Arropa-leungarriak

Denak baliagarri baina, batetik bestera, alde handiak

Garestienek emaitza onak erdiesten dituzte adina horren erdia kostatzen direnek ere kalitate berdin-berdina ematen dute
1 apirila de 2005

Denak baliagarri baina, batetik bestera, alde handiak

/imgs/20050401/img.analisis-2.01.jpg
Zazpi arropa-leungarri aztertu dira oraingoan: horietako bost, disolbatuak (hots, ez kontzentratuak) eta beste bi, lisaketa errazten omen dutenak. Batzuen eta besteen prezioen arteko aldeak biziak dira: garbialdi bakoitzeko lau zentimotik (Vernel konbentzionala) hamar zentimoraino (Mimosín “lisaketa erraza” eta Vernel “lisaketa erraza”). Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena merkeenetako batek eskaintzen du: Lenor (5 zentimo garbialdi bakoitzeko) lagina, hain zuzen, “lisaketa erraza” motakoen erdia kostatzen da eta, beroriek bezala, kalitate on-ona agertzen du. Garbialdi bakoitzeko prezioa kalkulatzeko, etiketetan agertzen diren aholkuak bete dira, Mimosín laginaren kasuan izan ezik, honek ez baitu adierazten ontziko zenbat garbialdi egin daitezkeen; horrenbestez, antzeko edukia daukaten gainerako laginen batez bestekoa hartu da erreferentzia.

Honelako leungarriok arropa leundu eta freskotasun sentsazioz janzten dute. Arropa garbigailuan luzaro ibilitakoan, igurzpen mekanikoaren eta uretako karearen ondorioz ehunak endekatu eta soinekoak, azkenean, lakar bihurtzen dira. Leungarri on batek ehunen sentsazio ona mantendu behar du, usain erakargarria agertuz. Leungarrien fabrikatzaileek merkatuan hainbat erreferentzia eskaintzen dituzte, bakoitzak bere ezaugarriak dituela (usain desberdinak, gehienbat). Gure azterketa hau egiteko inolako ezaugarri berezirik ez duten bost leungarri disolbatu aukeratu dira eta, horiekin batera, lisaketa errazteko bereziki bikainak direla dioten beste bi lagin.

Materia aktiboa

/imgs/20050401/img.analisis-2.02.jpg
Leungarri baten edukiaren gehiena ura da. Ur hori eta usain-substantziak lurruntzean geratzen dena estraktu lehorra da: horrexek adierazten du produktuak zenbat daukan disolbatua. Vernel “lisaketa erraza” eta Mimosín “lisaketa erraza” dira estraktu lehor gehien daukatenak (%7tik gora), bi marka horietako lagin konbentzionalek ez bezala (hauek ez baitaukate inola ere %5,9 baino gehiago). Atal honetako eskasena Quanto da (%3,9 estraktu lehor baino ez dauka).

Estraktu lehorra, ordea, substantzia leungarriek (tensioaktibo kationikoak) ez ezik, mineral gatzak eta koloratzaileak ere produktuaren osagarri dira, adibidez, arropa leuntzeko garaian inolako eraginik ez badute ere. Vernel “lisaketa erraza” da substantzia leungarrien kontzentrazio handiena daukan lagina (90 milibaliokide kiloko), ondotik Lenor (88 meq/kg) datorkiola. Harridura sortzen badu ere, Mimosín konbentzionalak (73 meq/kg) horrelako elementu gehiago dauzka Mimosín “lisaketa erraza” laginak baino (63 meq/kg), bigarren honen erdia kostatzen den arren. Produkturik txarrena hemen ere Quanto da, 53 meq/kg baizik ez dauka eta.

Lodi eta eraginkor, bi gauza

Dirudienaz beste aldera, leungarri likatsuagoak ez du zertan materia aktibo gehiago eduki eta ez da, nahitaez, eraginkorragoa. Produktu arinago bat errazkiago dosifikatzen da, uretan hobeki disolbatzen da, garbigailuko konduktuak gutxiago buxatzen ditu eta ontzian produktu gutxiago galtzen da alferrik. Hori dena gogoan izaki, gure azterketan biskositate txikieneko laginak hobetzat jo direlarik, Lenor izan da atal honetan kalifikazio hoberena jaso duena bere osaketagatik (78 zentipois; bigarren hoberenak, Mimosín laginak, 593 cp). Flor (3.803 cp) eta Vernel konbentzionala (3.187 cp) dira bi lodienak.

