokia eta trafiko zonak bereizita egotea: hamarretik bederatzi trafikodun alderditik 30 metro baino gehiagotara daude edo, bestela, bitarteko naturalen (zuhaiñoak, heskai edo palaxuak) edo artifizialez (horma, hesi edo sareak) bidez isolatuak.
/imgs/20050401/img.tema-de-portada.03.jpg Zorua: jolastokietan gertatzen diren hamar istripu eta ezbeharretik zazpi zoruen egoera txarrak eraginikoak omen dira. Nolakoa behar du lurrak, bada? Material egokienak kautxu birziklatua eta material sintetiko samurrak dira, behar den lodieran aplikatuak, kolpe eta erorikoen motelgailu izateaz gainera, ez baitira labaingarriak eta berehala lehortzen direlako, putzurik utzi gabe. Hala eta guztiz, ikuskaturiko parkeen %15ek oraino dauzkate azalera gogorrak, hala nola hormigoi, porlan, asfalto edo galtzada-harriz osatutakoak, hots, ezbeharrik jazotzekotan, bat ere egokirik ez direnak.- Aparatu zaharkitu eta higatuak: haurrentzako jolastokien %25ek aparatu zaharrak dauzkate, zaharkitu edo alferrikakoak gehienbat; materialak bat ere egokiak ez direnez (burdinazkoak dira horietako asko), horien ordez kolore bizi eta itxura deigarridun PVC-zkoak, plastikozkoak edo trataturiko egurrezkoak instalatu beharko lirateke. Parke berriak sortzea ez baita aski: denboraren poderioz zahartu eta egoera txarrean daudenak berriztatu (edo kendu) egin behar dira.
Legeak zer ote dio?
Haurrentzako jolastokietan ahalik eta ezbehar gutxien jazo dadin, segurtasun gaietan europar araudiak (UNE-EN 1176 eta 1177) hamaikatxo betekizun ditu xedatuak, ekipoek (zabu, txirrista, kulunka, etc.) eta materialek bete behar dituzten baldintzak, harrapatze-arriskurik izango ez duten zulo, hutsune eta espazio askeen dimentsioak, segurtasun distantzia eta altuerak, eroriko eta arropa zein ile-harrapaketarik ez gertatzeko babesak eta bestelakoak arautuz. Horiek ez ezik, jolaslekuetako estalpenen lodierak, instalakuntzen betebeharrak (zimendatzeari dagokionez, esate baterako), eragozpenik gabeko areak eta jolastokiaren geroagoko mantenua ere zehazki arautuak agertzen dira aipaturiko testuetan baina, dena den, arautegi hori ez da zertan bete: egun Frantziak bakarrik aplikatzen du. Kontua da, batez ere, obligaziorik sortarazi gabe, aholku gisakoak ematea; arau horiek lotesle izango badira, europar arteztaraua edo estatu mailako legeak eman behar dira. Espainian, agintariek aholku moduko horiek aplikazio librekoak izatea xedatu dutenez, horrek lege-hutsunea sortzen du: Andaluzia eta Galiziak bakarrik daukate haurrentzako jolastokien gaineko berariazko arauteria.
Haurrentzako jolastoki akasgabearen dekalogoa
- Kokapena: ibilgailuen trafikotik 30 metrora egon behar du, gutxienez, eta perimetro osoa bitarteko naturalen (zuhaiño, heskai edo palaxuak) edo artifizialez (horma, hesi edo sareak) bidez isolatua izango du, haurrak errepidera erraz irten ez daitezen. Hori baino hobeto: jolastokiak trafiko guneetatik urrutian kokatuko dira.
- Materialak: zabu, kulunka, txirrista eta bestelako estrukturak ez toxiko, ez elektrizitate-eroale diren materialez fabrikatuko dira; material horiek, era berean, ez dira printzatuko eta ez zaie kaltegarri gerta daitekeen hondakinik askatuko. Seguru eta erresistentzia handikoak izan eta sendo itsatsirik egongo dira. Metalezko elementuen ordez trataturiko egur eta plastikozkoak ezarriko dira. Estrukturek ez dute izango, ahal den neurrian, ertz bizi edo irtenik, elkargune eta soldaduretan, bereziki.
