Osasuna giroko tabako-keak ere kaltetzen du
Erretzaile pasiboa, beste norbaitek erretzen duen tabako-keen ondorioz, aire kutsatuaren efektuak -laburki bada ere- jasan ditzakeen pertsona da. Arazo nagusia, ordea, osasunari eragiten dion kalte nabarmenaz gainera, datu zehatza ez ezagutzea da: ez dakigu zigarro baten kea zein unetatik gertatzen den arriskutsu edo kaltegarria eta zein unetatik bihurtzen duen aldameneko pertsona erretzaile pasibo. Abenduaren 26ko 28/2005 Legea, Tabakismoaren aurreko osasun neurriak ezarri eta tabakodun produktuen salmenta, hornidura, kontsumoa eta publizitatea arautzen dituen Legeak ez du mugarik zehaztu, baina tabakoaren kontsumoa estutu du. Lantegietan erretzea debekatua dago eta jatetxe eta antzekoetan, berriz, dimentsioen araberako baimen-mugak arautu dira. Halaz ere, erretzaile ez diren pertsonen aldeko aurrerakada horiek gorabehera, giroko tabako-kea (GTK) zirrikituren bat edo bestetik sartuko da.
Horietako bat Legea bera da, taberna eta jatetxeetan erretzea erabat debekatu ez duelako eta, horrek, lan jardunaldian aire kutsatua arnastu behar duten langileak diskriminatzen ditu. Beste ataka edo zirriztua norberaren etxea da, bertan erretzen duen senideak gainerakoei ke toxikoaren arriskua noziarazten baitie.
Eraginiko populazioa
Bi motatako erretzaile pasiboak dira: helduak -beren arriskuez jakitun izan, beren eskubideak jakin eta exijitu behar dituztenak- eta haurrak -bere burua ezin defenda dezaketenez, beren osasuna gurasoek eta zaindariek babestu behar dute-. Nolako izaria du arazoak, ordea? Populazioaren zein portzentajek erretzen du nahigabe? Espainian biztanleriaren %35 erretzaile dela kalkulatu izan da, eta %65ek aldez edo moldez tabako-kea nozitzen du, Kataluniako Onkologia Institutuak (KOI) Espainia osoko 2.500 pertsona heldurekin eginiko azterlanaren arabera.
Erretzaile pasiboa maiz ez dago jabetuta tabako-kearen eraginpean bizi izateaz. Dena den, kotininaren (listu eta odoletan datzan nikotinaren metabolitoa) neurketa egiten den bakoitzean, jakin gabe ere pertsona asko -haurrak, batik bat- erretzaile pasibo direla atzematen da. Espainiako haurren erdiak baino gehiago dira erretzaile pasibo, Minbiziaren Kontrako Espainiar Elkarteak landutako datuen arabera.
Espainiako hilkortasuna
Tabakismo pasiboak gaitzen garapena areagotzen laguntzeaz gainera, hil ere egiten du. Tabako-kearen eraginpean etxean zein lantegietan nahi izan gabe egoteak, Espainian urtero-urtero gutxienez 1.228 pertsona hiltzen ditu gaixotasun kardiobaskularren eta birikako minbiziaren ondorioz. Kalkulu hau beheranzkoa da, dena den, urtean hiltzen diren gizakiak 3.237 ere izan litezkeela kalkulatzen baita, aisialdi lekuetako tabakismo pasiboak eraginiko heriotzak eta beste hainbat faktore aztertuz gero.
Erronka, norberaren etxe zuloan
Erretzaile pasiboek nozitzen dituzten tabakoaren ondorio larriak geroz eta hobeto ezagutzen diren arren, arriskuak desagertzeko neurri eraginkor bakarra giroko tabako-kearen eraginpean ez egotea da. Eta, gaurkoz bederen, erretzaile pasiboari balizko birikako minbizia edo bestelako gaitzak era goiztiarrean detekta diezazkiokeen azterketa eraginkorrik ezagutzen ez denez, erregela behinena argi dago: giro kutsatuaren eraginpean ez egotea.