Leungarria pittin bat azido baldin bada hobetzat jotzen da, pH faktoreaz ari garela, detergenteen alkalinotasuna azken ureztaketan neutralizatuko badu. Zazpi leungarriek antzeko zifra erakutsi dute: azido samarrak dira denak, 4 eta 4,6 bitartean dabiltza).

Usaina

Leungarri baten funtsezko alderdietako bat lurrina da. Zazpi laginek arropan uzten duten usain intentsitatea hiru aldiz begiratu zen: behin, garbitu ondoren, arropa oraindik bustita zegoela; hurrengoa, lehortutakoan; azkena, garbitzetik zazpi ordu igaro ondoren. Horretarako, 1etik (“ezin atzemanezkoa”) 5erako (“nabarmen-nabarmena”) eskala baliatu zen.

Garbigailutik atera berritan, Mimosín eta Vernel (bai konbentzionala, bai “lisaketa erraza” motakoa) dira usain sakonenekoak, gainerako laurek “nolabaiteko usainik” agertu zutelarik. Arropa lehortutakoan, usaina apalagoa bazen ere, nabarmentzekoa da Lenor, Mimosín “lisaketa erraza” eta Vernel markako bi laginen lurrina. Gainontzeko hiruretan (Flor, Mimosín konbentzionala eta Quanto) usaina nekez adi zitekeen. Handik zazpi ordutara Lenor, Mimosín “lisaketa erraza” eta Flor laginen usainik aditzen zen oraino. Vernel markako bi leungarriek ordurako apenas zuten usain arrastorik eta Mimosín konbentzional eta Quanto laginetatik usaina zeharo suntsitua zegoen.

Lisatzeko erraztasuna

Laborategian beste zerbait ere begiratu zen: zazpi leungarri horiek arropa lisatzea errazten zuten eta etiketan “lisaketa erraza” adierazten dutenek (dezente garestiagoak konbentzionalak baino) atal honetan gainerakoek baino emaitza hobeak lortzen zituzten, alegia. Horretarako, lagin bakoitzarekin, lisaburdina edo plantxaren azala eta garbitutako ehunaren arteko igurzpen koefizientea aztertu zuten teknikariek. Ondoren, leungarririk gabe ikuzitako ehunei proba bera egin zieten.

Aurreneko ondorioa argi dago: leungarriak eraginkorrak gertatzen dira lisatzeko unean, etxeko lan nekoso hori, gutxi edo gehiago, denek errazten dute eta. Lisaketa errazteko berariaz eratuak daudela dioten biek (Vernel eta Mimosín “lisaketa erraza”) emaitza hoberenak erakutsi zituzten (“oso ongi”) baina ez horiek bakarrik: Flor (lisatzea dela eta, etiketan berariazko ezaugarririk agertzen ez duen leungarri disolbatua) lagina, eginkizun horretarako aproposak izateaz haro agertzen diren biak bezain ona da. Lenor, Vernel konbentzionala eta Quanto laginek “ongi” kalifikazioa lortu zuten eta Mimosín konbentzionala “onartzeko moduko” hutsean geratu zen.

Arropan zimurdurak agertzea leungarriak galarazi (edo, gutxienez, eragotzi) egin behar du. Zimurtze hori kalkulatzeko, ehun jakin bat probeta errektangeluar batean bost minutuz zimurtu eta, ondoren, zimurdura-galtze horren angelua neurtu behar da. Leungarri gabe garbitutako arropek zimurtzeko joera handiagoa agertu zuten gainerakoek baino. Emaitzarik hoberena Lenor laginak eskuratu zuen: “oso ongi” kalifikazioa lortu zuen bakarra, alegia. Flor eta Mimosín konbentzionala “onartzeko moduko” apalean gelditu ziren eta gainerako laginak tarteko kalifikazioak eraman zituzten. “Lisaketa erraza” motako bi laginek, horrenbestez, ez dute frogatu gainerakoak baino hobeak direnik atal honetan.

Leungarrien “osoko kalitatea” definitzeko unean parametro bakoitza berariaz kalkulatu zen: garrantzitsuena materia aktibo eta estraktu lehorraren edukia (produktu-eduki benetakoa, alegia) hobetsi egin zituzten, ondoren usain intentsitatea, biskositatea, lisaketa erraztea eta, azkenean, zimurdurak agertzeko zailtasuna zetozela.

Vernel “lisaketa erraza” da denetan kalitate hoberenekoa, “oso ongi” kalifikazioarekin, Mimosín “lisaketa erraza” eta Lenor (nota hoberena lortu duen lagin konbentzional bakarra) laginen parean. Mimosín eta Vernel konbentzionala, Flor laginarekin batera, “ongi” apalean geratu ziren eta Quanto, berriz, denetan txarrena izan zen.

