Ezteien miniatura
Izaera erlijiosoko egintza batzuen (jaunartzea, adibidez) inguruko ospakizun sozialak aurrera egiten du etengabe, honelako bestaldiak, janzkerari, otorduari zein opari eta gainerako osagarriei dagokiela, eztei gisa ospatzen dituen merkatu honetan. Esan gabe doa hori guztia familiaren eta inbitatuen patrikatik ordaindu beharko dela.
Lehen jaunartzeak gertaera sozial ez ezik, negozio biribila ere bilakatu dira. Egun, egintza erlijioso horren ospakizun sozialaren kostua -erreferentzia 25 mahaikideko janaria hartuz gero-1.200 eta 5.300 euro bitartean dabil, jaunartze hori egiten duena neskatoa edo mutikoa den eta gurasoek xahutzeko duten diru-kopuruaren arabera. Seme-alabak lausengatu edo losintxatzearren, adibidez, aita-ama askok, eztei bidaia bailitzan, txikien gogoko parke tematikoan (Eurodisney, Terra Mítica, etc.) oporralditxoa antolatzen diete.
Egun batez, printzesa edo almirante
Egun horretako funtsezko elementuetako bat janzkera da, dudarik gabe, neskatxen kasuan batik bat. Soinekoa, izan ere, oturuntzarekin batera, gastuetako atalik garestiena izaten da. Urte batzuetatik honantz, ordea, soiltasunaren aldeko joera nagusitu da baina prezioak ez datoz bat gainbehera horrekin. Oraintxe bertan jaunartzeko organdizko soineko (arruntenetako eta eskatuenetako bat) ertain baten prezioa 300-400 euro ingurukoa da baina 800 eurotaraino ere igo daiteke eta hortik gora ere bai. Kaleko soinekoa, 150-200 euro kostatzen dena, gasa eta zetekin josia egon ohi da. Soinekoari osagarriak gehitu behar zaizkio: oinetakoak, galtzerdiak, azpiko gonak, ileko apaingarriak eta beste batzuk ere, hots, gutxien-gutxienez, 90 euroko faktura.
Mutikoei goazkiela, ospakizun edo kaleko trajea geroz eta jarraitzaile gehiago biltzen ari den arren, almirante edo marinel trajea nagusi dabil oraino. Jantzi hau da denetan aukera merkeena, prezioa 120 euro inguru dabilela. Almirantearena garestiagoa da, noski: 200 eta 400 euro artean, eskuz eginikoa baldin bada. Nesken kasuan bezala, hemen ere osagarriak aintzat hartu behar dira: zapatak, gorbata, gerrikoa, kordoiak eta gainerakoak metaturik, faktura 600 eurotaraino aise igo daiteke.
Hirugarren aukera: glamour aldetik apala, baina baliagarriagoa: “kaleko” arropa janztea. Hemen aukera zabal-zabala da: haurraren eta familiaren zaletasunak aintzat har daitezke hemen: galtza eta txaketa edo, bestela, bermuda, alkandora eta jaka berezia.
Gastuen atalean ezin ahantz gaitezke haurraren zuzeneko senitartekoen janzkerak eragingo duena. Senide bakoitzaren estilo eta premien arabera aldatzen dira prezioak baina, batez beste, 1.000 euroko estra izan daiteke hori ere.
Aukera anitzeko otorduak, prezioak gorantz
Iraganeko kontuak dira umearen gurasoen etxean familiakoak elkartuta ospakizun xumeak ziren jaunartze haiek. Egun, lehen jaunartzea ospatzeak agintzen dituen prestakizunak ezteiekin lotzen diren horietatik geroz eta gertuago agertzen dira.