- denei zabalik: parkeak era guztietako bisitarien gozamenerako eratuko direnez, horien diseinuak mugitzeko zailtasunak dituzten erabiltzaileen premietara ere egokitu beharko dira. Ahal den heinean, ez jarri eskailerarik, ertz bizirik, gurpil-aulkientzako egokiak ez den zorurik edota premia bereziak dituzten haur horientzat egokituak ez dituzten jolas-biderik gabekoak. Izan kontuan kezkak eta premiak erabiltzailearen adinaren arabera ere aldatu egiten direla: jolas mota jakin baten altuerak, adibidez, bertan arituko den haurraren adina aintzat izan behar du.
- Azalera: azalera gogorren (hormigoia, harria) ordez, kolpe eta erorikoen motelgailu diren zoruak (kautxu eta material sintetikozkoak) ezarriko dira. Hondarrezkoak (onartzeko modukoak, beraz), aldian behin bete, mantendu eta zaindu behar izaten dira.
- Batetik besterako distantzia: aparatu edo jolas-estruktura bakoitzak bere segurtasun zona izango du, elkarren ondoko jolasetako erabiltzaileen artean talkarik jazo ez dadin.
- Kontserbazio eta garbiketa: haurrentzako jolastokiak ahalik eta erabilera-egoera bikainenean mantendu behar dira. Horretan bereziki lagungarri gertatzen dira horrelako egituren kalitate handiko materialak, bandalismoaren eta klimatologia desegokiaren aurrean sekulako erresistentzia agertzen baitute. Horrelako guneetara animalien sarrera galaraziko da.
- Mantenua: aldian-aldian ikuskaritzak egingo dira, aparatuen eta jolastokien mantenu egokia bermatzeko. Arriskurik sor dezaketen ekipoak lehenbailehen konpondu edo bertatik kendu behar dira. Instalazioak maiztasun egoki batez ikuskatzea da har daitekeen prebentzio neurririk hoberena.
- Pertsona heldu arduratsuak: haurrentzako jolastokian haurrek olgetaz ahalik eta arrisku txikienekin goza dezaten, jolastokiko instalazio eta ekipoen kalitate eta kontserbazio egoera zaintzea ez ezik, haur horiek gurasoengandik jasotzen duten hezkuntza ere funtsezkoa da, errealitatean diren arriskuak aintzat har ditzaten. Parkeek pertsona zaharrak baztertu ordez, aukera eman behar dio, bertako ekipamenduek denetik eskainiko diolarik: atseden hartzeko tokiak, esertzeko aulkiak, itzalguneak, iturriak, paperontziak, etc.
- Señaleak: ekipoak erabil ditzaketen haurren adina ez ezik, bertan akats edo txikiziorik aurkitu edo arriskurik hauteman ezkero nora jo edo zein zenbakitara deitu behar den ere argi eta garbi adieraziko da. Era berean, gertueneko osasun zentroen kokapena ere agerian ipiniko da.
- Diseinu eta koloreak: kolore eta forma erakargarriak dituzten jolasek haurren jarduera sustatu eta gaitasunen garapena bizkortzen dute. Zona ludikoak, beraz, erakargarri gertatu behar du.
Gurasoena ez ezik, haur txikien zaintzaz arduratzen diren helduen kontua ere bada prebentzioa. Haurrentzako jolastokian txikiek olgetaz ahalik eta arrisku txikienekin goza dezaten, jolastokiko instalazio eta ekipoen kalitate eta kontserbazio egoera zaintzea ez ezik, haur horiek gurasoengandik jasotzen duten hezkuntza ere funtsezkoa da, errealitatean diren arriskuak aintzat har ditzaten.
Oinarrizko jokamolde-arauak eta Konparaketako Taula
- Erakuts iezaiozu umeari bere parekoak errespeta ditzan. Ez bultzadarik, are gutxiago goialdeetan.
- Zain ezazu instalazio eta ekipoak behar bezain ongi kontserbatu eta zainduak daudela, ertz printzaturik ez dutela, ongi dabiltzala, etc..
- Txirristetan, adibidez, azkenekoaren jaitsiera amaitu arte, gure umea irteteko itxoiten ohitzea egoki-egokia da.
- Irrist ez egiten ohitzea ere komeni da: zanpatu beharreko azalerari erreparatzen, gora egiteko estrukturetan sendo-sendo heltzen, etab.
- Hona hartu beharreko beste neurri bat, jolas parketan arrakasta handirik ez badu ere: haur handiak txikienen ahuleziaz jabetu behar dira, errespetatu egin behar dituzte, zanpatu ordez.