Gaitasun transbertsalak

Badugu geure trebezia sozialak hobetzea

Trebezia sozial batzuk arras baliagarriak dira, bai lanean, bai harreman pertsonaletan ere
1 apirila de 2005
Img psicologia listado 180

Badugu geure trebezia sozialak hobetzea

/imgs/20050401/img.interiormente.01.jpg
Geure buruarekin gusturago senti gaitezen eta gainerakoek preziatu eta baloratuago ikus gaitzaten lagunduko gaituzte hainbat portaerazko jarraibide edo trebeziak. Jarraibide horiek, jakina, ikasteko modukoak ditugu eta, ikasitakoan, ohitura bihur ditzakegu, gainera.

Hizketari ekitean, jatortasuna, interesa eta enpatia

Saiatu:

/imgs/20050401/img.interiormente.02.jpg

  • Agurtzen eta geure burua aurkezten, jator, gure partez beste inork egiten ez duenean, behintzat.
  • Hizketan ari garela, begietara begiratzea.
  • Hirugarren pertsonez gorespenen bat egiten, bidezko denean, lausenguetan amildu gabe, pertsona horretaz sentitzen edo ezagutzen dugun alderdi onak nabarmenduz.
  • Mintzakideak eta guk bizi dugun egoera komun horretaz iruzkin edo galderarik egiten; eskuarki, horixe izaten dugu aurreneko mintzagaia.
  • Mintzakideaz ezagutzen dugunaz (bere lanaz, bizitzaz, zaletasunez…) iruzkin edo galderarik egiten.

Saihestu:

  • Ironiaz edo topiko kaltegarrien bidez mintzatzeari: “Hileta dirudi honek, inork ez du berba egiten!”
  • Inoren gainean era laidotsuan agertzeari: “Hura bai hizlari trakets ganorabakoa!”
  • Esakuneetan dogmatiko gertatzeari: “Film guztiak berdin-berdinak dira”.
  • Hizketari hasiera emateko iruzkin pertsonalegiak aukeratzeari.
  • Ahapeka edo ozenkiegi jarduteari.
  • Postura (fisiko) desegokiak agertzeari.

Hizketan ari garela, aktibo jardutea, aditzea

Kontua da mintzatze eta aditzearen arteko oreka egokia bilatzea, hizketa horretako kideak eroso senti daitezen eta esku hartzeko egokiera bila dezaten. Adierazi mintzakideari, hitz edo keinuekin, adi gaudela, eutsi begiradari, erantsi zerbait beste mintzakideak atera duen gaiaz eta, xedea gaiz aldatzea baldin badugu, adierazi aurretiaz. Ez luzatu hizketan, ez aditze hutsean ere. Erantzun, baina monosilaboak saihestuz, hizketa orekatua izan dadin.

Mesedeak eskatzean, beldurrik ez

Batzuetan uste dugu geure ingurukoek badakitela une jakin batean behar edo nahi duguna baina hori ez da beti horrela. Horregatik komeni izaten da gure nahien eta premien aztarnak gainerako pertsonei transmititzea eta, egokitzen denean, mesedeak eskatzea, zuzen eskatu ere, eskatzeko eskubidea zor zaitu eta: besteak beti du aukera eskatutakoari baiezko edo ezezkoa emateko. Eskatu behar duguna ukatuko zaigun eta, ematekotan, zorretan bizitzeko beldur hori baztertu egin behar dugu.

Eskariei uko egitean, eman azalpenak

Ezezkoa eman behar badugu, egin azalpen zehatz eta arrazoituak. Eskaini alternatibarik, eskariak sortarazi zuen kezkaz jabetuak gaudela erakusteko. Zaude erne, horrelakoetan gertatzen diren manipulazioen aurrean: ez erori lausengu (“Horren bihozbera zarenez, mesedea ukatuko zenidanik ez nuen pentsatu ere egin”), kritika (“Behin ere ez dizut deus eskatuko”) edo erru-sentimenduetan (“Txiki-txiki eginik utzi nauzu”). Eskatzailearen arrazoiak ulertzen baditugu ere, euts diezaiogun geureari, gureak aldatu ez badira.