Ezkontza ospakizunean bezala, jaunartze bestaldia gehien garestitzen duena inbitatuei ematen zaien oturuntza da: bazkaria jatetxean egiten bada, 25 lagunentzako otorduaren batez besteko prezioa 1.200 euro inguruan ibiliko da. Osagaiak (aperitiboak, sarrerak, bi jaki eta oin batzuetako tarta) gehitzen badira edo itsaskia jateko tentazioari uko egiten ez bazaio, jatuneko kostua eztei otorduen prezioaren paretsu suertatuko da, 90 eta 120 euro artean, alegia. Eguneko protagonista eta bere laguntxo eta senitarte gaztetxoentzat jatetxe batzuek kontsumitzaile horien zaletasunen araberako haur-otorduak prestatzen dituzte, prezio apalagoetan (20 – 30 euro).
Apairuaren ostean, olgeta
Bestaldi horretako benetako protagonistak haurrak direnez, ohiko kontua izaten da jatetxe berean hainbat jaunartze batera ospatzea eta otorduaren prezioan pailazo, mago edo txikientzako bestelako emanaldiren bat sartzea, hala nola gaztelu puzgarriak, eskulangintza tailerrak, ipuin kontalariak, diskoteka mugikorrak, etab. Kontua da oturuntzaren ostean umeak entreteniturik egotea, helduak bazkalondoaz gozatzen ari diren bitartean. Halaz ere, jatetxe batzuetan zerbitzu hori ez dute otorduaren prezioan sartzen baina, askotan, zerbitzu hori kontratatzeko aukera ematen dute 250 euroren truk, batez beste.
Estra hori, dena den, eskaintza hori ez da jatetxeetarako soilik egiten: ospakizuna etxean antolatzen bada ere horrelako ikuskizunak kontrata daitezke orduko 60 – 150 euro ordainduta. Beste aukera bat, dezente merkeagoa, bertako instalazioen artean lorategia edo jolastokia daukan jatetxea hautatzea da.
Opariarekin asmatzea
Oparietan ere atzematen da nolabaiteko bilakaera, orain dela bost urteko errealitatearen aldean, adibidez. Iraganeko zilarrezko koilara-sardexkak, bibliak eta jaunartzeko panpinen oraingo ordezkoak ordenagailuak, MP3ak, kamera digitalak, bizikletak edota bideo-kontsolak dira. Klasiko handiek iraun egiten dute: gertaldiaren data eta protagonistaren izena grabatuak dituzten urrezko gurutzeak, eskuturrekoak eta medailak, erlojuak edota luma eta boligrafoak osaturiko loteak, alegia.
Jaunartzearren egiten den opariaren helburua data seinalatu horren oroigarriak denboran eta haurraren gogoan luze irautea da. Kontuan izan dezagun beraiek ederki dakitela opariak jasoko dituztela, inporta zaiena ez da objektuaren prezioa, gauzak metatzea baizik. Horrenbestez, egin beharreko gastua norberaren aurrekontuaren arabera aldatzen da: 50 eurotik behera badago jaunartzeko panpinak, erlojuak, filmak, bideojokoak, liburuak eta beste hainbeste opari erostea. Nahi izanez gero, noski, opari batzuen prezioa mila eurotik aurrera ere joan daiteke baina, nolanahi ere, gurasoek inbitatuei geroz eta aukera errazagoa ezartzen diete: gonbitea egiten zaionari kontu zenbaki bat eman (ezkontzetan bezala) edo opari-zerrenda igortzea geroz eta maizago ikusten den praktika da.
Jaunartzea komuniorik gabe
Aspaldi honetan familia batzuk “komunio zibil” (ezkontza zibilekiko analogiaz) deritzoten ospakizuna lantzen hasiak dira: kontua da erlijio bidetik joatea erabaki duten umeen familien antzeko jaialdi soziala antolatzea baina, noski, honelakoetan elizatik pasatu gabe. Gutxiengoen kontua bada ere, geroz eta jende gehiago biltzen ari da elizarik eta katekesirik gabeko baina, hori bai, omendutako haurrarentzako opari, oturuntza eta janzkera bereziez apainduriko komunio zibil horien ingurura. Nola edo hala, umeari ezin zaizkio “ebatsi” behar ikaskide gehientsuenek batuko dituzten opariak edo bestaldia.