Eraginak irauten al du?

Laborategian begiratu zuten leungarrien eraginak (nahiz eta oso-oso maila apalagoan) irauten ote zuen, arropa huraxe, oraingoan leungarririk gabe, ostera garbituz gero. Proba horretan, honelako produktuen kontsumitzaileen arabera, parametrorik adierazgarrienetako bat (usaina) izan zen ardatza.

Arropa bakoitza zegokion leungarriz ikuzi ondoren, garbigailuan sartu ziren berriro, oraingo honetan urari detergentez gainerako produkturik gehitu gabe. Bigarren garbialdi horren ondoren, zazpi arropetan usainaren intentsitatea aurreko garbialdiaren ostekoa bera zen, bai arropa garbigailutik atera berritan (heze), bai lehortutakoan ere. Horrenbestez, zazpi kasuetan ere, erabilitako usainak iraunkorrak direla eta, ehunak lehortutakoan apaldu egiten badira ere, hezetzen direnean ostera azaltzen direla ere ondoriozta dezakegu.

Laburbilduz eta Konparaketako Taula

Laburbilduz

  • Zazpi arropa-leungarri disolbatu (horietako bi, lisaketa errazten omen dutenak) aztertu dira oraingoan; garbialdi bakoitzeko 4 zentimotik (Vernel konbentzional) 10 zentimora arte (Vernel “lisaketa erraza” eta Mimosín “lisaketa erraza”) kostatzen dira.
  • “Lisaketa erraza” motako bi leungarri horiek, homologo konbentzionalen aldean, arropa lisatzea den etxeko lan nekoso hori hobeki errazten dutela (plantxa eta ehunaren arteko igurzpena arindu egiten baitute) frogatu da; horrekin batera, Flor lagin konbentzionala, etiketan bere burua lisaketa errazekotzat jotzen ez duen arren, zeregin hori errazteko aurreko biak bezain eraginkorra baina askozaz ere merkeagoa dela ere ikusi da.
  • Leungarriaren ontasuna ez datza lisaketan bakarrik, arropako zimurdurak prebenitu behar ditu eta. Atal honetan Lenor lagina gainerako seiak baino hobea izan da, inondik ere.
  • Usainaren intentsitate eta iraunkortasunari dagokiela, Mimosín “lisaketa erraza” da denetan hoberena; ondotik Vernel markako bi laginak datoz, aurrekoa bezain usain-intentsitate eta iraunkortasun ona erakutsi baitute. Bi leungarri horiek utzi duten usainak arropa garbitu ondoren ere iraun du.
  • Leungarriaren osoko kalitateaz soil-soilik ari garela, sailkapena honela agertzen da: “oso ongi”, Vernel “Lisaketa erraza”, Mimosín “Lisaketa erraza” eta Lenor laginek erdietsitakoa; “ongi”, Vernel, Flor eta Mimosín laginena; “onartzeko modukoa” izan da Quanto, azkenik.

  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena Lenor laginak ematen du, denetan merkeena izaki, “oso ongi” kalifikazioa lortu baitu osoko kalitatean. Aukera polita, berriz, Vernel “lisaketa erraza” lagina: garestixeago bada ere, kalitate aldetik emaitza hoberenak erdietsi dituena da eta.
LENOR VERNEL “Lisaketa erraza” MIMOSÍN “Lisaketa erraza”
Prezioa (zentimo garbialdiko) 5 10 10
Edukia (L) 3 2 2
Erabilitako dosia (ml) 72 80 80
Osaketa:
Estraktu lehorra (%) 5,6 7,2 7,1
Materia aktiboa (meq/kg) 88 90 63
Biskositatea (cps) 78 2084 715
pH 4,0 4,2 4,4
Usaina:
Ehuna heze dagoela Atzematen da usainik Nabarmen atzematen da Nabarmen atzematen da
Ehuna lehor dagoela Atzematen da usainik Atzematen da usainik Atzematen da usainik
Garbitzetik 7 ordutara Ahaleginez atzematen da Nekez atzematen da Ahaleginez atzematen da
Lisatzeko erraztasuna Ongi Oso Ongi Oso Ongi
Zimurduren aurkako erresistentzia Oso Ongi Ongi Ongi
Garbialdi baten ondoko usainaren iraunkortasuna:
Ehuna heze dagoela Atzematen da usainik Nabarmen atzematen da Nabarmen atzematen da
Ehuna lehor dagoela Atzematen da usainik Atzematen da usainik Atzematen da usainik
Osoko Kalitatea Oso Ongi Oso Ongi Oso Ongi
VERNEL FLOR MIMOSÍN QUANTO
Prezioa (zentimo garbialdiko) 4 6 5 6
Edukia (L) 5 2,5 3 2,5
Erabilitako dosia (ml) 70 54 70 54
Osaketa:
Estraktu lehorra (%) 5,1 4,8 5,9 3,9
Materia aktiboa (meq/kg) 66 67 73 53
Biskositatea (cps) 3187 3803 593 1555
pH 4,4 4,4 4,4 4,6
Usaina:
Ehuna heze dagoela Nabarmen atzematen da Atzematen da usainik Nabarmen atzematen da Atzematen da usainik
Ehuna lehor dagoela Atzematen da usainik Ahaleginez atzematen da Ahaleginez atzematen da Ahaleginez atzematen da
Garbitzetik 7 ordutara Nekez atzematen da Ahaleginez atzematen da Ez da atzematen Ez da atzematen
Lisatzeko erraztasuna Ongi Oso Ongi Onartzeko modukoa Ongi
Zimurduren aurkako erresistentzia Ongi Onartzeko modukoa Onartzeko modukoa Ongi
Garbialdi baten ondoko usainaren iraunkortasuna:
Ehuna heze dagoela Nabarmen atzematen da Atzematen da usainik Nabarmen atzematen da Atzematen da usainik
Ehuna lehor dagoela Atzematen da usainik Ahaleginez atzematen da Ahaleginez atzematen da Ahaleginez atzematen da
Osoko Kalitatea Ongi Ongi Ongi Onartzeko modukoa