Europar Batasunean, urtero, gogoz kontrako tabakismoaren ondorioz 19.000 pertsonatik gora hiltzen direnez, erretzaile pasiboen eskubideak zaintzea herri-osasun alorreko lehen mailako betebeharra da. Helburu horrekin, hain zuzen, “Help, tabakorik gabeko bizitzaren alde!” ekimena bultzatu du.
Eskola horretan ikusten den legez, pertsona erretzaile bat izan den gelako airea egurasteak ez du balio airea garbitzeko ere. Keak sortarazitako usaina moteldu egiten bada ere, haren osagai kimiko toxikoak partzialki baizik ez dira suntsitzen. Gelako aireak -eta, airearekin batera, bertan direnentzako eragin kaltegarriek- kutsaturik irauten du, baita erretzailea bertatik irten eta handik denbora asko pasatutakoan ere.
Espainiak baino dezente lege zorrotzagoak onetsi dituzte herrialde askok: Irlandak, Italiak eta beste batzuek toki publikoetan (ostalaritzako establezimenduetan barne) erretzea zeharo debekatua dute. tabakoa etxean arriskutsua izateaz jabeturik, Estatu Batuek, Australiak eta Zeelanda Berriak, publizitate kanpainen bitartez etxebizitzan ere erretzaileek erretzeko ohitura kontrola dezaten ohartarazi dituzte: debekatu ez dute egin baina mugak ezar daitezen aholkatzen dute. Espainian, berriz, alor pribatuan tabako erretzearen auto-arautze hori ez dago landua oraino. Erretzaile pasiboen erronka etxe zuloan hainbat arau -beraien legea- adostea da.Helburu horrekin, hain zuzen, “Help, tabakorik gabeko bizitzaren alde!” ekimena bultzatu du. Ildo beretik, CONSUMER EROSKI-k ERRETZEN UZTEKO kontsumitzaile-eskola antolatu.
Kea eta minbizia
Erretzaile pasiboak arropan edo etxebizitzan zehar barreiatzen den kiratsaren ondoriozko efektuak baina gehiago eta larriagoak nozitu behar izaten ditu. Erretzen ez duen biztanleria babesteko eta kerik gabeko espazio komunak zaintzeko legeen onespenak, osasunarentzako ondorio kaltegarriekin loturiko funts ugari eta sendoak dauzka.
Zigarro-kearen %85 zupaden artean sortzen da. Hautsontzian datzan edo erretzaileak hatzen artean daukan zigarroari darion keak erretzaileak irensten dituenak baino substantzia toxiko gehiago sortarazten ditu, Europar Batasuneko “Help, tabakorik gabeko bizitzaren alde!” ekimenaren arabera. Adibidez, lan-ordutegiko giroko tabako-kea jasan behar duen taberna edo kafetegiko zerbitzari batek egunean hiru eta bost zigarro artean erretzen dituen pertsonak bezainbeste nikotina irensten du eta, horrenbestez, tabako-dosi horien inhalatzeari dagozkion arriskuez ere kutsatzen da. Giroko tabako-keak daukan nikotinak nerbio-sistema zentralaren baitan droga gisa eragiten du, morrontza sortaraziz: horregatik da horren zaila erretzeko ohitura uztea.
Nolanahi ere, nikotina ez da kalte gehien eragiten duen substantzia: zigarroari darion keak dituen 4.000 osagai toxikoetatik hogei inguru identifikatu dira gizakiaren baitan minbiziaren sortzailetzat (beste hogei bat animalientzat dira arriskutsuak), Osasunaren Mundu Erakundearen (OME) menpeko den Minbiziaren Ikerkuntzarako Nazioarteko Agentziaren (MINA) arabera. Giroko tabako-ke horretan presente dautzan minbizi-sortzaileen artean nitrosaminak, alkitrana eta bentzopirenoak agertzen dira eta, horiekin batera, 2-Naftalina, 4-Aminobifenil, artsenikoa, kadmioa, binilo-kloruroa eta kromoa, Minbiziaren Kontrako Espainiar Elkarteak zehaztu duenez.