Erlijio praktika gainbehera doan Espainia horretan -Ikerkuntza Soziologikoen Zentroaren (CIS) arabera 1998 urtean espainiarren %88k bere burua katolikotzat definitzen zuen baina 2007an kopuru hori %77raino jaitsi zen- herritarrek bizitzako une garrantzitsuak ospatu nahi dituzten arren, ez nahitaez erlijioarekin loturik. Bestela esateko, komunioa bai baina jaunartzerik gabe.
Nola onik irten gertakizunetik eta konparaketako taula
- Egin ezazu bidezko aurrekontu bat, zure familiaren ahalbide ekonomikoen araberakoa, eta eutsi horri, ahal den heinean. Alferrikako gehiegikeriak eta zorpetzeak saihestuko dituzu horrela.
- Aurreikusiriko gastuen aldamenean utzi tokitxo bat balizko ezustekoak sartzeko.
- Ahalegin zaitez publizitatearen eta neurrigabeko kontsumismoaren atzaparretan ez erortzen, horiek geroz eta indartsuagoak baitira honelako ospakizunetan.
- Izan kontuan ez dela sekulako antolakuntza egin behar umeari eguna gozatzeko.
- Murriztu inbitatuen zerrenda gertukoenetara bakarrik (oturuntza baita ospakizuneko atalik garestiena) eta antola ezazu geroago haurrentzako jaialdi bat (merkeagoa, inondik ere) umearen lagunentzat. Kontuak kontu, ospakizuneko protagonistak haurrak dira.
- Eskatu informazioa establezimendu bat baino gehiagotan, prezioak, baldintzak eta ordutegiak konparatu ahal izateko.
- Anima ezazu haurra kaleko arropaz jantz dadin; bestela birzikla itzazu senide edo lagunen soinekoak: norberaren gustuaren arabera pertsonalizatzeko ipini ilearentzako apaingarriak (neskatoen kasuan) edo bestelako gorbata (mutikoenean).
- Erreserba ezazu oturuntza behar bezain aurretik. Eskatu idatzizko aurrekontu eta kontratua, laguneko prezioa, oturuntza zehaztua eta eskaintzak, baldin balego, adierazita.
- Eskatu haurrentzako otorduak umeentzat.
- Aukeratu lorategia edo jolastokia duen jatetxe bat. Horrela, umeak jolastu ahal izango dira eta ez duzu haurrak animatzeko zerbitzurik kontratatu beharko; umeak eta helduak, bakoitza bere giroan, bazkalondo atseginaz gozatu ahal izango dira.
- Elizak edo zeremonia eta bazkaria egin behar den aretoak argazkilaria inposatu nahi baldin badute, jakin ezazu egintza horretako argazkiak nork egingo dituen erabakiko duela zerbitzua kontratatu duen erabiltzaileak bakar-bakarrik. Bestela jardun nahi izateak Lehiaren Defentsaren Legea urratzen du, gehiegikeriazko klausula baita hori.
- Argazkilaria hautaturik, haren zerbitzuen kalitatea eta prezioak ezagutuz gero, eman horren berri idatziz elizari eta jatetxeari.
- Bazkaltzen ari zareten bitartean edo horren ondoren musika edo dantzarik ipintzen badizuete (jaunartze-ospakizunetan geroz eta ohikoago bihurtzen ari da), faktura garestitu egingo da, zuzen edo zeharka, SGAE erakundeak kobratzen duen kanona dela medio. Tarifa, egintzako, 112,43 euro da, mahaikideak 75 baino gutxiago direnean. Hortik aurrera bazkalkideko 0,45 euroz areagotuko da kopurua.
- Gorde faktura guzti-guztiak (publizitateak kontratu-balioa du) eta gainerako agiriak, beharrezko balitz, gerora erreklamazioak egin ahal izateko.