Kritikei erantzutean, arrazoibide eta sen ona

Kritika bat egiten zaigunean baliteke geure burua erasoaren biktimatzat hartzea: defentsan aritzeko joera hartzen dugu inoiz, dela “kontraerasoan”, dela gure jokabidea justifikatuz. Aztertu kritika horren alderdi objektiboak zein diren eta hitz egin horietaz, nola defentsa sistematikoari hala kontraerasoan jarduteari saihestuz.

Beste norbait onartu edo arbuiatzean, irmotasuna

Gure harremanetan egoera paradoxazkoak gertatzen dira batzuetan: atsegin gertatzen ez zaizkigun pertsonak jasan egiten ditugun bitartean gehien preziatzen ditugunak uxatu egiten ditugu gure baitatik. Norbait urrundu nahi badugu edo norbaitekin harremana eduki gura badugu, jardun irmo, sendo. Badira horretarako lanabesak ere, bai hurbiltzeko (irribarre egitea, begiradari eustea, gorputza pertsona horrengana gerturatzea eta esaten edo egiten duenaz geure interesa agertzea) bai arbuiatzeko ere: jendetasunez, egin eta esan dezagun beharrezkoa dena beste pertsona horrek gure interesik eza atzeman dezan, erantzun monosilaboen bidez, begiratu beste gainerakoei eta agurtu edukazio handiz.

Ezagun ez duguna onartzea: dena jakiterik ez dago

Den-dena dakiten eta beti-beti “hori banekien nik”, “esan nizun, bada” edo antzekoak erantzuten duten pertsona horiekin topo egitea ez da bat ere atsegina: handi eta preziatu egiten gaituena, berriz, kontatzen ari zaiguna besteen aurrean ezezagun dugula edo horri interesgarria deritzogula aitortzea da. Ez amildu betiko topikoen aurrean (“ez dakidala esaten badut auskalo zer pentsatuko duten!”, “hori jakina behar nuke nik” eta antzekoak), kalte baizik ez digutelako egiten.

Geure akatsak aitortzean, gizatasun eta umiltasuna

Denok ditugu akatsak: horiek aitortzea gizaki nobleari dagokio. Areago, horrela ongi dihardutenek itzal soziala daukate, akatsak ezkutatzea ahuleziaren seinale baita. Aitortu akatsak gizatasun eta umiltasunez, baina gainerakoei zauri horretan zirikatzen aritzeko aukera eman gabe. Akatsak onartzeko, urrundu burutazio kaltegarriak (“desastre hutsa naiz”, “ni bezalako gizakume batek nolatan egin lezake hori!”, “nondik nora gertatu zait hori niri?”).

Gorespenak jasotzean, lasaitasuna

Zerbait ongi egin dugula aitortzen edo eskertzen zaigunean ez dezagun sasi umiltasunera jo. Laudorioak egiazkoak direnean, onar ditzagun lasai eta atseginez baina ez itzuli gorespena eta ez gutxietsi geure meriturik. Hoberena, eskerrak eman eta “sekulako ahaleginak egin behar izan ditut”, “poz handia hartzen dut zuri gustatzeaz” edo antzeko iruzkinen bat egitea da.

Hizketari amaiera emateko, harira zuzen

Topaketa edo hizketa amaitzea nahi dugunean, hautatzeko eta adierazpenak argiro egiteko eskubidea zor zaigula etsi-etsian sinetsi behar dugu, mintzakideari hizketa etetea jendetasun apurrekoa dela edo iraingarri gerta dakiokeela sinestera bultzatzen gaituzten pentsaerak alboratuta. “Barka ezazu etena, joan behar dut eta” soila aski da.