Toxikoen zerrenda luzea denez, giroko tabako-keak minbizia biriketan ez ezik, ahoan, laringean, faringean, hestegorrian eta, areago, arnasketa-aparatutik gertu ez dauden beste hainbat organotan ere -pankreasean edota maskurian, adibidez- sortaraz dezake. Tabakoaren osagaiak odoletan barrena doaz eta urruneneko organoetaraino iristeko gauza dira. Eztabaidagai dago oraino giroko tabako-kea populazio orokorraren urdail eta koloneko minbizien eta emakume gazteen bularreko minbiziaren arrisku-faktoretzat jo daitekeen. Erretzaile ez direnen aldean, erretzaile pasiboek biriketako minbizia garatu eta infartuak nozitzeko %80 arrisku handiagoa dutela frogatu berri da, gainera.
Beste gaixotasun batzuk
Minbizia ez da, ordea, tabakoak osasunean izan dezakeen ondorio kaltegarri bakarra: biriketan kalte egin eta arnasketa-aparatuan tumorez bestelako patologiak ere eragin ditzake, hala nola biriketako gaitz buxatzaile kronikoa (BGBK), berrogeita hamarretik hirurogei urtera bitartean progresiboki eta atzera buelta gabe agertzen dena eta bera nozitzen duten pazienteengan eragozpen latzak sortarazten dituena.
Oso litekeena da gaitz kardiobaskularrak eta garunbaskularrak ere tabakoak sortaraziak izatea: bularreko angina, miokardioko infartu akutua edota garuneko infartua. Tabakoak eragiten duen zuzeneko hanturak odol-hodien hormak (endotelioa) hondatzen ditu eta arterioesklerosiaren (arterien estutzearen) mesedetan jokatzen du; beraz, sistema kardiobaskularrari kalte eragiten dioten osagaietako askorekin (alkoholarekin, adibidez) batera dihardu, eta ezbehar kardiobaskular eta garunbaskularren arriskua areagotzen du.
Norbaitek erretzeari edo tabako-kearen eraginpean egoteari uzten dionean sistema kardiobaskularrak jasan beharreko arriskua arindu eta erretzaile ez direnen parera egokitzen bada ere, biriketako minbiziarekin ez da beste horrenbeste gertatzen: baliteke erretzaile izan den pertsonak erretzen zuenetik hamar urtetara (baita gehiagotara ere) gaitz onkologikoa agertzea, horren indukzio aldia luzeagoa baita.
Bularrekoak, haurrak eta haurdunak
Populazio sektore zenbait -bularrekoak, haurrak eta haurdunak, adibidez- tabako-kearen eraginaren aurrean kalteberagoak izaten dira. Keak horien osasunean eragin larria edo, areago, hilgarria izan dezake. Bularreko haurrei dagokienez, azterlan batzuek frogatu dute gurasoen tabakismoa dela horrelako haurtxoen bat-bateko heriotza eragin dezakeen faktoreetako bat.
Zaintzaileen -kanguru, guraso, aitona-amona eta bestelako senideen- tabako-kearen eragina jasan behar izaten duten haurretan otitis eta arnasketarekin loturiko gaitzen agerpena gainerakoetan (oso litekeena baita haur asmatikoek besteek baino episodio ugariagoak nozitzea). Erretzaile pasibo diren emakume haurdunek, berriz, haurdun erretzaileek bezainbesteko arriskua dute denbora bete baino lehenago erditzeko eta, noski, haurtxoak malformazio eta pisu urriarekin jaiotzeko.
- Tabakoak osasunari eragiten dizkion kalteez jabetzea.
- Arau behinena: ahal den guztietan tabako-kearen eraginpean ez egotea.
- Erretzaileak zigarroa piztu behar duela hautematen denean, edukazio osoz, hori egin ez dezan eska dakioke.
- Erretzea debekatua dagoen tokietan, legearen arabera, erre ez dadin exijitu beharra dago.
- Erretzaileek gainerakoen eskubideak errespetatzen ez dituztenean, lege urraketa hori dagokion organismoaren -Udala edo osasun agintaria- aurrean salatu beharra dago.
- Etxean arauak xedatzea, hala nola, erretzeko zonak eta ordutegiak mugatzea: balkoi edo leihoan eta sukaldean, adibidez, adin txikikoak ketatik babesteko.