Banan-banan

Zazpi arropa-leungarriak, banan-banan

LENOR Leungarri konbentzionala.

  • /imgs/20050401/lenor.jpg 5 zentimo garbialdi bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Materia aktibo gehien daukan bigarrena eta biskositate ahulenekoa (disolbatzeko eta dosifikatzeko errazago). Zimurdurak prebenitzeko unean hoberena.

VERNEL "Lisaketa erraza"

  • /imgs/20050401/vernel.jpg 10 zentimo garbialdi bakoitzeko, denetan garestiena
  • Osoko kalitatea, oso ongi. Aukera polita, honakoa ere.
  • Materia aktibo (produktu leungarri) eta estraktu lehor gehien daukana. Lurrinik sakonenetako bat, bai ehuna heze, bai lehor dagoela ere. Lisaketa errazteari dagokionez, “oso ongi”.

MIMOSÍN "Lisaketa erraza"

  • /imgs/20050401/mimosin.jpg 10 zentimo garbialdi bakoitzeko, denetan garestiena
  • Osoko kalitatea, oso ongi
  • Estraktu lehor gehien daukatenetako bat. Biskositate apala (disolbatzeko eta dosifikatzeko errazago). Ehuna heze, lehor eta garbitzetik zazpi ordutara, lurrin intentsuena. Lisaketa errazteari dagokionez, “oso ongi”

VERNEL Leungarri konbentzionala

  • /imgs/20050401/vernel2.jpg 4 zentimo garbialdi bakoitzeko, denetan merkeena
  • Osoko kalitatea, ongi
  • Bigarren lagin likatsuena (disolbatzeko eta dosifikatzeko errazago). Ehuna heze zein lehor, lurrin intentsuenetako bat. Zimurdurak prebenitzeko unean, bigarren hoberena.

FLOR Leungarri konbentzionala

  • /imgs/20050401/flor.jpg 6 zentimo garbialdi bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Denetan likatsuena (disolbatzeko eta dosifikatzeko errazago). Berariazkoak bezain ona lisaketa errazteari dagokionez. Lurrin intentsitate apalenetako bat.

MIMOSÍN Leungarri konbentzionala

  • /imgs/20050401/mimosin2.jpg5 zentimo garbialdi bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Estraktu lehor gehien daukatenetako bat. Biskositate apala (disolbatzeko eta dosifikatzeko erraz). Ehuna heze, lehor eta garbitzetik zazpi ordutara, lurrin intentsitate handienekoa. Lisaketa errazteari dagokionez, “oso ongi”. Zimurdurak prebenitzeko unean, txarrenetako bat.

QUANTO Leungarri konbentzionala

  • /imgs/20050401/quanto.jpg 6 zentimo garbialdi bakoitzeko
  • Osoko kalitatea: onartzeko modukoa
  • Estraktu lehor eta substantzia aktibo gutxien daukana. Lurrin apalenetako bat: ehuna heze dagoela, intentsitate apala, lehor dagoela intentsitate hori moteldu egiten da eta garbitzetik zazpi ordutara zeharo suntsitzen da.